www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI — KAPITULUA

 

Aita Garat, Hazparneko
misionesten asentatzailea

 

Garat Pikasarri, Erlisionearen goratzalle eta hazkartzaile.— Aita Garaten arbasoak.— Maiz goguetan dago.— Erreboluzione handia.— Pikasarri soldadu Harizpe Jeneralarekin.— Erlisionearen hersturek Garati emaiten dioten bihotzmina.— Aphezten da.— Garat predikari.— Hazparneko erretorak hainitz maite du.— Erretor hori nor zen.— Garatek zer ongiak egin dituen Hazparnen.— Nola misionestak biltzen eta asentatzen dituen.— Harei kharra eta larderia.— Eritzen da.— Herlotze saindu bat egiten du.

 

        Azken kapituluan erran dut: «Apostoluak Erlisioneaz ausarki mintzo ziren, Jainkoaren berri ona goraki aiphatzen eta errepikatzen zuten; bainan urrunago ere bazoazin, beren erranak finkatzen zituzten eginkari sainduez; eta predikuek baino ere eginkari hek indar gehiago bazuten arimen hunkitzeko eta onerat aldararazteko»

        Eskual-Herrian ere horrelako gizon bat izan dugu. Gizon horrek Erlisionea bere hitzez ala bere eginkariez hainitz goratu eta hazkartu izan du gure eskualde hotan; eta noiz? denborarik gaxtoenetan, Erreboluzione handitik lekhora, gure Eliza katoliko maitea frango etsai eta traba gaxtoez gudukatua zelarik.

        Gizon hori zen Garat Pikasarri. Eskualdun egiazko guziek ikhusbidetzat hartu behar lukete, amoreagatik hura bezala Erlisionearen alde ager ditezen bethi beren elheetan eta beren eginkarietan. Hortakotz nahi diotet erran nor eta nolakoa zen Garat Pikasarri.

        Jan-Batista Garat Hazparnen sorthu zen, uztailaren zazpian, hamazazpi ehun eta hiruretanhogoi eta hamahirurean (1773).

        Etxalde aiphatua zen Garaten sor-etxea, Pikasarria, eta jendeen aho-mihitan Pikasarri zen bethi haren ardurako izena. Egungo egunean ere Pikasarria da etxalderik ederrena Minotzeko eskualdean, bai eta kasik Hazparne guzian.

        Goragodanik eman nahi ditut hemen xehetasun zonbait etxalde hortaz.

        Hamasei ehun eta hogoi eta hamarrean (1630), etxe hortako Jaunek beren deithura zuten etxearen izena bera: Pikasarri. Handik hogoi eta bi urtheren buruan, hamasei ehun eta berrogoi eta hamabian (1652), aldatu zuten beren deithura zaharra. Ezen orduan Pikasarriko anderegaia, Garaxane Pikasarri, ezkondu zen Piarres Harizpe Harizpeko etxeko-seme batekin.

        Hekien semea, Piarres Harizpe, ezkondu zen Dominika de Lambert deitzen zen etxeko- alaba batekin, zoinaren anaia, Piarres de Lambert, izatu baitzen Garaziko Bikario-Jenerala.

        Dominika Harizpe Pikasarriko anderegaia ezkondu zen, hamasei ehun eta lauetanhogoi eta hemezortzian. (1698) Joanes Elhuyar, Elhiarreko seme batekin. Ezkontza hortarik izatu ziren hameka haur. Haur hekietarik bat, Maria Elhuyar, sorthua hamazazpi ehun eta zazpian, ezkondu zen Migel Etxebertz Sohano Etxeberriko primuarekin; eta haren anaia, Joanes Elhuyar, hamazazpi ehun eta hamazazpian sorthua (1717), Aphez egin zen; Akizen ordenatua izan zen, hamazazpi ehun eta berrogoi eta lauean (1744).

        Hekien anaia, Pikasarriko primua, Piarres Elhuyar, ezkondu zen Juana Fagalde Barrandegiko etxeko alaba batekin, hamazazpi ehun eta hogoi eta hamabian (1732). Bainan ez zuten haurrik izan eta egin zuten Pikasarriko anderegai Etieneta Etxebertz beren iloba, Sohano Etxeberriko anderegaia. Halako moldez non Etieneta Etxebertz gerthatu baitzen denbora berean Etxeberriko eta Pikasarriko anderegai.

        Hamazazpi ehun eta hiruretanhogoi eta bederatzian, (1769), Etieneta Etxebertz hori ezkontarazi zuten Marti Garat Pitresteiko etxeko-semearekin.

        Ezkontra hortarik atheratu dire zortzi haur, eta hetarik bat izan da Jan-Batista Garat, Hazparneko misionesten lehenbiziko buruzagia.

