www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN MEDITAZIONEA
JAINKOAREN AMODIOAZ

 

I

        Oso-osoa galdetzen zaitu zure Jainkoak, deus ez da zure baithan eskatzen ez darotzunik. Zor diozu zure bihotzeko, eta bihotz guziko amodioa: maitatuko duzu zure Jainko-Jauna zure bihotz guziaz, zeren bihotz hura guzia berak egin bai du, berak erosi bai du eta berak kontserbatzen bai du: Bihotzaren jelos da, ezin kontenta daiteke parte batez, ez erdiaz, ez gehienaz, ez hurren guziaz; oso-osoa galdetzen du: erran nahi da, hura maitatu behar duzula gauza guziak baino gehiago; ontasunak, ohoreak, plazerak, ahaideak, burasoak, haurrak, eta zure burua baino gehiago, eta hauk guzien gainetik. Hain egiazkoa izan behar da guzien gaineko amodio hau, non prest egon behar bai zare hauk guziei ukho egiterat Jainkoaren amoreak gatik: gehiago behar duzu prezatu eta estimatu Jainkoaren maitatzea, ezen ez mundu guziaz gozatzea: lasterrago galdu behar duzu duzun guzia ezen ez Jainkoaren amodioa. Horra zer aditzen dugun galdetzen zaikun bihotz guziko amodioaz. Ordean nik nola maitatu othe zaitut, o ene Jainko-Jauna! Zer ahalkatzeko sujet ez dut, orhoitzen naizenean, ezdeus batzuek zu baino gehiago maitatu ditudala! Plazer labur baten hartzeagatik, ontasun aphur bat biltzea gatik, haizearen pare den ohorezko pontu bano baten gatik, egin zaitan damu xume baten gatik, ahantzi, abandonatu, mezprezatu zaitudala; zer diot? kruelki tratatu, eta gurutzefikatu zaitudala. Nola erran dezaket beraz maite zaitudala ene bihotz guziaz! Othe da ene ausartzia baino handiagorik!

 

II

        Zure izpiritu guziaz maitatu behar duzu zure Jainko-Jauna; hura ezagutu behar duzu, hartaz orhoitu behar zare, hari behar diotzatzu eman zure gogoeta eta pentsamendu guziak. Gogoan erabili behar ditutzu haren maitagarritasunak, haren egia guziak. Gogotik behar duzu egon harekin othoitzean, plazerekin aditu behar duzu hartaz mintzatzen, zerori ere maiz hartaz mintzatu behar zare, estima behar ditutzu haren legeak, maximak, eta kontseiluak; ezen hori da izpiritu guziaz Jainkoa maitatzea. Ala urrun izatu bai da ene gogoa amodio hortarik! Galdetzen zautanetik, deus ere, edo hagitz guti baizen ez diot eman, eta horrek doloratzen nau. Guti penetan eman naiz ene Jainkoa ezagutzeko, gutiago haren maitagarritasunen kontsideratzeko: bertze guzietako denbora asko eta sobra hartu dut, eta behar nueneko, behinere astirik asko ez nuen: ene gogoetak munduko gauzen ikhasteko, hetaz mintzatzeko, hekien gustatzeko izatu dire: unhatzen nintzen ene Jainkoaren presentzian, nekhatzen hartaz mintzatzen zaizkidanean, khexatzen haren perfekzioneak, eta maitagarritasunak aiphatzen zauzkidatenean: bertze konbertsazione guziak agradatzen zitzaizkidan, Jainkozkoak bethi luzegi kausitzen nituen. Ah! laxotasuna! Ah sorhaiotasuna! Ala higuingarria bai da ene konduita!

 

III

        Zure indar guziez maitatu behar duzu zure Jainko-Jauna. Zure lan, pena, izerdi, sofrikari, hitz, obra eta akzione guziak eman behar diotzatzu. Haren baithan, haren graziaz, haren laguntzaz bizi, nekhatzen eta trabailatzen gare; justu da haren ganik dugunaz geroz dugun guzia, guziak harentzat izan daitezen: edo jan eta edan dezadan, edo trabaila edo pausa nadin, edo atzarria edo lo egon nadin, zer nahi den egin edo sofri dezadan, guziak Jainkoaren gloriaren ohoretan izan behar dire. Atseginetan eta atsekabetan, abundantzian eta gabetasunean, osasunean eta eritasunean, ohoretan, eta laidoetan, ontasunetan eta miserian, bizitze labur huntako okasione guzietan Jainkoa guziez behar dut benedikatu, guziak harentzat behar dire; onetan eskerrak, gaitzetan sumisionea zor diot, eta hori zeren behar bai dut ene ahal guziaz maitatu. Ala ordean urrun izatu bai naiz disposizione hain giristinozkoetarik. Helas! Jauna, erran dezaket zu benedikatu behar bidean, bistatik galdu zaitudala: miletan murmuratu ere naiz zure probidentzia amultsuaren kontra; bainan barkhamendu eskatzen darotzut; errezibi zazu othoi ene bihotz guziaz, ene izpiritu guziaz, ene ahal guziez egiten darotzudan ofrenda: guzia nahi naiz ahitu eta kontsumitu zure amodioan, zure grazia sainduarekin batean.

 

aurrekoa hurrengoa