www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV — KAPITULUA

 

Gutarik bakhotxak baduela
Erlisionearen beharrik handiena.

 

Erlisionean makhur, bertzetan ere makhur.— Lur huntan bihotzmin frango.— Erlisionea egiazko gozagarria.— Gizonen aldetik laguntza guti.—Egiazko girixtinoa, egiazko dohatsua.— Nahigabetan ere bozkariatzen da.— Pariseko martir berriak.

 

        Irakurtzaile maitea, ez derautzut hemen erran nahi Jainkoak, bertze munduan bezala bizitze huntan ere, onesten ohi dituela haren alderat bihotzdun direnak, eta asko gaitzez jazartzen ohi deraiela haren ohoreaz axolarik ez duteneri.

        Berdin, ez derauzut erranen, Jainkoaren alderat makhur dabilana, askotan makhur ibiliko dela gizonen alderat ere; eta hortik asko urrats gaxtoetan sarthuko dela, eta khirestasun frango ukhanen dituela iresteko.

        Ez derauzut ere erran nahi, Erlisioneak behar diren mugetan atxikiko ez duen gizonak asko behaztopa eginen dituela bere bidean. Jokoz, janez edanez, gau-atzarrez, jaidura gaxtoeri bere nahikarak sobraniozki emanez, gorphutza behar baino goizegi higatzen du, osasuna andeatzen du.

        Horiek pagano frangok ere ezagutu dituzte. Hekien arteko asko zuhurrek aithortu dute, Jainkoaz eta haren legeaz ibilkatuak ez diren egunak egun hiratu batzu direla, eta askotan ez direla heltzen bertzela iraganen zuten denboraren erdira ere.

        Bainan, horien guzien gainean hemen gehiago hedatu gabe, diot bereziki bizitze huni datxeizkon gaitzetan duela gizonak Erlisionearen behar guzizko bat.

        Bai eiki! holakoa da gure lastima lurraren gainean. Alde guzietarik gaitzez inguratuak gare. Izpirituko ilhuntasunak, bihotzeko khirestasunak, gorphutzeko eritasun, oinaze eta beharrak, ontasunen galtzeak, jendeen aldetikako nahigabeak, adiskideen bihotzgabetasunak, etsaien solas eta ahopaldi gaxtoak, eta ez dakit zonbat gisetako gaitz, metaka biltzen dire gizonaren histeko, ahitzeko eta lehertzeko.

        Egun banaka batzu nahigaberik gabe iragaiten baditugu, ai ez dugu zeren iguriki luzaz iraunen dutela. Eta goiz gehienez, atzarri garen bezain laster, erran dezakegu Jesusek Ebanjelioan aiphatu zuen hitza: Gaur, egun txarra duket, ezen hedoiak gorri dire eta goibel da zerua; gogoak ilhun ditut, eri dut bihotza, nigarrak begietarat biltzen ari zaizkit oi ba! oraino ere nigar egin behar dut: Et mané: Hodiè tempestas, rutilat enim triste coelum. (Matth. 16, 3.)

        Non dukegu bada laguntza horrenbertze gaitzeri ihardokitzeko? Non kausi dezakegu gozagarririk aski ez etsitzeke khirestasun horien artean?

        Erlisionean bakharrik. Hortik kanpo gehienetan ez dukezu enganiorik baizen.

 

                Nigarren artetik orhoit, bakharrik ez zaudela,

                Bainan Jainkoa lekhuku eta lagun duzula:

                Amodioz harengatik dukezuna pairatu,

                Ehunka zeruan berak pagaturen baitauzu!

 

        Sendagailu hoberenek ez gaituzte eritasun guzietarik begiratuko: adiskide jarraikienek ez detzazkete khen gure bihotzetik elhorri samin hura, hiramendu hura, jaten ari gaituen barneko har khexu hura. Eta beren ahal guzia eginen badute ere gure gaitzen arhintzeko, erranen ahal diotegu, Job sainduak bere adiskideri bezala: Consolalores onerosi vos omnes estis; Zuen solasak, zuen gosakariak alfer eta indargabe zaizkit. Ezen, horiek guziak hitzak dire, ene gaitzak aldiz gauzak, bihotzaren barneraino erretzen ari nauten zauriak.

        Ez, ez, zuen elheketa eder guziek ez derautate bihurtzen ohore hura, ontasun hura, adiskide hura, heriotzeak ereman derautan ene burhaso, ene senar, ene emazte, ene ume maite hura. Oinazearen ezpatak bethi berdin zilhatzen deraut bihotza, eta khirestasunak zaphatzen arima: Consolalores onerosi vos omnes estis.