        Jaundone Batista handiaz bezala, gure Jan-Batista huntaz ere erran ziteken: Eta zu, haurra, deithua izanen zare Jaungoikoaren profeta, ezen Jaunaren begithartearen aitzinean joanen zare haren bideen aphaintzeko; emanen diozu salbamenduaren ezagutza haren populuari, bere hobenen barkhamendutan; argitzeagatik ilhunbetan eta heriotzearen itzalean jarriak daudezenak, bakerako bidean bidatzeko gure urhasak.

 

        Horiek hola, nolakoa atheratu othe zen gure Jan-Batista Garat?

        Laneko ez zen berua eta munduko barheiamenduetarat ekharria zen; bainan hargatik tiesoa eta maiz goguetan, hainbertzetaraino non bere arrebek gaizkika noiz-nahi erraiten baitzioten: Utz zaitzik goguetak eta eman lanari!

        Emeki-emeki gogueta horiek osoki aldatu zioten bihotza. Sukhar batek, ezin-egon batek, barne guzia itzulikatu zion. Gauaz ez zuen lorik, jatea ere askotan ahanzten zuen.

        Eta azkenean higuindu zuen mundua eta aphez egiteko gogoa hazkarki lothu zitzaion; eta geroztik are gehiago eman zen bildutasunari eta ixiltasunari.

        Ez zen hortan baratu.

        Baizik eta behar zuela bere baithan borhatu gizon lurtiar barheatua, eta aldiz, aphezguarat hobeki heltzeko, arraphiztu bathaioko graziaren hazi ona, zinez lothu zen penitentziari.

        Uda oso batez, kanpo lanetan ari zelarik aintzina, barur hertsi bat egin zuen. Bere ama gaixoa urrikaltzen zitzaion, eta maiz oihuka bertzeak baino lehen bazkariterat ekharrarazten zuen.

        Jainkoak ordean ez zion Jan-Batista gazteari denbora luzez utzi bere Ama maitearen onduan egoiteko atseginik.

        Denbora hetan Frantziako erresuma ederra azpizgora itzulikatua zen eta osoki nahasia. Errege guzietarik eztiena eta amultsuena, — sobra ezti eta amultsua, ezen borthitzago izan balitz, bere eginbideak hobeki betheko zituen eta bere erresuma gaxtaginen errabiatik zainduko zuen; beraz errege hori, Luis hamaseigarrena, lehenik preso atxiki zuten eta gero hil. Berdin hil zituzten Maria-Antoaneta Frantziako erregina, eta printzesa Elizabeth, errege Luisen arreba; eta hek bezala hainitz eta hainitz artxaphezpiku, aphezpiku, aphez, fraide, serora, aitoronseme, andre handi, gizon eta emazte Jainkotiar. Parisen berean hogoi eta sei miletaraino holaxet hil zituzten. Zer erran bada Frantzia guzian hil zuten jende elemeniaz?

        Desmasia ikharagarri horiek ikhustearekin, auzoko erresumak izitu eta asaldatu ziren. Ikhusi zuten hetaz ere akhabo zaitekeela laster, baldin ez bazuten, elgar adituz, Frantzian berean kalitzen Erreboluzioneko suge borthitz ifernutiar hori. Hortik jazarri zitzaizkon Frantziari asko harmada: Angletarreko, Holandeko, Autrixiako eta Espianako harmadek bethan sethiatu zuten alde guzietarik.

        Eta nola herria bethi herria baita eta etsaiak aldiz bethi etsaiak, Eskualdunek buru egin zioten Españolari.

        Bazen orduan Garaztar gazte bat, Baigorriko semea, Joanes-Isidro Harizpe. Ez zituen oraino hogoi eta bortz urthe beizik, hainan buru onekoa zen, ernea, suharra, hazkarra, ausarta, bihotzduna, deusen beldurrik ez zuena.

        Zer egiten du? Entzun duea bai Españolak jazarri zaizkola Frantziari, bere herritarrak biltzen ditu; eta nola Gobernamenduak ekharri baitzuen soldado behar zirela hemezortzi urthetarik eta berrogoitarainoko gizon guziak, Eskualdun hainitz jarri ziren Harizpe gaztearen menean.

        Hazparne Pikasarriko semeak ez zituen hemezortzi urthe beizik. Ama gaixoak ez zuen aise utzi ez Baigorriko eskualde hetarat, ezen haurra zen oraino eta osagarri ttipikoa. Bainan, dio erran zaharrak, nigarrik gabe ez da bizitzerik. Ai hori egia dela ama gaixoentzat! Pikasarriko etxeko-andreak ere utzi behar izan zuen bere seme maitea joaiterat soldado.

        Jan-Batista Garatek gerla denboran egin zuen beraz bere soldadogua.

