www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV — KAPITULUA

 

Erlisioneari huts egiten diogu
ez ongi ezagutuz

 

Zonbat gisetara huts egiten ahal diogun gure Erlisioneari.— Nula Jainkoak manatzen deraukun gure Erlisionearen ungi ezagutzea.— Hainitzak direla ezagutza hori ez dutenak.— Erlisionearen ongi ezagutzeko, Jainkoaren argiak galdatu behar ditugula.

 

        Hirur gisetara nabaritzen dut bereziki, asko girixtinoek huts egiten dutela Erlisionearen alderat.

        Batzuek, eta hainitzak dire, doidoia dakite girixtino direla; bainan ez dakite, ez zertako diren girixtino, ez zer den girixtino legea, ez zoin premia den haren galtzarrean bizitzea. Girixtino badire, kasik ustegabeari esker, buraso girixtinoetarik sorthu direlakotz eta hok ukhan dutelakotz hekien girixtinotasunean altxatzeko artha.

        Berriz bertze askok ez-axola lastimagarri batekin behatzen diote Erlisioneari. Asko ahopaldi tzar aditzen dute etsaien ahotik, ikhusten dute gisa guzietara jazartzen diotela egiazko sinesteari, samintasun guziarekin laidostatzen dituztela haren aphez eta kargudunak; derauzkan gauzarik Jainkozkoenak, hala-nola Sakramenduak, atrebentzia zoro batez irri eta farretarat itzultzen dituztela. Eta hek ez dire kantitzen, ez da solas bat hekien ahotik atherako, ez dute deusik eginen Jainkoaren alde eta Erlisionearen alde.

        Hori da auhendagarri: Sinestegabeak ausart eta kopetadun, sinestedunak aldiz beldur eta lotsa.

        Azkenik, girixtino gehienek Erlisionea ahalgearazten dute beren bizimoldeaz. Sinestez deraukatena, ukhatzen dute egitez. Gogoan eta bihotzean nahikara onak dituzte, bainan eginbidetan sobra maiz makhur dohazi.

        Hortik, 1° Artha handi bat atxiki behar dugu Erlisionearen ikhasteko; 2° bihotzekin eta hazkarki buru egin behar diotegu haren etsaieri; 3° ernerik eta arthoski behar gare bizi eta ibilkatu haren irakasmenen arabera.

 

        Diot bereziki: Artha haindi bat atxiki behar dugula Erlisonearen ongi ikhasteko.

        Adi zazu, Israel, eta gogoari emozu zinki nik erraiten dautzudana, oihu egin zioen Moisek Jainkoaren populuari: Audi, Israel, et observa. Zure Jainkoak, asko bertze ongiren artean, egin derauzu lege berezi baten emaitza, eta lege horren bidez irakatsi derauzu nola zaiteken, denboran ala hil-ondoan, dohatsu: Haec sunt praecepta quae mandavit Dominus Deus vester, ut faciatis ea.

        Eman zaite beraz arthoski zure Jainkoak igorri legearen ikhasten. Hortan berma zaite, ala zure etxean zaudelarik, ala bidean zabiltzalarik, ala gauaz iratzar-artetan, ala goizean jeiki zareneko; ekhar zazu eskuetan eta begien aintzinean, geroago eta hobeki adi dezazun, geroago eta barnago sar dadien zure bihotzean.

        Eta nola lege horren begiratzea baita zure eginbiderik premiatsuena, hala-hala ongiaren eta zorionaren ithurririk nasaiena izanen da zuretzat. Hortakotz zion Dabidek: Zure legea enetzat hobe da ezenez urhe eta zilhar metak. Nola eta zer hitzez Izpiritu-Sainduak hobeki gogorat sarraraz zezakegun zer premia den gure Erlisionearen ongi ezagutzea? Eta hortik, asko kristauen lazakeria nolakoa ez da eta zoin izigarri? Haur denboran guti bat ikhasi-eta, ez baitire handik harat batere eginbidetan jartzen Erlisionearen hobeki ikhasteko. Sekulan kasik liburu on bat eskuetan, ez Jainko-legearen gaineko solasik; askotan elizan egiten diren irakasmenetarik ere ihesi.

        Oi beraz zoin guti aditzen ahal dituzten Jainko-legeak iraskasten derauzkigun misterio handiak eta manatzen derauzkigun eginbide premiatsuak.

