www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEA
DAMNATZEN DIRENEN NONBRE HANDIAZ

 

I

        Kontsidera eta astiroki medita zatzu egia eternalaren hitz hauk; hainitzak dire deithuak, eta gutiak hautatuak. Othe da deusere Jesusen erran hau baino ukigarriagorik, eta gure baithan sar-arazteko gaiagorik? ala zabala eta largoa bai da heriotzerat, Ifernurat gidatzen duen bidea, eta hainitzak dire hura hartzen eta segitzen dutenak! eta ala hertsia eta nekhezkoa bai da bizitzerat, Zerurat daraman arruta, eta bakharrak dire hura hautatzen dutenak, eta hartan dohazenak! Bortxa zaizte hertsitik sartzeko, ezen nik erraten darotzuet hainitzek xerkhatuko dute hartarik pasatzea, eta ez dute ahalik izanen. Horiek dire salbatzailearen hitzak, zeinetaz klarki adi-arazten bai daroku, zein hainitzak diren damnatzen direnak, eta zein gutiak salbatzen direnak. Zerekin konparatuak dire Izpiritu sainduaz salbatzen direnak? adi ezazu, eta ikhara zaite. Gutienean hamabi ehun mila Israeldarretarik, lur guziei prometatuan sarthu ziren, Josue eta Calep, bi gizon xoil haukiekin; Uholde jeneralean gizon eta emazte guzien artetik arka edo untzi batean salbatu ziren zortzi presunekin; Sodoma eta Gomorra, eta gaineko hiri dohakabe suzko eta sufrezko uriak kontsumitu zituenetarik beiratuak izan ziren laur presunekin. Helas, zein xumea ez da beraz salbatzen direnen nobrea, eta zein handia damnatzen direnena! Ez othe naiz lazten eta ikharatzen Profetak eta Jainkoaren Semea hunela mintzatzen aditzen ditudanean? Nondik heldu da hain bakharrak bai dire salbatzen direnak? Eta ni salbatuko othe naiz? Ene salbatzeko hil nahi izan zaren Jesus maitea! egizu ez nadin gertha damnatuko direnen baltsa handiko.

 

II

        Jainkoak garen guziak salbatu nahi gaitu, ezin duda dezakegu haren borondateaz, hartarakotz kreatu nau, hartarakotz kontserbatu nau, hartarakotz bere Semearen odolaz erosi nau, hartarakotz giristino egin nau, eta bere Elizan hanbat laguntzaren artean ezarri nau; ezin beraz uste izan dezaket Jainkoaren nahitik heldu dela hain gutiren salbatzea, eta hain hainitzen damnatzea. Nondik bada heldu othe da hori? Gizonen-ganik, zeren gutiak bai dire salbatzeko nezesario dena egiten dutenak. Salbatuko denak begiratu behar du Jainkoaren lege guzia; eta nork hura begiratzen du? Zenbat manera diferentez ez da hautsia, eta ostikatua Jaunaren lege saindua? salbatuko denak behar ditu gurutzefikatu bere nahikara eta gutiziak, eta gehienek hek kontentatzen, hek satisfatzen dituzte. Salbatuko denak behar du garbiki kontserbatu bathaioko inozentzia, edo, bekhatu mortalaz galdu ondoan, penitentziaz kobratu behar du. Nork ez du galtzen, eta nork hura ardiesten du? Beraz gutiak salbatzen, eta hainitzak damnatzen badire, hori heldu da gizonen falta phurutik. Ene faltaz galdu behar naiz beraz, ene biziak behar du ene korte eternala finkatu, edo Zeruan, edo Ifernuan; eta horrek lazten eta ikharatzen nau. Badakit, o, Jesus guziz maitagarria, ene-ganik galdetzen duzun guzia dela ene bihotza; maitatuko zaitut beraz orai-danik finki eta gauza guzien gainetik.

 

III

        Zer bide hartu behar dut beraz damnatzen direnen nonbre handiko ez izateko, eta salbatzen direnen nonbre xumeko izateko? Ez bide da hau bezain deus ere inportantik. Nonbre handia galtzen da, ez beraz segi hekien arruta. Nonbre xumea salbatzen da, har zazu beraz hek daramaten bidea. Salbatu nahi zare? Pratika zazu Ebanjelioak irakhasten darotzuna; sainduak salbatu dire, eta zu ere, hek bezala biziz, salbatuko zare: maita zazu bakhartasuna, othoitza, mortifikazionea, hurbil zaite maiz eta arthoski sakramenduetarat, egitzu eternitatearen gainean erreflexione husuak, eta bekhatu mortalaz galdu baduzu Jainkoaren amodioa, berehala penitentziarat laster egizu; horra salbatzeko egin behar duzuna. Ordean nola bizi izan naiz orai artean? Segitu othe dut bide hertsia? Helas! ikhusten dut dolorerekin bide largoan ibili naizela, eta beraz damnatzen ninduen arrutan. Deusetan ez dut bortxatu ene burua, bethi kontentatu ditut ene pasioneak, bethi satisfatu ene gutiziak; iduritzen zitzaitan gehienek bezala egitea ungi zela, tropela handiari jarraikitzeaz ez nuela deus ere arriskatzen, enganatua nintzen, galtzen hari nintzen. Zuk, o ene Jainko, salbatu nahi nauzuna! ene errebelamendutik athera nauzu, eta zure-ganat xuxen nezaken bide dohatsu eta segurean eman nauzu; nonbre xumearekin zu bakharrik zerbitzatuko zaitut beraz, dohatsuekin glorifika zaitzadan eternitatean.

 

aurrekoa hurrengoa