www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II — KAPITULUA

 

Jainko dela Jesu-Kristo

 

Xapeldun baten atheraldi ergela.— Jesu-Kristoren Jainkotasuna, ezin ukhatuzko egia.— Jesu-Kristoren Jainkotasuna harek egin mirakuluek goraki agertzen dute.— Pazkoz hilen artetik phizteak irakasten du Jesu-Kristoren Jainkotasuna.

 

        Arthemeindan, irakurtzaile maitea, xapeldun batekin solastatzera gerthatu naiz, eta laster Erlisioneaz mintzatzera heldu ginen. Elhetik elhera, geroago eta gehiago atrebitu zen nere gizona, eta horra non abiatzen zaitan, irri-musika batekin, gure sinesteaz trufatzen. Bai eta osoki fuxizten zait, eta azkenaz-goiti ausartaturik erraiten deraut Jesu-Kristo ez dela Jainko!

        Nor harritzen da? A! ni naiz ni harritzen, eta nahiko nuen xanfarin ergelari biphilik ihardetzi. Bainan hura gizonki horthitz eta jauzkorra; ni aldiz aphez eta misionesta, eta nonbaitik ere nahi ardi errebelatu hura korralerat bildu, eztitasunekin jokhatu nintzen.

        Eta nola eihara bezain trebeki eta ausarki mintzo baitzen, utzi nuen lehenik bere su haren deskantsuan aurthikitzerat. Bainan gero jin zen ene aldea.

        Aspaldiko errana da: Hora ez da harri-ukhaldiz ematzen. Eta zonbat ez dire bazterretan, bai eta maizegi Eskual-Herrian, horrelako ergel atrebitu batzuetarik, zer-nahi baiterasate Erlisioneko egiarik agerienen kontra, eta horak iduri, saingaz eta ausikika lotzen baitire eta oldartzen gauzarik sakratueneri!

        Gizon horri beraz eztiki mintzatu nintzen, orhoituz erran zahar huntaz: Mintzo eztiak bihotz gogorrena ema diro.

        Zuk ere, irakurtzaile maitea, holako ergelekin berdin egizu. Bainan izitu gabe, ezen gehienek ez dute mila balio.

        Baditeke menturaz jakitate zerbait badutela mirikuntzako, edo legetako, edo bertze zerbait gauzetako.

        Bainan jakin zazu holako gehienak itsu, osoxi itsu, direla Erlisioneko gauzetan. Eta nola nahi duzu bertzela? Doidoia haur-denboran katexima poxi bat ikhasi zuten, eta hura ere hala-hula; eta geroztik liburu izurritsu frango bai, bainan liburu on bat ez dute kasik sekulan irakurtzen.

        Nondik nahi duzu beraz jakin dezaten Erlisionea? Ai hoberena duzu, irakurtzaile maitea, urruntzea hekietarik, Erlisioneari jasartzeko ohidura badutela ohartu zaren ber.

        Bainan nola behin edo bertze gertha baititeke ezin ihes egina; nola oraino hekien solasek khordoka baitezazkete tieso ez diren buru frango, nahi dut hemen Eskualduneri eman zerbait harma onik.

        Berdin ez da gaitz, ezen jakin behar duzu, Apostoluen denboratik hunat asko eta asko gizon handi argituek irakatsi, finkatu, eta ezin hobeki argirik distirantenean ezarri dutela Jesu-Kristoren Jainkotasuna. Girixtino legeko zimendu horren kontra aiphatu diren gezurkeria guziak, hanbat eta hanbat aldiz herraustu dituzte Elizako Aitek eta teologoek.

        Nik hemen ez derauzkitzut eskuetarat emanen bi harma beizik, bainan hek hain borthitzak, non xapeldun guzieri eta hekien iduerieri, kaskoa phorroskatuko baitiote.

        Jakin behar duzu lehenik mirakulua dela naturalezaren legetarik kanpoko eta bertzelako gerthakari bat, gizonen eta aingeruen indar eta ahal guziak gainditzen dituena; hala-nola, hil baten phiztea, sortzez itzu den bati bixtaren emaitea, eri bat manu xoilaz eta osoki sendotzea. Horiek eta holakoak ez dezazke egin Jainkoak beizik.

        Eta zer? ez othe dugu frangotan aditu Sainduek ere holako gauzak egiten dituztela?

        Bai; ordean behar da ikhusi: Sainduen othoitzera, hek errekerituz, egiten direla holako mirakuluak, bainan bethi Jainkoak eta Jainkoaren bothereak egiten dituela. Gizonaren ahala, nahi bezain saindua izanen bada ere, ez daiteke hortakotzat aski.

