www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V — KAPITULUA

 

Irakurtzaileari zonbait elhe on

 

Erlisionearon kontra mintzo direnek ez dutela mila balio.— Gezurra bethi gezur.— Zer zoriona egiari jarralkitzea!— Sinestearekin obrak ere behar direla.— Girixtino egiazko guti!— Bainan, ororen buruan, onak izanen dire bakharrik dohatsu.

 

        Liburu hunen laugarren zathian erran dut nola asko sinestegabek zer-nahi derasaten Erlisionearen kontra, eta gehienik merkhatuetan eta ostatuetan.

        Nor dire bada eta zer dire hola mintzo direnak? Othe dire jende argitu jakintsun handi batzu? Othe dire jende prestu eta zuhur saindu batzu? Ai ez, ez. Kontralat, hek dire Erlisionea batere ezagutzen ez dutenak, edo bihotz galdu eta errebelatua dutenak; eta bethi kasik bi eskas horiez betan joak direnak. Askotan othoitzak berak ez dazkite, eskolako haur ttiki batek hobeki ezagutzen du bere katexima ezenez gizon espantu egile harek. Bainan ttiki baditu bere jakitateak, handi eta borthitz ditu bere pasioneak. Eta nola Erlisione sainduak kondenatzen baititu haren barneko edo kanpoko desordre hek, ai ez dezake jasan Erlisionea, nahi luke ezeztatu. Hortik hainbertze elhe gaxto, hainbertze gezur eta moldegaizkeria Ez du sosegurik, alhan du bethi bere mihi gaxtoa, galdu beharrez Erlisioneko irakaspenak, Erlisioneko jendeak, Erlisioneko gauza eta egitate guziak.

        Zer zalapartak abere gazte bat uztarrian usatu behar denean, edo zaldi hezgaiz bat hezi nahi denean! Orobat ikhusten da pasione tzarrez hartua den jende haren baithan. Erlisione saindua uztarri bat bezala da, Jainkoak berak emaiten deraukuna gu xuxen joanarazteko; da oraino brida bat bentzutzen dituena gure pendura mutiriak. Eta nola abere harek, zaldi harek, nahi baititu xehatu uztarri hura, brida hura; orobat jende harek Jainkoaren manu-debekuak ezeztatu nahi ditu. Erlisione sainduak hertsatzen du; sobera zaizko esteka horiek; nahi da trabarik gabe ibili bere bide galduetan; eta hortakotz, ero hautsi eta trenkatu beharrez, ez dauke gaizki mintzatu gabe.

        Ai urrikari izan behar dire eta hainitz urrikari hola mintzo eta hola bizi direnak.

        Zer pentsa beraz hekien erranez? Gezurra diotela eta gezur gurietarik handiena. Ezen gezurra da egiaren kontra mintzatzea, eta zer da Erlisione saindua egia bera beizik? Erlisionea da Jainkoa bera guri mintzo zeraukana; eta Jainkoari berari kontrestatzen zaionak, ageri da, gezurra dio.

        Gezurtia ez dugu sinesten; bada Erlisioneko irakaspenen kontra mintzo dena gezurtaririk sordiesena da; ez zazula beraz behinere sinets.

        Egia orok maite dugu; orok estimatzen dugu bethi egiaz mintzo dena; emaiten diogu gogotik gure fidantzia osoa. Ai bada guziek ezagutzen dugu norbait ororen gainetik bethi egia erraiten duena, eta hura da Jesu-Kristo. Harek ez du irakasten, eta ez dezake irakats egiarik baizen. Hots beraz besarka detzagun osoki gure Jainkoak irakatsi egia guziak. Ez dadiela sekulan Eskualdun bakhar bat izan, sineste katolikoari deusetan ukho eginen dionik.

        Nor-nahik zer nahi erranik ere, Jesu-Kristoren manu debekuak izanen dire bethi egiak. Zerua eta lurra iraganen dire, bainan Jaunaren hitzak ez dire sekulan iraganen. Jarraik beraz gure Jainkoaren irakasmen eternal horieri; ez batzueri xoilki, bainan guzieri, ezen guziak berdin eternalak dire; eta guziak eternalak direlakotz, guziek elgarrekin behar gaituzte eternitate dohatsurat helarazi; halako moldez non, bat bakharrik ukhatzen baginu, haren eskasean bethikotz gal baiginitezke.

        Bertzela ere zer zoriona guretzat, egia eta sineste eternalen gainean bermaturik eta osoki jarririk bakean egoitea! Han bethi izpirituko eta bihotzeko segurtamena; han zerurateko bide xuxena eta zelaia: han egiazko deskantsu gosoak orai beretik. Ai ez baita ez berdin gizonen erranez eta irakazmenez! Gizon hoberenak harat-hunat frango badabila bere elhetan urthe batetik bertzera. Zer daiteke bada gizon sineste-gabeaz? Huni jarraikitzen dena, itsu bati jarraikitzen da. Eta nola itsuak eskuin eta ezker norat-nahi joiten baitu, berdin harek ere badabiltza behaztopa frango. Sekulan harentzat bide segurrik. Egun beltx eta bihar xuri, haizearen pare bethi itzulika dabila. Horrelako gizon fedegabe batek erraiten zuen bere azken egunetan: Opinione bezenbat hoitxineko izan banitu ene bizian, etxea urhez bethea nuke.

