www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEZA SAINDUKO OTHOITZAK

 

 

Meza behar bezala entzuteko Preparazionea

 

        Zure Aldare sainduaren oinetan ahuspez emanik, adoratzen zaitut, Jainko bothere guziak ditutzuna; fermuki sinhesten dut, entzuterat nohan Meza dela Jesu-Kristo zure Seme Jainkoaren Gorphutz eta odolaren sakrifizioa, ofritzeko manera hala berekoa ez izan arren, har berak Kalbarioko mendian gizon guzientzat ofritu zuen sakrifizio hura bera. Egidazu grazia sartzeko, o ene Jainkoa, Aphezaren eskuz, hau zuri digneki ofritzeko behar ditudan disposizionetan. Ofritzen darotzut, bat egiten naizelarik J Christoren eta haren Elizaren intenzionekin: 1. Zure Majestate dibinoari zor zaioen homaia eta ohore soberanoa errendatzeko; 2. Egin darozkigutzun on eta ungi guziez eskerrak bihurtzeko; 3. Munduko bekhatu guzientzat eta bereziki eneentzat zuri satisfakzione egiteko, finean arimako salbamenduarentzat eta gorphutzeko biziarentzat behar ditudan laguntzak eta sokhorriak zure ganik ardiesteko. Zure ganik grazia hauk guziak uste ditut, J. Kristo zure semearen merezimeduen bidez, zeinak nahi baitu berak izan, Sakrifizio adoragarri hunen Apheza eta biktima.

 

 

Mezaren hastean, eta Konfiteor erratean

 

        Ene bekhatuen iakiteko eta ezagutzeko, o ene Jainkoa, behar ez duzun arren ene aithorrik eta kofesiorik, eta ene gaixtakeria guziak ene bihotzean irakhurtzen ditutzun arren, kofesatzen darozkitzut halere zeruaren eta lurraren aitzinean: aithortzen dut ofentsatu zaitudala gogoz, hitzez, eta obraz. Ene bekhatuak handiak dire, bainan zure miserikordiek neurririk ez dute. Urrikal nakizu, o ene Jainkoa, orrhoit zaite zure haurra, zure eskuko obra, zure odolaren prezioa naizela.

        Birjina saindua, Zeruko Aingeruak Parabisuko Saindu eta Saindak, guretzat othoitz egizue; eta nigarrezko eta miseriazko haran hunta dolhamenetan gaudezen orduetan, grazia eska-zazue guretzat, eta ardiets diezaguzue bekhatuen barkhamendua.

 

 

Introitean

 

        Iauna! zuk Patriarkhei eta Profetei inspiratu diotzotzute, zure Seme bakhotxa lurrerat iausten ikhusteko, hain desira khartsuak, indazu heien khar saindutik parte bat; eta egizu, bizitze mortal hunen enbrazuen erdian, ene baitan senti dezadan zurekin bat izateko lehia saindu bat.

 

 

Kyrie eleisonetan

 

        Dolhamen eta suspira doblatuez, o ene Jainkoa, errekeritzen zaitut, egidazu miserikordia, eta momento guziez, bizi naizeno, erran baniezazu: Iauna! nauzun urrikari: ez liteke oraino aski ene bekhatuen nonbrearentzat eta handitasunarentzat.

 

 

Gloria in excelsisean

 

        Zerua baino gorago zaren Jainko guziz botheretsua! Zerua eta lurra betheak dire zure loriaren majestateaz, Zeruko eta lurreko kreatura guziei orai juntatzen natzaiote izpirituz eta bihotzez zure obra guzien glorifikatzeko; bainan ordainez eman diezadazu munduak ezin eman dezaken bakhea: zuri xoilki, o ene Jainkoa, zor zaizkitzu laudorioak, ohoreak, eskerrak eta loria mende guzietako mendetan. Halabiz.