        Ez dakigu ikhusgarri handirik agertu zuenez; berak ere ez omen du behinere balentria handirik aiphatu bere orduko eginkariez. Zer-nahi izanik, haren arimak ez zuen gerla hartan deusik irabazi. Barheiatu zen haren gogo guzia eta munduko asmukerietarat osoki haizatu.

        Etxerat itzuli-eta, jarri zen Hazparneko gazteriaren buruzagi. Besta, dantza, pilota-partida, orotarat hotsemaile zuten guziek Pikasarriko semea.

        Halarik ere ez du sekulan agertu deus tzarkeriarik, ez bere eginkarietan ez-eta bere elheetan. Jarraikia zen bethi othoitzari, etxekoek ere larderiatzen zuten, eta bestalde bazuen murga puska bat, eta deusetan truk ez zuen nahiko bere burua aphaldu eta gutietsi jendearen begietan, largatuz bere bihotza lizunkeriari. Ez, sekulan!

        Denbora hetan gidamendu baten hartzeko gogoa izan zuen, bainan nola Jainkoak bere aldaretako hautatua baitzuen bethidanik, alferretan izan ziren ezkortzeko haren asmu eta entseguak.

        Eta azkenean ethorri zen Jainkoaren aldia.

        Erran dut goraxago nola Jan-Batista gazterik ere maiz oro gogotatua zagon. Bere baithan hola usu sartzen dena, Jainkoak goiz edo berant segur bilduko du. Gure arbasoek ez daukute ustegabean utzi elhe eder hau: Ago Jainkoarekin, Jainkoa dukek hirekin. Hola gerthatu zitzaion Pikasarriko etxeko-semeari. Bere jitez, bere bihotzeko behar batez, oren osoak iragaiten zituen bakharrik, othoitzean edo gogoeta onetan, eta handik landa bertze gizon bat zen. Egia da bai laster lerratuko zela berriz ere, galbide zerbait jitearekin, bainan Jainkoa nausitzen ari zitzaion geroago eta gehiago. Eta azkenean esteka gaxto guziak trenkatu zituen.

        Huna zertako zagoen Pikasarri maiz hola gogotaturik: bihotzmin handia zuen ikhusteaz Eliza katolikoa ezin altxatuz Erreboluzioneak egin kalte eta desmasien petik, eta hori aphez eskasean, seminarioak luzaz hetsiak egon zirelakotz.

        Goiz batez badoa kofesatzera eta ikhara batekin erraiten dio aphezari: Ene aita, aphez egin nahi nuke. Bainan kofesorak ez adituarena egiten du, deusik ihardetsi gabe uzten du gure etxeko-seme handia.

        Ez bide zen hau alegerarik gelditu! Eta bizkitartean on egin zion ahalge ttiki horrek; behinere baino hobeki bere baithan sarthu zen eta nigarra frango egin Jainkoaren aintzinean. Ai! geroztik utzi zituen bai bestak eta balentriak. Eman zen osoki othoitzari, barurari, bere buruaren kontrako bertze hainitz jazartze borthitzeri.

        Denbora puska baten buruan badoa berriz ere kofesatzera, eta lehen aldian bezala aphezari erraiten dio: Ene aita, aphez egin nahi nuke. Eta harek larderiarekin: Aphez! aphez! errex da erraitea, bainan izan behar da aphez ona, osoki ona!

        Irakurtzaile maitea, ikhusi dukezu behin edo bertze zaldi gazte hazkar bat hezten ari. Bizkarrean dueneko heztzailea, kalapita gorrian hasten da, jauzi hara eta jauzi huna, bazter guzietarat zalapartaka, izerdi uretan, begiak harmaturik, haguna ahoan, sudurretik hixtuz. Bainan heztzaileak bere belhaunen artean hazkarki tinkatzen du, zafratzen du azote kolpeka, eta azkenean zaldi borthitz hori gelditzen da oro akhiturik eta harriturik, dardar ikharan dagoela. Eta geroztik bildotsa bezain maltso eta ezti duzu.

        Hola-hola gerthatu zitzaion Pikasarriko gure etxeko-seme handiari. Borthitza zen jitez, bazuen ere bere murga suertea, herriko gazteriaren errege zen, besta guzietan hartaz beizik ez zen aiphurrik. Ai! ez bide zitzaion eder ez bere kofesorrak hoin idorki larderiatze hori! Bainan larderia horrek berak zuen hezi eta garhaitu gure gizona. Eta gehiagoko dudamudarik gabe, athera zen etxetik eta Hazparnetik, joan Ahetzeko jaun Erretorarengana eta han liburuetan hasi haur ttiki bat izan balitz bezala.

        Hori zen mila zortzi ehun eta bian, (1802). Garatek ordukotz bazituen hogoi eta bederatzi urthe. Eta denbora hartan Ahetzeko jaun Erretora zen Duhalde, geroztik Baionarat erretor jin behar zena, eta eskualdun liburu ederrenetarik bat, Meditazione handiak, egin duena.