        Oi dohatsu miletan gu guziak, Eliza katolikoaren besoetan sortu garenak. Gure Erlisione saindu horrek bethi egia berez argitzen eta hazten gaitu. Ordainez guk ere bethi haren irakasmen guziak osoki besarka eta maita detzagun.

        Aski othe da sinestea?— Ez, sinestea ez da aski. Alferretan erranen duzu egia guziak sinesten dituzula, ez badituzu egiten sineste horrek manatu urratsak: Quid proderit, si fidem quis dicat se habere, opera autem non habeat? (Zac. 2.) Zer da gorphutza, arima gabe? Gorphutz hila. Orobat fedea obrarik gabe, fede hila: Fides sine operibus mortua est. (Zac. 20.)

        Baduzu sehi bat; erraiten derakozu: holako eta holako lanak egin zaitzu egun. Sehiak ihardesten derauzu: Ezagutzen zaitut bai ene nausitzat, eta ikhusten dut zuhurki mintzo zarela, bainan ez dut nik egun hunkituko lanik. Zer erran zinezake holako sehiaz? Ez duzula haren beharrik! Eta kanporat eman zinezake. Deus onik egitekotz, sehi batek behar ditu, ez xoilki gogoz sinetsi bere nausiaren erranak, bainan oraino eskuz obratu. Berdin gutaz. Salbatzekotz ezinbertzea dugu, lehenik osoki sinestea Jainkoaren irakaspen guziak, eta gero obratzea eta egitea.

        Bestalde ez da aski batzu egitea eta bertzeak bazterrerat uztea. Oraxteko sehi horrek berak erraiten balu nausiari: Lan horiek ez dire guziak ene gustuko; hau eginen dut, bainan hura ez; horrat joanen naiz, bainan harat ez... uste duzu nausiak onets lezaken? Nik ez dut uste. Holako elhe guti behar luke kanporat joaiteko eta sekulan gehiago etxe hartan ez sartzeko.

        Bada gu zer gira? Jainko handiaren egiazko sehiak; eta atxikiak gare Nausi soberano horren manu guzien bethetzerat. Ez da beraz guri manamendu baten onesta eta begiratzea, eta bertze baten uztea eta haustea. Guziak behar ditugu onetsi eta guziak begiratu.

        Fedeak ez du gu baithan izan behar gauza alfer bat, gauza hilik dagoen bat. Egia da sinetsi gabe deus ez dela egiten salbatzeko, bainan berdin egia da sineste hori bera deusik ez dela non ez den obretan emaiten. Konparantza bat egin dezagun. Herri urrun batetara abiatua zare, eta nola ez baituzu ezagutzen bidea, lagun bat, gidazaile bat hartu duzu zurekin. Biderditan lagun hori eritzen zaizu eta hiltzen. Hila izanagatik, aldean duzu oraino zure gidazailearen gorphutza. Eta bizkitartean ez othe da egia galdu duzula zure laguna eta ez duzula gehiago gidazailerik? Nolaz bada? Ai gorphutz hori bera ez baita deusik, ez baita zure bidatzeko gai.

        Berdin dago Fedeaz. Jainkoak eman derauku Fedea gure bidatzeko lurretik zerurat, helarazteko denboratik eternitate dohatsurat. Bainan ohart huni; apostoluak dio obretarik heldu dela Fedearen bizia, eta nola gorphutz bat hila baita arima galduz geroztik, berdin hiltzen dela Fedea obretarik gabetua den ber: Sicut corpus sine spiritu mortuum est, ita et fides sine operibus mortua est. (Jac. 2, 26.) Zure sineste hil horrek ez zaitu gehiago zerurat bidatzen ahal, ez zaitu sekulan eternitate dohatsurat helaraziko. Hala-nola bidelant itsua ez baititeke joan aintzina bere gidaria galduz geroztik, zuk ere ez duzu demendren urratsik egiten ahal obragabezko sineste hilarekin. Debruak ifernuan badu bai sinestea, bainan deiagoraz eta marrumaz dago, zeren-eta sineste alfer hura ez baitzaio baliatzen ahal: Et daemones credunt, et contremiseunt. (Ibid.)

        Hainitz galtzen direia, sinestea izanagatik, obren eskasean?— Ondikotz bai asko eta asko holaxet galtzen dire, ez federik ez izanez, bainan fede biziaren orde, fede hil eta alfer batean egonez. Aski duzu zure ingurunean behatzea; oxala zeronek ez bazinu holako zorigaitzik! Ikhus beraz zer kalte handiak egiten dituen fede hil horrek zure baithan edo bertzen baithan.