 

 

Oremusetan, edo Orazionetan

 

        Agrada bekizkitzu, Iauna, guretzat egiten zaizkitzun othoitzak; igutzu, Eliza zure esposak, Aphezaren ahoz, gure fagoretan galdegiten darozkitzun graziak eta berthuteak. Ez dugu merezitzen (hala da) entzunak izatea; bainan kontsidera-zazu grazia horiek eskatzen darozkitzugula, Jesu-Kristo, zure Semearen bidez, zeina zurekin bizi baita eta erreginatzen baitu menden mende guzietan. Halabiz.

 

 

Epistolan

 

        Epistola huni begiratzen diot, o ene Jainkoa, zure borondateak irakhasteko egortzen darotazun guthun bati bezala; othoi, indazu manatzen darotazunaren konplitzeko indarra. Zuk zeronek, Iauna, profetei eta apostoluei inspiratu diotzatzute, iskribuz utzi darozkiguten egiak: heien argitarik parte indazu eta pix zazu ene bihotzean, hek erretzen zituen su sakratu hura, maita zaitzadan eta zerbitza, hek bezala, ene bizi guzian.

 

 

Ebanjelioan, xutiturik

 

        Xutitzen naiz, o Legegile soberanoa, zuri markatzeko Ebanyelio sainduan diren egia handiak, ene odolaz zigilatzerat prest naizela. Egia horiek ene bihotzean zeronek, othoi, Iauna, barneraino graba zatzu. Horiek betzate erregela ene gogoetak, ene hitzak eta ene obrak. Ez dut gehiago segitu nahi zure maximez bertzerik: mintza zaite, Iauna, huna non aditzen zaitudan, sehi baten sumetimendu oso berekin. Indazu zure erranen konplitzeko hanbat indar, nola baitut fermutasun heien sinhesteko.

 

 

Credoan

 

        Jainko bothere guzia duzuna, Zeruaren eta lurraren Kreatzailea! Sinhesten ditut zinez eta fermuki zuk Elizari irakhatsiak diren gauza guziak; prest naiz, Iauna, ene odolaren isurtzera zuk eman derautazun fedearen sostengatzeko: infidelen edo heretikoen dixiduak, ez lausenguak ez litezke gai ene khordokatzeko, mundutarren trufa eta mezprezio guziek ez naute gibelatuko ene sinheste egiazkoari lekhukotasunaren bihurtzetik, arrisku suerte guzien erdian haltoki eta agerian erran nezake orai erratera nohan gauza bera; errazu Credo.

 

 

Ofertorioan

 

        Kreatura hilkor, eta bekhatuz kargatu bat baizen ez naizen arren, ofritzen darozkitzut Aphezaren eskuz, o egiazko Jainko bizi eta eternala, ogi hori eta arno hori, zeinak izan behar baitute ganbiatuak zure Seme Jesu-Kristoren gorphutzerat eta odolerat. Errezibi zazu, Jauna, ezin erranezko sakrifizio hau amultsuki eta gozoki, eta sofri zazu, ofrenda saindu horri junta diozada, ene gorphutzaz, arimaz, ontasunez, biziaz, eta ditudan guziez egiten darotzudan sakrifizioa. Egizu nitaz, o ene Jainkoa, kreatura berri bat; ogi hori eta arno hori zure bothereaz ganbiatzerat zohazen bezala.

 

 

Aphezak bere erhiak garbitzean

 

        Garbi nazazu, Jauna, sakrifikatua izaterat doatzun Bildotsaren odolean; nola guzietarik xahutua, eta zure graziaren espos arropaz beztitua, zure ganat esku xuri eta bekhatu gabeak altxa detzadantzat, eta esperantza izan egun batez errezibitua izateko zure hautatuei Zeruan preparatu diozuten banket sakratuan.

