www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEA
KREAZIONEAZ

 

I

        Kontsidera zazu Jainkoak egin zaituela. Ez du hain denbora handia munduan zarela: zenbait urthe baizen ez du bizi zarela: han artean non zinen? Zer zinen? Ez deusean; ez deus bat zu zeroni. Iguzki hau bazen, ez ordean zure argitzeko: lurrak fruituak ekhartzen zituen, ez ordean zure hazteko mundu hau bazen, ez ordean zu huntan: ez zinen oraino diren gauzen artean: lurreko har bat baino gutiago, hantsa eta herrautsa baino xumeago; ezdeus phuru bat zinen: horra zure estatua nolakoa zen duela zenbait egun, edo ilhabete aphur. Nola bet-betan kausitu zare munduan? Nork eman darotzu izatea? Noren ganik duzu bizia? Zeroni ezin egin zintezken; munduko kreatura guziak ez ziren gai zure gorphutzaren formatzeko, eta gutiago ziren kapable zuri arimaren emateko. Jainkoak egin zaitu beraz, haren eskuen obra zare, hura da zure egilea. Zer obligazione ez diozu Jainkoari eman darotzunaz geroz izatea eta bizia! Orai duela zenbait urthe ezdeus bat zinela orhoitzen bazare, nola zure ezdeustasuna ahantzirik supherbios izan othe zaitezke! Munduko laudorio eta lausengu guziek nola zure bihotza altxa eta hant dezakete! Bihur zaite zure herrautserat, eta ezdeusetarik egin zaituen Jainkoari eskerrak emanez, haren graziak zure bihotzean distiatuko du.

 

II

        Kontsidera zazu nolakoa egin zaituen zure Jainkoak. Zenbat dohain ez darotzu eman gizon egin zaituenean? Gorphutz bat baduzu bere postura nobleaz, bere menbro guzien edertasunaz eta enpleguaz gainerako kreatura ageri direnetarik distingatzen, eta hekien errege egiten zaituena. Jainkoak eman darotzu adimendua, zure baithan, zutaz kanpoan, zu baino beherago, zu baino gorago diren gauzen, eta Jainkoa beraren ezagutzeko gai dena. Eman darotzu memorio bat, mila gauza on eta probotxusez bethe dezazukena. Eman darotzu bihotz bat, Jaunaren maitatzeko, Jaunaz gozatzeko gai dena: eta halatan bere idurirat egin zaitu. Ezagutu othe duzu zein baliosa zinen? Kontsideratu othe duzu zenbat ohoratu behar zinduen zure baithan Jaunaren iduria? Othe zinakien, bekhatuak imajina hura nothatzen eta desegiten zuela. Helas! Jauna, aithortzen dut ene falta, kondenatzen dut ene burua, egun ezagutzen dut ongi, maiz eta sobratan ene baithan belztu dudala zure imajina; eman diezadazu beraz bihotz urrikimenduz doloratu bat, jan-araz diezadazu nigarrezko ogia, eta edan-araz diezadazu abundanki ene nigarren ura.

 

III

        Kontsidera zazu zertako egin zaituen Jainkoak. Beretzat egin zaitu; ez du bertze xederik izan zu egitean, eta ezin zuken. Kreatura bakhotxari eman dio bere fina, zure azken fina Jainkoa da, Jainkoarentzat zare beraz. Zure izpiruta haren ezagutzeko, zure memorioa hartaz orhoitzeko, zure bihotza haren maitatzeko; zu zaren guzia haren ohoratzeko zare. Begiak ikhusteko, beharriak aditzeko ditugun bezala, ni ere guzia oso-osoa Jainkoarentzat naiz. Obra bere egilearena da, eta ni norena izan behar othe naiz ene Kreatzailearena baizen? Ez naiz lurrean ontasun biltzeko, ez naiz munduan plazeren, edo aisien hartzeko; bainan xoilki eta bakharrik ene egilearen zerbitzatzeko; haren zerbitzatzeko ez den guzia debekatua zait; nik egiten dudana harentzat ez bada, ene eginbidea hausten dut, hartaz landan bertze zer nahi denentzat egin dezadan, ohoinkeria bat, injustizia bat da, zeren dudan guzia, naizen guzia, egin ahal dezakedan guzia zor bai diot. Ah! zenbat humiliatzeko sujet ez dut ikhusten ene baithan! Zenbat ohoinkeriaz, zenbat injustiziaz ez naiz hobendun ene Jainkoaren aitzinean! Jainkoaz, eta haren araberako gauzez entrenitu othe da bethi ene memorioa? Jainkoaren eta Jainkozko gauzen maitatzen haritu othe da bethi ene bihotza? Jainkoaren zerbitzuan enplegatu othe ditut ene denborak, indarrak eta ontasunak? Ene egiteko bakharra izatu othe da Jainkoaren zerbitzatzea? Hala behar zen; ez da ordean halakoa izatu ene bizia. Ezdeuskeriei eman diotet ene haurtasuna, erhokeriei ene gaztetasuna, inutilkeriei ene gainerako denbora. Dostetek, atseginek, eta maiz bekhatuzkoek okupatu dute ene bizia. Banitateari, gezurrari, gaixtakeriari eman diotzatet ene Kreatzaileari zor niotzan arima eta gorphutza, arimako eta gorphutzeko ahal guziekin. Damu dut, Jauna ene injustizia iraganaz, hartzen dut erresoluzione fermu bat hemendik harat zure zerbitzuan enplegatzeko ditudan guziak, khartsuki zerbitzatuko zaitut azken hatserainokoan.

 

 

Meditazione bakhotxaren akhabantzan
Andredena Mariari egin behar zaion othoitza

 

        O! Birjina Saindua, Jainkoaren ama eta bekhatoreen ihes lekhua! egun fidantzia oso batekin ematen naiz ahuzpez zure oinetan; zu zaitut, Jainkoaz landan, ene kontsolazione eta esperantza guzia, egizu beraz beira nadin munduko bide lerragarrietarik, eta jarraik nakion zerurat daraman bide dohatsuari; eman nazazu, o! Ama amultsua, zure ume maiteen herrunzan, izan-araz diezadazu zure othoitzez Jaunaren legearentzat leialtasunik handiena, egizu bethi zerbitza eta maita dezadan Zeru-lurren nausia, eta aita guzietarik hoberena; ofrendatzen darotzut ene bihotza, eta zure arartekotasun botheretsuaren azpian ezartzen ditut egun hartzen ditudan deliberazione salbagarriak.

 

aurrekoa hurrengoa