        Diot bestalde Jainkoak ez dezakela mirakulurik egin gezurraren gizoneri sinetsarazteko.

        Ez balinba!

        Jainkoak bere botherea gezurraren alde emaitea laiteke hori, bai-eta gizonak gezurraren sinesterat bortxatzea. Eta horiek Jainkoaren zuhurtzia izarigabearen kontra laitezke.

        Horiek hola, diot Jesu-Kristok mirakulurik handienak egin dituela, eta hori osteka, non-nahi eta noiz-nahi.

        Eztei batean ura arnorat itzultzen du; mortuan bortz ogi hainbertzetaraino emendatzen ditu non asetzen baititu bortz mila gizon; zer-nahi minetarik sendotzen ditu ezin khondatuzko eri elemeniak; bai-eta hil usteltzen hasiak hobietarik phizten ditu.

        Hitz batez, Ebanjelioa irakurtu duten guziek badakite Jesu-Kristok osteka egin dituela mirakulurik handienak.

        Eta hemen, teologo guzietarik argituenak, San Thomasek dio: Nola Jesu-Kristok egin mirakuluak, gizonaren indarretarik hainitzez goragokoak baitire; nola egin baititu Jesu-Kristok, ez bertze norbaiten laguntzarekin, bainan xoilki bere baithako ahal eta indar soberanoaz; mirakulu horiek goraki eta ausarki irakasten dute haren Jainkotasuna.

 

        Eta orai ikhus dezagun: — Eia mirakulu horiek egiazki eginak izan diren; eta egiazkoak balin badire, eia Jesu-Kristok bere Jainkotasunaren irakasteko egin dituen.

        Deus ageriagorik, Jesu-Kristok mirakulu horiek argi bethean egin ditu, batzuetan asko mila jenderen aintzinean, frango aldiz bere etsai muthiri Farizaoen eta Eskribanoen bixtan; orobat Ebanjelistek izkribatu eta errepikatu dituzte Juduen beren herrietan, eta halarik ere Juduetarik nihor ez da atrebitu mirakulu horien gezurtatzerat; aitzitik aithortu dituzte. Berdin aithortu dituzte Mahometek, bai eta paganoek berek, hala-nola bere sehiaren sendotzea Jesu-Kristori galdatu zuen Ehunkariak (centurio).

        Ikhusten duzu beraz erhokeria litekeela Jesu-Kristoren mirakulu horien ukhatzea, hala-nola eguerditan eguna dela ukhatzea erhokeria bailiteke.

        Eta bada orobat da ageri Jesu-Kristok bere Jainkotasunaren irakasteko xedez egin izan dituela mirakuluak.

        Hola zioten berak erraiten judueri: Baldin ez banauzue nere hitzean sinetsi nahi, sinets zaitzue egiten ditudan ikhusgarriak. Ezen mirakulu horiek bortxatzen zaituezte ikhusterat eta sinesterat ene Aita ni baithan dela eta ni ene Aitaren baithan, halako moldez non biak berdin Jainko baikare.

        Eta bertze aldi batez huna zer gerthatu zen; Ebanjeliotik hartzen dut hitzez hitz:

        Nola Joanesek, burdinetan zagoela, ikhasi baitzituen Jesu-Kristoren egintzak, igorri ziozkan bere dizipuluetarik biga,— Berari galda zezoten: Zu zare ethortzekoa dena, ala bertzerik behar dugu iguriki?

        Eta Jesusek ihardetsi zioten: Zoazte eta erran Joanesi zer entzun eta ikhusi duzuen.— Itsuek ikhusten dute, mainguak badabiltza, legentsuak garbitzen dire, gorrek entzuten dute, hilak phizten dire, beharreri Ebanjelioa irakhasten zaiote.— Eta dohatsu nigatik gaitzbidetan lerratzen ez dena!

        Hortik ikhus zazu: 1ik Jesu-Kristok egin dituela egiazki mirakuluak, eta 2ik mirakulu hek egin dituela, bera Jainko dela irakasteko xedetan. Beraz Jesus-Jauna zinez Jainko da. Zer zautzu orai, irakurtzaile maitea?

        Goazin aintzina. Huna orai Jesus Jainko delako bertze agergailu bat, laburra bainan hazkarra.

