www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEA
JAINKOAREN AMODIOAZ

 

I

        Guziz handia eta eztia da Jainkoaren maitatzeko dugun obligazionea: hau da lege saindua, manamendu handia et lehena: hau galdetzen daroku Jainkoak, nahi du gutaz izan maitatua, eta gaztigurik ikharagarrienez dixidatzen gaitu, ez badugu maitatzen; bainan zertako mehatxuak? ez othe da guretzat zorion bat, hura maitatzea? eta zorigaitzik handiena ez othe laiteke, hura ez maitatzea? Lege hunen konplitzerat gu hertxatzeko dire gainerako manamendu guziak. Ez du gizonak deusere beharragorik hau baino. Bethi gare eta eternitate guzian izan behar gare Jainkoaren maitatzerat obligatuak: gainerako eginbide guziak akhabo izanen dire gure biziarekin; ordean Jainkoaren maitatzerat obligatzen gaituen legea, Jainkoa bera bezala, eternala da. Fedeak ez du Zeruan lekhurik, zeren ikusten bai da sinhesten zena; esperantzak ez du han lekhurik, zeren igurikitzen zena poseditzen bai da; amodio phuruak bethi han erreginatuko du, zeren bethi maitatuko bai da, bethi maitagarri zaikun Jainkoa. Zertako beraz orai beretik ez dugu hasiko eternitatean egin beharko dugun ofizioa? Zertako ez dugu orai eginen bethi gure zoriona eginen duen lana? Maita dezagun beraz gure Jainkoa, eta hartan kausituko dugu gure kontsolazione osoa; bake egiazkoa da Jainkoa maitatzeari darraion fruitu preziatua. Zer eztitasun ez dugu izanen hura maite duguno? Amodioa den lekhuan ez da nekherik, ez kharastasunik; eta nekhe edo kharastasunik bada, guziak maitagarri kausi-arazten ditu amodioak. Zer erhokeria beraz Jainkoaz bertzetan gure deskantsuaren bilhatzea! Eta nola bizi gaitezke Jainkoa maitatu gabe!

 

II

        Ezagutzen bagindu ongi zein maitagarria den bere baithan Jainkoa, handizki maita ginezake; nola guti ezagutzen bai dugu, hargatik hain guti maitatzen dugu. Zer dire kreaturetan ikhusten diren maitagarritasun guziak Jainkoaren maitagarritasunen aldean? Ezdeus batzuek. Ez da edertasunik harenekin konpara daitekenik: guzia da saindua eta saindutasuna bera; ona da, eta ontasun soberanoa; manifikoa eta manifizentzia bera; handia eta handitasun infinitua; botheretsua, aberatsa, liberala zuzena eta zuzentasuna bera: gogorat ekhar atzu perfekzione suerte guziak, eta haren baithan kausituko ditutzu eskasik batere gabe. Kreaturarik konplienak hutsak dire hura gabe; haren ganik dute, duten ontasun, edertasun, eta maitagarritasun guzia. Ah! ikhusten bagindu bere baithan den bezala! gure bihotzak haren ganako amodioaz sustatuak laitezke; zer diot? Ezin nahi bezanbat maitatuz, amodioaren kharrez akhaba laitezke. Jainkoa da; erran nahi da, perfekzione guzietan infinituki perfet den izate guziz maitagarria. Nola nagoke beraz hura maitatu gabe? Susta zazu, Jauna, zure amodioaren kharraz ene bihotza; bera zazu ene bihotz gogorra, urth zazu ene bihotz hormatua. Khen zatzu ene bihotzetik bertze amodio guziak, eta egizu zure amodioak bakharrik erregina dezan ene baithan. Oxala banitu mila miliun bihotz, guziak zuretzat nintuzke: bat eman darotazu, eta hau guzi-guzia, oso-osoa bethikotz, sekulakotz ematen darotzut.

 

III

        Jainkoa, bere baithan hain maitagarria, zure amodio guziaz digne bada, edo beraren gatik maitatu behar baduzu, zuretzat guzia ona delako orhoitzapenak obligatu behar zaitu soberanoki haren maitatzera. Gure Jainkoa da, kreatu gaitu eta bere idurirat egin gaitu, gu kontserbatzen, mantenatzen, gobernatzen, laguntzen gaitu, eta gu dohatsu egiteko deusik ez du guphidesten; Zeru-lurrak guretzat egin ditu, eta gu esklaboentzat, gu bekhatoreentzat, gu kreatura miserable eta dohakabeentzat bere Seme bakharra eman du. Miletan beiratu nau Ifernuko lezetik, miletan barkhatu darozkit hanbat bekhatu handi, eta bertze hanbat nik baino bekhatu gutiago egin zutenak damnatu dituen denboran, niri egin darot grazia et miserikordia; eta hauk guzien ondoan hazten nau bere gorphutz sakratuaz, sasiatzen nau bere odol preziatuaz. O karitate mugarrigabea! O samurtasun infinitua! Noiz ene bihotzeko amodioak ihardetsiko othe darotzu! Nola nagoke zu maitatu gabe! Ene intresek, zure maitagarritasunek, eta enetzat egin ditutzun amodiozko mirakuiluek obligatzen naute zure maitatzerat. Zu zare ene Jauna eta ene Jainkoa, ene ona, ene ontasuna, ene bizia, ene guzia: maite zaitut ene bihotz guziaz.

 

aurrekoa hurrengoa