www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V — KAPITULUA

 

Elizak egin dezazkela legeak.—
Gizonek egin legeez zer erran?

 

Ebanjelioko hitzak. Elizaren manamenduak begira Jainkoarenak bezela.— Jauntto baten ergelkeria.— Lege zuzenak eta lege makhurrak.— Jainkoak zertako ezarri dituen gobernamenduak eta Lege-egileak.— Jainkoaren eta Elizaren kontrako legea, ez da egiazko legea.

 

        1.— Elizak baduela legeak egiteko ahala.

        Jakin behar duzu, irakurtzaile maitea, eta hau fedesko artikulu bat da, Elizak baduela zuzen eta burupe guri manuak eta debekuak egiteko, eta garen guziak atxikiak garela manu-debeku hekien begiratzerat, Jainkoak berak egin balitu bezala.

        Jesu-Kristok erran zioten bere Apostolueri: Nik bidaltzen zaituztet, neroni ene Aitak bidali nauen bezala. Hortik, erran zioten berak bere Aitarenganik ukhan zuen legeen egiteko zuzena eta indarra. Burupe hortaz baliatu izan dire Apostoluak, Jerusalemgo kontzilioan debekatu zutenean, Idoleri sakrifikatu gauzetarik eta odola athera gabe hiletarik jatea.

        Berenaz ez ziren horiek Jainkolegeaz debekatuak, eta aspaldi du Elizan indar ukhaitetik gelditu direla; bizkitartean, Apostoluek egin zuten debeku hori, orduan salbatzeko behar zelakotz baitezpada begiratu.

        Orobat garizoman barurtzeko legea Apostoluek berek egina dela deraukate. Beraz bazuten Apostoluek eta badute hekien ondore Jaun Aphezpikuek, eta guziz Aita-Sainduak, legeen egiteko zuzena eta indarra.

        Aita-Sainduak, eta harek onetsi Kontzilio jeneralek, girixtino guzientzat; probintziako Kontzilio Aita-Sainduaz onetsiek, probintzia hartakotzat; eta Jaun Aphezpiku bakhotxak bere Diesesakotzat; horiek orok zuzena badute guri, nola ere ongi baitzaiote eta hala manatzeko eta debekatzeko.

        Jaundone Paulok erraiten zioten bere denborako Aphezpikueri: Go emazue zuen burueri eta arthalde guziari, ezen Izpiritu-Sainduak ezarri zaituzte Aphezpiku, amoreagatik goberna eta ibilka dezazuen Jainkoaren Eliza.

        Ageri da beraz zer funts egin behar den munduko ergel batzuek diotenez: Holako gradoan ez ezkontzea, denbora batzuetan ezteyik ez egitea, egun batzuez gizenik ez jatea, bertze batzuetan barurtzea, horiek eta holakoak ez dituela Jainkoak manatu, gizonen asmuak direla bakharrik!...

        Errazu, Gobernamenduak zerbait manatzen duenean, zonbat nahi zuzenki manaturik ere, ez ahal du Jainkoak berak egiten manu hura. Eta bizkitartean Jaundone Paulok irakasten derauku: Oldartzen direnek galtzen dutela beren arima: Qui resistunt, ipsi sibi damnationem acquirunt.

        Eta guk gauza bera diogu Elizaren manamenduez. Gizonek eginak dire, egia da; bainan gizon hekieri Jesu-Kristok erran deraie: Zuek entzuten zaituztenak, ni neroni entzuten nau, eta zuek arbuiatzen zaituztenak, ni neroni arbuiatzen nau: Qui vos audit, me audit; et qui vos spernit, me spernit.

        Beraz Jesu-Kristoren xedea eta nahikunde hertsia da, Elizaren manamenduak begira detzagun Jainkoarenak bezala.

        Hortik ageri da zer begiz behar diotegun behatu asko elheketari atrebitueri, nola-nahika ostikatzen eta hausten baitituzte Elizaren manamenduak eta eder baitzaiote hoin herrebeski mintzatzea eta egitea. Berak dire bakharrik irriegingarri. Eta hori bi arrazoinez, lehenik bide zuzenetik kanpo dabiltzalakoan, eta bigarrenekorik berek zer-nahi bitxikeria eta ergelkeria sinesten eta atxikitzen dutelakoan.

        Huna zer irakurtu dutan berriki Eskualdun gazetan:

        Ortzirale batez, ostatu batean ari nintzan afariten arroltze, ilhar eta belharreria zerbaitekin. Ene aldean baziren jauntto batzu (commis-voyageurs); erraki jan, eta Bordeleko arnoa basoa bethez zeramaten. Ohartu zirenean mehe egiten nuela, dudarik gabe nitaz burlatzeko, batek erran zuen: «Aratxe kostelet hau, ortziralea izanik ere, ona da hatik... Eta halere, zonbaitek mehe egiten, aphezek hori diotelakotz.