        Horra beraz hogoi eta bederatzi urthetako etxeko-seme hori eskolan, abiaduratik eta aphalenetik hasten ditu aphezteko ikhasi behar diren jakitateak eta eginbideak. Ez ahal zen lotsarik gabe lothu holako lanari, ezen burua gogortzen da denborarekin eta nihork ez du hartze bera adin batetik harat. Eskoletako lanez asmatu zuten gure arbasoek erran zahar hau: Gaztek nahi bezala, zaharrek ahal bezala.

        Bainan nahikunde hazkarreko gizona zen Garat Pikasarri. Hasian-hasi, hazkarki borrokatu zen bere liburuekin eta iraun zuen azken urratseraino, aphezguaraino.

        Ahheztu zen mila zortzi ehun eta zazpian eta igorri zuten Uztaritzerat bikari (1807).

        Uztariztarrak laster ohartu ziren Garat Pikasarri ez zela ardurako gizonetarik, bainan bai baliosenetarik. Eta guziz ezagutu zioten alkhi saindutik mintzatzeko dohain berezi bat, eta denbora laburrez haren predikari fama urrun hedatu zen.

        Aphez batentzat arimen salbatzeko harmarik hazkarrena da ederki eta suharki predikatzea. Egia da Jainkoaren graziak behar dituela bekhatoreak hunkitu eta onerat aldatu, bainan hortakotzat graziak nahi du maiz elhe sainduaren laguntza. Erran zaharra da: Bera izanagatik langile ona, Jainkoak nahi du laguntzailea. Eta Jainkoaren laguntzaile hazkarrenetarik bat, zer dela uste duzu? Hura da predikari ona.

        Urthe batez Hazparneko jaun Erretorak bere Eliza-Bestako predikaritzat galdatu zuen, eta sekulan menturaz ez dute Hazpandarrek halako prediku sarkhorrik entzun. Ez zituen hitz bakhar batzu beizik erran herriko Patroinaz, Jaundone Joani-Batistaz; mintzatu zen bere buruaz, bere gazte denborako zorokeriez, bere espantuez, bere barheiamenduez. Eta nola urrikiaren kharrak emendarazten baitziozkan bere hutsak, erran ahala baino gehiago ari zen bere buruaren aphaltzen, osoki belzten, bulharrak joiten zituela eta begietarik nigarra zariola.

        Eta elizako jende guzia nigar hipetan, halako moldez non azkenean ez baitzen gehiago predikaria entzuten ahal. Oi zer kofesioa! aithorlearentzat baino ere gehiago populu handi batentzat osoki baliatu zena!

        Predika alkhitik jeustearekin erran zioten: Ene herritar maiteak, aithortu darozkitzuet ene bekhatuak diren bezala; hemendik goiti zuenak aiphatuko ditut, hekien gudukatzeko eta zuen salbatzeko.

        Geroztik ere Hazparneko jaun Erretorak maiz bere herrian predikatzerat jinarazten zuen Uztaritzetik, bai eta bere Bikaritzat galdegin zuen Baionako Aphezpikuari.

        Pikasarriko apheza hoin maite zuen jaun Erretor hori Garaztarra zen sortzez, Zaro Ithurbideko semea. Hamazazpi ehun eta hogoi eta zortzian (1738), maiatzaren hogoi eta hirurean sorthua apheztu zen hamazazpi ehun eta hiruretanhogoi eta hirurean (1763), maiatzaren hogoi eta zortzian. Lehenik izan zen Baionako Aphezpikuteian Segretario, handik landa Urruñako erretor, gero denbora berean Hazparneko erretor eta Baionako jaun Aphezpikuaren Bikario-Jeneral.

        Baionako Bikario-Jeneral bezala Nafarroko biltzarretan agertu eta jarri zen bertze Garaztar aphez batekin; eta hau zen jaun Eyharabide, Azkaraten sorthua eta orduan Donaistiko erretor eta Akizeko Bikario-Jeneral zena.

        Zaro Ithurbideko seme eta Hazparneko jaun Erretor horrek izena zuen, Martin Etxeberri. Frantziako erreboluzione edo nahasmendu handiaren denboran ez zen Espainiarat agertu beizik; bere sor-herrian, Zaron, iragan zituen egun lotsagarri hek. Handik noiz-nahi Hazparnerat heldu zen, eta gordeka egiten zituen bathaioak, ezkontzak, erien ikhusteak, bere arthaldearen onetan Erretor batek orduan egiten ahal zituen urrats guziak. Eta gero, gaxtaginak sobra ohartzen zirenean haren ibiltze saindu horiez, berriz ere Zaro Ithurbiderat itzuliko zen eta han gorderik egonen.

