www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III — KAPITULUA

 

Heren-Ordreko bestarik handienak,
meditazione labur batekin, urthe guzikotzat

 

 

Urtharrilean

 

        Urtheberri.— 1° Sortzetik zortzigarren egunean Jesusek bere odola guretzat ixurtzen du. Zer bihotzeko lehia! Ahalik eta laster bere izaite guzia guretzat Aita-Jainkoari eskeintzen dio.— 2° Eta gu bethi uzkur Jesusen amodioan! Dezakogun erran San Agustinekin: Oi Jesus, berant abiatu naiz zure maitatzen, bainan gaurgero bethikotz zuri dago ene bihotz guzia.

        Trufania.— 1° Zer sineste hazkarra duten iguzkialdeko hirur Errege dohatsuek! Ezen, ernerik jarraikitzen dire izarraren irakasmenari, haur xume eta erromes batean beren Jainkoa ezagutzen dute, eta egiten diozkote Jainkoari beizik egiten ohi ez diren emaitzak, urhea, mirra eta isentsua.— 2° Jesus haurrari galda dezakogun hek zuten bezalako sinestea edo fedea. Sineste oso eta hazkar hori da gizonaren eginbiderik beharrena zerurat heltzeko. Onets, maita eta atxik bethi Jesu-Kristok eta Elizak irakatsi egia eta urrats guziak

 

        Jesusen izen saindua.— 1° Munduaren hastapenean, gudu handi bat egin zuten zeruko Aingeruek, onak Jesu-Kristoren alde, gaxtoak aldiz Jesu-Kristori bihurtuz eta oldartuz. Jesusek, Mikael arkanjeluarekin, garhaitu zituen Luzifer eta haren lagunak, eta bethikotz ifernurat aurthiki.— 2° Etsai gaxtoa oldartzen zeraukun aldi guziez, buru egin dezakogun aiphatuz eta errepikatuz Jesusen izen saindua! Izen botheretsu horrek harrituko du etsai gaxtoa eta guk haren tentazione guziak garhaituko ditugu.

 

 

Otsailean

 

        Ganderailu.— 1° Andredena-Mariak edertasun eta goratasun guziak bazituen Birjina bezala, Jainkoaren ama bezala eta zerulurren Erregina bezala. Halarik ere aphaltzen da; ardurako bertze emaztekiak iduri, Jerusalemgo aphez-naisiari garbi dezan galdatzen dio.— 2° Oxala guk bagindu aphaltasun bera gure bihotzetan! Ez ginuke lagunaren alderat, dugun bezalako bihurritasunik, ez-eta Jainkoaren eta Elizaren manuak hausteko ausartziarik.

 

        Japoneko martirak.— 1° Hamabortz ehun eta lauetanhogoi eta hamazazpian, lehen Ordreko sei Aitek eta Heren-Ordreko hamazazpi haurridek beren odola Jainkoarentzat eman zuten. Hekien artean baziren hirur haur, hamabi eta hameka urthetakoak. Eta nola, gaztegi zirelakoan, ez baitzituzten paganoek girixtino bezala hil nahi, nigarrez abiatu ziren, hek ere othoi bertzeekin Jainkoarentzat hil zitzaten! Ardietsi zuten azkenean, eta halako bozkarioa agertu zuten non ikhusle guziak nigarrez baitzauden hekien atseginari.— 2° Oi! balute Eskual-Herriko aita-amek horrelako haur khartsuen moldatzeko lehia! Heren-Ordrean zareten aita eta amak, nola altxatzen ditutzue zuen haurrak? laxoki ala hazkarki? Emozuete halako sineste indartsua eta halako kharra Jesusentzat, non gogo onez ekharriak izanen baitire zer-nahi jasaitera ezenez-eta Jainkoari demendren damurik egitera.

 

        Kortoneko Sta Margarita.— 1° Bederatzi urthez ereman zuen bizitzerik tzarrena. Bainan gero nola aldatu zen! Handik goiti hain borthizki jazarri zen bere gorphutzari, non egun batez agertu baitzitzaion Jesus ona eta erran baitzion: Zure urrikiak eta zure nigarrek hunkiturik daukate ene Bihotza; eta hortakotz ordainez hitzemaiten dauzut, nork ere nahiko baitu zure arartekotasunaz baliatu eta harek ardietsiko duela bere hutsen barkhamendua eta zeruko zoriona.— 2° Garenaz geroz bekhatoreak Sainda hori izan zen bezala, bere urrikian ere jarraiki behar gaizko. Egin dezagun gure bekhatuez penitentzia, ez gaiten bara barkhamendu galdetzetik, eta azken orena ethorriko zaukunean gure bizia ere Jainkoari eskeint dezakogun gure hutsen erospenetan.

 

 

Martxoan

 

        San Josepe.— 1° Gizonen artean dohatsuena izan da San Josepe, ala bere bizian ala bere heriotzean. Lehenik bere bizian, bizitze hori Jesusen eta Mariaren batasunik hertsienean iragan duelakotz osoki. Eta gero bere heriotzean, hekien besoetan eta bihotzaren gainean hil delakotz.— 2° Nahi bagare egun batez hil Jesusen eta Mariaren eskuetan, gaiten lehenik bizi hekien amodioan. Dezagun maiz erran othoitz eder hau:

 

                Ikhusgarri dohatsua,

                Josep azken hatsetan!

                Jesus besarka lothua,

                Maria nigarretan. ..

                Hiltze hori, zer Zerua,

                Hekien besoetan!...

                Hel zakizkit, o Saindua,

                Hiltzeko orenetan.

 

        Ortziraile Saindu.— 1° Jesusek egun hunekin jasan dituen oinazek eta heriotzeak behar gaituzte espantitu eta harritu. Horra beraz nola aita-Jainkoa garraztasunekin jazartzen zaion bere Seme-Jainkoari. Hunek errekeritzen du othoi herstura horietarik khen dezan; eta Hura ez zaio borthizkiago beizik jazartzen, halako moldez non Juduen eskuz azotatzen baitu, elhorriz khoroatzen, laidoz asetzen, zauriz oro sarraskitzen, eta azkenean kurutzeari itzaturik hiltzen. Bai osoki espantituko da Aita-Jainkoak horrela egitea bere Seme-Jainkoari.— 2° Bainan huna misterio horren argia edo ikhushidea: Gure bekhatuak zituen Jainko hasarretuak Jesus baithan borratzen. Bekhatua, horra Jainkoaren etsai bakharra. Eta guk hainbertze bekhatu egin! Jazar gaitezen beraz gu ere guhauren buruari, alde batetik leheneko bekhatuez penitentzia egiteko, eta bertze aldetik gaurgero ez egiteko bekhatu berririk.