        »— Niri ere zion bertzeak, lehenago ene amak mehe eginarazten zautan; bainan adinarekin zentzua heldu baita, haurkeria horiek aspaldian utziak ditut; eta ortzirale ala igande, bethi gizen egiten dut.»

        Afaria finitu denean, mahain-zerbizariak bati erraiten dio:

        «— Jauna, barda zinuen ganbara numero 15.a, gaurkotzat hitzemana da, bertze bat hartu beharko duzu, ez bazira phartitzen.»

        «— Guelditzen naiz, ortziralea baita; egun hunekin ez naiz sekulan bidean emaiten.»

        «— Eta Jauna, barkhamendurekin, zertako ez?»

        «— Hori ene afera da. Beraz elhe guti, eta zoin ganbara duket?»

        «— Jauna, ez da hutsik 13garrena baizik.»

        «— Ez dut nahi 13garrena, lehenago kanpoan lo egin nezake.»

        Huntan, bere lagunak erraiten dio:

        «Zeren beldur zira 13garren ganbaran? 13 bagine mahainean goserik egon zintezkea?»

        «— Ori, bakea, 13, nonbre bat da maite ez dudana; asko makhur badu ondotik, ez dut nahi, eta hortan fini.»

        Ni ixil ixila nindagon mahain bazter batean.

        Azkenian.— «Jauna, erraiten diot nik, ortziraletan mehe egiten dut, eta halere, ez xifra batek, ez eta ere asteko egun batek ez naute izitzen. 15garren ganbara ene kunduko da; giristino katoliko bainaiz, karitatea pratikatu nahi dut; harazu beraz ganbara hori, eta ni beldurrik gabe johanen niz 13garrenera.»

        Jainkoaz eta Elizaz burlatzen zen Jauna, ortziralearen eta nonbre 13.en beldur zen.— Eta ez zakien niri zer ihardets.

        Hartan urrikaldurik, eman nion 15garren ganbarako gakhoa, eta johan nintzan 13garrenera; arratseko othoitza egin eta, ohean sartu nintzan, berehala lokhartu, eta iratzartu argi-zabalean.

 

        2-.— Gobernamenduek egin legeetarik, batzu dire zuzenak, bertzeak aldiz gaxtoak eta makhurrak: Nola hartu behar ditugu?

        Huna zer dion Eskualdunak gizonen eskuetarik athera daitezken legeez; garbiki eta ederki mintzo da.

        Hainitzek erraiten dute: Errespetu eta obedientzia legeari! Ala dezan mana, ala debeka, zer ere nahi baitu, hura da kontzientziaz egin behar dena.

        Nik aldiz uste dut hitz horiek ez diren iduri duten bezain klar eta xinple; eta nahi niokete hurbildik so egin, ikhusteko zer daukaten egiazki bere baithan; eian bada, edo zein legek indar baduen kontzientziaren eretzean, eian guziei zor zaioten obedientzia.

        I.— Ez naiz mintzo hemen, ez Jainkoaren, ez Elizaren legez. Jainko, egia bera denarenganik, ez daiteke lege on eta zuzenik baizen. Halaber Eliza, ezin tronpa daitekenaz geroz, bethi zuzenaren alde da: ez dezake nehola ere ez gaizkia mana, ez kontzientziaz egin behar den ongia debeka. Behar da beraz Jainkoaren eta Elizaren lege guziei obeditu, den gutieneko dudarik gabe.

        Ordean gauza bera erran othe dezakegu gainerako gizonen legez? Ez othe dire tronpatzen ahal? Ez othe dute, edo uste gabean, edo beharbada gaxtakeriaz, zuzen ez dena manatzen ahal, edo zuzen dena debekatzen? Eta, hola gerthatzearekin, gisa hortako legeak egiazko legeak othe dire, obedientzia zor zaiotenak? Horra kestionea, eta huna errepostua.

        II.— Zertako Jainkoak ezarri ditu Gobernamenduak eta lege egileak? Ez naski nahi dutenaren egiteko, bainan bakharrik populu guziaren fagoretan, haren ongi gidatzeko, haren ona bilhatuz eta ahalaz eginez, erran nahi da, zuzenari, ongiari, erlisioneari indar emanez, hetarik baita populuaren on egiazkoa.

        Hortik ageri da legea nolakoa behar den izan: justua, zergak zuzen den gisan phartitzen dituena; errespetatzen, bai partikularren, bai familien, bai erlisionearen dretxuak eta libertatea; deusetan ez kontra egiten Jainkoaren eta Elizaren legei. Lege egiazkoa hori da, eta ez bertzerik.