        Erranen dute bai Jainkoa dela izaite bat neurrigabekoa; bainan zer aditzen dute bothere, gauza guziak hitz batez egin dituen hartan? zer aditzen dute, Jaunaren zuhurtzia, diren guziak hain arrimu ederrean ezarri eta bethi atxikitzen dituen hartan? eta berdin, izaite guzien gaineko haren bertze osogune goihesgarrietan? Zer ezagutza dute horietaz kristau gehienek?

        Erranen dute Jainko-Semea guretzat gizon eginik, kurutze baten gainean hil zela, bekhatutik eta ifernutik gu erosteko. Ordean zer aditzen dute misterio goresgarri hortan? Jainkoak hor irakatsi duen bekhatuaren higuintz ikharagarritik, gure alderat agertu duen onesgune eta urrikalmendu ederresgarritik, eta berak ardietsi derauzkun erran-ahal goragoko probetxuetatik, zer aditzen dute?

        Aiphatzen dituzte jujamenduaren, ifernuaren, parabizuaren izenak. Non da ordean horietarik elkhi behar laiteken ondorioa, gaizkitik urruntzea eta gure eginbideri hobeki jarraitkitzea? Ezen egia horiek hortakotzat indar guzizko bat badute.

        Badazkite Jainkoaren manamenduak, Elizakoak ere. Non da ordean horien hedaduraren ezagutza, zer nahi duketen gureganik gertha gaitezken asko urratsetan, noiz den horien kontrako hutsa arhina edo bethikotz galtzeko askia?

        Erraiten dute zer den Eliza, eta Elizatik kanpoan ez dela salbamendurik. Ordean deus ere ez dute aditzen egiazko Eliza bertzetarik behexten duten seinaletan. Ez lakikete arrazoin den xumeena ere ematen, zertako diren Eliza Erromanokoak eta ez bertze batetakoak.

        Horrelakoek beraz axaletik deraukate eta hitz hutsetan beren Erlisionea.

        Oi zer lazakeria den hori! Jaundone Lukek dio, Jesu-Kristok zonbat ere artha baitzuen zeruetako gauza gordeak Apostolueri xehatzeko, halarik ere ez zutela hetan deus ere aditzen, Izpiritu-Saindua hekien gainerat jautsi arte: Et ipsi nihil horum intellexerunt.

        Den gutienetik, gauza bera erran daiteke gure egunetako asko girixtinoez. Ez dire batere sartzen Erlisionearen muinetan, hark bere barnean dakharzken egietan. Hekientzat ere, Apostoluentzat bezala, Jainkoaren irakasmenak gauza gorde eta ilhun batzu dire: Verbum istud erat absconditum ab eis.

        Bederen Apostoluek bazuten ikhasteko gutizia. Jesus errekeritu zuten, othoi ageriki xexa ziozoten hekieri, bertzeri hitz estaliz erraiten zeraiena: Edissere nobis parabolam.

        Bainan kristau asko ez dire holako eginbidetan ere jartzen, ez dire batere entsegatzen Erlisionearen hobeki ezagutzerat.

        Ofiziorik ez ahal da gizonen artean, balitz ere guzietarik aphalena, ahalik eta hobekiena ikhasten ez denik, baldin bizipidetzat nahi badugu hartu. Zure biziaren irabazteko nahi zare izan ahotz, zurgin, ehaile, ikhazkin; ofizio horietarik bat edo bertzearen ongi ikhasterat zinez jokhatuko zare.

        Eta zer premia dute bada horiek guziek Erlisionearen aldean?

        Jakitate guzietarik beharren-beharrena Erlisionearen ongi ezagutzea da, hartan ikhasten ditugunaz geroz bertze guzien gainetik bethe behar ditugun eginbideak; Erlisioneak irakasten deraukunaz geroz zer dagoen guretzat bizitze huntarik lekhora.

        Kristau hekien lazakeria nola deithuko dugu, baizik ere Erlisionearen egiazko arbuiamendu bat? Jaundone Petrik nahi zuen girixtino guziak gai izan zitezen beren sinesteaz eta igurikimenaz argi emaiteko. Eta zer argi, zer arrazoin, zer kontu eman dezakete, beren Erlisionetik hitz huts batzu bezik ez dazkitenek? Argiak emaitetik urrun, beren sinesteari ere arhinki atxikiren zaizko, hekien gogoa eta bihotza aldatzeko errex izanen dire. Haizeak alde guzietara derabilan seska iduri, beren zinestetik laster higi eta uzkail daitezke.

