www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV — KAPITULUA

 

3°. Arimako itsumenduan gertha daiteke
Jainkoaren gaztigu ikharagarri batez

 

Itsumendu hori daitekela Jainkoak berak eman gaztigua.— Urguluak jautsarazten duela gaztigu hori.— Berdin Jainkoaren grazien arbuiatzeak jautsarazten duela.

 

        Azkenik itsumenduan eror gaitezke Jainkoaren gaztiguz. Liburu sainduek eta Eliza sainduak irakasten deraukute Jainkoak zonbait aldiz bekhatoreak gaztigatzen dituela mundu huntan berean, hekien izpiritua enganioan, itsumenduan erortzerat utziz, eta hori dela guretzat gaitz handienetarik bat.

        Gaztigu hori egiten du bereziki urgulutsueri eta haren graziak sobra arbuiatzen dituzteneri.

 

        Urgulutsueri.— Urgulua, hanpadura, Jainkoak oroz-gainetik hastio du. Hortakotz ikhusten ditugu aingeru gaixtoak, beren urguluagatik, ifernuko zolarat aurthikiak; ikhusten ditugu gure lehen burasoak, urguluz bekhatu egin dutelakotz, lurreko parabizutik kanpo igorriak.

        Urgulua da Jainkoaren kontrako jazartze guzietarik gaxtoena. Huntarik ageriko da errexki. Gu baithan ez da deus dohainik Jainkoak ezarririk baizen, ezen duela oraino zonbait urthe ez ginen, eta ez ditugu gure buruak guhaurek egin. Ala gure izaitea, ala gure izaitearen dohain guziak norbaitenganik heldu zaizkigu. Eta nor daiteke gure buruaren eta gure dohainen egile hura, baizik ere Jainkoa? Ipse fecit nos et non ipsi nos. (Psal. 99. 3.)

        Balin bada beraz balio duenik gure gorphutzean edo gure izpirituan, guziak Jainkoari zor ditugu. Eta balitz norbait bertzek baino jakitate gehiago duenik, bertzetarik ikhasiak ditu, eta ororen buruan Jainkoa da bethi jakitate guzien ithurburua eta iguzkia. Eta bestalde nork eman derauzkigu ikhasteko indarrak eta ahalak? Jainkoak eman derauzkigu eta hura gabe ez ginuen sekulan demendren gauzarik ezagutuko.

        Eta ez xoilki Jainkoak egin gaitu, bainan oraino iraunarazten gaitu, gorphutzean ala izpirituan; eta den gutienik uzten baginitu, berehala ezeztatuak ginitezke.

        Beraz alde orotarik gure izaite guzia Jainkoarena da. Hortik, gure izaiteaz edo gure dohainez urgulutan sartzen garenean, berdin bertzeak arbuiatzen ditugunean, Jainkoari bakharrik zor den ohorea guretzat hartu nahi dugu eta ebasten bezala diogu, haren heinerat eta gorago altxatzera ausartatzen gare.

        Hola egin zuen Luziferrek bertze aingeru gaxtoekin, eta hortakotz jo ditu berehala Jainkoak ifernuko gaztigu eternalaz. Bai, urgulua da Jainkoari egiten ahal zaion jazartzerik borthitzena.

        Eta horra zertako itsutzen dituen urgulutsuak. Itsutzen ditu gauzarik haudienean eta beharrenean, Erlisione sainduaren gainean.

        Urgulutsuen aphaltzeko ez dezake Jainkoak igor gaztigu zuzenagorik. Ezen itsutuz geroztik Erlisionearen gainean, zer balio du gizonak? Iduri kanpoz zerbait badela eta funtsean deusik ez. Jainkoaz eta Jainkoaren legeaz gabetua dena, balitu ere gainerako guziak, deusik ez da. Ba, nahi duzun bezenbat ontasun, kargu eta ohore, bainan horiek oro denbora labur batentzat beizik ez, eta laster guzietarik buluzia egonen. Jainkoaren ezagutzea, haren beldurtasuna eta haren manamenduen arabera bizitzea, hori da egiazko handitasuna, bizitze eternalerat deramana, eta hori ez duenak deusik ez du.

        Jainkoak itsumenduan erortzerat uzten duen gizon edo emazte urgulutsua, hainbertzetaraino bere buruaz hartua da, non ez baitu nahi izan argitua ez bidatua bere salbamenduko urratsetan.

        Ez Liburu sainduak, ez Elizako irakaspenak, ez hainbertze Dotor jakintsun mundua argitu dutenak, ez dire harentzat aski. Hekien aldean urgulutsu horrek ez dazki oraino beabak, eta bizkitartean aski derauka bere burua hekien guzien arbuiatzeko, debalde uzteko, eta bere erlisionea berak egiteko. Ahanzten du, Elizaz kanpo jartzeaz geroz, ez dela salbamendurik.

