www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II — KAPITULUA

 

Arimako itsumendua,
Erlisionearen etsaieri Jainkoak
igortzen dioten gaztigu berezia

 

Arimako itsumendua, gaztigu guzietarik han diena dela.— Askotan lazakeriatik heldu da.— Deskantsu nigaregingarria!

 

        Gu baithan badugu argi bat, gure urratsak bidatu behar dituena; hura da gure adimendua, gure izpiritua, Jainko onak eman deraukuna egiaren ezagutzeko. Bainan gure adimendu horrek ez du berenaz indarrik aski gure bidatzeko egitekorik handienean, salbamenduko egitekoan. Hortarakotz behar dugu goragodanik berze argi bat, eta hura da fedearen argia.

        Salbamenduari darraizkon eginbidetan ez dezakegu deusik egin argi surnatural hori gabe, bainan argi horrekin bethi zerurat heltzeko bidea har dezakegu. Ezen fedeaz argituak bagare eta gure eginbideak ongi ezagutzen baditugu, Jainkoaren bidetan edo xuxen edo makhur ibiliko gare: xuxen bagabiltza, ez daiteke deus hoberik; makhur bagabiltza ere, badakigu bederen errebelatuak garela, badakigu ez gaitezkela salba bide onerat itzuliz beizik.

        Bainan gure izpiritua ez bada fedeaz argitua, itsumenduan eta ilhunbetan aurkhitzen bada, ai orduan ez gaitu zerurat bidatzen ahal; gaizki gabiltzanean, ez dugu ezagutzen ahal gure burua, eta beraz ez gaitezke bide onerat itzul.

        Hortik, izpirituko itsumendua, erran nahi baita fedeaz ez ongi argituak izaitea, ez ongi ezagutzea zer den kaltekor edo zer den probetxos gure arimentzat, hori da diteken traba handienetarik bat salbamenduari buruz, hori da izan dezakegun zorigaitz handienetarik bat.

        Hortakotz erraiten derauku Jesu-Kristok: Goemazue zuen baithako argia ez dadien izan ilhunbe, zuen izpirituak ez ditezen itsuturik egon: Vide ergo ne lumen quod in te est tenebrae sint. (Luc. 11, 35.)

        Zorigaitz hori, itsumendu hori, Erlisionearen etsaiek maizenik jasaiteko duten gaztigua da.

        Itsumenduan aurkhi daiteke, Erlisioneko eginbide hainitz ezaguturik ere. Aski da eginbide hetarik zonbaiten, edo bat bakharraren gainean gure faltaz enganatzea; aski da, gaizki bat egiten duguna, ez gaizkitzat atxikitzea, edo eginbide bat bethe beharra, ez uste izaitea bethe behar dugula. Itsumendu galkor hortan izaiten ahal gare, edo gure lazakeriaz, edo gure gaxtakeriaz, edo Jainkoaren gaztigu ikharagarri batez.

 

Gure lazakeriaz.

        Itsumenduan izan gaitezke gure lazakeriaz, Erlisionearen ongi ezagutzerat ez entsegatuz, eta hortik ez jakinez zer egin behar dugun edo zertarik urrundu behar garen salbatzeko.

        Girixtino batek gehienetan haurdanik, eta bederen lehen komunionearen egiteko, ikhasten ditu Erlisioneko eginbiderik premiatsuenak. Orduan ikhasten ez balitu, buruzagien obena liteke, eta buruzagi sordies hek haren arimaz ihardetsi behar lukete Jainkoaren aintzinean.

        Bainan haurtasunetik atheratzearekin, adinean aintzinatzearekin, girixtino batek behar du oraino hobeki argitu; eta egin daiteke errexki, baldin nahi bada baliatu hortarakotz dituen bide onez. Bide hek dire, herrietan emaiten diren predikuak eta kateximak, eta oraino liburu onen irakurtzea edo irakurtzen aditzea, sakramenduetarat hurbiltzea, salbamendua eta azken finak gogoan maiz erabiltzea.

        Entsegu horiek egiten ez dituen girixtinoak, haurtasunean ikhasiak ere net ahantziko ditu; ez ahantzirik ere, utziko ditu bazterrerat ez balazki bezala; ez da badirenez ere orhoituko; eta holaxet bekhatu frango eginen ditu, kasik ohartu gabe; ifernuaren hegi-hegian biziko da, ezagutu gabe.

        Zonbat girixtino egiten dutenak urrats oroz bekhatua, ala gogoetez, ala gutiziez, ala elhez, ala obrez; eta erraiten bazaiote behar direla konbertitu, behar dutela kofesio on bat egin, ihardetsiko baitute: nik ez dut gaizkirik egiten! Ez dut deus ebatsi, ez dut nihor hil, ez-eta nihori bidegaberik egin. Nik beraz zer bekhatu duket? Guti edo batere ez; deskantsuan nago.

        Nor dire holakoak? Sekulan kasik, ez meza nausietan, ez bezperetan aurkhitzen ez direnak, eta hortakotz behinere predikurik ez kateximarik entzuten ez dutenak; igande bestetan meza bat entzuten badute, ahal bezain laburra hatzemanik, egun guzia kanpo horietan barreiaturik dabiltzanak; erlisioneko gauzez behinere, edo gaizki beizik, mintzatzen ez direnak; liburu on bat, irakurtzen jakinik ere, sekulan ikhusi nahi ez dutenak; salbatzerik edo damnatzerik badenez ere orhoitzen ez direnak; noizetik noizera, edo menturaz behinere, kofesor baten elhe onen aditzera ez dohazinak.

        Jan eta edan, lo egin, lanarekin ar borrokan, atsegin tzarretan, zer-nahi barheiamenduetan zoraturik ibil; hitz batez, lurrekotzat beizik ez bizi aberen pare, horra hekien zuhurtzia.

        Prediku eta kateximetarat jarraikitzen balire, salbamenduko egitekoaz eta azken finez orhoitzen balire, balakikete Jainkoak eman dituela hamar manamendu, eta ez xoilki biga, bosgarrena eta zazpigarrena. Ez dutela hiltzen ez ebasten, balentria zaiote. Eta nik hortan ere ez nuke juramentu egin nahi, hek uste bezain garbi direla. Ezen lagunari hitzez edo egitatez asko zimiko egin ditezke, ez osoki larruturik ere, eta badakigu ebasgua guziak ez direla bide bazterretan egiten.

        Zer-nahi izanik, lege guzia ez dago bi manamendu horietan. Bekhatu da othoitzik ez egitea, edo eginik ere, eskarnio bat bezala marruskatzea. Bekhatu dire hainbertze arnegu, hainbertze hasarre eta borthizkeria, hainbertze mihi-kolpe eta elhe gaxto, hainbertze ausartzia eta oldartze burasoen edo aintzindarien kontra, hainbertze lazakeria eta ez-axolakeria haurren eta sehien gainean, hainbertze arinkeria, elhe lizun, atheraldi zikhin eta moldegaitzkeria tzar.

        Horietarik guzietarik egiten dute orga-traka, eta gero diote: Nik ez dut bekhaturik!

        Zertako bada itsumendu hori? Beren lazakeria dela kausa. Izpiritua eta konzientzia herdoilduak dituzte, ilhunbean daude.

        Bainan bederen ez-jakin hori baliatuko othe zaiote Jainkoaren aintzinean? Ez-eta demendrenik. Hori bera bekhatu da, ezen behar ziren argitu, eta argi zitezken; ez badire egin, beren lazakeriatik izan da. Hortakotz borthizkiago beizik ez dire kondenatuak izanen.

 

aurrekoa hurrengoa