www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V — KAPITULUA

 

Erlisionearen etsaieri
buru egin behar diotegu,
eta guhaur bizi behar gare
haren irakasmenen arabera

 

Denbora hok, denbora hitsak.— Erlisionearen zuzenak hazkarki atxiki behar ditugu.— Asko badire, hortan ukho egiten dutenak.— Aitzakia edo estakuru funtsgabeak.— Elhez baino ere hobeki, obraz behar dugu gure Erlisionea goretsi.

 

        Bai eiki, Eskualdun maiteak, denbora auhendagarrietan bizi gare; gaxtakeria, eta gaxtakeria guziak, burua gorarik dabiltza bazter guzietan. Makhur lotsagarrienek berek galdu dute gizonen begietan datxikoten ahalgea. Eta makhur hetarat largatzen direnak, atrebitzen dire hetaz berez espantu egiterat: irri-farretan ohapaldika eta ostikoka dabiltzate Jainkoa, Eliza, Aita-Saindua, Aphezak, Sakramenduak.

        Hori da gure ondikozko denbora haukien desarrimu izigarria, eta ezin erran bezalako gaitz-uhaldez leizeari behera osoki galtzerat laster eremanen gaituena, baldin Jainko ona ez bada gutaz urrikaltzen.

        Zer egin behar du holako orduetan girixtino leial, bere Erlisionea behar bezala maite duen batek? Khar saindu batekin altxatu behar da Jainkoaren zuzenen alde. Ez, orduan ez da ixilik egoiterik, ez-eta nihorendako ikhustatez ukho egiterik Erlisionearen bidegabetan.

        Jainkoak ez du xoilki galdatzen bihotzez eta barneko estekamenduz harenak izan gaitezen. Gehiagorik nahi du. Nahi du kanporat ere holakoak ager gaitezen. Gizonen aintzinean hartaz ahalge izaitea bera askiko da bethiereko zorigaitzerat erortzeko.

        Hortik, Jesu-Kristori lekhukotasun emaiteko eta haren alde mintzatzeko eginbide hertsia, norbait kausitzen denean gaizki hertsatua bere sinestearen gainean. Zer-nahi gerthatuko balitz ere, zorigaitz eta ondiko guziak ekharri behar balitu ere, gaizki handi bat laiteke ordu hetan, ez bakharrik Jesu-Kristoren eta Erlisionearen kontra mintzatzea, bainan oraino ez alde mintzatzea, ixilik egoitea.

        Ez, hori gabe, alferretan diozu, zure buruari ere alferretan sinetsarazi nahi zinioke, Jesu-Kristorena zarela. Oi ez, nausi goresgarri harek ez du nahi holako zerbitzari lazo, ezaxolatu, hari darontzon gauzetan batere sartzen ez denik. Berak erraiten derauku, behar-orduetan haren alde agertzen ez dena, haren kontra dela; eta ukhazaile bati bezala behatzen dioela: Qui non est mecum, contra me est.

        Nolakoa da beraz eta zoin izigarria hanbat eta hanbat kristauen ezaxolakeria Jainkoaren alderat eta Erlisionearen alderat!

        Plaza hetan, merkhatu hetan, ostatu hetan, bertze bilkhura hetan, hain ardura aditzen dire hizkuntzarik gaxtoenak, burla saminenak Elizako gauzen eta egintzen kontra. Bai, zonbat, bathaiatuak izan ondoan eta girixtino legean altxatuak, zonbat ez dire atrebitzen horrelako asko erasia sordies batzuen nola-nahika aiphatzerat?

        Eta askotan nihor ez da izanen elheketari ergel txar hekien ixilarazteko! Hortarik urrun, aditzale guziak, itxuraz bederen, erasle izurritsu hekien alde agertuko dire! Ai girixtino bihotzgabeak direla hek! Eta nola nahi dute Jainkoak begi onez beha diozoten? Nola nahi dute bere haur leialtzat iduk detzan? Berek hain indar guti, hain kopeta guti, hain axola guti dutenaz geroz haren ohorearentzat!

        Ordean, amarru handirekin asmatzen dituzte askok aitzakiak beren buruaren garbitzeko: Erasiak ibiliko dire, Erlisionearen alde agertzen banaiz: gaizki derasan harekin hautsi beharko dut; gaitzituko zaio nik kontrarik egiten badiot. Eta holako bertze hainitz estakuru.

        Oi Eskualdun maiteak, zertan izanen ginen gu orai, eta zertan izanen zen mundu guzia ere, Apostoluek holako aitzakiak aditu balituzte, beldurrez batarekin eta bertzearekin hauts? Eta zer diot? Jesu-Kristoz eta Ebanjelioaz deusik aiphatzea debekatu zioten, edo bertzela hilen zituztela guziak; eta hek are hazkarkiago errepikatzen zituzten Jesu-Kristo eta haren Ebanjelioa.

        Berdin egin dezagun guk ere.

 

                Behintzat nihor ez da handi egiazki,

                Ez badu sinestea beiratzen arthoski.

                Herritako jendetan prezagarriena

                Izaten ohi bethi Jainkotiarrena.

