www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEA
KOFESIOAZ

 

I

        Jainkoaren miserikordiak, gure bekhatuen barkhatzeko, eman daroku erremedio bat osoki indartsua eta erretxa. Bathaioan egin darokun grazia handia galtzerat heldu garenean gure faltaz ez gaitu uzten laguntza gabe; eman daroku bide bat harekin errekontziliatzeko, mainhu sakratu bat utzi daroku, eta han Jesu-Khristoren odol preziatuaz gure arimako notha guzietarik xahutzen gaitu. Zenbat ere handiak eta zaharkituak bai dire gure bekhatuak, penitentziako sakramenduan ardiets dezakegu guzi-guzien barkhamendua. Othe da erremedio hau baino indartsuagorik? Eta ez othe zaiku erretx huntaz baliatzea? Ez da behar itsasorik pasatu hunen kausitzeko, ez da dirurik eman behar hunen ardiesteko, ez da arartekorik behar huntaz baliatzeko; denbora guzietan, sasoin guzietan idekiak daudez graziaren ithurburu baliosak; Jesu-Khristoren Ministroek berek deitzen eta gonbidatzen gaituzte gure sendatzeko; asko dugu gure kontzientzia examinaturik gure bekhatu guziak dolore eta urrikirekin kofesatzea; bide hortaz izanen dugu barkhamendua. Othe da deus ere erretxagorik? Ifernua merezi duenari sobra galdetzen othe zaio bada, ordenatzen zaionean bere falten higuintzea eta kofesatzea? Merkeago izan othe zezaken galdu duen grazia? Zerbait gehiago behar balitz ere, ez othe luke gogotik bere bizia ere sakrifikatu behar su eternalari ihes egiteko, eta Zeruko gloriaren ardiesteko? Bai, ene Jainkoa eta ene Salbatzailea, gogotik eta bihotz onez isur nezake ene odol guzia zorigaitz eternalari ihes egiteko; baliatuko naiz beraz zuk ematen darotazun erremedio indartsu eta erretxaz; mainhu sakratu huntan garbituko naiz ene bekhatu guzietarik zure odol preziatuaz.

 

II

        Ez da posible behar den bezala; erran nahi da, Jainkoarekin baketzeko on den bezala, bekhatuez orhoitzea Jaunaren grazia gabe; beraz othoitzaz behar gare lehenik entseiatu Zeruko argien ardiesterat, eta horra zer hagitz gutik egiten duten. Gero examinatu behar dugu gure burua, ikhusi behar dugu, ea zertan bekhatu egin dugun gogoz, hitzez, obraz, edo neglijentziaz; hortarakotz kontsultatu behar dugu Jainkoaren legea, begien aitzinean eman behar ditugu Elizaren manuak, gogorat ekharri behar ditugu izatu ditugun okasioneak, tentazioneak, lanak, egitekoak; ilhabete, aste, egun guziak bat-banazka miratu behar ditugu, jakiteko ea non, noiz, nola, eta zertan egin dugun bekhatu. Guziz ez dugu arinki iragan behar gure estatuko obligazioneen gainean, ezen hetan egiten diren faltak ondore tristeenez segituak ohi dire. Kostumaz edo usantzaz egin ditugunek atentzione berezi bat galdetzen dute. Examina hau artha handirekin egin behar da. Egiteko inportantagorik othe dugu munduan hau baino? Eta nik nola egin othe dut ene examina? Zer artha hartu dut ene buruaren interrogatzeko? Zer pena ene bekhatuez orhoitzeko? Helas! hagitz arinki begi kolpe bat aurdiki dut ene bizitzearen gainerat, eta ondoan berehala aitzinka joan naiz kofesoraren oinetarat. Balin-ba, Jauna, orai egin gogo dudan kofesiorat hobekiago preparatuko naiz.

 

III

        Osoki eta klarki behar dire deklaratu bekhatu mortal guziak, ezen bakhar bat ere ahalkez, beldurrez, edo maleziaz gordetzen balitz, bekhatu mortal berri bat eginik lioake haina bere etxerat, eta ez lezake ardiets bakhar baten barkhamendua. Guziak beraz bat-banazka kofesatu behar dire bere zirkunstantzia guziekin; oraino erran behar ditugu, berenez ez bekhatu izanagatik, guk bekhatu dauzkagun guziak; segurki egin ditugula dakizkigun faltak, segurak bezala, dudazkoak dudazkoak bezala; posible bada, nihor izendatu, eta ezagut-arazi gabe. Suerte bakhotxaren nonbreaz ez bagare justuki orhoitzen, bederen aphur bat gora-behera uste dugun bezala kontua eman behar dugu; ezen nola kofesorak bertzela jakinen du gure estatua? Zer ordenatuko daroku? Zer kontseilu edo erremedio emanen daroku? Aithortzen dut, Jauna, ez naizela bethi aski artharekin preparatua hurbildu penitentziako sakramendurat. Zenbat huts ez dut egin beraz, huts guzien erreparatzeko lekhuan? Damu dut guziez, hartzen dut deliberazione fermu bat, hemendik harat zure miserikordiak eman darotan mainhu saindurat joateko kontzientzia ongi examinaturik, han deklaratzeko ezagut-araziko darozkidatzun bekhatu guziak: zure grazia sainduaren arraioez argi zazu ene adimendua, zure amodio sakratuaren kharrez susta zazu ene bihotza, zure kontra egin ditudan falta guziak ezagut, deklara eta higuin detzadan; aithortzen dut ez dudala merezi zure miserikordia, bainan, o Jesus guziz ona! zuk enetzat isuri duzun odol preziatuak ematen darot fidantzia oso bat; eta esperantza dut, sakramendu huntan emanen darotazula ene bekhatu guzien barkhamendua, eta zu ez gehiago ofentsatzeko grazia.

 

aurrekoa hurrengoa