www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEA
BEKHATU MORTALAZ

 

I

        Ez gizonek, ez aingeruek ezin neurt dezakete bekhatu mortalak Jainkoari egiten dioen afrontuaren hedadura. Jainkoa da mezprezatua, eta nortaz? Gizonaz, bere kreaturaz, bere eskuen obraz, lurreko har eta xixari ezdeus batez. Jainkoa mintzo da, Jainkoak bere legeak eman ditu. Ez othe du zuzen guri manatzeko? Ez othe du arrazoin gure obedientziaren igurikitzeko? Ez othe da gure Jaun soberanoa, guri izatea, bizia, ahala eman darozkiguna? Bizkitartean hausten dugu haren legea, ostikatzen dugu haren manua, eta mihiz erraterat ausarta ez gintezkena, obraz erraten dugu, ez dugula nahi zerbitzatu. Errege guzien erregea, Jaunen jauna da guk mezprezatzen duguna; Jainko handi hura bere begien aitzinean ofentsatzen dugu, berak ikhusten gaituela dakigun denboran, haren manuak ostikatzen ditugu; guk, bai guk, ezdeus batzuek, dugun hain ausartzia harrigarria! O Zeruak! espanti zaitezte, eta lurra ikhara bedi; horra nolakoa izatu naizen! Ni, bai ni, Jauna, zure kontra altxatu naiz. Nor zare zu? Eta nor naiz ni? Zu guziz gora, eta ni ezdeustasuna bera. Nork ezagut dezake zure handitasun mugarrigabea? Eta beraz nork neurt dezake bekhatu mortalaren malezia infinitua? Nor da monstro hunen dorphetasun guzia konpreni dezakena? Nola hain kruelki tratatu dudan Jainkoak utzi darot bizia? Nola ez nau Ifernuko lezean hondatu? nola nagoke nigarrez eta dolorez urthu gabe?

 

II

        Bekhatu mortalak Jainkoa eskergabetasunik beltzenaz pagatzen du; bekhatoreak bere egilea, bere Aita, bere adiskidea ofentsatzen du; gizona Jainkoaren emaitzez berez baliatzen da bere ongi egilearen mezprezatzeko; haren ezagutzeko duen izpirituaz, hartaz orhoitzeko duen memorioaz, haren maitatzeko duen bihotzaz, haren laudatzeko duen mihiaz, haren zerbitzatzeko duen osasunaz, podoreaz, karguaz, denboraz, guziez zerbitzatzen da haren desohoratzeko: ez da egia, hautaz guziez, edo hautarik zenbaitez baliatzen zarela bekhatu egiteko? Beraz egia da, Jainkoaren dohainak berak Jainkoaren kontra enplegatzen ditudala. Othe du ingratasun hunek bere parerik? Nola deithuko dugu giristino laxo baten eskergabetasun hau? Hitza faltatzen, eta bihotzak eskas egiten darot, o! ene Jainkoa, hain kruelki tratatu zaitudala orhoitzen naizenean. Oha beraz, o! monstro beltza, aparta hadi ene aldaketarik; ukho egiten daroat oraiko eta sekulako, ez diat nahi hirekin parterik.

 

III

        Bekhatu mortalaren eskergabetasuna urrunago doha oraino; bekhatu mortala egiten duenak ofentsatzen du bere Jainko Jauna, ongi egiten hari zaion, eta gehiago oraino egin nahi dion denbora berean; instant guziez kontserbatzen du, hazten eta bazkatzen du, Ifernutik beiratzen du, eta orduan berean mezprezatzen du; agintzarik maitagarrienak egiten diotza; Jainkoak prometatzen dio gizonari, haren legea goardatzen badu, bere adiskidetasuna, bere laguntza, bere grazia, bere gloria, eta hori bethiko, eternitate guziko. Sari handi hunek ez othe du ukituko? Ez, agintza hautaz kasu guti eginik, bekhatu mortala egin du; plazer labur bat, atsegin iragankor bat hartzea gatik, zer diot? pasione brutal bat kontentatzea gatik, ukho egiten dio Jainkoaren amodioari, Parabisuari; maiteago du instant batetako satisfakzionea, Zerua, Jainkoa baino; trufatzen da Jainkoaz, Jainkoaren fagorez eta agintza guziez. Ah! Jauna, ez nakien zer hari nintzen, ez nuen ezagutzen zein eztia eta salbagarria zen zure legea. Orai argitzen nauzu zure graziaz, orai idekitzen darozkidatzu begiak, eta orai higuintzen dut ene burua. Zuri eskerrak, eta eskerrik handienak zor darozkitzut, zeren ez nauzun punitu ene intsolentzia eta ingratasunaren arabera. Merezi nuen ifernua eta oraino hemen uzten nauzu, garbituko ditut nigarrez ene faltak, eta biziko naiz zuretzat. Nahiago dut hil ezen ez zu bekhatu mortalaz ofentsatu.

 

aurrekoa hurrengoa