        Jaun hori ez zen aphez bakharra Zaro Ithurbidean. Harekin baziren berze hirur, guziak etxe bereko semeak, Ithurbideko haurrak. Hek ere sor-tokirat biltzen ziren, bakhotxak erretor bezala bere arthaldeaz ahal ziren artha guziak hartu ondoan.

        Ez daiteke erran lau aphez khartsu horiek zer ongia egin zuten Zaroko herri ttikiari. Gau guziez meza erraiten zuten Ithurbideko ezkaratzaren gaineko sala handi batean; eta jiten ahal ziren jende guziak han ziren bethi, eta gehienek zortzitik bederen egiten zuten komunione saindua.

        Erraiten ahal dut herri ttiki hori orduan oro sutan zagoela Jainkoarentzat. Huntarik ageriko da. Igande guziez, nihor aphezik gabe, ezen aphezak ez ziren agertzen ahal; deus egitekotz, gauaz eta gordeka egin behar zuten; — beraz Igandetan jende on hek elizako izkila joiten zuten meza nausiko eta bezperetako. Goizean elizarat oro bildurik kantatzen zuten meza burutik buru, bai-eta Prefazioa eta Paterra; kontsekrazioneko denboran apheza han izan balitz bezala, sagara joiten zuten eta guziek othoitz berezi bat erraiten ukhurturik eta ahopetik. Eta berdin arratsaldean izkila joiten zuten, elizarat oro biltzen, eta bezperak burutik buru elgarrekin kantatzen.

        Aphez juramentatu bat igorri zioten, bainan agertu zeneko joan behar izan zen ihesi. Gizonek bezain ongi emaztekiek ere harrikatu zuten eta herritik feratu. Eta Jainkoak ere gaztigatu zuen aphez gaxto hori, ezen handik laster, haritz handi batzuen kaskoan uso-ihizlari baten etxolara igaitearekin hil zen kolpez. Hori gerthartu zen Poxinbordako oihanean, Donianeko hiritik hurbil.

        Xehetasun horiek frangotan khondatzen aditu izan ditut ene oseba baten ahotik. Oseba hura zen Jan-Batista Arbelbide, Baionan kalonje hil izan dena, Etxeberri Hasparneko jaun Erretoraren iloba propia. Hunenganik entzunak zituen berri horietarik asko, eta berze hainitz berak ikhusiak.

        Garat Pikasarri Uztaritzetik Hazparnerat bikari bezala jin zen mila zortzi ehun eta hamalauean.

        Ethorri orduko, hazkarki jazarri zen bere herritarren makhurkeria guzieri, eta zortzi urthez ez zen baratu oihu egitetik, bethi sutan eta khaldan, arimen salbatzeko lehiaz oro hartua. Hazparne azpizgora gaizkitik onerat itzuli zuen. Erran dut gaizkitik, eta bizkitartean ez dugu uste izan behar Hazparne orduan ere herri galdu bat zela, ez. Bainan zonbat lazakeria eta barheiamendu! Peñan, Zelhain, Elizaberrin eta Xolahotxen, dantza bazen igande guziez. Hortarik beretik ageri da zer kaltea ahal zaiteken arimetan.

        Pikasarriko aphezak gerla finki egin zioten gaitz horieri. Emeki-emeki dantza guziak erori ziren, jendea sakramenduetarat hobeki lehiatu zen, Jesusen Bihotz-Sakratuaren debozionea handizki hedatu zen. Ikhusi ziren asko muthil gazte eta neskatxa gazte, orduarte munduari emanak, itzultzen osoki Jainkoarenganat, kofesatzen zortzitik, sekulan ez gehiago agertzen plazetara, bizitzen komentuarrak bezala bethi etxean edo elizan.

        Jakiteko da aphez khartsu horrek ez zituela holako ongiak egin nahigaberik eta trabarik gabe. Erran dut berze liburu batean: Handik edo hemendik debruak bere ostikoa eman behar du Jainkoaren lanari. Eta bethi badire jende khexu, jende bekhaizti, jende atrebitu asko, ez baitute bertzerik nahi baizik ere bazterrak nahastea eta makhurtzea. Jende mota horiek debruaren egiazko langileak dire. Gaxtakeriako bethi suhar eta kopetadun, ez dute Jainkoaren ez ifernuaren beldurrik. Ongi egile guzien puxulu eta traba dire.

        Pikasarriko aphezak ere izan zuen beraz nahigabe frango, bainan ez zioten kasurik egiten, aintzina zohan bethi Jainkoaren lanetan, hazkarrik eta alegerarik.

        Hazparnen zortzi urthe iragan zituen bikari bezala. Eta gero, mila zortzi ehun eta hogoi eta bian (1822) Misionest etxe baten altxatzeko gogoa hartu zuen.