 

        Anonziazionea edo Berriematea.— 1° Jainkoak igorririk, Gabriel aingeruak erraiten dio Birjina dohatsuari: Agur, graziaz bethea, Jauna da zurekin. Eta ordu berean Trinitateko bigarren Presuna, Jainko-Semea, jausten da zerutik, gureak bezalako gorphutz bat eta arima bat hartzen ditu, Ama-Birjinaren sabel sakratuan Izpiritu-Sainduaren obraz eta indarrez, eta gizon egiten da. Hola zen gerthatu Inkarnazioneko misterio handia; eta gure Erospeneko lana hortik hasi zen, bethetzekotan gero kurutze baten gainean.— 2° Jesus zertako jautsi da zeruko bere goratasunetik lur huntako aphaltasunerat? Jautsi da nahiz-eta gu guziak bekhatuaren leizetik zerurat altxatu: aphaldu da gu nahiz goratu; kreaturen heinerat erori da gu nahiz Jainkoaren handitasunerat helarazi.

 

 

Aphirilean

 

        Jakobe dohatsua.— 1° San Frantsesen lehen Ordeko anaietarik zen, eta bizi guzia kozinako lanetan iragan du. Bihotza bethi erdiraturik zaukan bere bekhatuen urrikiaz eta hekien borratzeko lehia khartsu hatez. Eta nola bere kozinako sua ikhustearekin, ifernuko sua bethi gogorat heldu baitzitzaion, are garrazkiako egunetik egunera jazartzen zitzaion bere buruari.— 2° Oi dohatsu direla beren hutsez holako urrikian bizi direnak! Hek dire zerurateko biderik segurrenean. Guk ere beraz dezagun maiz aithor Jesu-Kristoren Imitazionearekin: Ez dut ene bizian kausitzen deus onik, ez dut deus ikhusten ene baithan baizik ere jite gaxtoa eta hartarik sorthu bekhatua. Aithortzen dut zin-zinez, ene Jainkoa, ifernua hanbat aldiz merezitu izan dut. Othoi beraz urrikal nakizu eta barkha diezadazu!

 

        San Joseperen Patroingua.— 1° Nola Nazareteko etxean Eliza guzia, erran nahi baita Jesus eta Maria, San Joseperen gerizan eta eskuetan baitzen, hala-hala mendez mende Eliza hori bera San Joseperen gerizan dago bethi. Ezen, zer ela Eliza katolikoa baizik ere Jesus eta Maria bazter guzietan eta gizalde guzietan hedatuak?— 2° San Joseperi galda dezogun, bertzorduz Jesus eta Maria Herodesen haztaparretarik gerizatu eta zaindu zituen bezala, orai ere Eliza saindua begira dezan bere etsaietarik. Noiz ere baitu arima on batek Eliza katolikoa gehienik maite, orduan du zinez erakustea funtsezkoa dela haren girixtinotasuna. Bainan emadazut othoitz egilerik handiena, eta baldin harek ez badu Eliza katolikoa bihotz guziz maite, nik goraki erraiten derautzut horrelako girixtinotasuna ifernuko baliaturen zaiola, bainan ez zeruko.

 

        Lukeziuz dohatsua.— 1° Dohatsu hori izan da Heren-Ordreko anaia guzietarik lehena. Horrek galdegin zion San Frantsesi erregela berezi bat munduan berean sainduki bizitzeko; eta orduan hasi zen Hirurgarren Ordena. Bizi-molde berri hortan jarri arte, Lukeziok lurreko onthasunak sobraniozki maite zituen; bainan gero bere bihotza osoki deslothu zuen aberastasun guzietarik eta beharreri ahalak oro emaiten ziozkoten.— 2° Gure Ordenako lehen anaia horri behar ginuke, hurbildanik jarraiki. Eta guziz harek bezala ontasunak arbuia detzagun eta behar den heinean eginkari onetarat eman. Orhoit ontasunek beretzen dutela bihotza, ezartzen gaituztela lurrari estekaturik eta horopilaturik; hekien ariaz hainitzek Jainkoa eta eternitatea ahanzten dituztela, eta holaxet dituela debruak enganatzen eta galtzen. Eta aldiz huna zer dion Jesusek: Dohatsu, amodioz eta bihotzez direnak erromes; eta zertako? hekiena delakotz zeruko erresuma.

 

 

Maiatzean

 

        Salbatore edo Jesuseu Zeruratzea.— 1° Pazkotik berrogoi egunen buruan Jesus altxatzen da bere Aitaren eskuinerat, erraiten deraukularik: Ez lotsa, ezen Zerurat noha, zueri bethiereko egoitza dohatsu baten aphaintzeko. Zer agintza ederra! eta zer itsumendua laiteken sobra estekatzea lur huntako gauza iragankorreri! Ezen ez dugu hemen, behere huntan, egoitza iraupenezkorik, Zeruko Jerusaleme da gure egiazko herri eta egontokia.— 2° Dezagun maiz Dabid erregearekin khanta:

 

                Orein herstuak egarriaz,

                        Ur bururat

                Kurritzen ohi du lehiaz;

                        Ni zerurat

                Lehia handiagoak

                        Bethi narama,

                Han baitu gozoz Jainkoak

                Gaindizkatzen arima.

 

                Sion, zutaz erran zaizkidan

                        On guziak,

                Finki dagozkat nik gogoan

                        Ezarriak.

                Nik zu ahantz Jerusalem,

                        Hiri maitea?

                Lehenago dut onetsiren

                        Biziaz gabetzea!

 

                Argitu deneko, dagozkat

                        Bi begiak

                Mendi sainduaren gainerat

                        Itzuliak,

                Nahiz urrundik bederen

                        Sion ikhusi,

                Bai eta zu, Jerusalem,

                        Bethi bixtan iduki.

 

                Errozue othoi Jaunari,

                        Berehala

                Idek dezon biderantari.,

                        Hemen dela,

                Hartaz baizen mundu huntan

                        Ez dakutzana,

                Haren minez desterruan

                        Hiratzen ari dena.