 

 

Ixiltorik Aphezak erraten dituen Othoitzetan

 

        Agrada bekizu, o ene Jainkoa, zure izen sainduaren ohoretan eta loriarentzat, gure abantailetan eta zure Eliza sainduarenetan, ofreitzen zaitzun sakrifizioa; haren intentzione beretan sarthurik, huna non galdetzen darozkitzudan, Elizako orai, Aphezaren bidez, eskatzen darozkitzun grazia guziak: hortakotz bat egiten naiz Aphezarekin, akorda dietzagutzun amoreak gatik Jesu Kristo gure Jaunaren bidez eta izenean.

 

 

Prefazioan

 

        Ordu da, o ene arima, altxa gaitezen behere huntako gauza guziez gorago. Tira etzatzu, Jauna, tira etzatzu gure bihotza zure ganat: sofri zazu, zor zaizkitzun laudorioak eta eskerrak errendatzeko, iunta detzagun gure boz flakoak, Izpiritu dohatsuen alegrantziazko eta extasiazko aire justuarekin; eta desterruko lekhu huntan erran diezazugun hek gloriaren egoitzan kantatzen darotzutena: Saindua, Saindua, Saindua da armadetako Jainko Iauna, izan bedi glorifikatua zeruetako gorenean.

 

 

Sanctus erran ondoan

 

        Aita bethierekoa, artzainetako Artzain soberanoa! zure Eliza kontserba eta goberna zazu, finka zazu eta heda lurraren baster guzietarat. Izpiritu bat eta bihotz bat emo-zute Kristau guziei. Benedika zazu gure Aita saindua, gure Aphezpikua, gure Errege, gure Erretora, eta zure Elizaren sinhetstean bizi diren guziak.

 

 

Lehenbiziko Mementoan

 

        Iauna, orai zure erresuman zarena, orrhoit zaite nitaz zure miserikordian; eta Sakrifizio saindu hunen merezimenduz indatzu nezesario ditudan berthute guziak. Eta batak bertzearenzat othoitz egitea manatu darokuzunaz geroz, Jauna, othoi, adizatzu eta entzun humilki eta konfidantziarekin egiten darozkitzudan othoitzak ene ahaidenzat, adiskidenzat, arimako eta gorphutzeko ungiegilentzat. Ene bihotz guziaz halaber gomendatzen darozkitzut ene etsaiak eta tratamendu gaixto zenbeit egin ahal darotaden guziak: ahantz bekizkitzu heien bekhatuak, eta neureak: ene bihotzetik khen ezatzu khirastasun eta gaitzirizko guziak; eta desira araz diezadazu eta ardiets araz heien amodioa. Mundu guziak senti beza Sakrifizio hunen ona. O ene Jainkoa, iguzu guziei bake egiazko bat, zeinak, elkarrekin unionean atxikitzen gaituela, bethikotz baigaitu unionean emanen Birjina Amarekin, zure Apostoluekin, Martirekin, Saindu eta Sainda guziekin, eta finean eternitate guzian zurekin.

 

 

Aphezak kalitzaren eta Ostiaren gainean
eskuak zabalduak daduzkanean

 

        Heda zazu, Jauna, ene gainerat zure esku dibinoa, posesionetan sartzeko ene bihotzean eta ene sentsuetan; ene baithan korreyitzeko zure kontra den guzia; ni konsekratzeko zure Aita Jainkoari zure baithan eta zutaz; eta ni moian hortaz libratzeko deabruaren eskuetarik eta damnazione eternaletik.

 

 

Ostia saindua altxatzean

 

        O Jesus, ene salbatzailea, egiazko Jainkoa eta egiazko Gizona, sinhesten dut zinez eta fermuki Ostia sainduan errealki hor zarela; adoratzen zaitut hor, ene Jauna eta Jainkoa zarena. Iguzu, niri eta hemen garen guziei, Misterio adoragarri huntan zor darotzugun debozionea, amodioa, eta ezagutza.

 

 

Khalitza altxatzean

 

        Adoratzen dut Khalitz hortan, o ene Jesus dibinoa, ene erospenaren prezioa, eta gizon guziena. Odol adoragarri hortarik xorta bat iautsterat utz zazu ene arimaren gainerat, izan dadinzat garbitua bekhatu guzietarik, eta sustatua zure Amodioaren Khar sakratuaz.