        Goraki erran dezaket hemen Aita Garatek ez zezakela deus hoberik asma Eskualdunen probetxuarentzat. Ezen, egia balin bada misioneak edozoin denboretan ere ongirik baliosenak direla arimentzat, are hobeak, bai eta osoki beharrak ziren orduan, Erreboluzione handitik landako egun hetan. Asko urthez elizak hetsirik egon ziren, aphezak khendu eta desherritu zituzten; nihon mezarik, predikurik, sakramendurik; izaitekotz ere, han hemenka, bakhar zonbait gordeka eta ilhunbetan, bainan deus funtsezkorik ez. Arimak beraz behartuak ziren osoki.

        Bai, diot berriz ere, Aita Garatek ongirik handiena egin zioten Eskualduneri, misionest etxe bat altxatzearekin.

        Haren lehenbiziko Misionest lagunak izan ziren: Aita Intxauzpe eta bi diakre, Girez eta Gimon. Azken bi jaun gazte haukieri, ez izanagatik oraino aphez, Baionako Aphezpikuak eman zioten misionetan predikatzeko baimena, hain baitziren ordukotz argituak eta khartsuak.

        Geroxago jin ziren Aita Zarrote, Aita Pergilhem eta Aita Haranburu.

        Hastapenean Baionako seminario handitik hurbil hartu zuten beren egoitza, bainan utzi zuten laster eta joan ziren Larresororat. Han erosi zuten seminariotik gorago den etxe bat, Ithurriinea.

        Larresoron ere ez ziren osoki kokatu. Aita Garatek bazuen bethi bere sor-herrian jartzeko gogoa, eta bertzela ere ageri zen misionest etxe batentzat hobe zela Hazparne bezalako toki jendetsua, ezenez edozoin herri ttiki. Eta nola Eskualdunentzat asentatu nahi baitzuen misionest etxe hori, ez zezaken nihon ere hain ongi ezar nola Hazparnen, Laphurdiko eta Nafarre-Behereko hegian, eskualde guzietara berdin errexki heltzeko pharadan.

        Jainko maitearen nahia! Gure misionest berriak Larresoroko beren etxearen antolatzen eta gurbiltzen ari zirelarik, Hazparnen saltzeko gerthatu zen hek behar bezalako etxe bat. Etxe hura zen Landaburua.

        Aita Garatek bederatzi mila liberetan erosi zuen Landaburua, aldeko bere baratzearekin eta phentzearekin eta Arroltze-mendiko bere larrearekin.

        Jaurretxe apheza, geroztik Larresoroko seminarioan omonier hil izan dena, bikari zen orduan Hazparnen. Jaun horrek eman ziozkoten misionesteri kapera baten egiteko planak edo moldeak, hamabortz metre luzetasunekin eta sei metre largotasunekin.

        Hori zen hemezortzi ehun eta hogoi eta seian (1826).

        Arte hortan ere lana frango ibili zituen bere lagunekin, herriz herri, bazterrak oro inharrotsiz, hunkituz, onerat aldaratuz; bainan ez nahi bezenbat eta bere gogora, zeren-eta griña frango baitzabilan nihon ere ezin kokatuz bere misionesteia. Eta aldiz, Hazparneko etxea erosi eta antolatuz geroz, bertze lanik ez zuen predikatzea eta kofesatzea beizik. Ai orduan, zer lan baliosak, zer neke eta akhitze gozoak! Lehertuago eta hazkarrago, sosegurik ez zuen Aita Garatek; nahi zituzken bazter guziak kolpez eta berehala konbertitu, onerat itzuli.

        Nihork sekulan izan badu Erlisionearen hedatzeko, altxatzeko, mendekatzeko, hazkartzeko eta goresteko khar bizia, Garat Pikasarrik izan du. Lehenago Mathatiaz aphez handiak erraiten zuen bezala: Zertako sorthu naiz, Erlisione saindua bere etsaietarik ez zaintzekotz?— berdin Aita Garatek ere, ikhustearekin Erreboluzioneak arimetan egin zituen kalte ikharagarriak, erraiten zuen: Zer, gure Eliza katolikoa, gure saindutegia, gure edergarria, gure berregingarria, gure Erlisione guziz maitea, etsaiek jo dute; sinestegabek gezurrez eta tzarkeriez Eskual-Herrian ere goibeldu eta khordokatu izan dute; eta ni alferrik eta axolagabe egonen naizela? Ez! nik eta ene lagunek gure arbasoen sinestea altxatuko dugu, bihotz guzietan nausi eta errege ezarriren dugu.

        Eta holaxet Aita Garat bere lagunekin herriz herri zabilan, arimak elemeniaka argituz eta zerukotzat irabaziz.

