www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III — KAPITULUA

 

Aita-Sainduaren erregetasuna

 

Nolako kargua duen Aita-Sainduak.— Kargu horren bethetzeko, libro behar da.— Aita-Saindua, gobernamendu baten esku-pean, gathetan.— Erregetasun hori, ez da Aita-Sainduaren probetxutan, bainan bai gurean.— Hori gabe ez laiteke nihon sosegurik.

 

        Eskualdun gazeta bi aldiz ederki mintzatu da Aita-Sainduaren erregetasunaz. Bi kapitulu hotan hitzez hitz emaiten ditut harek aiphatu xehetasunak.

        I.— Guziek badakite zer kargu duen Elizan Aita Sainduak. Aita Saindua da Eliza guziaren gidari soberano eta ezin bertzezkoa: hari datza, arimen gobernatzea, kontzientzien argitzea, indar emaitea ongiari eta egiari, gezur eta gaxtakeria guzien kontra. Jesu-Kristok hortako du ezarri bere Bikariotzat lurraren gainean; eta beraz Elizak eta Elizaren menbro guziek harenganik behar dituzte Erlijione Sainduaren argi eta irakaspen garbiak.

        Bixtan da, kargu handi horren bethetzeko, Aita Sainduak behar duela osoki libro bere egon-lekhuan; nola bertzenaz adiaraz bere irakaspenak eta helaraz munduaren bazter guzietarat? Libro ez bada, nahi duenean eta nahi duen bezala mintzatzeko, alfer dire Jesu Kristorenganik dauzkan dretxo eta dohain guziak, ez dezake Eliza goberna, ez dezake bere kargua bethe.

        Aita Sainduak segur balu libertate hori bere karguko egitekoetan, ez luke batere erregetasun beharrik, eta hobe baizik ez laiteke. Bainan nola izan libro, ez balin bada den tokian nausi eta errege? Orotan nausi bat bada. Aita Saindua ez bada bera nausi, bertze bat izanen da eta orduan Aita Saindua haren meneko. Ikhusten duzue, alde batetik Gobernamendua bere indar guziekin, hura nausi, harek manatzen, eta ez nahi Aita Sainduak deus ere egin edo erran dezan haren desgogora ditekenik; bertzaldetik, Aita Saindua Gobernamendu haren eskupean, eta kontzientziaz hertxatua mintzatzerat, ez Gobernamenduak nahi bezala, bainan bere eginbideak manatzen dioenaren arabera? Laster erran lesoke Gobernamenduak: «Ago ixilik; ni nauk nausi, obedi nezak,» eta Elizaren buruzagiak, edo ez luke batere libertaterik, edo bakharrik izariz eta ahal bezin guti, gobernamenduak utz lezokena. Aise lituzke hetsiak Elisari bere irakaspenen helarazteko bideak.

        Arrozoin handirekin dio beraz gure oraiko Aita Sainduak, Elizaren buruzagiaren libertatea bere karguko egitekoetan segurtatua izaitekotz, bera behar dela bere egon-tokian nausi eta errege, ez dadientzat nehor izan, ez errege, ez enperadore ez Errepublika, bortxa egin dezokenik berari, edo harekin Elizaren gobernioan phartalier direnei. Hitz batez, Aita Sainduak ez du behar, bera dagon lurretan, nehor bera baino nausiagorik; bertzela ez daiteke libro bere buruzagitasunaren karguaren bethetzeko.

 

        II.— Ez uste izan, zonbeitek amestu duten bezala, erregetasun tenporaleko hori Aita Sainduaren abantailetan dela, eta haren goresteko bezala. Ez, Aita Sainduak ez du goreste beharrik, handienak baino handiago da, eta gorenik direnak baino gorago altxatua, Elizaren buruzagi gisa daukan kargu paregabeaz.

        Errege behar da, ez beretzat, bainan Elizaren eta arimen onagatik, zeren girixtino katoliko guzien onak baitezpada nahi baitu ez dadien, bere karguko egitekoetan, nausiago batez izan trabatua.

        Emagun ezen Aita Saindua gobernamendu baten meneko. Zertan gintezke, gu katolikoak gobernamendu harek trabatzen balitu haren irakaspenak? Eta ez balitu ere trabatzen, nondik ginduke segurtamena irakaspen hek ez ditezkela, gutiago edo gehiago, gobernamendu haren gogorat arrimatuak zerbeit edo emendatuz, edo mendratuz? Bethi behar ginuke traba edo enganio zerbeiten beldur izan. Eta orduan nola fida handikako irakaspenei? Nolako dudamenak eta hersturak kontzientzietan, ez jakinez non den egia, eta non ez! Aita Sainduaren irakaspenetan fidantzia osoa izaiteko, ez da aski libro izan dadien; guk behar dugu bertzalde osoki segur izan nehork ez diola ez bortxarik, ez trabarik egiten. Segurantza hori ez baginu, bethi beldur gintezke tronpatuak izan; eta bai aphezhikuak, bai munduko katoliko gukiak, aurkhi litazke artzainik gabeko arthalde baten pare.

        Hortik kontzientziak errebelatuak, nahasiak, ilhunbe belzetan; fedea bera, eta harekin Eliza, irrisku handitan. Zonbatek ez lukete nahi obeditu bertzen meneko Aita Saindu bati! Zonbat gobernamendu onhets ez lezaketenak bertze gobernamendu baten eskupean litekenari! Hori bera aski eta frango hainitzen fedea khordokatzeko eta galtzeko.

        Beraz, ez ditekenaz geroztik, ez sosegurik katolikoen kontzientziarentzat, ez segurantza osorik fedearentzat, non ez den Aita Saindua osoki libro bere karguko egitekoetan, guziek badugu dretxoa galdetzeko eta ardiesteko gure Aita Saindua libro izan dadien, eta hargatik errege, ez baigaitezke bertzela segur izan egiazki libro dela.

 

aurrekoa hurrengoa