        Non dute egiazko fedea hainbertze girixtinoek: jakin edo behar jakin salbamendua dela hekien egiteko baitezpadakoa, hekien entsegu guziak nahi dituena, eta hartaz, gauzarik ezdeusenaz bezenbat ere, ez baitute artha egiten; oro su eta lama lurreko ontasunentzat, munduko jostetentzat, gorphutzeko atseginentzat, bainan lazo eta ez-axola Jainkoarentzat, arimarentzat eta eternitatearentzat. Bertze lan presarik bada, othoitz baten egiteko astirik ez; egiten direnak ere, molderik gabe. Sakramenduentzat eta bertze ditugun salbatzeko laguntza sainduentzat, deus lehiarik. Hitz batez, erraiten fededun garela eta bizkitartean deus guti egiten salbatzeko, zer da hori baizik ere sineste hila eta alferra? Quid proderit, zer baliatuko zauku?

        Fedeak erraiten du: Jainkoa oroz gainetik behar dugula maitatu, eta hori dela manamendu guzietarik handiena. Sinesten duteia hori, hainbertze mundutiarrek, zoinentzat ez baita iganderik ez bestarik? Elizan sar-jalgi zerbait eginik ere, Jainkoaz baino miletan gehiago orhoituak eta hartuak baitire beren libertimenduez eta barreiamenduez? Ez baitute ametsik eta surik beren gogorako bilkhurentzat eta bekhatuzko bidentzat beizik? Horiek menturatzen ahal othe dire erraiterat egiazko fedea badutela? Obrak lekhuko!

        Bertze hainitzek miletan entzun dute urgulua bekhatu guzien ithurburua dela, Jainkoak ez duela deusik hala arbuiatzen, hortik heldu dela gure salbamenduarentzat trabarik gaxtoena. Eta bizkitartean ez dezakete aski pentsa beren buruaren goratzeko eta hanpatzeko. Hortara dohazi hekien elhe, beztitze eta higitze guziak. Beha dezazun hekien etxeari, hekien familiari, hekien soineko aphaindurari, ez duzu bertzerik ikhusiko agertu beharra beizik, bertzez gorago altxatu nahia beizik. Beren burua dute aldare gainean ezarri, eta goiz-arrats isentsu kolpeka eta agurka ari zaizko. Non dute fedea?

        Jondoni Paulok erraiten derauku ez dela girixtinoen artean aiphatu behar ere lohikeriaren izena. Egia hori sinesten othe dute hainbertze gizon ez-axolek; hekien mihiak ez baitu botatzen elhetzarrik baizen; ez baitire bilkhura batean agertzen ahal, non ez dituzten guziak izurristatzen? Hortan baratzen balire! Bainan ez; elhetan bezala, obretan ere tzarkeria eta eskandala dariote; hek dituzte herrietan ibiltzen asko dantza lizun eta josteta ahalgegarri; hek dituzte arima inozentak gaizkirat elemeniaka aurthikitzen. Ageri da horiek ez dutela egiazko federik.

        Hitz batez non dute sinestea girixtino hek guziek, zoinek jakin bekhatu mortal bat aski dela ifernurat erortzeko, eta bizkitartean bekhatua ura bezala iresten baitute? Badakite noiz-nahi hiltzen ahal direla, ez dutela oren bat segurrik, eternitatearen hegi-hegian direla gau eta egun; eta hargatik deskantsu daude ilhabeteak eta urtheak bekhatu mortalean! Herioak, ohoin baten pare, gutienik ustean harrapaturen ditu; eta hori berek ikhusten dute; bainan ez dire onerat itzultzen, zoramendu ikharagarri batekin irriskatzen dute beren sekulako eternitatea. Egiazko fedea othe dute horrelakoek?

        Ai! ez da kasik gehiago federik lurraren gainean. Ttipiak eta handiak, oro beren zeiharretan dabiltza. Guti, arras guti, egiazko sinestearen bide xuxenari jarraikitzen denik. Hortakotz, obrarik gabeko fede hila beizik ez dutelakotz, erran diteke asko arima galtzen direla.

        Obragabeko girixtino horiek, sineste gabeak bezenbat mintzo dire maiz Erlisionearen kontra. Batzueri eta bertzeri erran behar diotegu Liburu Sainduekin: Ixil beitez zuen solas hanpurutsuak; zuen ahotik gibela beitez elhe zoro eta gezurti horiek, ezen itsu batzu zarete eta deusik ez dakizue. Jainkoa da bakharrik jakitate guzien nausi eta jabe, eta harek ez dakien ezagutzarik ez da.

        Egia bera den Jainko handi horrek bidatuko ditu fededunen urratsak; sineste zuzenetan zainduko ditu, eta egun batez altxaturen desterruko herrautsetik zeruko ospe eta distirantza ederretarat. Bainan zuek, sinestegabe sordiesak, ai galduko zarete, ezen Jaunak jujatuko ditu lurreko lau izkinak, eta bere etsai guziak ihurtzuri kolpeka xahutuko ditu.

        Eta azkenean entzun zazu zer dion neurthizlariak:

 

                Saindu edo bekhatore

                Gizonaren bizia

                Amets arhin baten pare

                Suntsitzen duk guzia;

                Justua duk hegaldatzen

                Bozki zeruetara,

                Gaxtoa zuzenki jausten.

                Ifernuko leizera.

 

aurrekoa hurrengoa