www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II — KAPITULUA

 

Aita-Saindua, irakasle ezin-enganatua

 

Arrazoin xoilak emaiten deraukun argi ezin ukhatua.— Ebanjelioak zer dion.— Jesu-Kristok erran hitzen xehetasunak.— Zer dioten San Hilariok eta Pio kardinaleak.— Jesu-Kristok othoitz egin du Aita-Sainduarentzat.— Batikaneko azken kontzilioaren irakasmena.

 

        Halako jaun gazte fatxatu bat, segurki uste baitut Ebanjelioa baino hobeki bertze libururik irakurtzen duela, eta Elizako ofizioetan baino maizago eta gogotikago bertze bilkhura hitsetan aurkhitzen dela; harekin beraz gerthatu naiz toki batean.

        Gurekin zen Etxeko Jaun laborari on eta gisako bat; ez izanagatik mila eskolatua, erne zuen izpiritua eta begia biphil.

        Jaun fatxatu hura gure Etxeko-Jaunari hasten zaio phikoka handik eta hemendik. Zer-nahi baderasa bereziki Aita-Sainduaz eta Erromako Elizaz, baizik eta ez dugula hekien beharrik, eta hek gabe atxik ahal dezakegula behar den sinestea. Eta bertze holako hainitz.

        Bainan, jaun horrek zonbat nahi fixti-faxta erabiliagatik, ez zuen lotsarazi Etxeko-Jaun laboraria. Gozo-gozoa eta irri eder batekin erran zion jaunxkilari:

        Gure Jaun Erretor xaharrak maiz errepikatzen derauku Jaundone Pauloren hitza: Jainko bat, bathaio bat, sineste bat.

        — Ongi, dio xapeldunak, nik ere frangotan entzun ditut hitz horiek; bainan zertako aiphatzen ditutzu hemen?

        — Zertako aiphatzen ditudan? Ez ahal zare itsu!

        Ez duzunaz geroz ikhusten, goazin baratxe, eta zarrozkit ontsa.

        Elizaren umeen artean sineste bat bera izan behar da beraz. Eta bizkitartean gure Erretorak Jaundone Pauloren bertze hitz bat ere aiphatzen derauku: Elizako umeen artean ere altxatuko dire irakasle gezurtiak, Kristok eman fedea khordokatuko dutenak.

        Eta errazu: Holako nahasduretan zer egin behar dute girixtinoek?

        — Egiazko sinestea iduki eta gezur guziak arbuiatu.

        — Ongi. Bainan nola ezagutuko dute zoin den egiazko sinestea eta zoin makhurra?

        Ikhusia da girixtino gehienak ez direla behexte horren egiteko gai. Hainitzek ez dakite irakurtzen ere. Miletarik bat ez laiteke sineste zuzenaren ezagutzeko berenaz on laitekeenik.

        Jainkoaren xedea eta Jesu-Kristok ezarri duen legea da, Erlisioneko gauzetan Buruzagi baten irakasmenez bida gaitezen, eta ez gure buruz.

        Eta zer diot? Hola-hola erran behar dugu, ez xoilki jende xeheaz eta ezjakinaz, bainan berdin eskolarik handiena dutenez Lutherrek eta Kalbinek ez omen zuten eskola eskasik ez-eta izpiritu eskasik. Eta bizkitartean gure Jaun Erretoraren arabera. Lutherrek ez zauzkan liburu batzu Iskritura saindutzat, eta Kalbinek bai. Eta bestalde Liburu Sakratuetako hitz beretan, batek ikhusten zuen xuri eta bertzeak gorri. Hortakotz bata bertzearen etsai ziren, elgar larrutzen zuten ederki. Batari ala bertzeari ongi zohakon gure erran zaharra: Oro, bere buruz bertzeak, derauzka gaizki erraileak.

        Badakusazu beraz, alde batetik gehien-gehienak ez direla egiazko sinestearen hautatzeko gai, eta bertze aldetik jakintsunen artean ere balaitekela buru bezenbat eta egun bezenbat erlisione: Lehen hala, orai hola, gero ez jakin nola, dio erran zaharrak.

        Bai, bai, ezinbertzea da, Jesu-Kristok utzi izan du bere Elizan ageri den Buruzagi bat, bera ezin engana daitekeena eta bertzeak ere ezin engana dezazkena fedeko gauzetan.

        Eta hura da Erromako Aphezpikua, Aita-Saindua. Harek ditu fedearen gaineko ezbaiak trenkatzen, ala jende xehearentzat, ala jakintsunentzat, bai eta Aphezentzat eta Aphezpikuentzat.

