www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEA
BEKHATOREAREN HERIOTZEAZ

 

I

        Ez da deus ere hiltzerat dohan bekhatorearen estatu tristea baino dohakabeagorik. Norat nahi den beha dezan, ez du ikhusten doloratzeko sujetik baizen. Bere bizitze pasatu guzia gogorat heldu zaio, eta ordu artean ikhusi ez duen bezala ikhusten du bere arimako estatua. Bekhatu bakhotxa bere zirkunstantzia eta malezia guziarekin ikhusten du, eta entseiatzen delarik arren hekien ahanzterat, burreu kruel batzuek bezala, sarraskitzen diote bihotza. Hanbat denbora gaizki, edo inutilki enplegatuak, hanbat grazia mezprezatuak, hanbat inspirazione, mobimendu, Jaunaren deitze ezti, dohatsu egiteko gai zirenak, ostikatu eta galtzerat utzi dituenak bet-betan eta kolpe-kolpez presentatzen zaizko, eta hek erreportxatzen diote bere bizitze iraganeko gaixtakeria guzia. Hala da; badaki kofesatu dituela bere falta gehienak eta guziak ere, ordean aithortzerat bortxatua da onerat konbertitzen ez gaituen penitentzia itxurazkoa eta agorra dela, kostuma gaixtoekin egiten den kofesioa, edo komunionea bekhatu berri bat dela, eta horra zerk izitzen duen. Ah! orduan desiratzen luke bertzela pasatu balitu bere denborak, orduan nahi luke sainduki enplegatu balitu bere gaztetasuneko sasoinak; ordean hek iragan zaizko, eta badaki ez zaizkola bihurtuko. Zer tristezia! Zer dolore! Zer orhoitzapen bihotz erdiragarri!

 

II

        Pasatuak izitzen badu hiltzerat dohan bekhatorea, presenteko bere estatuak, eta Jainkoaren jujamenduak osoki ikharatzen dute: bere ohearen gainean etzana, izpiritua alde guzietarik penatua, bihotza mila xagrinez bethea, gorphutza, edo sukhar batez ahitua, edo oinhaze minez ihartua, ikhusten du utzi behar duela maite duen mundua; hanbat penarekin, eta menturaz injustizia, eta tronperiekin bildu dituen urre, zilhar, muble eta ontasun maiteak bortxaz uzterat obligatua dela badaki, gathibo iduki duten kreatura malurusetarik separatzerat dohala sentitzen du. Zer dolore ez du, bihotza amarratzen dioten plazer, ohore, atsegin eta satisfakzione banoetarik hastantzeko? Denbora aphur bat nahi luke, eta denbora errefusatua zaio. Munduak khentzen du bere ganik, eta ikhusten du herioa bere dardo zorrotzarekin kolpe mortalaren ematerat dohakola, eta bere krimen lekhuko izatu duen Jainko saindu, Juje garratzaren aitzinean agertu behar dela. Kontsiderazione hunek ez othe du ikharatzen bekhatuan hiltzerat dohala dakien giristinoa! Ez othe da bada lazten! Erradazu ea zer dioen orai zure arimak? eta baldin ukitua bada, zertako ez zare oraidanik konbertitzen? Ah! Jauna, ene konbertitzea zure graziaren obra da; egizu othoi ene fagoretan zure amodiozko mirakuilu bat; orai beretik has zaite ene gaztigatzen, hiltzerakoan ez dezazuntzat kausi deus ere ene baithan.

 

III

        Hiltzerat doan bekhatoreak ez du hurren solejimendurik batere, kontsolazione guziez kasik gabetua kausitzen da. Batzuetan, osasunean egin zituen kofesio eta komunione gaixtoen punizionetan, ez du sakramenduen errezibitzeko epherik; edo baldin astia badu, nola egin othe dezake errexki hain gaitza den examina oso-osoa, deklarazione klar eta hedatua? Nola bet-betan izanen du dolore eta kontrizione hain baitezpadakoa, eta Jainkoak niholere zor ez dioena? Bihotza deskantsuan, izpiritua errepausuan, gorphutza osasunian ere hanbat penarekin egin den lan handia, nola eginen du izpiritua flakatua, bihotza trublatua, eta gorphutza gaitzaz xukatua duenean? Jainkoak mirakuili batez ganbia dezake, ordean mirakuilu hau hanbat urthez mezprezatu duen Jainkoaren ganik igurikitzea erhokeria bat da. Antiochus, Printze gaixtagina, hiltzerakoan, othoitzez zagokon Jainkoari, zeinaren ganik ez baitzuen miserikordiarik ardiesteko; eta justu da, Jauna, zure gonbidatze amultsuez osasunean trufatu denaz, zu ere trufa zaitezen haren heriotzean. Nitaz denaz bezanbatean baliatu nahi naiz egin dudan meditazioneaz, zorigaitz berean ez erortzeko; jarraikiko natzaio penitentziarat deitzen nauen bozari, lothuko natzaio zure graziarekin batean bizitzen berri bati, konplituko dut zure lege guzia. Zuk zure grazia sainduaz lagun nazazu, ez dezazula permeti hil nadien bekhatoreen heriotzeaz; bainan egizu hil nadin justuen heriotzeaz.

 

aurrekoa hurrengoa