 

        Guti laiteke Erlisionearen gure elhez laguntzea eta atxikitzea, ez baginu goresten eta ohoratzen gure bizitze garbiaz.

        Orduan bai, geronek artha balin badugu gure egin-molde guziak Erlisioneko egiekin adosteko eta berdintzeko, etsaiak berak bortxatuko ditugu gure sinestearen ederresterat. Horrek, emeki eta denborarekin bederen, suntsi dezake hekien bihurridura. Ekhar detzazke Jainko-legearen onesterat, haren maitatzerat, haren besarkatzerat eta haren arabera berak ere bizitzerat.

        Hain handia da ikhusbide edo etsenplu onaren indarra! Hortakotz erraiten zioten Jesu-Kristok bere Apostolueri: Zuek zarete munduko argia; eta beraz argi zazue gizonen ainzinean, ikhus detzazten zuen eginkari onak, eta eginkari horiek ederretsirik, ospe diozoten bihur zuen Aita zeruetan denari: Ut videant opera vestra bona et glorificent Patrem vestrum qui in coelis est.

        Hitz horri jarraiki dire Apostoluak, eta ondoko mendeetan Ebanjelioko argia toki arrotzetarat ereman dutenak. Mintzo ziren, bai eta Jainkoaren berri ona goraki aiphatzen eta errepikatzen; bainan urrunago ere bazoazin, beren elheak eginkari sainduez finkatzen zituzten; eta predikuek baino ere, eginkari hek indar gehiago bazuten arimen hunkitzeko eta onerat aldarazteko.

        Bertzela egiten badugu, gisa batera badugu sinesten eta bertze gisara bizi bagare, zer bidegabe ez diogu eginen gure Erlisioneari? Nola behatuko diote legez kanpokoek? Behatuko diote gizonen asmakailu bati bezala, amets bati bezala. Ezen usteko dute geronek ere ez ditugula zinez Ebanjelioko egiak sinesten. Gure sinestea hartuko dute erasia funtsgabe batentzat, eta guhau hartuko gaituzte mundu enganatzaile batzuentzat.

        Badakit legez kanpokoek gaizki eginen dutela gisa hortan asmatzea. Ezen, ororen buru, gure Erlisioneak duen Jainkozko ethorkia eta izaitea dena-den gelditzen da, gizonak nola-nahi bizirik ere. Bainan, ongi edo gaizki, hola erranen dute gure etsaiek, bai-eta Erlisione guti beizik ez dutenek.

        Fededunak ikhustea fedegabeak bezain minbera, jauzkor, samin, aspertzaile, munduari eta lurrari berdin josiak, ai! neke da erraitea horrek zer kalte handia egiten dioten legez kanpokoek.

        Eta horra zerengatik Apostolu handiak nahi zuen Elizako kargutarat altxatuko zirenak hain ongi hautatuak izan zitezen, non legez kanpokoek ere ez baitzuketen deus hekien kontra erraitekorik: Beldurrez-eta bertzelakoak balin baziren, makhur zitezen berak, eta bertze askoentzat ere izan zitezen behaztopagarri eta galgarri.

        Ikhusia da, eta aithortzen dut, eliza-gizonen hutsak kaltekorrago direla ezenez bertzerenak. Bainan ez da gutiago egia, ardurako giristinoek ere asko laidoetarat eta burletarat pharatzen dutela beren Erlisionea, noiz ere beren bizitzea ez baitute harek nahi bezala moldatzen.

        Errekeritzen zaitut beraz, irakurtzaile maitea, ongi ikhus dezazun Jainkoak zer emaitza guziz handia egin derauzun bere Erlisione sainduaz argitu zaituenean. Bainan hortik iduk zazu zure bizia izan behar dela alde guziz saindua.

        Jesu-Kristok mende galdutik athera zaitu, eta bere jarrailetzat, bere zeruko primu-kidetzat hautatu. Ez beraz gaur-gero munduari beha zure solasetan, jaunzturetan, libertimenduetan, bizi-molde guzian. Beha zakiosko bakharrik Jesu-Kristori, zure buruzagi on eta guziz goresgarriari.

        Harenganik ikhas zazu lurreko goratasunak eta gizonen aiphamenak arbuiatzen eta ordainez aphal eta ezti izaiten: cum omni humilitate et mansuetudine.

        Harenganik ikhas zazu mundu huntako nahigabeak, biziko gaitzak, lagunek egin nahigabeak amultsuki eta asaldatu gabe jasaiten: cum patientiâ supportate invicem.

        Harenganik ikhas zazu jende bihurri gaitzenekin ere bakean bizitzen, amor egiten diozutelarik, eta hola guziekin izpiritu bat eta bihotz bat izaiten: Solliciti servare unitatem spiritus in vinculo pacis.

        Hitz batez, alde guziz molda zaite Jesu-Kristoren gainean, eta hartaz jauntz eta bezti zaite, hura bera bazine bezala biziz: Induite novum hominem, in sanctitate veritatis.

        Hori da Jesu-Kristok gureganik igurikitzen duen lekhukotasuna eta hola dugu gure Erlisionea zinez goretsiko.

 

aurrekoa hurrengoa