        Gure ardurako auzietan ere zer egiten dugu? Juje batengana goazi. Jujerik ez baginu auzi hekien trenkatzeko, bethi iraun lezakete, ezen auzilariek halako moldez itzulikatzen dute bakhotxak bere eskualdea, non, batak nola bertzeak, zuzenean dela iduri baitu.

        Are gehiago Erlesioneko gauzetan behar da Juje ezinenganatu bat, ezbai guziak trenkatuko dituena. Eskualdunak dio: Hobe da zuhur baten ustea, ezenez ehun espantu egilen sinestea. Eta hemen, egiazko zuhurra, Jainkoak berak argitzen duena, Erroman dago eta zuhurtzia guziak baditu. Irakasten derauzkigu, ez dudazko eta ustezko gauzak, bainan egia segurren-segurrenak. Hari jarraikiz, Jesu-Kristo berari jarraikitzen gare.

        Espantu egileak aldiz, beren burutik ibilkatzen diren fedegabeak dire; eta hekien elhek deus guti dute balio.

        — Hitz horietan khexatzen da xapelduna, hasten da oihuz, ahopaldi tzarra frango aurthikiz.

        Laboraria ez baitzen kalapita gose, irritto batekin agur egiten dio jaunxkilari, erraiten dioelarik: Jauna ez dut holako arrabotsik nahi. Orhoit zaite erran zaharraz: Untzia zonbatez hutsago, hanbatenaz osenago! Ixiltzea hobe duzu.

 

        Huna orai zer dion Ebanjelioak. Jesusek galdegin zioten bere dizipulueri: Jendeek nor dela diote gizonaren Semea?

        Eta hek ihardetsi zioten: Batzuek Joanes-Baptista, bertzeek Elias, bertze batzuek aldiz Jeremias edo Profetetarik norbait.

        Jesusek orduan: Eta zuek nor naizela diozue?

        Simon Piarresek bizi-bizia: Zu zare Kristo, Jainko biziaren Semea.— Eta Jesusek: Dohatzu zare, Simon, Joanesen semea, zeren hori ez baiterauzute haragiak eta odolak irakatsi, bainan bai ene Aita zeruetan denak. Eta nik darrotzut zuri, Piarres zarela, egiazko harria, eta harri horren gainean bermatuko eta asentatuko dudala ene Eliza, eta ifernuko indar guziek ez dutela sekulan garhaituko. Eta zuri emanen dorozkitzut zeruetako zeruetako erresumaren gakhoak; eta zer ere baituzu estekatuko lurraren gainean eta hura bera estekaturik egonen da zeruan; eta zer ere deslothuko baituzu lurraren gainean eta hura bera deslothurik egonen da zeruan.

        Jesu-Kristoren hitz horiek goraki eta argirik handienean erraiten deraukute ezin-enganatuak direla beren irakasmenetan Jaundone Betiri eta haren ondoko Aita-Sainduak.

 

        Harria zare zu, eta harri horren gainean asentatuko dut ene Eliza, eta ifernuko indar guziak ez zaizko sekulan nausituko.— Beha zakozu, mendiaren erraietan eta itsaso-hegian, harroka handiari; alde batetik bizkarrean jasaiten du mendiaren goratasun eta zabaltasun guzia; bertze aldetik buru egiten du itsasoko uhinen borthiztasun eta jazartze guzieri; eta hura sekulan ez demendrenik higitzen! hura bethi han, toki berean, hazkar eta tieso!

        Hola-hola dago Erromako Aita-Saindua, alde batetik sorbaldetan ekhartzen duela Eliza guzia, eta bertze aldetik buru egiten duela etsai muthiri guzien errabiari.

        Horra laster hogoi mende Piarresek eta haren ondokoek jasaiten dutela Elizaren karga eta ifernuaren oldarra. Eta arte hortan zonbat heretiko, zonbat xizmatiko, zonbat inpio, zonbat buru makhur, ez zaizkote jazarri? Ifernuko seme horiek guziek zonbat aldiz ez dute nahi izan gezurra nausiarazi eta egia itho?

        Bainan bethi Erromako Aita-Sainduek egia ilhunbetarik behexi dute, artharekin zaindu dute, lurreko lau bazterretan errepikatu eta goretsi dute. Itsasoak bai kalapita frango ibiltzen, ur handiak noiznahi borthizten, munduko indardunak farfailetan jauzten eta borroka lotzen: eta guziengatik harroka hura ez higitzen, Aita-Saindua egiaren ozka xuxenetik behinere ez den-gutiena zeihartzen.

        Nondik heldu da hori? Heldu da, ez gizonaren argitik edo indarretik ez, bainan Jainkoaren laguntza berezi batetarik, Jesu-Kristok berak Aita-Sainduari hitzeman dion laguntzatik.