        Hain da urgulutsua non ez baitu bere burua aphaldu nahi zeru-lurren nausi soberanoaren aintzinean, ez da jarraiki nahi Jainkoak bere Elizaren medioz irakasten dituen sinesteri eta eginbideri. Eta maiz zertako? Edo diru poxi bat duelakotz, edo mintzaia zerbait badakielakotz, edo gehienetan gaizki bizi delakotz.

        Horrelako jende batzu dire Jainkoaren kontra jauzten eta oldartzen. Eman dezagun, diren baino ere miletan gehiago direla sortzez, ontasunez, karguez, edozoin bertze dohainez. Zer erran nahi du horrek? Ez dakite bada Jainkoaren begietan handiak eta ttipiak oro berdin direla, harek guziak ezdeusetarik egin dituela, guziak lur berean ustelarazten dituela; erregerik borthitzenak ifernurat berdin aurthikitzen dituela, hola badute merezi, eta eskale xumeenak zerurat altxatzen dituela, sainduki bizi izan badire?

        Holako urgulutsua Jainkoak uzten du bere zorokeriari, uzten du itsumenduan erortzera, halako moldez non bere sineste eta bere eginbidetan osoki makhurtzen baita, eta ez baita ohartzen, ez baitu ikhusten nola bethikotz galtzera dohan. Asko gauzetan menturaz jakintsun izanen da, bainan gauzarik beharrenan, Erlisionean eta salbamenduko eginbidetan, ez dakike hamar urthetako haur batek bezenbat, ez dute harek bezenbat ezagutzen zer diren ongiaren eta gaizkiaren ondorioak.

        Jainkoak gaztigu hori egiten du oraino haren graziak sobra arbuiatzen dituzteneri.

        Bekhaturat erori denean eta bekhatuan bizi denean, Jainkoak zonbait denboraz bai-eta frangotan denbora luzez, emaiten diozka graziak asko gisetara. Predikuez, barneko arrangurez eta ausikiez, bertzeren eginkari onez eta irakasbidez, heriotzearen eta eternitatearen orhoitzapenaz, konbertitzerat gomitatzen du.

        Bainan bekhatorea guzieri jazartzen bazaiote, guziak arbuiatzen eta ostikatzen baditu, huts beretan aintzinago eta osokiago thematzen eta borthizten bada, ai azkenean bethetzen du neurria, eta geroztik Jainkoa eneatzen bezala da haren ondotik ibiltzeaz, khentzen diozka haren arima argitzen eta hunkitzen zituzten grazia bereziak.

        Orduarte grazia berezi hek erraiten zioten ardura: Zer probetxu duk gorphutza hazkar izaitea, arima hila baduk? Zer probetxu huke mundu guziaz ere jabetzea, arima bethikotz galtzen baduk? Arima gal, oro gal!...

        Eta bertze hainitz holako arrangura eta argi emaiten ziozkan Jainkoak, bainan azkenekotz urrundu eta ixildu da, bere gain utzi du bekhatore sordiesa.

        Eta geroztik bekhatore hori aurkhitzen da ilhunben erdian. Ez du kasik urrats bat egiten ifernurat ez dohanik. Eta bizkitartean hura ez ohartzen! Hura bethi deskantsuan egoki biderik hoberenean balitz bezala!

        San Augustin harriturik zagon Erlisionearen etsai itsutu horiez. Bere izialduran oihu egiten zion Jainkoari: Oi Jauna, zoin gordea eta ezin ikhusia zaren! Goratasunik ixil eta lotsagarrienean bizi zare; eta guziz nork erran dezake nolakoak diren gizon bihurri horien gainerat hedatzen ditutzun itsumendu-ilhupeak?

        Ai! ilhunpe horiek hain dire beltzak non, horrela itsutuz geroztik, Erlisionearen etsaiek uzten baitituzte bide zuzenak eta sartzen baitire biderik galduenetan; eta balentria zaiote gaizkiaren egitea, eta gauzarik tzarrenetan bozkarioz jauzten dire. Eta nola egarri den jendeak ur hotza irets-ahal edaten baitu, berdin Erlisionearen etsai itsutuek ere bekhatuak nola-nahika iresten dituzte.

        Ai hobe laiteke miletan Jainkoak bertze zer-nahi zigorradaz gaztigatzen balitu. Hobe laitezke hekientzat laidoak, diru galtzeak, eritasunak, bai-eta heriotzerik borthitzena; ezen orduan errextasun gehiago beizik ez lukete arimaren salbatzeko. Bainan itsumendu sordies hortan eroriz geroztik, non da salbatzeko bidea?

 

aurrekoa hurrengoa