www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III — KAPITULUA

 

2°. Arimako itsumenduan
gertha gaitezke gure gaxtakeriaz

 

Gaxtakeriatik ere sortzen da maiz.— Berak direla bere jainko.— Ez dutela bertze Erlisionerik beren nahia eta fantesia beizik.

 

        Itsumenduan izan gaitezke guhauren hauren gaxtakeriaz. Ezen badire bere nahiz itsumenduan daudenak, asko gauza jakin baino nahiago baitute ez jakin.

        Deskantsuago izaiteko ilhunpeak bilhatzen dituzte, erraiten balute bezala: Ez dakit ongi bizi naizenez, ez dakit ene eginbideak ongi bethetzen ditudanez, ez dakit ene izaitean badenez zerbait aldaratu beharrik, bainan ez dut ere jakin nahi; sobra jakiteak nahas lezake ene deskantsua, eta orai ez dut bada nik ene ohidura zaharren uzteko gogorik; hobe zait ene ez-jakinean egoitea, eta orai arte bezala gero ere sail berari jarraikiko naiz.

        Horrelakoek Jainko handiari oihu egiten diote: Urrunt hadi guganik, ez diagu hire gainean jakitaterik nahi, ez ditiagu hire manamenduak eta bideak ikhasi nahi: Dixerunt Deo, recede à nobis scientiam viarum tuarum nolumus. (Job, 21, 14.)

        Ustez Jainko legearen ez jakite horrek Jujamendutik begiratuko dituen, iduri zaiote kasik hobe dela begiak hetsirik ibiltzea, iduri zaiote aski dela ifernuaz ez orhoitzea, leize ikharagarri hartarat ez erortzeko.

        Nolaz bada gizonaren-izpiritua hortaraino itsu daiteke? Eta zinean ba othe dire gizonak beren buruaren hola etsai direnak?

        Bai badire holako zoramenduan bizi direnak; eta hekieri ez erran zoroak direla, ezen horrelakoek dute beren burua gorenik altxatzen.

        Nor dire hek? Hek dire Erlisionerik gabe bizi diren batzu; beren gutizia eta pendura guzieri ausarki jarraikitzen direnak; eta ez baitute nahi argitu, ihes egiten baitute elizatik, ez baitezakete jasan Jainkoaz eta eternitateaz deusik aipha dezaten hekien bixtan; zerbait aditzen dutenean ere, irri bortxatu bat egin, trufa eta blasfemio zonbait ahal duten bezala bota, eta buruak itzultzen baititutze ezeztatzeko izpiritutik egiaren orhoitzapena bera.

        Horiek dire gaxtakeriaz itsuturik daudenak.

        Lau murruen artean bezala ithorik daude, ilhunberik handienetan, utzi gabe zeruko argiari demendren arterik hekienganat heltzeko. Liburu sainduek dioten bezala, ez baitute nahi zuzenki gobernatu, ez dute nahi ere jakin zer den ongia eta zer den gaizkia: Noluit intelligere, ut benè ageret. (Psal. 35, 4.)

        Bainan amarru eta antsia horiek oro alfer izanen dire; Jainkoaren manamenduak ez dire ezeztatzen ahal ahantziz eta burutik khenduz; manamenduetarik ihesi dohana, ifernurat eroriko da.

 

        Badire bertze asko ez bailukete Erlisionerik gabe bizi nahi, zerurat joan nahi baitire. Bainan nahi lukete Erlisione bat beren gogorakoa, zerurat heldu nahi litezke berek hautatu bide batetarik. Sobra zaiote ukho egitea ohidura batzueri; estekamendu eta jarraikitasun gaxto batzuen uztea; sobra zaiote beren buruari deusetan bihurtzea eta jazartzea, iduri zaiote salba ditezkeela Jesu-Kristoren kurutzetik deus jastatu gabe.

        Hortik zer gerthatzen da? Nihork ez baiteie bere nahien araberako Erlisione hura irakasten, berak bere buruen jainko emaiten dire. Jainko balire bezala, berek moldatzen dute Erlisionea beren gostura. Hekientzat on dena har, on ez dena utz. Eta bortxa poxi bat galdatzen duten eginbide guziak ez dire on. Hek bazterrerat eman behar dire.

        Eta hola, berek moldatu Erlisione ezti errex hari jarraikitzen dire; eta hari jarraikiz saindu handi dire beren begietan; eta hek bezala egiten ez dutenak buru galdu zoro batzu zaizkote.