 

        Paskal Bailon.— 1° Bere komentuko anaietarik azkena zen eta osoki emana esku-lanari. Komenturat ethorri aintzinean ere, artzaingoan bizi izan zen hogoi eta lau urthetaraino. Bertze jakitaterik ez zuen, baizik ere amodio handi bat aldareko Sakramendu adoragarriarentzat; eta Jesusek berak argitzen zuen Ostia sainduaren barnetik. Irakatsi zion bereziki nola hehar zen esku-lanaren bidez perfetasunik handienerat altxatu.— 2° Eskualdun gehienak esku-lanetik bizi dire; hori da gure herri maitearen probetxu hoberenetarik bat, handizki baliatzen zaiotena gorphutzari ala arimari. Gorphutzeko ala arimako osagarria esku-lanetako neke eta izerdietarik heldu da maiz. Eta ez aiphatzeko arima beizik, hainitz eta hainitz irabaz dezakegu zerukotzat gure esku-lanen bidez, baldin egiten baditugu Jesusekin batasunean.

 

        San Bernardino.— 1° Saindu horrek gehienik agertu duen berthutea izan da Garbitasun saindua. Haren ikhusteak berak ahalkarazten eta izitzen zituen jende lizunak; eta, hurbiltzen zena bai hekiengana, nihor ez zaiteken atrebi elhe arhin baten ere aiphatzera haren aintzinean.— 2° Oi miletan dohatsu arima garbiak! Garbitasun ederra da dohain guzietarik baliosena. Hortakotz zion Jaundone Paulok: Oi dohatsu zuek, arima garbiak, ezen bizi zarete, ez haragiaren arabera, bainan izpirituaren arabera; orai beretik deramazue zeruko bizitze miresgarria; aingeruak bezala zabiltzate distirant eta nota-gabe. Bai eta aingeruez gorago altxatzen gaitu garbitasun sainduak, zeren-eta aingeruak errexki baitaude garbi, beren jitez, beren izaitez, deus gudurik gabe; gu aldiz entsegatuz eta jaidura tzarrak bentzutuz. Eta non ere baitire gudu eta neke gehienak, han behar dire irabazi sari handiagoak.

 

 

Ekeinian edo Errearoan

 

        San Antonio Padukoa.— 1° Bere denboran, Saindu horrek lanik eta nekerik handienak ibili izan ditu Eliza katolikoarentzat. Bere predikuetan guziz khar eta bihotzik beroenak agertu izan ditu.

        Eta jendeak hainbertzetaraino hartuak eta xoratuak ziren haren predikuez, non elizak ez aski handi izanez aditzaile elemenia hekien kokatzeko, bortxatua baitzen kanpoetan mintzatzera.

        Ez daiteke erran zonbat eta zonbat arima bere predikuez salbatu dituen, eta zer laguntzak eman dituen Eliza sainduari. Hainbertzetaraino non deithu baitzuten: Heretikoen mailua.

        2° Bainan, lan handi horietan abiatu baino lehen, egon zen luzaz bere komentuan gorderik. Noiz ere othoitzean, ixiltasunean eta garraztasunetan hazkartu eta aberastu baitzuen bere bihotza, orduan hasi zen bere gaindiduratik bertzeri ongi egiten.

        Hortik ikhas dezagun, baldin eder bada bertzeen arimez orhoitzea, ez ditugula gureak ahantzi behar; eta bertzeri hanbatenaz ongi gehiago eginen dugula, zonbatenaz baikare guhau khartsu izanen.

 

        Mixelina dohatsua.— 1° Aitoronseme aberats batekin ezkontarazi zuten bere ahidek. Bainan alhargundu zen hogoi urthetan, eta geroztik osoki eman zen Jesu-Kristoren amodioari. Hortarakotz sarthu zen San Frantsesen Heren-Ordrean. Bere ahidek asmaala traba eta nahigabe egin zioten, bainan ixilik jasan zituen oro; ez zen gehiago beizik aintzinatu berthutean eta bere obra onetan.

        2° Oxala ikhasten baginu Jainkoari eta gure arimeri bakharrik behatzen, munduko erranez eta jazarkeria tzarrez gure bihotzak izitzerat eta gibelatzerat utzi gabe! Zonbatenaz baikare hobeki gudukatuko Jesus maitatu beharrez eta ongi hainitz egiteko lehiaz, hanbatenaz emendatuko ditugu zeruko gure sariak eta zorionak.

 

        Jaundone Petri eta Jaundone Paulo.— 1° San Frantsesek debozione handia zuen bi Apostolu horientzat. Ordainez apostolu horiek ere amodio berezi bat agertu zioten san Frantsesi. Ezen huna zer gerthatu zitzaion egun batez Erromako eliza nausian.

        Eliza hortara joan zen san Frantses grazia berezi baten ardiesteko ariaz; nahi zuken Pobreziazko berthutea bere edertasun guzian ezagutu. Eman zen beraz othoitzean eta nigarretan. Eta horra non agertzen zaizkon Jaundone Petri eta Jaundone Paulo, eta gutiziatu argi guziak emaiten diozkote. Erraiten diote: Besarka zazu bihotz guziz Pobrezia saindua, ezen Jesusek, Mariak, guk eta bertze Apostolu guziek hautatu eta bethi atxiki izan dugu.

        2° Apostolu horiek agian guri ere emanen deraukute lur huntako onthasunen gutiesteko eta arbuiatzeko behar dugun argia eta berthutea. Hek dire egiazko zuhur argituak, herioak bortxaz buluzi baino lehen, beren nahitara aintzinetik buluzten direnak. Hek dire neurthitz edo phertsu eder hotaz orhoitzen:

 

                Lurreko ontasunak ez dire bethikotzat,

                Hobeagorik bada zeruetan guretzat.

 

 

Uztailean

 

        Ama-Birjinaren Bisitazionea.— 1° Lehenik mirets dezagun Ama-Birjinaren aphalgunea, beheramen guziz hunkigarria. Badaki Jainkoaren Ama dela, badaki ez dela aingerurik ere hura bezain gora denik; eta halarik ere badoha, akhituz eta handizki behartuz, Elizabeth bere kusiari laguntza emaitera.

        Oi dohatsu, ala Jainkoaren ala gizonen aintzinean aphaltzen direnak, Ama-Birjina bezala, bihotzez, amodioz, gogo onez.

        2° Egia da, Ama-Birjina hemen osoki aphaltzen da. Eta bizkitartean berekin dabila Jainko gizon egina, bere sabel sakratuan du Jesu-Kristo!

        Hola-hola zaio gerthatzen girixtino umilari. Errana da urruntzen dela Jainkoa jende borthitz hanpatuetarik, bainan dagoela bethi bat eginik arima umilekin. Hortakotz, obrarik handienak Eliza katolikoan egiten dituzte, ez jende hanpurutsu beren buruaz hartuak direnek, bainan gogoz eta bihotzez aphal eta ttiki direnek. Nahi ditutzu lan baliosak egin Jainkoarentzat, arimentzat eta zuhaurentzat: egon zaite zure begietan aphal eta ezdeus.

