www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEA
SALBAMENDUKO EGITEKOAZ

 

I

        Jainkoak munduaren kreatzean, bere Seme maitea gizon egitean, gure zorion eternalari behatu dio; gauza guziak egin ditu gure salbatzeko, eta bere glorian gu bizi-arazteko. Zeruak, lurrak, Berboaren inkarnazioneak, sortzeak, bizitzeak, heriotzeak, guziek erraten darokute gu dohatsu egiteko izan direla. Gure beharrik ez zuen Jainkoa gure gatik gizon egin da, Bethleengo establian sorthu da, pobrezian, humiliazionean, gauza guzien eskasean bizi izan da; Caiphasen, Pilatusen, Herodesen etxean kausitzen dut afrontuz eta laidoz sasiatua, azote kolpez larrutua, eta Kalbarioko mendian ikhusten dut bi ohoinen erdian gurutzefikatua eta hila. Zertako, Jauna, horrenbertze? Ene erosteko, ene salbatzeko. Nork gero hozki behatuko dio bere salbamenduko egitekoari, Jainkoak hain egiteko handiari bezala behatu dionaz geroz! Horra, ene Jauna, zuk egin duzuna, eta nik zer ez nuke egin behar salbatzeko!

 

II

        Salbamenduko egitekoa da ene egiteko bakharra, nik egin beharra, bertze nihork ezin enetzat egin dezakena; ene lurrak bertzeek labora detzakete, ene tratuak bertzeek egin detzakete, ordean ene arima ezin bertzeek salba dezakete. Bertzeen obra onak, mortifikazioneak, saindutasuna, zoriona ez dire eneak; hek egin dute beretzat, eta nik egin behar dudana enetzat utzia da: hek irakhatsi darotet, nik neronek egin behar dudala ene salbamenduko egiteko handia eta bakharra. Baiki, hori da bakharra nezesario dena, bertze guziak hunen aldean dosteta batzuek dire, hortako zare mundu huntan, eta ez deus bertzetako; ez zare hemen hainitz bizitzeko, ontasunen biltzeko, edo plazeren hartzeko, bainan Jainkoa maitatuz, salbatzeko; gainerako egiteko guziak ezdeuskeria batzuek dire, edo zerbait badire, guziak zure salbatzeko behar dire; non ez, utzi beharrak dire, gauza inutil edo kaltekor batzuek bezala. Eta nik nola behatu diot salbamenduko egitekoari? Ez egiteko bati bezala. Zer denbora, zer atentzione, zer artha eman diot? Kasik batere. Bertze gauza guzientzat denbora, astia, grina izan dut, eta ene egiteko bakharrarentzat antsikabe, ezaxolatu, eta alfer izatu naiz, ez dut kasik deusik egin, edo hagitz guti egin dut salbatzeko. Othe da ene erhokeriaren parerik?

 

III

        Salbamenduko egitekoa gaizki egiten bada, kalte hau ezin erreparatuzkoa da, hau behin faltatzea, sekulako faltatzea da, Zerua behin galtzea eternitateko galtzea da. Zer probotxu da gizonarentzat, dio Jesu-Khristok, mundu guzia beretzea, galtzen badu bere arima? edo zertaz erreparatuko du bere kalte handia? Munduko gainerako kalte gehienek badute zenbait erremedio, edo kontsolamendu, ordean arima galduz geroz, ez da erremediorik, ez da kontsolamendurik. Orai urthe agor bat badut, gero sasoin aberats bat uste dut; eri banaiz, osasunaren esperantza badut; adiskide bat galtzen badut, bertze bat egiten dut; ordean arima galtzen badut, ez zait gelditzen deus ere, Ifernuan naiz, eta han ez da sosegurik, ez esperantzarik. Zertako bada ez naiz lehiatuko, denbora Jainkoak uzten darotano, haren ongi eta dohatsuki enplegatzerat? Zertako ezdeuskerietan iraganen ditut bethi ene urtheak, ene egunak, ene orenak? Ez othe darozkit Jaunak ematen lan handi hunen ongi egiteko? Zertan nago nagi eta alfer? Nor da ene salbamenduko egitekoan intresaturik ni baizen? eta halarik ere dosteta bati bezala behatu diot orai artean. Ah! ene Jauna eta ene Jainkoa, atzar eta erna zazu ene arima bere lokhuma tristetik; ezagut-araz diozozu bere egiteko bakharra, eta hartan okupa-araz zazu, menturaz joan dire salbamenduaren egiteko nituen denborarik ederrenak, bainan ora hasten naiz khartsuki ene salbamenduko lanari lotzen, maitatuko eta serbitzatuko zaitut, utziko ditut zure gogarako ez diren gauza guziak, gostarik gosta salbatu nahi naiz; egidazu grazia deliberazione hunen konplitzeko.

 

aurrekoa hurrengoa