www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEA
KASTITATEAZ

 

I

        Kastitatea berthute preziatu eta guziz baliosa da. Hari dagoko sentsuen plazeren erregelatzea eta moderatzea arrazoinaren eta fedearen arabera; berthute hunek santifikatzen ditu atsegin inozentak, eta kondenatzen ditu zilhegi ez diren guziak; hunek, justu den bezala, gorphutza arrazoinari, haragia izpirituari, sentsuak fedeari sumetitzen diotza, gorphutzez eta izpirituz guri adora-arazteko guzia saindu eta garbi den Jainkoa: kondizione guzietan debekatua da beraz, damnazionearen penan, haragiaren esklabo izatea, edo haren gutizia deserregelatuen segitzea. Mende guzietan Jainkoak garraztasun handienarekin punitu du lohikeria, eta bizio guzien artean ez da nekhezago barkhatu duenik; hunek urrun khentzen du Jainkoaren izpiritua, itsutzen eta sorhaiotzen du gizona, halako maneraz non ez bai du sentitzen ere bere hobenaren izigarritasuna. Nola beraz asko higuin eta abhorri dezakegu lohikeria! bainan nola asko maita eta preza dezakegu garbitasuna! Nolako prekauzioneak hartu behar ditugu hatsik mendreenak nothatzen eta histen duen berthute hunen begiratzeko! Hunen balio guzia ezagutzen duenak hau kolpa dezaketen okasione urrunenei ere ihes egiten diote, bertze sentsuko presunen hitz lausenguzkoak, eskaintza honestak ere, mundutarren dibertimenduak eta konpainiak, inozentenak diruditen kuriostasunak, adiskidetasunak, eta solhasak berak perilosak zaizko, eta izitzen dute; garbitasunari ukitzen zaizkon gauzen gainean, guziez beldur izan behar da; askok, zeren ez diren beldur izatu, bere herbaltasunaz experientzia doloragarri bat egin dute.

        Jesus, birjinen esposa, amatzat birjina bat berezi duzuna! indazu garbitasunarentzat amodio samur bat, ardiets diezadazu garbitasunean bizitzeko hain baitezpadakoa den ene buruaren beldur hura, eta tresor preziatu hunen arthoski eta maiteki begiratzeko grazia.

 

II

        Kastitateak baditu hirur grado, bata baino bertzea perfetago direnak, eta hirur estatutan kausi daitezken presunetan ediren behar da; ezkonduetan kausitu behar da, eta hei irakhasten diote sakramenduaz duten zuzenaz sainduki baliatzen, eta ezkontzaren finaren kontra dohazen, edo haurren izateko gai ez litezken libertate suerte guziei ihes egiten. Alhargunetan kontinentzia deitzen da, eta hura datza, Jaunak eman zioten esposaz Jainkoaz beraz gabetuak izan ondoan, bere buruak Jesusi kontsekratzean, debekatuak diren plazerei, eta zilhegi litzakotenei ukho eginik. Hau perfetagoa da ezkonduena baino. Nihoiz ere gorphutzeko garbitasuna kolpatu ez dutenetan deitzen da birjinitatea, eta hau edireten da Jesus bakharra behin bethikotz bere espostzat hautatzen dutenenetan, edo bederen bethi bere buruak garbi kontzerbatzen dituztenetan. Hau da berthute hunen perfekzionerik haltoena. Ez da obligazionezkoa; ez da salbatzeko baitezpada nezesarioa, zilhegi denaz geroz ezkontzea; bainan ez othe da klar, berthute hau guzia maitagarria, guzia preziatua eta Jainkoarentzat ohoragarria dela. Eman biozate mundutarrek estatu saindu hau besarkatzen dutenei plazer duten izen laidotsuena, bethi Jainkoaren begietan agradagarria izanen da birjinitatea, bethi hunek ohoratuko du Jainkoa, zeren hari sakrifikatuko bai dio ez bere dirua, bainan bere burua oso-osoa plazerik inozentenekin batean. Ala beraz dohatsuak bai dire lurraren gainean berthute huntaz berreginduak diren arimak, eternitatean izanen dute bildots notha gabeari jarraikitzeko zoriona.

 

III

        Handiak eta nonbregabeak dire birjinitatearen abantailak. Zenbat arriskutarik kanpoan ez dire birjina daudezenak? Arriskuak kausitzen dire lurrean espos bat hautatu gogo denean, eta nolakoak ez dire arrisku hek? Jainkoaren gogora egiten othe da hautu hau? Kontsultatzen othe da haren borondatea? Zenbat arrisku handi ezkon artean? Zenbat ezkondu ondoan? Zenbat espos batekin? Zenbat familiarekin? Zenbat haurren giristinoki altxatzeko? Zenbat bertze barnetik eta kanpotik? Hauk guzietarik libro eta segurean da Jesus bere espostzat hautatu duena. Ezkonduen bihotza partaiatua da bere esposaren eta Jainkoan artean, huni zor dio amodio osoa, eta hari plazer egiterat obligatua da. Erretx othe da bi eginbide haukien bethetzea? eta bethi? eta denbora guzietan? eta gogotik? eta hil arterainokoan? ordean birjinaren lan bakharra da, bere Jainkoari plazer egitea, bere Jainkoari laudorioen errendatzea, bere Jainkoa maitatzea. Ah birjinitate preziatua! lore minbera bezain ederra! ala maitagarria bai zare! ala desiratzekoa bai zare! eta guziarekin ala guti maitatua eta ezagutua ere bai zare munduan! zutaz nik egiten dut ahal bezain estimu handia. Plazer nuke, Jesus maitea, zuk hala nahi bazindu, zutaz bertze esposik ez izatea, zure baithan ene guzia kausitzea: zer nahi galde diezadazun, prest naiz zure borondatearen konplitzerat, promes ematen darotzut, sekulan ez dudala deus ere eginen, ez erranen, ez prometatuko kastitatearen berthutea ene baithan, edo bertzeen baithan kolpa dezakenik.

 

aurrekoa hurrengoa