 

        Santa Elizabeth Portugaleko erregina.— 1° Erregina miresgarri hunek karitaterik handiena agertu izan du, lehenik erromesak eta eriak lagunduz, bigarrenekorik herrak eta auziak baketasunerat ekharriz. Egun batez, oinak garbitzen ziozkotelarik erromes multzo bati, emazte batek zauri ikharagarri bat bere zangoan irakhutsi zion. Demendrenik izitu gabe, zauri okhastagarria bere eskues garbitu eta pherekatu zion eta gero musu emanez besarkatu. Eta zer gerthatu zen? Erreginak bere ahoa zauriaren gainean zeraukalarik, zauria osoki sendotu zen eta eskale gaixoaren zangoa demendren minik gabe gelditu.

        2° Oi erregina dohatsua, emaguzu guri ere karitate handi bat, gure bihotzak eta gure onthasunak zabal eta heda zaitzu erromeseri buruz. Eta baldin herrak edo auziak gutarterat igortzen balitu ifernuko etsai suphizleak, emaguzu hetan ez erortzeko zuhurtzia, bai-eta hekien baketzeko lehia ta ahala.

 

        San Bonabentura.— San Frantsesen ordenako zortzigarren buruzagi jenerala, Elizako dotor eta irakasle guziz argitua, Aita-Sainduaren biltzarreko aphezpiku eta kardinalea, san Bonabentura izan da behinere agertu den gizon eta saindu handienetarik bat. Bainan, zonbatenaz Jainkoak bere dohainez gora altxatu baitzuen, hanbatenaz saindu hunek bere burua ezeztatu nahi zuen.

        Aita-Sainduaren Enbaxadorek kardinaleguako agergailu eta aphaindura ederrak ekharri ziozkotenean, sukhaldeko baxera zikhinen garbitzen ari zela khausitu zuten.

        2° Lurreko kargu eta ohoreak galgarri dire, non ez diren aphaltasunekin garraiatzen. Nor ere baita gizonen begietan gorago altxatua, eta harek Jainkoaren aintzinean aphalago atxik dezala bere burua. Orduan, galtzetik urrun, are hobeki beizik ez da baliatuko bere handitasunaz Jainkoarentzat eta arimentzat.

 

 

Agorrilean

 

        Andredena Maria Porzionkulakoa.— 1° Balia gaitezen besta huntaz ahalik eta Indulientzia hainitzen irabazteko. Huna zer dion liburu on ttiki batek:

        Orhoit gaiten bekhatu mortalaz merezitzen direla ifernuko pena bethierekoak, bekhatu benialaz aldiz purgatorioetako pena denbora batekoak. Bekhatu mortala barkhatzen du penitenziazko sakramenduak, erran nahi da ongi kofesaturik eta behar den urrikiarekin absoluzionearen errezebitzeak. Bainan sakramendu horrek bekhatorea ifernuko bidetik atheratzen duelarik arren, ez du hargatik Jainkoaren justiziarekin arras kito egiten, arduran segurik; bainan bekhatore hari gelditzen zaio satifazione bat egiteko, zor bat pagatzeko Jaunaren justiziari. Zor hura azken kornadoraino pagatu behar du, edo bizi huntan penitenziazko obrak eginez edo purgatorioetako suan erretzen egonez.

        Orobatsu erran ditake bekhatu benialaz. Egia da horren barkhamendua ardiets ditakela kofesatu gabe; nahi bada hura den biderik segurena, erran nahi dut kofesatzea. Badira gauza saindu batzu deitzen direnak Sakramentalak, zoinek bekhatu benialetik gure arima garbitzen baitute. Hala nola Gure Aita erratea, ur benedikatuarekin zeinhatzea, Kofesatzen natzaio erratea, amoina edo limosna egitea, Aphezpikuaren benedikzionearen errezebitzea.

        Bainan bekhatu beniala barkhatu denean, harentzat ere baratzen ohi da satisfazione bat egiteko, edo hemen penitentziazko obrez eta Indulientziez, edo Purgatorioan minki pairatuz.— 2° Zonbat giristino lazo bere biziko urthe gehienak bekhatutan pulunpatuak egon ondoan, Jainkoaganik miserikordia ardietsi balin badute ere, penitenzia funtsik egin gabe hiltzen direnak! Orhoit gaiten hekien bekhatu mortal bakhotxak sekulako ifernua merezi zuela aiphatu gabe utziz egun guziez egiten zituzten bekhatu benialak. Nork erran, nork phentsa zonbat pairatu beharko duten purgatorioetan!

        Beraz, ahalik eta lehiarekin balia gaitezen Porzionkulako besta huntaz, ditezken barkhamenik aberatsenak eskeintzen baiterauzkigu!

 

        Ama-Birjinaren zerurat igatea.— 1° Huna gure besta ederrenetarik bat. Gure Aita san Frantsesek garizuma berezi bat barurtzen zuen besta hortara preparatzeko.

        Hara beraz non dagon, Jainkoaren eta gure Ama, arima eta gorphutz, Zerafinez gorago altxaturik eta kreatura guzien Erregina khoroaturik. Haur on batzu zerk hala bozkaria dezazke nola beren Ama maitea zeru-gorenetan lorifikaturik ikhusteak? Bozkaria gaiten beraz egun eder huntan; diozogun erran Jesus-Jainkoari: Eskerrak bihurtzen derauzkitzugu hoin osoki eta ederki goretsi duzulakotz zure eta gure Ama.— 2° Maiz eta maiz orhoit gaiten zeruan badugula Ama guziz on bat. Deusek ez gaitu hobeki gure nahigabetan hazkartuko nola orhoitzapen ezti horrek. Hortakotz noiz-nahi, bainan guziz etsaiaz tentatuak garenean, Mariaren izena aurkhi dadiela gure bihotz eta espainetan.

 

                Kausitu dut izen bat hain eztia,

                Bozkarioz nauena bethetzen.

                Zoin ezti den erraitea: Maria!

                Amodioz horrek nau sustatzen.

                Zu, o Maria, aiphatzean,

                Bihotz guzia dut zorionean.