        Holakoentzat da errana:

 

                Zeinuteiko oilarra

                Haizeak du ibiltzen,

                Harat-hunat ardura

                Nola-nahi itzultzen.

                Holaxet asko jendek,

                Buru guti dutenek,

                Nahi dute frangotan

                Egin beren kaltetan.

 

                Nurk burua bi bonetetan

                Eman othe dezake betan?

                Eskuin edo ezker behar du

                Jende batek bidea hartu.

                Ez beraz haizea bezala,

                Gaizki itzul nork daki nola!

 

        Eman gaiten beraz ahalik eta hobekiena gure Erlisionearen ikhasten, haren irakasmenak barnadanik eta beren hedaduran aditzen.

        Orduan da guziz ederresgarri kausitzen kristau-sinestea, haren zuzentasuna, goratasuna, Jainkoaganik delako argi distiranta. Orduan da ongi gozatzen eta maitatzen Jainkoak egin emaitza guziz balios hori. Orduan bakhotxa entsegatzen da horrelako Erlisione goresgarriari dagokon bezala bizitzerat.

        Bai, Erlisionea ez ongi ezagutzetik asko eta asko gaitz sortzen dire, eta aldiz Erlisionearen ongi ezagutzea eta aditzea probetxurik handienen ithurburua izanen da.

 

        Bizkitartean begira gaitezen Erlisionea gure baithako argi xoilez sobra ibilkatzetik. Egia da bai, gure adimendua zeruak gizonari egin dioen emaitza eder bat dela; eta hartaz ongi baliatu behar gare premia zaizkun gauzen ikhasteko. Bainan ezagutu behar dugu Erlisioneko egiak gure baithako adimenduaz goragokoak direla, endelguz osoki ezin har daitezkeela.

        Eta hemen ikhus zazu zoin herrebeski jokatzen diren mende huntako jakintsun borthitz eta handi direlako hek. Beren arrazoina, beren izpiritua dute bethi ahoan. Ezin gehiago gora altxatzen dituzte arrazoinaren zuzenak eta argiak. Eta zer gehiago? Egundaino holakorik izan ez den bezalako zoramendu batez, Eliza eta Jainkoa bera khendu nahi izan dituzte. Eta zertako? Beren argiak, beren irakasmenak emaitekotan hekien orde. Bainan alferrretan dire entsegatzen.

        Ez ahal da nihor egundaino hain izigarriki joan gu baithako arrazoin zuzen aren kontra, nola joan baitire arraizoinaren goihesle hek!

        Diote ezen ez dutela deus sinetsi nahi, beren baithako izpirituaz ezagut eta adi dezaketena beizik. Zer erhokeria! Eta ez othe da hori bera arrazoinaren arnegatzea?

        Baldin gizona beretzat ezin osoki ezagutua bada, baldin gorphutza eta arima endelguz ezin har daitezken gauza batzu badire, baldin begien aintzinean agertzen zaizkigun izaite xumeenak ere traba eta ilhunbe badire guretzat; nor izanen da, adimenduari batere behatu nahi bazaio, aithortuko ez duenik badirela Jainkoa baithan, badirela izaite guzien gaineko mugarik-gabe hartan, badirela asko gauza, asko egia gainditzen dituztenak gure adimendu aphurraren ahalak oro?

        Eta baldin Jainkoak irakasten baderauku egia hetarik zonbait, atrebentziarik itsuena laiteke ez onestea, ez sinestea, estakurutzat ekharriz ez ditugula osoki endelgatzen ahal.

        Kristau egiazkorik ez daiteke beraz horrelako kopetarekin ausart eta atrebi. Jainkoa mintzatuz geroz Jesu-Kristoren eta Elizaren ahoz, ez du galdatzen: Zertako hori hola? nola daiteke holakorik?

        Bainan argirik agerienez badaki Elizak irakatsi guziak Jainkoarenganik heldu direla, eta geroztik oro zinez sinesten ditu. Eta entsegatzen da geroago eta hobeki ezagutzerat Jainkoarenganik ethorri zeraukun Erlisione hori, eta bethi Elizaren irakasmenari xuxen ohartua dagoelarik.

        Eta horrela egunetik egunerat hobeki ezagutzen du, bai-eta edozoin etsaieri ararrazoinik eta argirik hoberenak ager dezazke.

 

aurrekoa hurrengoa