www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

KOFESATZEKO MOLDEA

 

        Kofesio on bat egin nahi duena hartarat aitzinetik preparatu behar da, eta examina errexkiago egiteko, bat-banazka kurritu behar ditu Jainkoaren eta Elizaren manamenduak, zazpi bekhatu kapitalak; gogorat ekharri behar ditu izatu dituen okasioneak, tentazioneak, lanak, egitekoak, eta bereziki bere estatuko eta ofizioko eginbideak, eta kostumaz edo usantzaz egiten dituen bekhatuak.

 

 

KONTZIENTZIAREN EXAMINA

Jainkoaren lehenbiziko Manamenduaz

 

        Manamendu hunen kontra bekhatu egiten dute... ahalkez, edo bertzela kofesioan bekhatuak estaltzen, eta estatu hartan komuniatzen dutenek. Akzionez, solhas gaixtoez, edo sobraniazkoez Elizak, lur sainduak, edo bertze zerbait gauza Jainkoari kontsekratua denik profanatzen, edo mezprezatzen dutenek. Sorgin, azti, edo asmatzailetan sinheste dutenek; ametsetan, zorionezkoak edo zorigaitzezkoak direlako egunetan fede ematen dutenek; Elizak aprobatzen ez dituen akzione, hitz, edo obserbazione suerte batzuetan fidantzia ezartzen dutenek, eta ogia, ura, edo bertze zer nahi den Elizaz benedikatua denik usaie profanoetako zerbitza-arazten duten guziek. Fedeak irakhasten darozkigun egietarik zenbait sinhetsi nahi ez dutenek, edo hetaz bere nahitara dudatzen dutenek. Bere salbamenduaren esperantza galtzen, edo Jainkoaren miserikordian sobra pausatuz, konbertitzea egunetik egunera luzatzen dutenek, eta bere indarretan fidatuz, edo Jainkoaren laguntzan sobra kondatuz, bekhatuzko okasionean jartzen direnek. Jainkoaz, eta bere salbamenduaz orhoitu gabe denbora hainitz pasatzen dutenek. Fedea, karitatea, kastitatea, edo bertze zenbait berthute kolpatzen duten presuna libertinak erreprenitzen ez dituztenek. Munduaren ahalkez, mundutarren trufen beldurrez berthutezko obretarik gibelatzen direnek. Jainkoaren probidentziaz murmuratzen, edo errenkuratzen direnek. Botuak arinki, edo konplitzeko xederik gabe egiten, eta obligatuak direlarik atxikitzen ez dituztenek. Jan aitzineko, eta jan ondoko, goizeko eta arratseko othoitzak, eta penitentziak neglijentziaz uzten, edo lehiarekin eta atentzionerik gabe egiten dituzte guziek. Penitentzia arinen izateko, edo bizitzeko molde bera segitzeko esperantzan kofesor largoenak bilhatzen dituztenek.

 

 

Bigarren Manamenduaz

 

        Manamendu hunen kontra bekhatu egiten dute... arnegu egileek, juramentu gezurraren gainean, eta egiaren gainean premiarik gabe egiten duten guziek. Blasfemioa, edo injuriozko hitz bat Jainkoaren, sainduen, edo errelijionearen kontra erraten dutenek. Inprekazioneak egiten dituztenek, erran nahi da, hasarreturik, edo hasarretu gabe, bihotzez, edo mihiz xoilki erraten dutenek, bere buruei, edo bertzei desiratzen diotela leher egitea, deabruak eramatea, ozpinak bolatzea, edo bertze zenbait inkuntru gaixtotan heltzea.

 

 

Hirurgarren Manameduaz

 

        Manamendu hunen kontra bekhatu egiten dute... igandetan eta bestetan premiarik, edo Elizaren permisionerik gabe lanean haritzen direnek, eta bertzeak har-arazten dituztenek; egun saindu hautan meza osoa, edo pharte bat bere faltaz huts egiten dutenek, eta barraiadura borondatezkoekin meza entzuten dutenek; Elizako ofizioetako denboran ostatuan edo plazan jaten, edaten, edo jokoan haritzen direnek; meza nausian, bezperetan, predikuetan eta katiximan kausitzen ez direnek, edo hautan kausitzen direlarik arren, jokoan, dantzan, ostatuan, edo bertze zenbait dosteta funs-gabetan gainerako denbora enplegatzen dutenek.