 

 

Jainkoa altxatu ondoan

 

        Ez darotzugu gehiago ogia eta arnoa ofritzen, bainan bai Kristo zure Semearen Gorphutz adoragarria, o ene Jainkoa, haren Pasionearen, pitxtearen, zerurat igatearen orrhoitzapenetan: gure eskutik, Iauna, errezibi etzatzu, eta bethe gaitzatzu zure graziez.

 

 

Bigarren Mementoan

 

        Orrhoit zaite halaber, Iauna, Purgatorioan diren arima gaixoez: dohatsuki zureak dire eta zure esposak ere dire. Bereziki gomendatzen darozkitzut ene ahaideenak, adiskideenak, arimako eta gorphutzeko ungiegileenak, eta othoitzen beharra gehien dutenak.

 

 

Nobis quoque peccatoribus erratean

 

        Guzia bekhatorea naizelarik, ausartatzen naiz galdetzerat grazia bera enetzat, erran nahi da, o ene Salbatzailea! zure glorian parte pixka bat. Mila bekhatuz hango zuzena galdu dudala, ikhusten dut eta aithortzen zure presentzian, o ene Jainkoa! ene mereziei begiratzen badiozute, ez duket esparantzarik plazatua izateko Erresuma hartan, zeinetarat Apostoluek, Martirek, eta Birjina sainduek ezin ardietsi baitute, bethi sofrituz eta berthute giristinozko guziak pratikan emanez baizen. Nola beraz ausarra ere othe naiteke, Iauna, esparantza izaterat? Zure odolak egiten du ene fidantzia guzia. Barkha dietzakidatzu ene faltak, eta penitentzia egiazko batez digne errenda nazazu hartarat heltzeko.

 

 

Pater erratean

 

        Kreatura ez deus eta dohakabe bat baizen ez naizen arren, halere, Jainko handia! ausartatzen naiz zu ene aita deitzerat, zeren hola nahi duzun: egidazu grazia, o ene Jainkoa, ez dezadan nihoiz ere gal zure umearen kualitatea. Izan bedi zure izena santifikatua Zeru lurretan. Erregina zazu orai beretik zure graziaz ene bihotzean, zurekin erregina dezadantzat eternitatean zure glorian; eta zure borondatea konpli dezadantzat lurrean, sainduek konplitzen duten bezala zeruan. Ene Aita zare, indazu beraz, othoi, zeruko Ogi hura, zeinetaz neurritzen bai ditutzu zure haurrak. Barkhamendu akorda diezadazu, nik zure amoreak gatik bihotz onez ofentsatu nautenei akordatzen diotedan bezala, eta ez dezazula permeti nihoiz tentamendu batek ere garai nazan: aitzitik, zure graziaz lagundurik, egizu bentzu detzadan ene salbamenduaren etsai guziak.

 

 

Agnus Dei erratean

 

        Jainkoaren Bildotsa, munduko bekhatuez kargatu nahi izatu duzuna, garbi zatzu eta borrha neure guziak zure odolean; hain khario erosi duzun bakea izateko, digne errenda nazazuntzat. Indazu bake hura zurekin, bake hura proximoarekin, bake hura neure buruarekin; inspiratzen darotazularik humiltasun osoena; eta ene baithan ithotzen ditutzularik bendekuzko desira guziak.

 

 

Domine, non sum dignus erratean

 

        Ah Iauna, sobera baizen ez da egia, ez dudala merezi zure errezibitzea; indigne errendatu naiz osoki ene bekhatuez: guziez urriki dut eta dolore, zeren damustatu baitzaituzte eta zure ganik urrundu bainaute: zure hitz bakhar batek senda dezake ene arima: ez nazazula abandona, o ene Jainkoa; eta zure eskutik atxik nazazu.