        Segurki deus ez daiteke gizonen obretan errespetagarriagorik, ez eta beharragorik. Lege onekin, bakea eta ordre ona; hek gabe, orotan desordre eta gerlarik baizik ez; jendaki guzia nahasia, errebelatua eta laster galdua.

        Hargatik ere lege justua, eta hura bakharrik da kontzientziaren argi garbia eta erregela zuzena. Zer nahi mana dezan edo debeka, obedientzia zor diote guziek; eta hori, Jainkoak emaiten duelakotz batzuei legen egiteko botherea, eta bertzei obligazionea legeari obeditzeko, Jainkoak erran haukien arabera: Lege egilek ene izenean egiten dituzte lege justuak; obedi zazue zuen aintzindariei. Nork ere beraz lege justuari desobeditzen baitu, Jainkoari dio desobeditzen.

        III.— Bainan huna kasu bat osoki diferenta; lege bat agertzen da populuaren, familien, erlisionearen dretxuak kolpatzen dituena. Edo du manatzen Jainkoaren eta Elizaren legek debekatzen dutena, edo hek manatzen dutena debekatzen. Zer phentsa horrelako lege batez? eta zer egin?

        Lege hori egiazko legea da? Ez, zeren Jainkoak ez baitiote eman lege-egilei, baizen lege justuen egiteko botherea. Lege hori ez da justua: ez dute lege-egilek haren egiteko dretxorik. Legearen izena badakharke, bainan ez da legea, ez eta sekulan izanen.

        Behar zaio beraz obeditu? Ez, kontzientziaren eretzean, ez balitz bezala da. Eta baldin lege delako hori Jainko legearen edo Elizaren irakhaspenen kontra bada, krima bat laiteke hari obeditzea, Jainkozko legei ukho eginez.

        Eta orai, errazu, irakurtzale maitea, Jainkoa eta erlisionea eskolatik kanpo emaiten baitituzte, eta bortxatzen burhasoak beren haurrak eskola hetan sartzerat;— ospitaletan diren erieri khentzen baitiozte azken sakramenduen hartzeko libertatea eta erextasuna;— bere bereak dituzten etxetarik, komentuetarik, bortxaz atherarazten baitituzte han bizi diren bakezko gizonak, gaxtagin handi batzuen pare;— Elizak Jainkoaren izenean benedikatu ezkontzak hausten baitituzte, bertze ezkontza bastart batzu legez finkatzeko;— horiek, eta gisa hortako bertze legeak, egiazko legeak, lege justuak dire? Ez, erranen duzu enekin, bainan dire gaxtagin obra tzar batzu, legearen desohoragarri, eta heier obeditzetik urrun, behar zaiote bihurtu eta diraiteno bakerik ez utzi.

        Ordean girixtinoak, munduan diraiteno, zentzurik aski izanen du esklabo nahi gaituztenen erhokeriei goraki ihardesteko: errespetatzen dugu Jainkoaganik duzuen autoritatea; bainan jakin zazue ez duzuela dretxorik zuzenaren kontra, eta Jainkoa zuen Nausia dela, gurea bezin ongi. Egitzue lege justuak obedituko ditugu; lege injustuentzat ez igurik ez obedientziarik, ez errespeturik. Eskualdun eta girixtino, ez dugu esklabo nahi, bainan libro gure kontzientzian eta Jainkoaren legean.

        Badire beraz lege onak eta tzarrak. Onak errespeta ditzagun eta eginen ditugu; bainan lege tzarrer ez dugu zor mezprexio baizik. Zonbait aldiz eta ardura pairatzen dira lege tzarrak, erresuman edo herrian nahaskeria edo erreboluzione baten ez ezartzeko; bainan ez daiteke lege bat paira eta ez da zilegi pairatzea Jainkoarenganikako dretxoak edo kontzientzia kolpatzen dienian. Gizonak badu, ez xoilki dretxoa, bainan obligazione hertsia holako legeari bihurtzeko, biziaren penan bada ere. Etsenplu bat: Errege paganoek eman zuten legea heien erresuman ziren girixtinoek jainko faltsiak adora zitzaten; nola legeak kontzientzia kolpatzen baitzuen, erraiten zuten: ez dezakegu lege horri obedi. Eta kontzientziako legeari fidel egoiteko bere odola ixurtzerat uzten zuten!

 

 

                O Jainko, mundu guziak goresten zaituena,

                Irakas diezadazu zeure lege zuzena.

                Nik behintzat atsegin gehiago dut hartan

                Ezenez mundu huntako aberastasunetan.

 

 

                Piarresi ziozkan guretzat Jainkoak

                Atxikitzerat eman argi fedezkoak;

                Argi berak dagozka haren ondokoak

                Munduko goibeletan ezin histuzkoak,

                Orai, hastean bezein, garbi ta osoak.

 

aurrekoa hurrengoa