 

San Luis Frantziako errege

        Luis bederatzigarrena, Frantziako errege handia eta saindua sorthu zen hamahirurgarren mendean. Haurra zelarik hil zitzaion aita Luis zortzigarrena. Haren ama erregina Blanka edo Xuria behar izan zen errege haurraren eta erresuma guziaren gobernari. Erregina hori gerthatu zen anhitz jainkotiarra eta ez gutiago buru onekoa. Seme horri harrarazi ziozkan horren erregetasunari zohazkon eskolak; eta artha handirekin berak moldatu zuen giristino-legearen araberako bizitzean. Maiz erraten ziozkan hitz seinhalagarri hauk: Ene semea, Jainkoak badaki zein zaitudan maite; bizkitartean nahiago zinduzket hilik ikhusi, ezenez bekhatu mortalean eroririk.

        Erregina handi horrek lur onean erein zuen hazi ona.

        Errege horrek erlisionea bethi errespetarazten zuen bere etsenpluaz eta nausitasunaz. Errege saindu eta botheretsu bat izan zen. Haren zuhurtzia, zuzentasuna hain ziren ezagutuak non bertze erresumetako errege eta printzek elgarrekilako makhur eta hauzietan, hura bethi juje hartzen baitzuten.

        Asko lege on eta zuhur eman zituen, guziak giristino legearen araberakoak. Uste dut erran ditaken behinere Frantzia eztela haren denboran bezen bakean eta gostu onean bizi izan.

        Izurritik hil zen Tuniseko hiriaren ondoan. Mahometaner gerla egiterat zualarik bere ustez, giristinoen heietarik libratzeko.

        Tierz-ordrean sarthua zen gaztedanik, eta hautatua izan da ordena hortako patroin, bereziki gizonentzat.

 

 

Buruilean

 

Sta Arrosa Viterbekoa, terziera

        Birjina saindu horren bizia osoki miragarria, erran ditake, mirakulu bat izan da, hastetik akhabantzaraino; Jainkoak nahi dituenak egiten ditu. Arrosak mihia erabili ahal izan zueneko aiphatu zituen Jesusen eta Mariaren izenak. Bi urthe bethe zitueneko, jende geihen baten adimenduarekin eta atenzionearekin, aditzen zituen bere burhazoek emaiten ziozkaten irakaspen eta abisu zuhurrak eta sainduak. Ordukotz othoitz luziak eta khartsuak, bai eta penitentziak ere egiten zituen, eta artharekin begiratzen zen bekhatu xumenetarik. Hirur urthetan bere ahaide hurbil bat, zonbait oren hartan hila zena, bere othoitzez phistu zuen.

        Menturaz hamar urtheren ingurua zuelarik, saindu askok bezalako penitenzia garratzak egiten zituen; nahi bada berak etzuen bekhaturik, bertzentzat ari zen, beretzat merezimenduak bethi eta gehiago irabaziz. Asko bekhatore konbertitu zituen, asko heretiko katoliko bilhakarazi zituen. Hortakotz heretikoek herritik khasarazi ere zuten; bai eta haren familia guzia.

        Ahantzi zaut errateko hamar urtheak bethe gabe Tierz ordrean sarthu zela.

 

        Ama-Birjinaren sortzea.— 1° Badire arima Jainkotiar asko debozione berezi bat badutena Ama-Birjinaren haurtasunarentzat. Eta zinez zer aurkhi daiteke hain maitagarri eta goresgarri denik nola baita Aingeruen erregina dohatsu horren haurtasun guziz garbia?

 

                Baratzeko lili sorthu berria

                Goiz aldetik nola den zabaltzen,

                Hala ere guziz maitagarria

                Maria da haurretik agertzen.

 

        Dezagun guk ere ohora eta bereziki othoitz Ama-Birjina bere haurtasunean.— 2° Galda dezazkogun bi grazia: Lehenik garbitasun sainduaren bethi osorik eta notagabe begiratzeko zoriona; eta gero, baldin zorigaitzez demendrenik kolpatu baginu, nigarretan berregintzeko lehia:

 

                Bekhatuan hondaturik,

                Izan naiz dohakabe;

                Ez dut aurkhitzen bakerik,

                Ene Ama, zu gabe.

                Bainan orai dut higuintzen,

                Bekhatuzko mundua

                Eta nigarrez eskatzen,

                Othoi, barkhamendua.

 

Santa Klara birjina.

        Sorthu zen, san Frantses bezala, Asiseko hirian; haren burhasoak nobleak eta aberatsak ziren. Gaztedanik, san Frantsesen etsenplu miragarriak ikhusiz, nahi izan zuen hark bezala mundu galdua eta galgarria beralde utzirik, penitenziazko eta saindutasun gorako bideari lothu, hortako saindu handi horri konseilu eta gida galdegin zion. Lagun adiskide batekin juan zen Porzionkulako elizara; Fraidek errezebitu zuten xirio argiak eskuetan.

        Han bere ilea motzarazirik hartu zuen penitenziazko jauntzia, franzizkanoenaren iduriko bat, emazter dohakon bezala egina.

        San Frantsesek ondo hartan erakutsi zion komentu xahar xume bat. Han egon zen zonbait denbora. Haren burhasoek eta familiak egin ahalak egin zituzten Klara bere etxerat itzularazi nahiz, bainan ezin kordokarazi zuten, fermu egon zen bere xedetan. Gehiago dena, haren etsenpluak hunkitu zuen Aiñes haren ahizparen bihotza, eta hura ere familiatik espakaturik ethorri zen harenganat. Nola baitzen komentu huts bat San Damianoren elizari hurbil, bi ahizpa saindu horiek komentu hortan pharatu ziren.

        Laster alde guzietarik emakumeak heienganat ethorri ziren, heien bizi moldea segitzeko. Holaxet altxatu zen franziskanosen ordena, erraten diote, bigarren ordena; bainan serora horiek deithu dire bethidanik Klarisak, santa Klara horien lehen amaren izenetik.

        Nola serora horiek bethi emendatuz juan baitziren, denbora aski gutirik barnean altxatu ziren han eta hemen Klarisen komentu berriak, nork erran zenbat?

        Santa Klara berrogoi urtheren ingurua izan zen serora horien buruzagi; sainda handia zen, bere etsenplu ederraz eta irakaspenez berthute perfetaren nahiaz eta amodiaz sustatzen zituen guzien bihotzak. Egiten zituen mirakulu handiak. Behin Mahometano barbaroek setiatu zuten Asiseko hiria; Klarak othoitz egin zuen; Izpiritu Sainduak argiturik, eria zelarik, Sakramendu Saindua eskuan agertu zen etsai kruel heien aitzinera, eta guziak lotsatu eta harriturik, lehiaz ihes juan ziren.