        Barur egitea, mehe egitea laket ez zaioten batzuek hitz handi hau erranen dute: Ahotik sartzen denak, ez du arima likisten. Oi zer atheraldi ederra! Nork buru egin dezake holako arrazoin baliosari?... Hitz hortan Eliza ama sainduaren legeak ostikatzen dituzte. Bizkitartean Jesu-Kristok erran du bai: Elizari jarraikitzen ez dena pagano bat dela; bainan hekientzat ez da bekhatu; eta zertako? zeren hek hola nahi baitute egin!

        Igandetan mezarat jitea gehienek onesten dute, ezen bide beraz asko jende eta adiskide ikhusten eta elhestatzen dituzte, eta funtsean goxo zaiote etxetik zortzian behin atheratzea eta paseun baten egitea.

        Bainan kofesatzeaz, ai ez da berdin! Horrek bortxa poxi bat galdegiten du. Diote ez direla kofesatzerat atxikiak; eta zertako? ez baitute nahi!

        Asko badire bekhatutik nihola-ere urrunt ez daitezkeenak, sakramenduetarat usu jarraikiz beizik. Bainan gehienek beren burua itsuturik ezarriko dute, eta azkenean sinetsiko dute aski dela noiztenka hurbiltzea. Behin edo bertze bekhatuak kofesor bati erran, eta gero bizitze berari aintzina jarraik, ase bethi gutizia eta pendura tzar guziak; hola zaiote eder. Hitzeman dukete bai kofesorari utziko dituztela holako eta halako bide galgarriak; bainan ezin utz bortxamen aphur bat gabe! Beraz ez dute bortxamenik eginen beren buruari, eta hori da hekientzat egiazko Erlisionea; zertako? zeren hola nahi baitute!

        Orobat elhe lohi erraile hek, asko jestu eta ausartzia lizun dabiltzaten hek, beren barheiamenduaz hainbertze bekhatu egiten eta eginarazten dituzten hek, uste dute guziek girixtinoki bizi direla. Nolaz bada? Libertitu behar delako estakuruan. Jainkoaren debekuak eta garbitasunaren zedarri hertsiak behar litezke lehenik eta oroz gainetik atxiki. Bainan deus holakorik ez da hekientzat, eta zertako? ez baitute nahi!

        Holaxet, Jainkoaz trufatuz eta beren jaidura tzarrak asez, nahi lukete batzuek eta bertzek zerurat heldu.

        Ez zuen bertzerik egiten Luther heretiko famatuak. Gure egiazko Erlisionea oro aldaratzen eta nahasten ari zuen; bere gisako erlisione berri bat egiten ari zuen; eta norbaitek galdegiten bazion: Zertako, zer botherez eta zer arrazoinez irakasten dituzu gauza berri horiek? Ihardesten zuen: Ez dut bertze bothererik eta bertze arrazoinik, ene nahia beizik, eta hori aski da.

        Orobat holako girixtinoeri galdegiten bazaie zer botherez eta zer arrazoinez dioten ongi eta zilegi direla Erlisioneak debekatu gauza batzu, Eliza katolikoak debekatu eginbide batzu, Jainkoaren ministroek debekatu sineste batzu; ihardetsiko dute: Gure bothere eta arrazoin guzia hau da: guk hola nahi dugu, beraz hola behar da; guri hola ontsa zauku, beraz ez da gaizki!

        Oi itsumendu zoroa, uste ukhaitea gure nahirat bihur dezazkegula Jainkoaren nahi soberanoak. Enganiorik ergelena da hori.

        Jesu-Kristok ez gaitu ez jujatuko gure jaiduren arabera, gure uste gezurtien arabera; jujatuko gaitu Jainkoaren eta Elizaren manamenduen arabera. Eta hanbat gaxto guretzat baldin haren Erlisioneaz bertzerik hartu izan badugu. Erlisionea egina da guzientzat, eta guzientzat ber-bera da. Eliza sainduari bakharrik eman dio Jesu-Kristok haren irakasteko botherea, eta erran izan du Elizari behatzen ez dena, pagano da eta ez girixtino. Munduak eta mundutarrek zer-nahi erranen dute, zer-nahi eginen dute; bainan Jaunaren erranak bethi egiak izanen dire. Berak hola dio: Iraganen dire zeru-lurrak, bainan ene hitzak ez dire iraganen: Coelum et terra transibunt, verba autem mea non transibunt. (Matth. 24. 35.)

 

aurrekoa hurrengoa