 

 

Laugarren Manamenduaz

 

        Manamendu hunen kontra bekhatu egiten dute... burasoak trufatzen edo mezprezatzen dituztenek; burasoei zorrozki behatzen, edo ihardesten diotenek, hekien jotzera ausartatzen direnek, edo jotzeaz mehatxatzen dituztenek; burasoak desobeditzen, edo gogo gaixtoz, eta errenkurak eginez baizen obeditzen ez dituztenek; bere gabeetan, eta zahartzean lagundu gabe uzten dituztenek, edo hei ematen dioten laguntzaz iroi egiten diotenek: burasoak hil ondoan, hekien xedeak konplitzen ez dituztenek, eta hekientzat othoitzak egin-arazten ez dituzten guziek; osabak, izebak, eta bertze ahaide, eta aitzindariak bere adinaren eta autoritatearen arabera ohoratzen ez dituztenek. Nausiak eta etxeko-andreak obeditzen eta errespetatzen ez dituzten sehiek, etxeko ontasunak, bereak balituzte bezala, kontserbatzen ez dituztenek, eta etxeko berriak kanpoan kondatzen eta konda-arazten dituztenek. Bere umeak hazten, beztitzen, instruitzen, Elizako ofizioetarat egortzen, hutsetan korrejitzen, bekhatuzko okasionetarik begiratzen ez dituzten, eta exenplu gaixtoaz, edo atzartasun eskasez Jainkoaren ofentsatzeko bidea bere umeei ematen dioten burasoek.

 

 

Bortzgarren Manamenduaz,
zeinetan zarratzen bai ditut
inbidia, kolera, eta abarizia

 

        Manamendu hunen kontra bekhatu egiten dute... kontseilu, edo exenplu gaixtoz Jainkoaren ofentsatzeko okasionea ematen dutenek, eta bereziki karitatearen, kastitatearen edo bertze zenbait berthuteren kontra mintzatzen direnek. Erretaula deshonestak jenden bistarat agertzen dituztenek. Xede gaixtorik ez izan arren, bilhuzki, modestiarik gabe, edo ergelki beztituak, eta kofiatuak ibiltzen diren, edo aire mundano, eta arraitasun sobrarekin gizonkien aitzinean agertzen diren emaztekiek. Lagunak egin ez duen gaizkia erraten dutenek, edo egin duena eta gordea zena, ezagut-arazten dutenek, lagunaren kontrako kantak kantatzen, edo kanta-arazten dituztenek, eta maiz haukien aditzaileek. Proximoaren gaitzaz atsegin dutenek, hari gaitza desiratzen, hitz gaixtoak erraten, kolpe ematen edo eman-arazten diotenek; haren onaz jelosten, edo inbidiaz tristatzen direnek; hari aspertu nahiz hauzi ematen, edo xede berean antolamendua errefusatzen dutenek; bere etsaiari gaitzik nahi ez diotela erraten dutelarik, hura mintzatzen eta salutatzen ez dutenek. Koleran edo bizitasunean ematen direnek. Ontasun biltzeagatik bere buruei gauza nezesarioak ere errefusatzen diotzatenek, eta amoina egin ahal dezaketelarik egiten ez dutenek. Bere sabelean ekhartzen duten fruituaren hil-arazteko bideak, edo moianak hartzen dituzten, edo haren kontserbatzekoak neglijatzen dituzten emaztekiek. Hiltzea desiratzen, eta hiltzeko, edo osasunari bidegabe egiteko arriskutan ematen direnek.

 

 

Sei eta bederatzigarren Manamenduez

 

        Manamendu haukien kontra bekhatu egiten dute... gogoeta, edo desirkunde lizunak bere nahitara gogoan atxikitzen dituztenek: hitz libroak erraten, kanta arinak kantatzen, edo aditzeaz atsegin harten dutenek. Behatze, ukitze edo bertze zenbait akzione deshonest bere gainean, edo bertzen norbaiten gainean, egiten edo errezibitzen dutenek, emaztekia emaztekiarekin edo gizonkia gizonkiarekin izanik ere. Adiskidetasun sobra libroak, libertinen konpainiak, dantzak, eta urrundanik ere kastitatearen kolpatzera ekhar detzaketen dibertimenduak hautatzen dituztenek. Pintura edo figura, eta bertze zer nahi den gauza deshonestei atseginekin behatzen diotenek. Amodioz mintz diren liburuak irakurtzen dituztenek. Modestia gutirekin beztitzen direnek. Elkharren arteko deshoneskeriez ezkontzaren saindutasuna desohoratzen duten senhar-emaztek.

