www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I — KAPITULUA

 

Aita Sainduaren hitzak

 

Jainkoak zer asmatu duen gizon bekhatoreak bereganat biltzeko.— Hortarakotz emaiten derauzkigun laguntzak.— San Frantses Asisakoa.— Heren-Ordrea.— Zer indarrak eta probetxuak!— Leone hamahirurgarrenaren gomitu hunkigarriak.

 

        Jainkoak zertako athera gaitu ezdeustasunetik? Zertako egin gaitu? Zertako eman derauku gure izaitea?

        Huna zertako.

        Jainkoa bethidanik dohatsu zen bere baithan, eta haren dohatsutasuna izarigabea zen eta nasaia. Bainan haren bihotzari ez zitzaion aski bera bakharrik dohatsu izaitea; nahi zuen bertzeri ere dohatsutasun hori gozarazi. Eta hortakotz egin zituen gizonak.

        Hori da beraz gizonen helburua eta azken xedea: lur huntako bizi laburraren ondotik igaitea Jainkoarenganat, Jainko haren dohatsutasunaz beraz gozatzeko.

        Bainan zer gerthatu zen? Gizonak egin zuen bekhatu. Eta bekhatu horrek hautsi eta trenkatu zuen Jainkoaren nahikundea, bethiereko zorionerat helarazi nahi ginituen nahikunde hura. Gizona baztertu eta zeihartu zen bere bidetik, Jainkoaganako bidetik. Eta Jainkoaren dohatsutasunerat lehiatu behar orde, harenganik urrun zabilan. Ez urrun xoilki, bainan oro bihurririk eta gaizkirat itzulirik, bazohan leizetan behera, bekhatuz bekhatu, bethiereko zorigaitzerat.

        Halarik ere Jainkoak ez du etsitzen eta huna zer asmatu duen gizonak berriz ere bereganat biltzeko.

        Bera gizon egiten da, gure izaite xume eta eroria hartzen du, beretzen du, Jainkoa bezain gora altxatzen du; eta kurutze baten gainean, bere odolaz eta heriotzeaz, zerua berriz ere idekitzen derauku.

        Ba bainan zeru eder hartarat heltzeko behar ditugu laguntzak, indar bereziak. Jesu-Kristok berak eman derauzkigu laguntza eta indar horiek, ezen irakatsi derauku sinetsi behar dugun egia, eman derauku atxiki behar dugun legea, establitu izan ditu grazian ezarri behar gaituzten eta aberastu behar gaituzten sakramenduak; eta, dohain horien guzien gutartean bethi iraunarazteko eta emendatzeko, asentatu izan du gure Erlisione saindua, Eliza katolikoa.

        Eta orai, ohart huni: Jesu-Kristok berak eman laguntza eta indar horietaz bestalde, bertze laguntza eta indar batzu badire Izpiritu-Sainduak asmatzen eta agertzen dituenak Elizaren bidez, mende bakhotxaren beharordu berezien arabera. Eta han-hemenka agertzen diren laguntza berezi horien artean, handienetarik bat izan da bethi Saindu batek edo bertzeak emaiten duena.

        Nor orthe dugu Elizak oraiko denbora hits hotan irakasten deraukun Saindu laguntzailea? Hura da San Frantses bere Heren-Ordreko grazia bereziekin.

        Hamabigarren mendean sorthu zen San Frantses Asisakoa. Mende hori behinere izan den tzarrenetarik bat zen. Bainan Jainkoak ez du sekulan ahanzten bere Eliza saindua, eta holako denbora gaxto etsituetan igortzen du bethi norbait langile indartsu, eta langile hori aski da leizetik atheratzeko mende tzarrenak eta jendaki galduenak.

        Hola zen gerthatu hamabigarren mendean.

        Egun batez, gure Saindua othoitzean dagoelarik, Jesu-Kristok berak erraiten dio: Zoaz eta altxa zazu ene etxea, ene Eliza maitea, ezen ikhusten duzu nola erortzera dohan.

        San Frantses berehala lotzen da lanari. Biltzen ditu lagunak eta erraiten diote: Jainkoak ez gaitu xoilki gure arimen salbatzeko deithu, bainan oraino bertze hainitz arimen salbatzeko.

        Goazin beraz herriz herri, eskale batzu bezala, oinekorik gabe eta piltzarrez beztiturik. Eta nola Jesu-Kristok mundua salbatu izan baitu kurutzeko bere oinazez, berdin guk ere arimak salbatuko ditugu gure bizitze aphal eta garratzaz.

        Ai beha zazue zer desmasiak dabiltzaten bazter guzietan urguluak eta lohikeriak. Ala erregek, ala aitoronsemek, ala jende arruntek ez dute bertze ametsik, baizik ere urgulua eta lohikeria.

