www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III — KAPITULUA

 

Aintzineko kapituluaren osogarria

 

Hazparnen Arroltze-mendiko Kalbarioa.— Jesusen gorphutza eta arima.— Gure erospena.— Ebanjelioaren hitz ederrak.

 

        Hazparnen, maiatze goiz batez, Arroltze-mendiko Kalbarioari gora bazoazin Jaun Aphez gazte bat eta haren arreba. Hunek eskutik zabilan mutthiko ttiki bat bere haurra.

        Haur horrek zituzken gorenaz hamar bat urthe. Jite onekoa, izan ahala ongi altxatua, egiazko aingeru baten begitarte garbi eta maitagarria zuen, eta jadanik zion nahi zela aphez egin.

        Haur horren ama, Eskual-Herriko etxeko-andere hoberenetarik bat zen, osoki Jainkotiarra, bai-eta buru onekoa, zentzu oso zuzenekoa, bere harat-hunat guzietan bethi hazkar eta erne zabilana.

        Harer anaia Apheza, berriki atheratua zen oraino seminariotik. Zinez eta finki ibili zituen bethi eskoletako bere lanak; bainan, aphur bat akhituxea izanagatik, laborari seme haten gorphutz lerdena zuen, osagarri zail eta garbia, Eskual-Herriko arthalde hedatu eta menditarrentzat arimen artzain batek behar duen bezalakoa.

        Kurutzearen bidea egin zuten hirurek elgarrekin.

        Kalbario gainerat heldu eta, kurutzearen oinetan jartzen dire eta mutthiko ttipia bien artean emanik, anaia arrebak solasean abiatzen.

        Solas egiteko eta deskantsu puxka baten hartzeko, ez dut uste baditeken toki hobeagorik. Zure begien aintzinean agertzen dire Hazparneko herrialde eta eremu zabalak: Labiri, Elizaberri, Hazketa Peña; ikhus-ahala phentze, aldapa, ordoki, oihan, mahasti, bazterrik ederrenak alde orotarat hedatzen direla.

        Eta non-nahi etxeak, beren hegastegi eta leiho gorriekin, paretak gisuz xuriturik, irriz daudela iguzkiari. Eta urrunago Beskoitze eta Ahurti, eta hekien gibelean Landesetako bazterrak.

        Eskuinera behatzen baduzu, agertzen zaitzu Aiherre, Ixturitze eta Gerezieta, hedatzen dituztela beren etxalde eta ontasun gizenak ala zelhai eder batean ala mendiska batzueri gora. Ezkerrerat aldiz ikhusten duzu Urtsuko mendia eta haren oinetan Hazparneko eskualderik ederrena. Zelaiko herrialdea.

        Bai, Arroltze mendiko bixta osoki xoragarria da, handik dire begiak ausarki gozatzen eta asetzen.

        Huna beraz zer solasetan abiatu ziren anaia-arrebak. Jesus Kurutzefikatuaren alde-aldean jarriak eta haren orhoitzapenaz oro betheak, hartaz ziren mintzo. Elhetik elhera, huna Etxeko-Andreak zer galde egin zion bere anaia Jaun Aphezari:

        Othoi, behar zaizkit Jesusez aphur bat mintzatu; bihotza oro hunkitua dut estazione hok eginik eta zerbait entzun nahia naiz Salbatzaile maite horren gainean.

        Eta huna nola ihardetsi zion Aphez gazte khartsuak:

        Dakizun bezala, Jesu-Kristo Jainkoaren seme gizon-egina da; eta horrek erran nahi du, guk ditugun bezalako gorphutz bat eta arima bat hartu dituela. Halako moldez non, guganik Jesu-Kristoganat, ez baita ariman ez-eta gorphutzean desberdingoarik funtsez eta izaitez, bainan bai, eta hainitz, moldean eta gisatasunean.

        Diot moldean eta gisatasunean, ezen gure arima bekhatuak kutsutzen eta lizuntzen du; eta aldiz Jesu-Kristo baithan ez da izan ethorkizko bekhaturik, ez-eta bere nahikorik; eta ezin zaiteken gertha ere.

        Gure arimetan bada gaizkirako asko jaidura, hala-nola hanpadura, jauzkortasuna, atsegin-gura, eta bertze hainitz bethi borrokatzen gaituztenak; Jesu-Kristo baithan ez da izan behinere bekhaturako deus jaidurarik.

        Gu jakitate-eskas oso batean sortzen gare, eta nekearen bortxaz beizik ez gaitezke zerbaiten ikhasterat hel; eta aldiz Apostoluak dio: Jesu-Kristoren baithan bilduak direla zuhurtziaren eta jakintasunaren aberastasun guziak: In quo sunt omnes thesauri sapientiae et scientiae absconditi (Ad colos. 2, 3.) Eta hori gerthatu zen Jesusen arima ezdeusetik atheratu bezain laster.

        Orobat izan zen arima saindu hura Jaunaren graziaz eta zeruko dohain baliozenez gaindizka eta kasik neurri-gabe bethea eta aberastua.

        Ikhas zazu hortik, gure arimak Jesu-Kristoren arimatik zoin urrun diren dohainetan eta osogunetan.

        Alabainan, ez da miresteko Jainkoak bere osogunerik baliosenez aberastu balin bazuen gizontasun hori, zuenaz geroz beretzat hartu Presunaren batasunean.

        Eta zer erran behar dugu Jesu-Kristoren gorphutzaz?

        Gorphutz sakratu hura ere gurea bezalako zen funtsez; gurea bezala haragiz, hezurrez eta odolez egina.

        Desberdingua haren eta gurearen artean, huntan datza: Harek ez zuen jaidura gaxtorik batere, guk jasaiten ditugun bezala. Hil ondoan ere gorphutz sakratu hura ez zen usteldu, nola egiten baitire gureak.