        Eta gero: Zuri emanen darozkitzut zeruetako erresumaren gakhoak; eta zer ere baituzu estekatuko lurraren gainean eta hura bera estekaturik egonen da zeruan; eta zer ere deslothuko baituzu lurraren gainean, eta hura bera deslothurik egonen da zeruan.— Hitz horietan espantitzen da San Hilario: «Non asma dezakegu irakasmen hain ezin-enganaturik, nola baita zeruak berak onesten eta finkatzen duen irakasmena?» Eta berdin Poitieko Pio kardinaleak: «Nork mundu huntan ukha edo arbuia dezake, zeruak bere baimenaz onetsi eta finkatu duen irakasmena?» Horrelakoa da bada Aita-Sainduaren irakasmena; lurrean estekatzen dituenak, zeruan ere estekatuak dire, eta lurrean deslotzen dituenak, zeruan ere deslothuak dire. Eta horrek erran nahi du Aita-Sainduaren irakasmenak ezin-enganatuak direla.

        Beste aldi batez Jesu-Kristok erran zion Jaundone Piarresi: Simon, Simon, Satanek galdegin da zuen zethabetzea ogi bihia bezala. Bainan nik othoitz egin dut zuretzat, ez dezan behaztoparik egin zure sinesteak, eta zuk, beharko denean hekienganat itzulirik, xuxent eta hazkar zaitzu zure anaiak.

        Zethabean edo bahean ogi bihia harat-hunat ibiltzen eta hazkarki inharrosten da: Hola-hola inharrosiak eta kalapitatuak dire Elizako buruzagiak, Aita-Saindua, Aphezpikuak eta Alphezak, satanen zethabean, erran nahi baita mundu galkor eta leizetsu huntan, Jesu-Kristoren kontra bethi oldarturik eta bihurririk dagoen mundu tzar huntan.

        Bainan mundu horrek, satanez sustaturik, ibil detzala kalapita guziak, jazar dadiela Elizari eta haren burzuzagieri; alferretan akhituko da; ezen bertze asko behaztopaturik ere, bat bethi xuxen eta tieso egonen da; eta harek berriz xutiaraziko ditu erori daitezkenak, harek bethi erranen du non den egia eta non den gezurra, non den ongia eta non den gaizkia.

        Nor othe da hori? Hori da Erromako aphezpikua, Aita-Saindua. Jesu-Kristok erran dio: Eta nik zuretzat egin dut othoitz, zure sinesteak ez dezan egin amor; eta zuk behar-orduan xutiaraziko eta hazkartuko ditutzu zure anaiak. Bertzeak errebela daitezke, Aita-Saindua sekulan.

 

        Azkenik huna zer dion Batikaneko kontzilioak:

        «Irakasten dugu eta Jainkoak agertu egia bezala finkatzen dugu: Erromako Aita-Saindua, bere alkhitik mintzo denean, erran nahi baita girixtino guzien Artzain eta Irakasle bezala, bere buruzagitasun soberano eta apostolikoaren ariaz, finkatzen badu Eliza guziak atxiki behar duela, sineste bat fedeari edo egin-moldeari dohakona, orduan baliatzen dela. Jainkoak Piarresen baithan hitzeman dion laguntzari esker, Ezinenganatzeaz, Jesu-Kristok bere Elizari eman dioenaz sinesteari eta egin-moldeari behatzen diren gauzetan. Hortakotz, ezin hautsiak dire Erromako Aita-Sainduak horrela ekhartzen dituen irakasmenak, eta hori, ez Elizak eman baimenaz, bainan beren baithako indarraz.

        Beraz, edozoin denboretan, eta guziz oraiko denbora nahasietan, segurtamenekin beha dezagun Erromako Aita-Sainduari, harek eman irakasmeneri osoki jarraik gaitezen. Erromako alderat begiak landaturik, neurthitzlariarekin erran dezagun bethi:

 

                Hara Aita-Saindua, Jesusen ordaina,

                Aphez soberanoa, artzainen artzaina,

                Jaundone Petiriren ondoko zuzena,

                Fedeaz dohanean tronpa ez daitena:

                Erromatik mundua argitzen du dena.

 

 

Aita-Sainduaren othoitza
Batikaneko bere presundegian

 

Jainko ona, othoi zeure izen handiagatik

Athera nezazu neure etsaien eskutarik;

Ez dute batre izatu zure beldurtasunik,

Aitzitik hil nahi naute zu guziz ahantzirik.

Halaber ikhus ezazu ene bihotz garbia

Eta jasaiten dutan bidegabe handia.

Arren zuk libra nezazu neure etsaiairik,

Kalte egin nahiz hurbil darraizkidanetarik.

Hortakotz othoi zeure alkhitik jaiki zaite

Eta hasarrerik hekin bidera ilkhi zaite.

 

aurrekoa hurrengoa