        Eta holaxet, Erlisionerik ez duenak jasaiteko du nahigabe guzien uztarria, funtsezko gosorik eta arhintgarririk gabe.

        Oi! ala bertzelakoa baita Erlisionea duenaren eta bere Erlisioneaz ongi baliatzen denaren bizitzea! Jainkoa baithan sinesten du eta sinesten osoki, lañoki. Eta hortakotz badaki Jainkoak artha duela mundu huntako gauza guziez eta bereziki gizonari dagozkonez.

        Badaki ez zaukula deus gerthatzen, baizik ere Jainkoaren nahitara. Orhoitzen da Jesusek erran duen hitz eder huntaz: Ene nahia gabe, ile bakhar bat ez da zuen burutik galduko: Et capillus de capite vestro non peribit.

        Gauza guzien Nausi on hari behatzen dio beraz Erlisionea duenak, haren zuhurtzia ikhusten du gerthatzen zaizkon gaitz eta nahigabe guzietan; haren eskutik hartzen ditu, jautspen oso batekin, ez khirestasun eta gaitz bezala, bainan bai on eta gozotasun batzu bezala.

 

                        Ala zorionezkoa

                        Jaunaren beldur dena

                        Eta haren manuetan

                        Bere gogoa duena?

                Holakoak ahal duke haren baithan fidantza,

                Hersturetan kontsolatuko dioela bihotza!

 

        Badaki arima zuhur eta prestu harek, naturalezarentzat gogor eta khirets diren nahigabeak izanen direla arimako ontazunik aberatsenak, baldin Jainkoaren xedetan hartzen baditu. Badaki baliaturen zaizkola bere hutsen garbitzeko, eta zeruan sari handiago baten izaiteko.

        Eta orhoitzapen horrek oi! gozotzen eta eztitzen baitiotza lur huntako khirestasunak eta arhintzen bere gaitz guzien phizutasunak.

        Erlisione-gabeak gaitz hetaz oro iretsiak dire, barneko hiramendua kanporat goitika aurthikitzen dute erasiarik saminenez, bai-eta askotan zeruaren eta lurraren kontrako burhorik lazgarrienez.

        Eta denbora berean ikhusiko duzu girixtino ona, gaitz suerte guziak, Job Sainduak bezala, Jainkoaren eskutik hartzen.

        Hala-nola nahikaretan eta bere gogorako gerthakarietan, nahigabetan ere berdin Jainkoaren izena goresten du, zeren baitaki zeruko Aitak igortzen diozkola gaitz hek bere on handienekotz.

                Horrelakoak iduri du zuhaitz loratua,

                Ibaiaren bazterretan gizenki landatua:

                Bere mugan sagarrak ditu ausarki ekhartzen,

                Eta nihotz ere ostoa ez zaio erortzen.

 

        Aspaldian ikhasi du, bizitze huntan beheratzen eta aphaltzen direnak, hil ondoan izanen direla altxatuak eta bethikotz goretsiak. Bere sineste ederrak irakasten dio, oraiko paraimen ttiki eta laburren orde, ukhanen duela bethiraunde guzian zorionezko gaindidura nasai bat gozatzeko.

        Lege zaharreko Patriarkarekin errepikatzen du, bere nahigabeen artetik, hitz eder hau: Bai, hori da ene hihotzean jarria den igurikitza guziz ezti eta gozoa: Reposita est haec spes in sinu meo.

        Horra zer ederretsi duen, lurrak bezala zeruak ere, Apostoluen baithan, Martiren baithan, Penitent jasankorren baithan. Mundutiarrak hiraturik zerauzkaten gaitzen erdian ere, hek berdin boz eta alegera, hek gozoz gaindi atsekabe minenetan ere, hek goraki erraiten Jaundone Paulorekin: Gozoz ez nagoke, bozkarioak gaindi egiten darot herstura guzian erdian: Repletus sum consolatione, superabundo gaudio in omni tribulatione nostrâ. Bi gerthakari hotarik hobeki ageriko da.

 

        1° De Sonis, aurthen hil izan dena, ez zen bakharrik gerlari bihotzdun bat, kabaleriako soldadoen aintzinean, etsaiari buruz beldurrik gabe zohana; hura zen oraino fede handiko gizon bat, othoitza eta penitentzia pratikatzen zituena.

        Egun guziez, aphezek bezala, erraiten zuen ofizioa, eta barur-egunetan, kafe xorta batekin egoiten zen arrats artio; orduan egiten zuen bere jan-aldia mehe. Goiz guziez, bazohan meza sainduaren entzutera; hiltzeko bezperan xoilki, ezinbertzez, huts egin izan du.

        Lehenago, soldado-marexal batek erran omen zuen atheraldi hau: «Guardia hiltzen da eta ez etsaiari emaiten.»