        Hitz batez, oro galtzen ari dire eta Elizak uzkailtzerat dohala iduri du.

        Guri da guri, gaitz horien sendotzea eta Elizaren laguntzea; eta hortarakotz jarraik gaitezen Jesu-Kristoren erranari: Ez dezazula izan ez urherik, ez zilharrik, ez dirurik. Bidean zabiltzalarik ere, ez dezazula izan, ez soinekorik, ez oinetakorik, ez-eta makhilarik.

        Xede handi eta eder horren ariaz, san Frantsesek egin zituen lehenik bi Ordena, bat gizonentzat eta bertzea emaztekientzat; eta hekien bidez komenturat bildu zituen hainitz arima eder eta garbi.

        Ba bainan munduko jende guziak ez zitezken sar komentuan!

        Munduko jende gaixo horien probetxutan huna zer asmatu zuen san Frantsesek: munduaren erdirat hedatu zuen komentuko bizi-moldea. Eta nola? Heren-Ordrea asentatuz eta munduko beharren arabera moldatuz.

        Hamabi ehun eta hogoi eta batean (1221) Tozkaneko herrialdetan ari zen san Frantses misione emaiten. Eta han aurkhitzen du gazte denborako adiskide min bat, Lukesio. Adiskide hori Frantsesen predikuek hunkitzen dute. Ez zen orduarte hoberenetarik eta guziz sobra estekatua zen lurreko ontasuneri. Bainan Sainduaren elhe sarkhorrek halako azote zartaz joiten dute non bere bekhatuen lotik ihazartzen baita. Diruaren esteka guziak trenkatzen ditu, badoha san Frantsesengana eta erraiten dio: Oi ene Aita, niri eta nere emazteari emaguzu bizimolde berri bat, nahi ginuke Jesu-Kristori hurbilagodanik jarraiki.

        Gogo onez emanen derautzuet, ihardesten diote Sainduak, ezen aspaldian hirurgarren Ordena baten asmua buruan derabilat. Ezkondueri eta munduko jende suerte guzieri irakatsiko diotet Perfetasunean ausarki aintzinatzeko bidea.

        Lukezio eta haren emaztea Bona-Dona, jarri ziren lehenik Heren-Ordre hortan.

        Laster Italian, Frantzian, Alemanian, Espanian, Europako eskualde guzietan, zer nahi jende, aberatsak nola erromesak, elemeniaka Ordre berrian sarthu ziren. Hainbestetaraino non Elizaren etsai batek, Piarra de Biñek, Elizaren bertze etsai bati, Frederik Alemaniako enperadoreari igortzen baitzion: Ez da nihor Ordena hortako ez denik. Armada handienak baino kalte gehiago egiten derauku, Heren-Ordreak ezen bihotzak oro guganik urruntzen ditu eta osoki emaiten Elizari eta Erromako Aita-Sainduari.

        Huna zonbait xehetasun. Irakatsiko deraukute Heren-Ordreak ez duela sekulan bere heinekorik izan.

        Heren-Ordreak Elizari eman ditu lauetanhogoi eta hameka Saindu; eta bertze hainitz, aldaretarat igaiteko bidean eta heinean direnak.

        Bestalde, berrogoi eta bortz Martir baditu Heren-Ordreak.

        Ez daiteke erran zonbat eta zonbat jende handi Heren-Ordreak mendez mende bere galtzarre saindurat bildu dituen. Behinik-bat haren haurretarik izan dire berrogoi eta lau Aita-Saindu, ehun eta hogoi eta hamar errege eta erregina, sei ehun printze baino gehiago.

        Erromako Aita-Sainduek bi mila gutun edo manamendu Eliza guziari igorri dituzte Heren-Ordrearen hobeki ezagutarazteko eta maitarazteko.

        Bi kontzilio handiek, Vienekoak (1309) eta Latranekoak (1512), onetsi dute; hitz eder eta nasaienez aiphatu eta goretsi dute.

        Aita-Saindu Gregorio bederatzigarrenak laidostatzen eta kondenatzen ditu Heren-Ordreari jazartzen diren buru makhur eta gaxtoak. Eta bestalde goraki dio bekhatu mortal bat egiten duela nork ere Heren-Ordrean sartzetik nor edo nor gibelatzen baitu.

 

        Xehetasun horietarik ageri da san Frantsesek ez dituela alferretan asentatu bere hirur Ordenak, bat komentuetan gizonentzat, bertzea ere komentuetan emaztekientzat, eta azkena munduaren erdian girixtino guzientzat.

        Ezin sinetsia da kasik zer arima andanak sarthu diren hirur Ordena horietan. Hamasei ehun eta lauetanhogoiean san Frantsesen komentuek bazerauzkaten bildurik: ehun mila gizon eta berrogoi mila emazteki.