        Bainan noiz egin da ongirik, etsai gaxtoak trebeskatu gabe? Hemezortzi ehun eta hogoi eta hamarrean gerthatu zen bigarren erreboluzione xirtxil bat; barheiatu zituen Frantziako misionestak, bai eta Hazparnekoak.

        Aita Garat bakharrik egon zen beraz misionesteian; haren lagun guziak barheiatu zituzten. Aita Gimon joan zen Betarramerat, eta han gelditu zen Aita Garikoitzekin. Aita Pergilhem igorri zuten Bastida-Klerantzerat erretor; aita Zarrote gisa berean Lekhoinerat. Aita Intxauspe joan zen Nayko Dominikanesetarat omonier, eta hala-hala Pabeko Ursulinetarat aita Haranburu.

        Erreboluzioneko kalerna gaxto hori iragan zenean, aita Zarrote itzuli zen bakharrik Hazparnerat. Bainan lagun berri zonbait jin zitzaizkon aita Garati:— Aita Deiheralde, hemezortzi ehun eta hogoi eta hamahirurean (1833),— Aita Etxeberri, hemezortzi ehun eta hogoi eta hamazazpian, (1837);— Aita Hiriart Eihalarrekoa, aita Hirigoien eta aita Kurutxet, hemezortzi ehun eta hogoi eta hemeretzian, (1839);— aita Kotiart, hemezortzi ehun eta berrogoi eta hirurean, (1843);— Aita Berho makaiarra, hemezortzi ehun eta berrogoi eta seian, (1846).

        Aita horiek guziek Erlisione sainduko hirur botuak egiten zituzten, eta bizi ziren elgarrekin Pobreziaren, Garbitasunaren eta Obedientziaren gerizan eta menean.

        Larderia eta ernetasun handia zuen aita Garatek etxeko erregelari xuxen jarraikarazteko bere jende guziak. Sehieri ere debekatzen zioten deus elherik aiphatzea arratseko othoitza erranez geroz. Eta behin baino gehiagotan ikhusi izan da hazkarki mintzatzen eta garrazki pharatzen, ohartuz geroz bat edo bertze erregelatik zeihartzen, izan zadien hura aphez ala sehi. Erraiten ohi zuen: Ogi gogorrari hagina zorrotz, adiarazteko, baldin jendea ez baditeke onez onean bide xuxenerat bil, bortxatu behar dela indarrez eta larderiaz.

        Beretzat are gogorrago zen. Garizuma guzian, abendo guzian, astezken eta ortziraile guzietan, barur egiten zuen eta bere gorphutza lizifrinatzen. Azken urthetara ezindua zen, sehiak behar zuen beztitu ala buluzi; eta hargatik orduan ere hartuko zuen egun hetan bere lizifrina.

        Gutun edo letra huntarik ageriko da aita Garatek bere burua zer garraztasunarekin zabilan. Hemezortzi ehun eta berrogoi eta batean, maiatzaren hamahirurean izkiribatu zion aita Gimoni:

 

        «Ene adiskide maitea,

        »Akhabo da nitaz. Leheneko eritasunetik borthitzago batek hartu nau, zangoa gaizkiago dut. Ai banu Pauloko Bixintxoren bihotzetik poxi bat, banuke zerukotzat uzta eder baten biltzeko bide! Bainan ondikotz! ez naiz baliatzen, ez dut ihardesten graziari, zoroturik nago sicut equus et mulus quibus non est intellectus, adimendurik ez duen zaldi edo mando bat iduri.

        »Jainkoarentzat idorturik, agorturik, eta ezindurik nago, bethi nere gorphutz ustel huntaz gogotatua. Ai urrikaltzeko garela, ez bagare zerukotzat gure adin lerdenaz baliatu!

        »Nahi nuke jakin zer zautzun ene bihotzeko griña batez. Garizumatik hunat gaizkiago dut ene zangoa, eta nik uste baruretik eta mehetik heldu zaitan hori. Ene zorigaitzetan, itsumendu berezi batek, —ez baitzen ni baithan lehena!— ekharri nau ene kofesorrari galdatzerat, duela hi urthe, astean bi barur egiteko esteka edo obligazionea.

        »Eta geroztik emendatuz dohazi ene herremeskeriak. Nahi nuke bada jakin zer heinetan esteka horrek barurtzerat hertsatzen nauen. Iduri zait ene gogoa zela ez barurtzea osagarriak jasanen ahal zueno beizik. Bainan ez dezaket nihonek har ene gain gehiago ez barurtze hori.

        »Egia da, ikhusiak ikhusi, banakikela bertzerentzat trenkatzen, bainan nihoni ixilik zuri nago. Ene baitharik gaitz laiket barur horien uztea, non ez nauen oheak arras beretzen.

        »Igorrazut othoi zer derrautzun zure zuhurtziak, aita Garikoitzekin elgar aditu-eta.