        Bere azken urthetan bethi eria zagon, aingeru pazienzia batekin sofritzen zuen eta hala saindutasunean bethi eta gorago zohan. Hil aintzinean izan zuen Aita Sainduaren bisita eta benedizionea. Gero Jainkoak altxatu zuen lurreko pairamen, sofrikarien erditik zeruko loria eta zorion bethikorat.

 

 

Urrian

 

        San Frantses gure Aita.— Gure Ordenako ilhabete berezia da ilhabete hau, dakharkelakotz San Frantses gure Aita eta Patriarkaren besta. Hortakotz beraz ilhabete huntako hirur meditazioneak eginen ditugu gure Aita Frantsesek agertu zunbait berthuteen gainean.

 

        1° San Frantsesek bere buruaz erraiten zuen maiz Jaundone Paulok erran hitza: Christo confixus sum cruci, Kristorekin josirik nago kurutzeari.

        Gazte denboran kurutzeak eta mortifikazioneak izitzen zuten.

        Bainan azkenekotz Jainkoak argitu zuen; irakatsi zion ez zaitekela hola bizi; mundua harrentzat desherri zela; bertzelako bizitze batean behar zela sarthu.

        Gau batez lotarik amets egin zuen. Ikhusi zuen jauregi bat, eta jauregi hartan asko harma eta gerlako tresna. Harma bakhotxak bazuen kurutze distirant eder bat. Iduri zitzaion gure Sainduari, kurutze bezenbat iguzki bazirela jauregian. Eta oihu egin zuen:

        Oi Jauna, norentzat othe dire harma kurustatu eder horiek?

        Hiretzat dituk eta hirekin bilduko diren gudularientzat.

        Zer nahi duzu bada nik egin dezadan, Jauna? Norat joanen naiz gudukatzera?

        Huna zer dutan nahi: utz desakan mundua, egin hirur botuak, eta hekien bidez ibil debruaren kontra gudu hazkarrak, eta enian hire burua holaxet itzaturik eta sakrifikaturik ene kurutzearen gainean. Ikhusten dukan jauregi hori duk komentua, ene arima hautatuen egoitza dohatsua; harma horiek dituk komentuko hirur botuak, Pobrezia, Garbitasuna eta Obedientzia; eta kurutze distirant horiek dituk komentuan egiten diren mortifikazione eta bortxamen khartsuak.

        Eta handik harat San Frantses osoki eman zen bere buruaren kontrako jazartze eta mortifikazione guzieri. Oi gure Aita, egizu othoi guk ere gure buruak borha detzagun, bederen bekhatutik urruntzeko eta arimen salbatzeko behar den heinean!

 

        2° San Frantses Asisekoak irakatsi du Pobreziarentzat amodiorik handiena. Berak erran du hitz eder hau: Ene esposa da Pobrezia, eta xoratuki maite dut.

        Erran du oraino: Ene Ordenaren asentuak eta indarrak ez dire ez urhezko edo zilharezko; bainan dire Jesu-Kristoren hitz hok:

        Ez dezazuela izan moltsarik ez dirurik; ez-eta bi soineko bidean; ibil zaitezte oinetakorik eta makhilarik gabe.

        Hortik, Frantsiskanoak eske dabiltza, janaren eta beztitzekoaren biltzeko.

        Daudetzen komentuak ere, ez dituzte bereak: toki arrotzean bizi dire bethi, erromesek ohi duten bezala.

 

        San Frantses johan zen Erroinarat, Aita-Sainduaren baimena ardietsi nahiz, Pobreziaziko erregela hertsi horrentzat.

        Orduko Aita-Saindua, Innozent hirugarrena, Latraneko jauregian zagon.

        Jauregi hortara doha beraz san Frantses. Leheneko bere adiskide xahar bat aurkhitzen du athean, eta galdegiten dio othoi helaraz dezan Aita-Sainduarengana; eta badohatzi biak; jauregiaren barne ederretan sartzen dire.

        Aita-Saindua ikhusi dueneko, San Frantses belhaunikatzen da eta ahuspez emaiten; eta ukhurtua dagolarik, bere Ordenaren erregela aiphatzen du xeheki; Aita-Sainduaren baimena galdegiten du.

        Bainan ez du onesten Aita-Sainduak. Garratzegi eta borthitzegi zaio Pobrezia hoin hertsia. Gure saindu gaixoa gibelerat igortzen du.

        Ixil-ixila, demendren arrangurarik egin gabe, badoha kanporat San Frantses.

        Jauregitik atheratzearekin aurkhitzen du erromes itsu bat; benedikatzen du eta sendotzen. Eta oro bozkariotan, itsu-argituak ihardesten dio:

        Oi jauna, ez lotsa ez, Jainkoak lagunduren zaitu, zure xede guzietarat helduko zare.

        Ondoko gauean, Aita-Sainduak amets bat egiten du. Ikhusten du zuhaitz ttipi bat lurretik sortzen, gero laster handitzen, eta azkenean oihanez gaindi goratzen.

        Atzarri denean, arranguratzen da, zer erran nahi othe duen amets horrek. Jainkoak argitzen du; bihotzean mintzatzen zaio: Zuhaitz hori dela San Frantsesen ordena, egun lurretik sortzen ari, bainan laster oihan guziak gaindituko dituena. Aita-Sainduak, amets horren ondotik, San Frantsesen bilha igortzen du. Aurkhitzen dute ospitale batean, erien arthatzen ari dela.— Latraneko jauregira heldu denean, erraiten dio Aita-Sainduak bilduko duela Kardinalen biltzarrea, eta elgarrekin ikhusiko dutela eian behar den haren Ordena onetsi ala ez.— Biltzen dire beraz Kardinaleak. Aita-Sainduak aiphatzen eta xehatzen diote nola Frantsesek ordena berri baten abiadurak hartu dituen, eta nola ordena hori Pobreziarik hertsienean jarria den.— Kardinaleak ordena berriaren kontra bihurtzen dire. Bat bakharrik jartzen da haren alde, diolarik bilkhura guziari: Zerk zabiltzate holako elhetan? Ez duzue bada ikhusten, Jesu-Kristo bera ukhatzen duzuela eta Ebanjelioa ostikatzen? Ezen eskale horrek zer galdegiten du, baizik ere xoilki Kristoren kontseiluak atxikitzea? Eta nork sekulan besarkaturen ahal du Pobrezia hain hertsirik nola Jesusek besarkatu izan baitu? Ordena berri hori urrunduz, Jesu bera eta harren Ebanjelioa arbuiatzen duzue.