        Bere hiletarik phiztea Jesu-Kristok eman zioten judueri Jainko zelako irakasmenetarik batentzat. Hola zioten erran, bere gorphutzaz mintzo zelarik: Aurthik zazue tenplo hau, eta xutik berriz ezarriko dut hirur egunik barnean. Berdin oraino bertze egun batez: Huna non goazin Jerusalemera, eta eskarniatuko naute, azotatuko eta kurutzefikatuko; bainan hiletarik phiztuko naiz hirurgarren egunean. Bertze aldi batez ere berdin: Judu gaxto horiek ikhusgarri baten galdez dabiltza; ez diotet Jonas profetarenaz bertzerik emanen: Jonas bezala, lurraren barnean egonen naiz hirur egun eta hirur gauez, bainan gero handik ilkhiko.

        Hortakotz larunbat sainduz juduek erran zioten Pilatusi: Jauna, orhoitu gare enganatzaile horrek, oraino bizi zelarik, erran izan duela: Phizturen naiz hirur egunen buruan. Mana zazu beraz, hobia hirurgarren eguneraino izan dadien zaindua, beldurrez-eta haren dizipuluak ethor ditezen eta ebats, eta gero erran: Hiletarik phiztu da!

        Horra Jesu-Kristok nola aintzinetik agindu zuen bere hiletarik phiztea. Beraz, agintza hori bethetzen bada, bi frogantza suerte emanen ditu Jesu-Kristoren Jainkotasunari: lehenik agintza horrek berekin deraman frogantza, eta bestalde hilen artetik phizteko mirakuluari eratxikia den frogantza. Eta bada, agintza hori bethe dela baino, eta Jesu-Kristo phiztu dela baino, deus ere argiagorik.

        Hemen ederrets zazu nerekin Jaunaren zuhurtzia. Juduek, beldurrez-eta Jesu-Kristo phiztu zelako otsa altxa zadien, zigilatzen dute haren gorphutza ehortzirik zeraukan hobia, eta soldadoak haren zain emaiten.

        Apostoluek beraz ez zezaketen handik ereman Jesusen gorphutza. Hasteko gainetik ez, zigilatua zenaz geroz hobia eta soldadoz inguratua; ez-eta lurraren petik, ezen hobi guzia harrokaren bihotzean egina zen.

        Eta bizkitartean Jesusen gorphutza hobitik atheratu zen, juduek berek ikhusi zutenaz geroz hobi hori idekia eta hutsa. Nolaz ordean ilkhi ziteken Jesus? Ageri da: Phiztu zelakotz! Ez daiteke deus bertzerik erran.

        Ikhusten duzu, Jesu-Kristo phiztu zelako ospearen kontra hartu bideak, baliatu izan dire Phizte horren osoki seguratzeko.

        Juduek, bertze deusik ezin asmatuz, hedatzen dute otsa, baizik eta Apostoluek Jesusen gorphutza ereman dutela, soldadoak lo zaudelarik. Zer zoramendua! ihardesten diote hemen San Augustinek. Zer? lo zauden batzu ekhartzen ditutzue lekhuko? Ordea, lo bazauden, zer ikhusi dute? nondik dakite Apostoluek ereman dutela Jesusen gorphutza? Eta ez bazauden lo, zertako ez dituzte Apostoluak debekatu?

        Hola zen mintzo San Augustin.

        Eta bestalde, gizontasunaren kontra joaitea laiteke, erraitea Apostoluek ereman zutela Jesusen gorphutza. Ezen, Jesu-Kristo ez balitz phiztu, bereri erran zioten bezala, mundu-enganatzaile batentzat ezagutu behar zuten, eta bethikotz debalde utziko zuten. Nor-nahik hola eginen zuen: bethikotz utziko.

        Bainan, hortarik urrun, goraki erran dute Jesu-Kristo phiztu zela. Eta non? Jerusalemen, Jesusen etsai errahiatu juduen aintzinean. Ez debekuek, ez lausenguek, ez agintzek, ez dixiduek, ez sarraskiek ezin geldiaraz detzazkete egia horren errepikatzetik. Eta azkenean beren odolaz finkatzen dute.

        Nola nahi duzu bada hola egin zezaten, ez balire osoki segur izan Jesu-Kristu phiztu zela?

        Erran dezakegu bai Elizako Aita batekin, eta demendren dudamudarik gabe: Gizonari dohako hiltzearen beldur izaitea, eta aldiz, hiltzea eta gero nor bere indarrez phiztea, ai hori Jainkotasunaren agergailu ezin ukhatua da.

 

 

                Hurbil hadi, Eskualduna,

                Hemen iragaitean,

                Hau duk hire Jainko-Jauna

                Josirik kurutzean.

 

aurrekoa hurrengoa