        Gainerakoan, Jesu-Kristo gu bezala bizi zen eta zabilan. Gosea eta egarria, hotza eta beroa, nekhea eta unhadura jasaiten zituen. Eta badakigu zer oinazeak pairatu dituen azkenekotz bere heriotze ikharagarrian!

        Zuk menturaz erranen duzu: Ai handi zait eta gaitz Jainko bat horrelako aphalgunetarat jaustea.

        Bai eta niri! Bainan horrek behar gaitu guziak maitagunez Jainko gizon eginarentzat sustatu. Go emazu bizkitartean: Ez duzu uste izan behar Jainkotasunak bere baithan deus holakorik jasaiten zuela. Horiek guziak Jesu-Kristoren gizontasunean, haren ariman eta haren gorphutzean, iragaiten ziren. Nolaz ordean eta zertako izan dire Jesu-Kristoren aphaltze, pairatze eta hiltze espantagarri horiek?

        Eliza katolikoak ihardesten derauku bere Credoan edo Sinestean: Gugatik eta gu salbatzeagatik: Propter nos homines et propter nostram salutem. Orobat Jesu-Kristok berak Ebanjelioan ihardesten derauku: Jainkoaren semea gizon egin da eta mundurat ethorri, galdu zenaren bilhatzera eta salbatzera: Venit quaerere et salvum facere quod perierat. (Luc. 19, 10.)

        Alabainan gure lehenbiziko Aita-Adamen bekhatuaz lizunduak ginen, Jainkoaren etsai ginen, ifernuko bidean sartuak ginen. Eta gu gerori ez ginitezken ondikozko erortze hortarik altxa. Ez da ezen gizonik, ez eta aingerurik, bekhatu mortal bakhar batentzat Jainkoari zor dagokon erospena eskeint dezakenik.

        Jainko Semea beraz urrikaldu da, gizon egin, kurutze batean hil; eta hola gaitu bekhatutik eta ifernutik erosi. Hola dio bere Aita hasarretuari erospen bat eskeini izarigabea, haren osoguneari zor zitzaion bezalakoa.

        Hori deitzen da gure Erospeneko misterioa. Eta bestalde horrela da Jesu-Kristo mundurat ethorri gure buruzagi bezala, gure nausi, gure lege emaile, gure molde eta saindutzaile.

        Misterioen espantagarriak! Jainko batek horrenbertze egin eta paira dezala gizon bekhatorentzat! Non da gure sinestea, holako ederresgarriez hain guti baikare orhoitzen?

        Hortan gelditu zen anaia-arreba hekien solasa. Bainan Arroltze mendiko kurutzetik urrundu gabe, eta belhauniko emanik, ama khartsu harek bere haur maiteari erran ziozkan neurthitz eder hok:

 

                Aingeruen Erregea

                Erori duk tronutik;

                Herrestan dik bizitzea

                Ereman hiregatik.

                Zerutik jautsi legeaz

                Mundua dik argitu,

                Zerua heriotzeaz

                Hiretzat merezitu.

                Nork du entzun egundaino

                Holako pairamenik?

                Burutik oinetaraino

                Dena zauri eginik!

 

                Jesus, oi zu eztitasuna bera,

                Zeruko dohainen ithurburua,

                Othoi gathez dezazu esteka

                Zuri bethikotz ene bihotza!

 

        Azkenik huna zer egin zuen Jaun Aphezak. Bere sakelatik hartu zuen Testament berria, eta behatuz aldizka Kalbarioko kurutzefikari eta bere liburuari, hitz hok goraki irakurtu zituen.

        «Aingeruak erran zion Mariari: Amatzera zoazi eta erdiko zare seme batez, eta emanen diozu izena Jesus.— Hura izanen da handi eta deithuko da Guziz-Goraren Semea, eta Jainko-Jaunak emanen dio bere aita Dabiden alkhia, eta bethikotz erreginaturen du.»

        «Jesusek erran zioten judueri: Abraham, zuen aita, lehiatu izan da, ene eguna ikhusi nahiz, eta ikhusi izan du, eta bozkariatu da.— Juduek orduan: Zer, ez ditutzu oraino berrogoi eta hamar urthe, eta zuk ikhusi duzula Abraham?— Eta Jesusek: Egiaz, egiaz diotzuet, banaiz Abraham baino lehenagodanik, bethidanik, ezen Jainko naiz ni.»

        «Joanes-Batistak Jesus bathaiatzen zuelarik, zerua zabaldu zen, eta Jesusen gainera jautsi zen Izpiritu-Saindua urtzo baten itxuran; eta mintzo bat egin zen zeru gainetik: Zu zare ene Seme maitea, zu baithan gozatzen dut nik ene zoriona.»

        «Jesusek berekin hartu zituen Piarres, Jakes eta Joanes, eta mendi gora batetarat ereman.— Eta hedoi batek inguratu zituen, eta hedoi hartarik mintzo bat ilkhi zen, zioela: Hau da ene Seme maitea, hunen baithan derauzkat ene atsegin guziak: hau entzun zazue.»

        «Bai, bai, badakigu ethorri dela Jainkoaren Semea; eta harek argitu izan gaitu, ezagut dezaguntzat egiazko Jainkoa, eta bizi gaitezen haren egiazko Semearen baithan. Jesus da egiazko Jainkoa eta bethiereko gure bizitzea.»

 

 

                Hire gain uzten diat ene arthaldea,

                Bildotsen bai ardien xuxen alhatzea.

                Hiri zagok anaien beren azkartzea.

                Hik idek edo hets duk Zeruko athea,

                Hik duk ene gakhoen podore bethea.

 

aurrekoa hurrengoa