 

 

Aphezaren Komunionean,
nork berak komuniatzen ez duenean errealki

 

        O Ene Jesus maitagarria! egun zure Haragi sainduaz neurritua izateko zoriona ez badut; sofri zazu errezibi zaitzadan bederen izpirituz eta bihotzez, eta zurekin bat egin nadin fedeaz, esperantzaz eta karitateaz. Sinhesten dut zure baithan; zure baithan dut ene esparantza; eta maite zaitut ene bihotz guziaz.

        Ala dohatsu baitninteke, ene Salbatzaille maitea, zure-ganat hurbiltzeko, zure mahain sainduan presentatzeko, zure Gorphutz sakratua errezibitzeko, eta zure odola edateko estatutan banintz. Ah! zer frankia, zer kontsolazione, zenbat grazia ez diozute ematen hetaz neurritzen ditutzunei!

 

 

Nork berak komuniatzen duenean,
horren orde egin behar dire komunioneko Aktak

 

Ostia pixkak Aphezak biltzean

 

        Iauna, zure graziarik mendreena hain gehiagoki baliosa da: ia erran dut; ez dut merezi zure mahainean, zure haurren herrunkan iartzea; bainan permeti diezadazu bil detzadan bederen erortzen diren papurrak, Kananearrak galdetzen zuen bezala. Egizu ez dezadan zure inspirazionetarik batere negliya; ezen negliyentzia horrek obliga zaitzake guziez eskas egiterat.

 

 

Post-komunionean

 

        Konsomatu dire guziak, o Iauna! ene begien aitzinean sakrifikaturik zatoz. O ene Jainkoa! ez naiz nihoiz geldituko zuri laudoriozko sakrifizioa errendatzetik: eta guziz bihotz, zu ofensatuaz doloratu, zaurthu eta humiliatu baten sakrifizioa ofritzetik.

 

 

Azkeneko Orazionetan

 

        Nahi duzu Iauna, arterik utzi gabe gure othoitzak adreza dietzatzugun; zeren dugun bethi zure grazien beharra: isur zazu gure gainerat eta iguzu othoitzaren izpiritua, zeina baita humiltasunezko, konfidentziazko eta amudiozko izpiritu bat: hortaz errekeritzen zaitugu Jesu-Kristo zure Semeaz, zeinak zurekin erreginatzen baitu glorian.

 

 

Benedikzionearen aitzinean

 

        Trinitate guziz saindu eta adoragarria, Aita, Semea eta izpiritu Saindua, Jainko xoil eta bakhar bat zarena; zutaz sakrifizio hau hasi dugu, zutaz sinatzen dugu: agrada bekizu, eta ez gaitzatzula egor zure benedikzionea gabetarik.

 

 

Azkeneko Ebanyelioa erratean

 

        Berbo eternala, gauza guzien Egilea, denborak bethe zirenean gure-gatik Gizon eginik, Sakrifizio miragarri hau establitu duzuna; eskerrak humilki errendatzen darozkitzugu, zeren egin darokuzun grazia, hunen entzuteko, hunen efetu salbagarriak errezibi detzaguntzat. Aingeru eta Saindu guziek hortaz lauda bezaitzate bethi zeruan, eta gu has gaitezen zu hortaz benedikatzen lurrean, konportatzen garelarik egungo egunean zure legearen arabera.

Barkha diezadazu, o ene Jainkoa, ene izpirituko barraiamendua eta ene bihotzeko hotztasuna, zutaz okupatua eta zuretzat sustatua izan behar zuten moment hortan. Ahantz bekizkitzu, Iauna, ene bekhatuak, zeinentzat J, Kristo zure Semea, aldare hunen gainean inmolaturik heldu baita: eta ez dezazula permeti aski ondikozkoa izan nadin, zu hemendik harat ofentsatzeko; bainan egizu, zuzenki konportatzen naizelarik, bethi begira diezazudan ene gogoeten, ene hitzen, eta ene obren erregelari eta azken finari bezala. Halabiz.

 

aurrekoa hurrengoa