 

 

Zazpi eta hamargarren Manamenduez

 

        Manamendu haukien kontra bekhatu egiten dute... bertzeren ontasuna bortxaz, edo fineziaz hartzen dutenek, eta injustuki izatea desiratzen dutenek. Ixilka burasoen ontasuna saltzen edo ematen dutenek. Sal-erosian laguna enganatzen dutenek. Hauzi makhur edo zuzen kontrakoez bertzerenaz jabetzen direnek, eta hartako paper faltsoak egiten, edo egiazkoak gordetzen dituztenek. Zilhegi ez diren prestamuak egiten dituztenek, eta funtsa bethikotz abandonatu gabe, intresa tiratzen dutenek; dakitelarik ez direla pagatzeko estatutan izanen, prestamuak hartzen dituztenek. Zorren pagatzea, altxatzera emanak errendatzea, sehiei, eta langilei soldata, eta jornala ematea luzatzen dutenek. Detxuma zuzenki egiten ez dutenek. Joko debekatuetan haritzen direnek, jokoan malezia egiten, eta jokoan bere, edo partidaren ahalaz gehiago ezartzen dutenek. Gauza kausituak beretzen dituztenek; edo norenak diren jakiteko eginbidetan ematen ez direnek. Denbora galtzen, edo lanean bere indarra estaltzen duten sehiek eta langileek. Manuz, kontseiluz, lagunduz, kontsentimenduz, ohoin estalki baliatuz, edo bertzela ebaskoetan edo bidegabetan kutsatzen edo parte hartzen dutenek. Proximoaren gauzak desegiten, hausten edo urratzen dituztenek; eta haren bidegabeak, hartako botherea edo kargua dutelarik, gibelatzen ez dituzten guziek.

 

 

Zortzigarren manamenduaz

 

        Manamendu hunen kontra bekhatu egiten dute... gezurra erraten dutenek. Lagunaz funtsik aski gabe jujatzen, edo xuxpitxak arinki egiten dituztenek. Jujearen aitzinean egaren kontra mintzatzen direnek, edo dakiten egia erraten ez dutenek. Sekretuan jakin duten gauza salhatzen dutenek.

        Azkeneko bi manamenduak zarratuak dire seigarren eta zazpigarren manamenduetan.

 

 

Eliza ama Sainduaren Manamenduez

 

        Jainkoaren manamenduetan zarratuez bertzealde, manamendu haukien kontra bekhatu egiten dute... kofesatu gabe urthe osoa uzten dutenek. Arrazoinaren adineraz geroz bazko astean bere herrian komuniatu gabe egoten direnek. Sori ez den egunetan haragi edo urin egiten dutenek. Hogoi eta bat urthe konplituz geroz, Elizak manatu barurak hausten dituztenek, edo kolazionean sobra jaten dutenek, eta kolazioneko janharietan Diozesako usaia segitzen ez dutenek. Elizan irakurtzen diren Monitorio edo eskumikuentzat errespeturik ez dutenek.

 

 

Bekhatu Kapitalez

 

        Urguiluaz hobendun dire... bere buruak sobra estimatzen, eta laguna mezprezatzen dutenak. Gormandizaz hobendun dire... sobra jaten edo edaten dutenak, eta janhariak sobra gostukoak, edo garastiegiak bilhatzen dituztenak. Alferkeriaz hobendun dire... laneko nagi direnak, ohean sobra egoten direnak, eta jokoan, edo dosteta alferretan denbora enplegatzen dutenak.

        Bertze laur bekhatu kapitalak ezarri dire bortz eta seigarren manamenduetan.

        Nork bere estatuko, eta ofizioko eginbideak arthoski examinatu behar ditu; hetan egiten diren hutsak maiz ondore tristeenez segituak dire.

 

aurrekoa hurrengoa