www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEA
IFERNUAZ

 

I

        Ifernua da leze bat ilhunberik baizen ez dena, iguzkiaren arraiorik ez da sekulan sartzen presondegi hartarat, ez da han ez bakerik, ez deskantsurik, gerlak eta nahasturak han erreginatzen dute, ez da aditzen marrubiarik, hortzen kharraskatzerik eta auhenik baizen; desolazionea, desesperazionea eta errabiamendua, horra zer kausitzen den Ifernuan. Gogorat ekhar zatzu pena eta gaztigu ahal daitezken terribleenak, gosetea, gerlatea, izurria, oinhazeak, kaxoterik lizunenak, lezerik phozoatuenak; hauk guziak Ifernuaren aldean itzal flako batzuek dire, erdizkara ere hura ezin ezagut-araz dezaketenak: on guzien bilhuztasuna, gaitz guzien bilduma, horra zer den Ifernua. Han aitak haurren kontra, haurrak aiten kontra, lagunak lagunen kontra, esposa esposaren kontra daudez bethi borhoz eta madarizionez: ez dute ikhusten monstro belz eta izigarririk baizen; Deabru guziak dire lagun, eta tormentatzaile. O Ifernua ala hire terriblea eta hire izigarria!

 

II

        Jainkoa bera damnatu hekien punitzen hari da, bethi jazartzen diote urrikalmendurik batere gabe, gorraena egiten diote hekien nigar guziei, hekien auhenek eta suspira minek ez dute ukitzen, ez beratzen haren bihotza; bethi edaten dute ligarainokoan Jaunaren koleraren jarroa, eta ezin agortuko dute sekulan: gaitza gaitzaren gainean, tormentak tormenten gainean egortzen diotzate; ez da nihoiz ere flakatuko bethi zehatzen dituen beso mendekaria. Lehenago bekhatoreen punitzeko uholde bat egorri zuen, zortzi justuz landan bertze guziak itho zituena; hiri dohakabe batzuen funditzeko Zerutik jauts-arazi zuen suzko eta sufrezko uri bat. Batzuetan lurra arrailatu du gaixtaginen bizirik iresteko, bertzeetan itsasoan hondatu ditu bere etsaiak hekien desegiteko; gaztigu diferent hauk guziak zer ziren, Jauna, Ifernuan damnatuei jasan-arazten diotzatzutenen aldean? Zenbait zure justiziaren xorta bakhar, zure koleraren itsaso ezin agortuzkotik eror-arazi zintuenak; ordean zu Ifernuan damnatuen tormentatzen hari zare eta oso-osoa, gerizatzen diozute damnatuei zure bisaia amultsua, eta bethi agertzen zaizkote koleraz armatua. Egia hauk sinhesten othe ditut, ala ez? edo sinhets detzadan edo ez, ez dire gutiago egiak: eta sinhesten baditut, nola nagoke trankilki bekhatu mortalean? Nola egon naiteke damnatzeko arriskurik klarenean? Zer izanen da nitaz, baldin ez banau Ifernuaren kontsiderazioneak ukitzen, ikharatzen eta berehala konbertitzen?

 

III

        Jainkoak damnatuen erretzeko bere koleran phiztu du, eta bethi phiztua dauka Ifernuko sua; su bat da hain borthitza, non gure sua haren aldean itzal flako bat bai da: su bat da, bethi erretzen, eta nihoiz ere kontsumitzen ez dituena: su bat da gorphutzak bezala arimak ere erretzen dituena: su bat da bakhotxari bere falten arabera sofri-arazten dioena; eta zertaz ere bekhatu egin bai dute hartan gehienik erretzen ditu. Finean damnatuek ez dute ikhusten surik baizen, ez dute iresten surik baizen, berak dire sustatuak eta hurren su haren itxindi batzuek. Krisela gorriak, kaldera irakituak, burdinazko orratzen punta zorrotzak ez dire deusik Ifernuko suarekin konparatuak direnean. Helas! gutarik nork, hauts eta herrauts bilhakatu gabe, jasan lezake oren erdi batez gisu labeko sua, eta beraz gutarik zeinek hautatuko du Ifernuko suan egotea? Nork nahiko du egon khar eternal hetan? Ez nik, dio gutarik bakhotxak; horra zer diodan, horra zer nioen, eta bizkitartean hunela mintzo nintzen denboran bekhatu egiten hari nintzen. Othe zen ene erhokeriaren parerik? Bainan akhabo, o ene Jauna, akhabo, hausten dut bekhatu guziekin, uzten ditut hain garrazki punituak diren plazerak, ene plazer bakharra izanen da ene erretzeko phiztu ditudan suen nigarrik abundantenez iraungitzea. Eskerrak bihurtzen darozkitzut, o Jainko guziz ona, zeren ez nauzun kondenatu Ifernuko lezerat, ene bizitze guzian laudatuko, benedikatuko eta maitatuko zaitut.

 

aurrekoa hurrengoa