        Eta zer erran Heren-Ordreko haurren elemeniaz? Heren-Ordreak berak bazituen, doblezka eta doblezka, bertze bi Ordena handiek baino gehiago.

        Ez da beraz espantitzeko baldin Elizaren etsai harek erraiten bazuen Alemaniako enperadoreari: Nihor ez da Heren-Ordrean sartzen ez denik; harmada handienak baino kalte gehiago egiten derauku Ordena horrek, ezen guganik urruntzen ditu bihotz guziak eta Erromako Aita-Sainduarenganat itzultzen.

 

        Egungo egunean ere Eliza katolikoa, sekulan ez bezalako hersturetan aurkhitzen da; Heren-Ordreak behar gaitu errekatik altxatu.

        Girixtinoek berek ez dute gehiago deus sinesterik, edo bederen ez balute bezala bizi dire. Hainitzek ukho egina diote Jesu-Kristori eta zeruari. Oro pulunpatuak gorphutzeko atseginetan, lurreko ontasunetan, urguluzko hanpaduretan; ez Jainkoa, ez ifernua, ez eternitatea, deusik ez zaizkote. Bizi labur huntan derauzkate bihotzak aserik, ez dire orhoitzen ere hil ondoko ethorkizunaz: Oculos suos statuerunt declinare in terram (Psalm., 16, 11).

        Heren-Ordreak behar gaitu hobi horren barnetik xutiarazi, gure begiak zeruko alderat altxatu, gure gogoak eta bihotzak garbitu, goratu, Jainkoaren baithan finkatu. Eta hortarakotz gutarik bakhotxak ikhas dezala bere buruari jazartzen, ezen pairatu gabe, bortxamenik jasan gabe, Jesu-Kristoren kurutzea kharreiatu gabe, ez da sekulan gure mendea leizetik atherako. Hortakotz, Penitentziaren ordena erraiten diote Heren-Ordreari.

        Oraiko Aita-Saindu guziz argituak, Leone hamahirurgarrenak, erregela berri bat eman dio Heren-Ordreari. Eta zertako? Nahi baitu gehiago eta gehiago emenda dadien; nahi baitu guziek, gizonkiek ala emaztekiek, Ordena balios hori besarka dezaten, maita dezaten, harek irakatsi bidetan sainduki ibil ditezen.

        Duela hiruretanhogoi eta hirur urthe, bertze Aita-Saindu batek, Leon Hamabigarrenak, Elizarentzat asko entsegu eta lan handi ibili ondoan, erraiten zuen:

        «Osoki bethe ditugu gure eginbideak. Zerutik emana zeraukun botherearen indarrez ideki diotzategu guzieri Jaunaren ontasunak. Jendaia girixtinoak othoiztu eta errekeritu izan ditugu ethor ditezela Salbatzailearen ithurburuetarat, eta lehia ditezela bethiereko bizia dakharketen ur aberatsetan edatera, nazaiki asetzera. Bizkitartean zer balio lukete gure egin ahal guziek, batbederak ez balu gure gomituari ihardesten? ez balu bere arimaren salbatzeko nahikunde hazkar bat agertzen?»

        Aita-Saindu horrek bezain ongi edo hobeki, Oraiko gure Aita-Sainduak ere erraiten ahal derauku: Bethe ditugu osoki gure eginbideak: irakatsi dantzuetegu zer bidez athera zaitezketen errekatik. Hanbat gaxto ez bazarete baliatu nahi!

        Ezen, gainerateko hainitz lan handi eta ospagarriez bestalde, Leone hamahirurgarrenak gure mendeko jendaia guzieri eskeini diote san Frantsesen Heren-Ordrea, hala-nola itsasoan ithotzerat dohanari laguntza eskeintzen baitiote leizetik kanporatzeko.

        Orhoit gaitezen Izpiritu-Saindua bera, egiazko Zuhurtzia, Trinitateko hirurgarren Presuna, mintzo zeraukula Aita-Sainduaren ahoz eta harek gaituela Heren-Ordrean sartzerat gomitatzen.

        Bai, dio Salomonek bere Erran-Zaharretan, kanpoan, goraki, guziek entzuteko moldean Zuhurtziak adiarazten derauku bere hitza: Jende osteen aintzinean dago oihuz, ez da gordetzen, hiri handienetan ere ozenka altxatzen ditu bere solasak, diolarik:

        Noiz artean jarraikiren zarete haurkeriari? noiz artean, arhin eta zoro, bilhatuko ditutzue urrats eta gauza kaltekorrak? noiz artean itsuek arbuiatuko dute egiazko argia, Jainkoaren irakasmena?

        Entzun beraz guziek ene gomitua eta niganat itzul! Horra non duzuen leizetik eta osinetik atheratzeko bidea, san Frantses ene adiskide minak asentatu duen Heren-Ordrea.

 

aurrekoa hurrengoa