www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEA
HERIOTZEAZ

 

I

        Deus ere ez duzu heriotzea baino seguragorik. Hilen zare; horra ezin den gutiena ere duda dezazukena. Egun oroz herioarekin eta herioaren kontra guduan hari zare. Jaten duzu, edaten duzu, beztitzen zare, zertako? Gosez edo egarriz, edo hotzez ez hiltzeko. Inguratzen zaituzten, estaltzen zaitzuten gauza guziek adi-arazten darotzute hil behar zarela. Zure aitzinean izan diren gizon eta emaztekiak non dire? Zer bilhakatu dire sei mila urthe huntan, nor bere aldian, lurrean agertu diren erregeak eta sujetak, handiak eta xumeak, aberatsak eta pobreak, sendoak eta eriak, borthitzak eta flakoak? Helas! zenbait denbora aphurrez ibili, mintzatu, dostatu dire, bere buruez mintza-arazi dituzten jendeak, eta ondoan hil dire; hetaz eta zutaz gauza bera izanen da, gauza bera erranen da: experientziak eta arrazoinak bezala, fedeak ere erraten darotzu hilen zarela; posible othe da hainbertze aldetarik aditzen dugun bozari gorraena egitea! Guziek erraten darokute hil behar garela, eta ez gare orhoitzen hiltzeaz! Heriotzearen orhoitzapena urruntzen dugu, herioa bera, hura ahantzirik, urrun ahal bagineza bezala! Hilen naiz beraz, eta laster, bizitzerik luzeena amets bat da, denborak thonbarat banerama, ximista Zeruaren parte batetarik bertzerat dohan baino lasterrago, eta ez dut gogoan erabiltzen herioa! Bethi bizi behar banintz bezala nago! hau da erhokeria! Hau da itsumendu auhendagarria!

 

II

        Ezagutu behar duzu ongi zer den heriotzea, hartarat ongi preparatzeko. Heriotzea da gauza guzien akhabantza, inguratzen zaituzten guzien fina. Gorphutza, mundua, denbora, grazia, Jainkoaren miserikordia, horra zer duzun, edo zer izan dezakezun lurrean; bada hauk guziak akhabo izanen dire heriotzean; herioak hauk guziak zuretzat ezdeustatuko ditu. Akhabo gorphutza, herrautsetarat bilhakatuko da, xixariez estalia eta jana izanen da hanbat artharekin aphaintzen zen gorphutz hura; harren bazka dire eginak hanbat solhaz egiten zuen mihia, hanbat behatze egiten zuten begiak. Horra gorphutzaren zortea. Zertako beraz huni harenbertze atsegin eginen diot? Zertako, huni plazer egiteko, galduko othe dut ene arima? Hiltzean akhabo enetzat mundua bere ontasun, bere gloria, eta bere plazer guziekin; hauk guziek utziko naute, egun batez eta laster guziak utzi beharko ditut: zertako orai danik bihotzez ez ditut abandonatuko? Zertako ez diotet orai beretik adios erranen ? Ala erhokeria handia bai da khea bezala heriotzean suntsitzen diren ezdeus batzuei lotzea!

        Heriotzean akhabo denbora, orduan hasten da behinere finik izanen ez duen eternitatea. Zer zorigaitz enetzat Jainkoaren etsaikoan banaiz orduan! ezen ez da orduan penitentziarik, ez da gehiago izanen graziarik, ez miserikordiarik, justiziaren denbora ethorria daiteke. Orai dire salbamenduko egunak orai denbora fagorezkoak, momento guziak dire orai preziatu; baliatuko naiz beraz, egun eta oren guziez, Jainkoak bizitze eternalaren irabazteko eman darotan denboraz; ene nigarrez, ene plainuez, eta penitentzia garratzez urratuko ditut ene faltak, leial eta khartsu izanen naiz Jaunaren zerbitzuan, bide huntaz izanen dut beldur baino esperantza gehiago heriotzeko orenean.

 

III

        Heriotzea hain segura duzularik arren, heriotzea hain lazgarri delarik arren, ez dakizu ez non, ez noiz, ez nola hilen zaren. Non hilen naiz? Etxean, ala kanpoan? Herrian, ala atz-herrian? Ez dakit. Nik dakidana da, ni naizen lekhu guzietan, ene heriotzea izan daitekela; beraz lekhu guzietan bizi behar naiz, lekhu guzietan eta bakhotxean hil behar banintz bezala. Noiz hilen naiz? Aurthen, ala ondoko urthean? Gaztetasunean, ala zahartasunean? Ez dakit. Nik dakidana da, noiz nahi den hil naitekela, oren eta instant guziak izan daitezkela ene azkeneko orenak eta instantak. Nola hilen naiz? Justuen heriotze preziatuaz, ala bekhatoreen heriotze terribleaz? Ez dakit. Helas! beraz ez dakit, ea mundu huntarik ilkhitzean, Zeruan izanen naizen glorian, ala Ifernuan izanen naizen Deabruen artean. Zer eginen dut sainduki hiltzeko? Bizi behar naiz sainduki, bizi onaren fruitu ordinarioa da heriotze ona. Nahi naiz beraz, Jauna, orai baliatu, hil ondoan inutilki gabe nezaken, zure miserikordiaz. Bizi nahi naiz, egun oroz hil behar banintz bezala.

 

aurrekoa hurrengoa