www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEAK
BEKHATU BENIALAZ

 

I

        Bekhatu beniala da Jainkoaren lege saindua hausten duen hitz, obra, desira edo neglijentzia bat, ez gauza handi batean, bainan gauza xume batean egiten dena. Bekhatu bat da, beraz Jainkoaren ofentsa bat da, beraz Jaunaren borondatearen kontra doha, bekhatu bat da, beraz Jesusi damu egiten dio; hala da, ez gaitu Jainkoaren etsai egiten, ez gaitu Satanen esklabo egiten, ez gaitu Zerutik khentzen, eta Ifernurat kondenatzen; bainan hanbat maite gaituen Jainkoari desplazer egiten dio. Eritasunak, oinhazeak, pobrezia, eta lurrean jasan daitezken pena suerte guziak baino gaitz handiagoa da bekhatu beniala, zeren hek zaurtzen bai dute kreatura xoila, eta hunek ofentsatzen bai du Aingeruen eta gizonen Kreatzailea. Nihoiz ez da zilhegi bekhatu benial baten egitea; banaki ere bekhatu benial bat egiteaz senda netzakela eri guziak, libra netzakela gathibo guziak, konberti netzakela munduko bekhatore guziak, saindu netzakela Judu eta Pagano guziak, Zerurat egor netzakela Purgatorioko arima guziak, Parabisuan sar-araz netzakela damnatu guziak, ez litzaiket permis bekhatu haren egitea; beraz gaitz handi bat da eta hagitz handia bekhatu beniala, eta nik hala uste izan othe dut? Hain gaitz handiarentzat iduki othe dut bekhatu beniala? Eta nola bada hain antsikabeki egin dut? Nondik heldu da hartan ohitu bai naiz? Ez deusentzat kondatu dut hain gaitz handia den bekhatua. Zer itsutasuna! Iraganak iragan, higuinduko dut bekhatu beniala, eta emanen diot Jainkoari berak eman darotan, eta beretzat xoilki egin duen bihotza.

 

II

        Bekhatu benialaren malezia hobekiago ezagutzeko kontsidera zazu nola punitua izan den bekhatu beniala. Lot justuaren emaztea hunelako bekhatu bat gatik gatzezko figura batetarat da bihurtua, gatz da bera bilhakatua; Betsameko berrogoi eta hamar mila presuna, kuriostatezko bekhatu benial baten gatik, hil gogorrak dire eroriak. Moise Jainkoaren adiskidea, fidantzia eskas arin bat dela kausa, ez da sarthu Jainkoak agindu zioen lur prometatuan; eta Maria Moisen arreba, murmurazione edo errenkura baten gatik, lepraz da kargatua; Ananias eta Saphira senhar-emazteak, gezur baten gatik, heriotze supituaz dire punituak. Horra nola Jainkoak behatzen dioen bekhatu benialari; horra Juje justu hark zein garrazki punitu duen bekhatu beniala. O! beraz bekhatu beniala, ala hire higuingarria, hanbat gaztiguz mundu huntan berean, eta miletan garrazkiago Purgatorioan punitua haizenaz geroz! gaitzesten eta aborritzen haut; orai ezagutzen haut haizenarentzat, eta orai ukho egiten daroat; hainitz eta sobra aldetatik sarthu haiz ene bihotzean, kuriostasunaz, ignorantziaz, neglijentziaz, atentzione eskasez, mortifikazione faltaz sarthu haiz ene ariman; bainan akhabo, ez duk gehiago lekhurik kausituko ene baithan, eta uste gabez nothatzen badarotak ene arima, nigarrez garbituko diat ene falta, eta khartsuki zerbitzatuko diat ene Jainkoa.

 

III

        Bekhatu xumeez edo benialez kasurik egiten ez duena baratxe-baratxe mortaletan eroriko da. Badakit hainitz bekhatu benialek ez dezaketela egin bekhatu mortal bat, bainan egia eternalak seguratzen nau bekhatu benialetarik iraganen naizela bekhatu mortalera. Nola hori? Zeren bekhatu benialetan ohitzen denak galtzen bai du baratxe-baratxe mortalen higuintza eta beldurra, flakatzen bai du bere baithan Jainkoaren amodioaren khar bizia, indarrak bere baithan ematen bai diotza bere etsaiari, eta gisa hortan ematen bai da bekhatu mortalean erortzeko arriskutan. Guti-gutiak dire kolpe-kolpez, eta bet-betan saindutzen direnak, eta orobat bakharrak dire berehala bekhatu mortaletan erortzen diren justuak. David, Errege hain saindua, Profeta hain argitua, nola erori zen hain bekhatu itsusian? Xede gaixtorik gabe, maleziarik gabe, behatze kuriosegi bat asko izan zen hura faltarik handienetan eror-arazteko; Judas dohakabea nola joan zen bere nausi maitea saltzerainokoan? Lehenik maitatu zuen dirua, gero abarizios bilhakatu zen, finean dirutan bere Jauna eta Jabea traditu zuen. Horra zer darraion bekhatu benialari; horra zein egia den hetan ohitzen dena, hetaz kasurik egiten ez duena, eroriko dela bekhatu mortaletan. Ezagutzarekin ez dut beraz bekhatu den xumeena eginen; guziei ihes eginen diotet, zeren bakhotxa Jainkoaren ofentsa, eta ene arimaren gaitz bat bai da, zeren garrazki punitua bai da, eta maiz bekhatu mortalaz segitua. Egizu, Jauna, orai hartzen dudan deliberazionea konpli dezadan ene bizi guzian.

 

aurrekoa hurrengoa