www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEA
MEZAKO SAKRIFIZIOAZ

 

I

        Ez da giristinotasunean deus ere mezako sakrifizioa baino errespetagarriagorik; han ofritzen da egiazki eta errealki Jesu-Kristo ogiaren eta arnoaren idurien azpian: kreatura guzien Kreatzailea, gizon eta Aingeruen Jauna, Zeruaren eta lurraren Jabe soberanoa bere Aitari zaio ofrendatua; behin xoilki gurutzearen gainean egin duen ofrenda egun oroz erreberritzen du aphezaren eskuez aldareen gainean. Gizonek eta aingeruek bere obrarik handienez, bere adorazionerik khartsuenez baino gehiago eta gehiago ohoratzen du Trinitate saindua mezako sakrifizio bakhar batek, zeren balio infinitu bat bai du hemen ofritzen zaioen Jesu-Kristok: bere burua imolatzen du Jainko-gizon hunek gure partez, izate soberanoaren adoratzeko, egin darozkigun nonbregabeko on eta ontasunez eskerren emateko, guk egin diotzagun ofentsa eta afrontuen barkhamenduaren galdegiteko, eta hain nezesario tugun grazia eta laguntzen eskatzeko. Horra zer hari den Jesu-Kristo aldareen gainean, eta hauk guziak egiten ditu enetzat, ene salbatzekotzat. Zer obligazione ez diot, zer errespetu ez diot zor? Nola egon behar nindeke Elizan mezako sakrifizioan? Nola unha naiteke, aldareetan ene Jesus dudanean? Nola luzegi kausi othe dezaket bethi laburregi iduritu behar zaitan denbora saindua?

 

II

        Sakrifizio hunen handitasunaren araberakoak izan behar dire zure sentimenduak. Han zare lekhuko bezala, beraz han zer iragaten den jakin eta kontsideratu behar duzu. Han zure moldean aphezaren eskuez sakrifizioa ofritzen duzu, beraz sainduki han egon behar zare, beraz humiltasunekin eta errespeturekin meza entzun behar duzu, zure esperantza eta konfidentzia phiztu behar ditutzu. Han zure burua Jesusekin batean Aita Zerukoari sakrifikatzen diozu, beraz zure bekhatuak higuindu behar ditutzu, hetaz Jesusen izenean miserikordia galdegin behar duzu; hitz batez, Kalbarioko mendiaren gainerat bazindoaz bezala joan behar zare Elizarat meza entzuterat. Hortik juja zazu nolako debozionea, atentzionea eta errespetua galdetzen duen meza sainduak. Ikhus azu nolako kharrarekin joan behar zaren, nolako artharekin han egon behar zaren, zertaz han entretenitu behar zaren. Aingeruek berek ikharaz betherikako errespetu batekin adoratzen dute Jesus aldareen gainean, eta nola zu egon zaitezke errespeturik gabe? Helas, Jauna, aithortzen ditut mezako denbora saiduan egin ditudan huts guziak; enetzat ofritzen duzun sakrifizioan maiz berretu ditut urratu behar nituen bekhatuak, eta irritatu dut phazegatu behar nuen zure kolera; barkha dietzadatzu beraz ene hobenak, eta garbi zazu egun ene arima bere notha guzietarik.

 

III

        Mezako sakrifizioa hain errespetagarria delarik arren, gutiak dire hari zor zaion ohorea ekhartzen diotenak. Nolako kharrarekin lehiatu othe zare meza entzuterat? Artha izan othe duzu, ahala zinduen guzian, sakrifizio hain errespetagarrian kausitzeko? Ez othe duzu pasatu astea oso-osoa lazotasun phuru batez meza entzun gabe? Eta han kausitu zarenean, nola egotu othe zare? Joan zare obligazionezko egunetan ere kostumaz eta usantzaz, ez fedeaz eta debozioneaz animatua. Jainkoaren adoratzen, Jainkoari eskerren ematen, Jainkoari barkhamendu eskatzen, Jainkoari grazien galdetzen enplegatu othe duzu bethi mezako denbora laburra? Hala behar zen; ordean hala egin othe duzu? Orhoitu othe zare non zinen, zertan zinen, eta zertako Elizarat joan zinen? Ez da egia miletan, zure izpiritua barraiatua, egon zarela, alde guzietarat beha egon zarela, postura imodest batean egon zarela, Jesus aldareen gainean zena ahantzirik, sahetsekoekin solhasean egon zarela? gorphutzez Elizan, izpirituz kanpoan; belhauniko lurrean, gogoz munduko egitekoetan; arrosarioa, edo liburua eskuan, eta bihotza konpainietan okupatua; ez nola meza entzunen zinduen, bainan ea noiz, zein laster meza akhabatuko zen. Ez othe da hau izatu zure meza entzuteko moldea? Ez othe zare bethi hunelako izatu? Menturaz joan zare Elizarat, ez Jainkoaren adoratzerat, bainan hunelako edo halako presunak, bertzetan errexki ikhusiko ez zintuenak, han ikhusterat, eta hetaz ikhusia izaterat. Hargatik menturaz arrimatu zare, eta aphaindu idola bat bezala. Ahalkatzen naiz, Jauna, orhoitzen naizenean Elizan mezako denboran egin ditudan huts handiez, guziez miserikordia galdetzen darotzut, promes ematen darotzut hemendik harat ahal bezain maiz meza entzunen dudala, eta ahal bezain sainduki han kausituko naizela.

 

aurrekoa hurrengoa