        Hitz horietan desegiten da Kardinalen biltzarrea. Aita-Sainduak erraiten dio Frantsesi: ikhusten duzu ez dugula elgar aditzen ahal; egizu othoitz, Jainkoak argi nezan.

        Ondoko gauean ere Aita-Sainduak badu bigarren amets bat.

        Latraneko Eliza erortzera dohala ikhusten du.

        Oro uzkailia, Eliza eder hori funditzera dohalarik, heltzen da gizon erromes bat eta bere sorbaldez xutik atxikitzen du.

        Nor othe da gizon erromes hori?

        Behatzen dio Aita-Sainduak eta Frantses eskalea ezagutzen du.

        Atzarri-eta biltzen ditu berriz Kardinaleak. Frantses ere jin-arazten du. Eta huna zer erraiten dioten:

        Erromes saindu hunek hazkarturen du Eliza katolikoa. Jainkoaren ageraldi bat izan dut ametsetarik, eta ikhusi dut Pobreziak behar gaituela phiztu eta alxatu. Bai, onesten dut Frantsesen Ordena; Jainkoak lagunt dezala orai eta bethi.

 

        3° Pobreziarekin batean Garbitasun saindua zuen gehienik maite.

        Uztailaren erditsutan, hamabi ehun eta hogoietan hiruan, negu bihotzean eta gau batez, San Frantses Asiesekoa othoitzean zagon.

        Othoitzari oro emana dagolarik, agertzen zaio ifernuko etsai gaxtoa. Etsai gezurti hori gizon-gazte baten itxura ederrarekin heldu zaio. Lausenguz, aire ezti batekin erraiten dio:

        Zertako bada holako othoitz luzetan akhitzen zare? Osagarri ttipia duzu, ez bortxa zure burua. Berzela erituren zare eta denbora gabe hilen. Ez othe dakizu gaua lo egiteko emana zeraukula? Ba, sinets nezazu, ez duzu gorphutza higatu behar, indar gehiago izanen duzu arimen konbertitzeko eta salbatzeko.

        San Frantsesek berehala ezagutu zuen etsai lohiaren maltzurkeria; eta deusik ihardetsi gabe harren elhe xurieri, athera zen kuxian ganbaratik, joan zen ointhuts elhorri sasi baten ondora, eta han buluzirik jauzi egin zuen sasiaren barnera. Gorphutz guzia odoletan sarraskiturik ezarri zuen.

        Hola garhaitu zuen San Frantsesek etsai lohiaren guritasunezko tentazionea. Eta ordu berean sasi guzia bethe zen arrosa ederrez. Elhorri ondo bakhotxa lorez aphaindurik ageri zen elhurraren artetik.

        Ikhas dezagun hortik tentazione lohien hazkarki garhaitzen. Hola garhaitzen delarik, tentazioneak ez du edertzen beizik eta aberasten gure Garbitasuna.

 

 

Hazilean

 

        Omiasaindu.— Ez dezakegu hemen deus hoberik medita ezenez besta eder hortako Ebanjelioa, Jesu-Kristoren bertze zonbait hitzekin. Huna beraz Ebanjelio hori:

        Halako osteak ikhustearekin, Jesus mendirat igan zen, eta jarri zenean hurbildu zitzaizkon dizipuluak.— Eta idekirik ahoa irakatsi zituen erranez:— Dohatsu gogoan erromes direnak, zeren-eta hekiena baita zeruetako erresuma.— Dohatsu eztiak, lurraz baitire gozatuko.— Dohatsu nigarrez daudenak, direlakotz izanen gozakariz betheak.— Dohatsu zuzenbidearen gose eta egarri direnak, aseak izanen baitire.— Dohatsu urrikitsuak, ezen urrikalmendua ardietsiren dute.— Dohatsu bihotzez direnak garbi, zeren hek Jainkoa baitute ikhusiko.— Dohatsu baketiarrak, Jainkoaren ume deituak izanen direlakotz.— Dohatsu zuzenarengatik nahigabetan direnak, hekiena baita zeruetako erresuma.— Dohatsu zarete, noiz ere ahopaldika ibiliko baitzaituzte, eta gaizki jazarriko baitzaizkitzue eta enegatik gezurrez zer-nahi erranen baitute zuen kontra.

        Bozkarioz jauz zaitezte, zeren nasaia baitago zuen saria zeruetan.

        Egiazki, egiazki diotzuet: Auhen eta nigar eginen duzuela zuek, mundua aldiz boztuko dela; bainan zuek atsekabeturik ere, zuen atsekabea bozkariotarat itzuliko da.

        Emazte batek erditzean atsekabe du, ethorri baitzaio bere ordua; bainan seme bat sorthuz geroz, ez da gehiago bere minaz orhoitzen, bozkariotan delakotz gizon bat mundurat emanik.

        Eta orai zuek ere atsekabetan zarete; bainan ikhusiko zaituztet berriz, eta boztuko da zuen bihotza, eta bozkario hori ez derautzuete nihork khenduko.

 

Santa Añes Asisekoa

        Sainda hori santa Klararen ahizpa zen, ja erran dugun bezala; ezagutarazi dugu nola burhasoek eta familiak egin ahal guzia egin zuten Klara ez nahiz utzi seroratzerat, bainan alferretan.

        Bada hauxet gerthatu zen: azken entsegu bat bezala, familiak igorri zuen Añes bere ahizpa lausenguz eta balakuz bil zezan etxerat itzulzerat.

        Bainan osoki bertzela juan zen gauza: Klarak bere solas zuhurrez eta Jainkozkoez beretu zuen Añes holako moldez non hura ere seroratu baitzen ahizpa bezala.

        Orduan familiaren hasarrea, kolera nolakoa izan zen, nork erran? Bainan Jainkoaren laguntzarekin bere xedean gogortu zen, deusek ezin kordokatu zuen. Bere ahizpa sainduaren etsenpluak ahalaz imitazen zituen.

        Gau batez, othoitz khartsuan zagolarik. bere ahizpa Klarak ikhusi zuen lurretik altxatua eta hirur khoro ederrez khoroatua; ikhusten zuen ere Jesus-haurra agertzen zitzaiola eta eztitasun handi batekin besarkatzen zuela.

        Bi ahizpak, Añes eta Klara urthe berean hil izan ziren; kasik elgarrekin hegaldatu ziren zerurat, elgarrekin hain khartsuki bizi izan ondoan, bethi eta bethi elgarrekin gozatzeko Jesus heren esposaren loria eta edertasun izarigabeaz.

 

Santa Elizabet Hongriakoa.