        »Zurea osoki Jesusen eta Mariaren Bihotz sakratuetan.»

                Garat.

 

        Emeki-emeki zangoetarik ezindu zen, eta geroztik utzi behar izan zituen kanpo herrietako misioneak. Bainan ordainez Hazparnen berean noiz-nahi mintzo zen behereko elizan ala gaineko kaperan. Herriko elizan behar zenean mintzatu, bere kaderan eremaiten zuten etxeko bi muthilek. Eta jakiten zutena bai harek behar zuela predikatu, zokho guzietarik elemeniaka heldu zen jendea, erranez Pikasarri da egun elizan predikari! Eta Eliza kokaala bethetzen zuten Hazparneko hegal guzietarik bildu jende horiek.

        Hemezortzi ehunetaberrogoi eta seian, primadera gaxto bat ari zen, arthoak ezin erein, eta ereinak ezin sor. Bihia arras khariotu zen. Eta bestalde zapataintza ere erori zen osoki. Ai laster bazterrak histu ziren, etxe gehienetan bazen eskasia eta herstura frango. Eta guziak baino ere beltzago zena, etxeko-jaun hazkarrenek elgar aditu zuten ogiaren eta arthoaren prezioa goratzeko izariz goiti.

        Jaun Lizardi zen orduan erretor Hazparnen, oraino berriki ethorria; eta ospe handitan egiten zuen Jesusen Bihotz-Sakratuko kongregazionearen edo elgartasunaren besta, ortzegunarekin, Besta-berri xaharrez.

        Egun hartan berean, goizarekin, aita Garatek entzuten du nola Hazparneko etxeko-jaunek elgar aditu duten bihiaren prezioa goratzeko. Ez dauke. Bezperak hasi direneko erraiten diote sehieri: Har ene kadera, elizarat ereman behar nauzue.

        Eremaiten dute beraz bi muthilek. Ordukotz eliza jendez bethea zen, eta guziak boztu ziren, Pikasarri behar zutela entzun.

        Predikuko tenora jin denean, mahin Saindutik itzultzen da aita Garat eta erraiten du: Ez naiz predikatzerat ethorria, jaun Erretorak predikatuko derauzue nik baino hobeki, galdatu diot bakharrik zonbait hitzen erraiteko baimena. Ikhusten duzue jende erromesa zer hersturetan den. Ofizialek ez dute lanik, arthua egunetik egunera goratuz doha, bazterretan hainitz labe ja ez dire gorritzen. Ai! zuek, aberatsak, go emazue Jainkoak ez zaitzazten fundi, jende gaixoaz ez bazarete urrikaltzen horrelako hersturan. Ez da zueri behatzen den lana, erraitea zer heinetan saldu behar duzuen ogia ala arthua, Auzo-aphezak bakharrik egin dezake hori...

        Harriturik bezala, bihiak beheratu ziren eta jendeak deskantsu poxi bat izan zuen.

        Hori izan zen aita Garaten azken atheraldia; handik zazpi ilhabeteren buruan joan behar zen Jainkoarenganat. Eta nola Jainko guziz on horrek nahi baitziozkan sariak zerukotzat emendatu, oinaze handiak igorri ziozkan.

        Bi zanguetara ekhartze handi bat jin zitzaion, halako moldez non bethi mainhuan bezala baitzituen oinekoen barnean. Azkenean zapata zolak oro zilho eginarazi zituen, ez zuen urratsik egiten hatzatzuz edo markatuz beizik.

        Aleza saindua ezin gehiago kaperan erranez, ardietsi zuen jaun Aphezpikuarenganik etxeko kolidor baten buruan emaiteko baimena. Bainan hortako ere ez zuen luzaz ahalik atxiki. Bere ganbarara eremaiten zioten goiz guziez komunione saindua; eta azkenean, goizeraino barurik ezin egonez, gauerditik berehala komuniatzen zuen.

        Oinaze handi horien artetik, zerurat landaturik zerauzkan gogoa eta bihotz guzia. Erraiten zioten bere arthazaileri: Arimak badire galtzen direnak zerua gutiziatu gabez. Oi nik gutiziatzen dut ene Jainkoaren laster ikhustea eta osoki maitatzea!

        Hemezortzi ehun eta berrogoi eta zazpian, urtharrilaren lauean (1847), arratseko hameka orenetan eztul bat egin zuen; hurbildu ziren beilariak, ohartu ziren lo zagoela eta kopetatik hasirik bisaian beheiti itxurak arras joaiten ari zaizkola; oihu egiten diote aita Deiharalderi, heldu da berehala eta azken absoluzionea emaiten dio. Hortan pausatzen da aita Garat, iratzartu gabe, zituelarik hirurhogoi eta hamahirur urthe, bortz ilhabete, eta hogoi eta zazpi egun.

 

aurrekoa hurrengoa