        Elizabet Hongriako erregeren alaba zen. Haur haurretik ezagun zen saindutasun handirat helduko zela. Errege alaba, errege gortean Andre handi, nahi zituen atsegin eta plazerak bazituzken; nahi zuen bezen ederki, distianki bezti zitaken. Hein hortako Andre gazte bat ez guti baliatzen ohi da halako paradez. Bada Elizabet printzesa handia etzuten liluratzen ez handitasunak, ez munduko atseginek, ez banitatek. Dosteta eta libertimendu xoragarriak utzirik, bazohan elizan othoitz egiterat, bazohan pobrer laguntza egiterat, erien ikhusterat. Karitatezko obra horietan zuen bere bihotzeko atsegina.

        Turingeko printzearekin ezkonarazi zuten. Senhar noble hori ja giristino on bat zen; bainan printzesaren etsenpluek berthutean gorago altxarazi zuten. Etzuen den gutiena trabatzen bere debozionean; nahi zuen libertatea uzten zion obra on eta amoina egiteko. Elizabet ongi baliatzen zen libertate hortaz, debozionez, karitatezko obrez bere bihotzaren gozotzeko. Eliza batean sartzen bazen, bere khorona burutik khendurik lurrean phausatzen zuen. Galdegiten bazaioten zertako egiten zuen hola, ihardesten ztlen: «Jesus, arrantzez khoronatua izan da, eta ni agertuko naiz haren aitzienan urhezko eta zilharrezko khorona buruan? Jainkoak begira!»

        Saindutasun handi baterat helzeko, behar dira jasan eta pairatu khurutze handiak, nahigabe minak; Jainkoaren probidenziak hola moldatu du sainduen bidea, Jesu-Kristo bera etsenplu. Elizabeti etzitzaizkon arren khurutzeak eskastu; haren senharra, printze ona, gerla batean hil zen, bihotzmin handia printzesarentzat. Alhargundu zeneko, bere koinatak eta haren emazteak gogorki persegitu zuten.

        Azkenean Jainkoak altxatu zuen lurreko griña eta penitenzien artetik zeruko loria handirat, 1231, hazilaren 19an.

 

 

Abendoan

 

        Ama-Birjinaren kontzebitze notagabekoa.— 1° Jainko-gizonari, Jesu-Kristori zor zitzaion haren Ama garbi izan zadien osoki bekhatu guzietarik, bai eta bekhatu orisinaletik. Beraz, Jainkozko bere amatasunaren ariaz, notagabe kontzebitua izan zen Andredena-Maria. Aita-Jainkoak egin zion dohain aberats hori, amoreagatik eta haren Jainko Seme bakharrak izan zezan Ama guziz garbi bat, iguzkia baino ere ederrago bat.— 2° Eta guk ere ez othe dugu Jesu-Kristo gu baithan Komunioneaz hartzen eta garreiatzen, Ama-Birjinak egin zuen bezala? Ai eta non da gure bihotzetako garbitasuna? Nola gare mahain sainduetara hurbiltzen?

 

        Eguberriko besta.— 1° Huna zer dion Kredoak: Sinesten dut Jainko Aita bothere guzia duena baithan, zeruaren eta lurraren Kreatzailean; eta Jesu-Kristo haren Seme bakhar gure Jauna baithan; zoina kontzebitu baitzen Izpiritu-Sainduaren berthutez eta sorthu baitzen Maria-Birjinarenganik.— 2° Hau zen beraz gerthatu. Jainkoak Maria-Sainduari bidali zion Gabriel aingerua, erraiteko nola behar zen izan Jainko-Semearen ama, mirakuluz eta gelditzen zelarik Birjina. Bere baimena eman zuen Maria-Sainduak: Huna Jainkoaren neskatoa, egin bekit zure hitzaren arabera. Orduan, Maria-Sainduaren odol garbiarekin Jainkoak formatu zuen gorphutz bat eta ezdeusetarik egin arima bat; gorphutz eta arima horiek elgarrekin bat eginik, beretu zituen Trinitateko bigarren Presunak, Semea deitzen denak; eta hola gelditu zen Jainko-gizon egina Ama-Birjinaren sabel sakratuan.

        Gero, bederatzi ilhabeteren buruan, sorthu zen Jesus, mirakuluzki, utziz bere Ama osoki Birjina, lehenago zen bezain eder eta garbi.

        Ama-Birjinarekin eta San Joseperekin adora dezagun Jesus haurra, gure Jainko eta Salbatzailea.

 

        Besta handi beraren gainean bigarren meditazionea.— Bigarren meditazione hau egin dezagun iguzkialdeko errege khartsuekin batasunean. Eta hortarakotz irakur dezagun Ebanjelio Saindua

        Nola Jesus sorthu baitzen Judeako Betheleemen, Herodes erregearen egunetan, Magoak iguzkialdetik ethorri ziren Jerusalemerat, ziotelarik: Non da, sorthu den Juduen erregea? Ikhusi dugu ezen haren izarra iguzkialdean eta haren adoratzera gathortzi.— Hori aditzearekin asaldatu zen Herodes erregea, bai-eta Jerusaleme guzia harekin batean.— Eta bilarazirik apheznausi guziak eta populuaren Izkribauak, galdez zagokieten non sortzekoa othe zen Kristo.— Eta hek ihardetsi zioten: Judeako Betheleemen. Ezen hunela du Profetak izkribatu:— Eta hi, Betheleem, Judeako lurra, ez haiz segur xumeena Judeako handienen artean, ezen higanik duk ilkhiren Israelgo ene populuari hotsemanen dioena.— Orduan Herodesek, Magoak ixilik deithu-eta, artha handirekin jakin zuen hekienganik zer mugaz agertu zitzaioten izarra.— Eta Betheleemerat igortzen zituelarik, erran zioten: Zoazte, haur hartaz arthoski argi zaitezte, eta aurkhitu dukezuenean, adiaraz dizadazue, nathorren ni ere haren adoratzera.— Errege entzun-eta, lothu ziren bideari: eta iguzkialdean ikhusi zuten izarra, hara non den berriz ageri, aintzinean zihoakiotela, baratu arte haurra zagoen tokiaren gainean. Izarra ikhustearekin, bozkario handiz boztu ziren.— Eta etxerat sarthu zirenean, aurkhitu zuten haurra bere ama Mariarekin, eta ahuspez emanik adoratu zuten; eta idekirik beren kutxak, eskaini ziozkaten urhea, isentsua eta mirra.— Eta lotan izanik Herodesganat ez bihurtzeko mezua, beren herrirat bertze bide batez itzuli ziren.

 

aurrekoa hurrengoa