        De Sonis jeneralak, Patayko guduan, erran zuen: «Egun komuniatu dut, eta Jainkoa berekin duenak ez du sekulan gibelerat egiten.»

        Beraz, jakin duenean bere azpiko duen Zouaben erreximenduak gorderik daukala bihotz-sakratuaren bandera, erraiten dio de Charette koronelari: «Lehen bataillan, hura aintzin-aintzinean emanen dugu.»

        Eta Patayko gudu egunaren bezperan, bandera aphez bati benedikarazi zioten; de Sonis, Charette eta bertzeek komuniatu zuten.

        Bizkitartean, gudu ikharagarri hartan, nonbreaz gaindi eginak, kolpaturik lorioski erori ziren.

        De Sonis, belhauna xehakatua egon behar izan zen han arratsaldeko 4 orenetarik eta biharamuneko 9 orenak artean, jauts ahala ari zen elhurraren azpian.

        Othoitzez zagokon Lurdeko Andredena Mariari, hel zakion:

        «Ama on hau nere begiez ez nuen ikhusi, zion geroxago adiskide bati, bainan senditzen nuen han zela ene laguntzera jina; ezen, nahiz dena zaurthua nintzan, eta odol anhitz galtzen nuen, altxatu nindutenean bakharrik oinhazea abiatu zitzautan.»

        Gau lazgarri hartan zeruak igorri zion laguntza mirakuiluzkoaz eskerren bihurtzeko, jeneralak geroztik urthe-muga bakotxean gau hura othoitzean zeraman Eliza batean, aldareen oinetan.

        Jainkoak eman diezagula de Sonis bezalako jeneral zonbait, eta gure armadak ohoreekin atxikiko du, aspaldiko denboretan Europa guzian daukan herrunka ederra!

        Ezen, gauza segura eta esperientziaz frogatua da: Jainkoa, Erlisionea, Eliza maite duten soldadoek guduan ez dutela zehe batez ere gibelerat egiten.

        Jainkoa berekin duenak ez daki beldurra zer den.

 

        2° Parisen, sei urthetako muttiko bat, philda xar batzuez doidoia bezti, hotzez zagon eta gose, ahamenik jatekoa hogoi eta lau oren hetan. Gogorat jin zitzaion letra bat igorri behar ziola Andredena Mariari zerbaiten galdez; bainan oraino ez zakien izkiribatzen. Nola ikhustez ezagutzen baitzuen soldado zahar erretretatu bat, bataren eta bertzearen letren iskiribatien artzen zena, badohako eta erraiten dio: Jainkoak dizula egun on, Jauna; nahi dautazua letra bat izkiribatu?

        — Bai, bainan gostako zaik hamar sos.

        — Hola denaz geroz, barkhatu! —eta abiatzen da kanporat.

        — Ez duka bada hamar soseko bat?

        — Ez, Jauna.

        — Hire amak ere ez?

        — Ama ohean gelditua dut, letra batean galdatu gogo nuen amarentzat salda bat.

        — Eta nola du izena, salda galdatu nahi diokan Jaunak?

        — Ez da Jauna.

        — Andre bat beraz?

        — Bai, Andredena Mariari letra bat igorri nahi diot.

        — Nitaz trufatzera jina hiz naski! habil kanporat, eta berehala gero!

        Haurrak egiten ditu bi urhats bortako alderat.

        Hemen, haren begitharte maitagarriaz hunkitua, soldado zaharrak bere baitan dio: zonbat miseria hatik Parise huntan!

        Gero: Haurra zer erran nahi diok Andredena Mariari?

        — Erran nahi diot ama bardaz geroz lo dagola, eta atzararaz dezan.

        Soldado zaharrari barniak farrasta bat egiten dio.

        — Eta... lokhartu baino lehen, amak zer jan zuen?

        — Bi egun hautan zion ez zela gose.

        — Zer egin duk, atzararazi nahi izan dukanian?

        — Bethi bezala, besarkatu dut.

        — Zer erran dauk?

        — Deusik ez, hormatua bezala zen; gure etxean hain hotz hari da!

        — Higitu zena?

        — Ez, bethi geldi geldia zagon, bi eskuak khurutze, begiak zerurat itzuliak. Hau aditzearekin, soldado zaharrak senditzen ditu bi nigar matelari behera.

        Hartzen du muttikoa belhaunen gainean, eta besarkatzen duelarik, erraiten dio: «Haurra, goazen hire amaren ikhusterat; nik ere banian lehenago ama bat erran zautana: izan hadi gizon prestu eta giristino on.— Gizon prestu izan nuk, giristino on? hori ez zakeat erran; bainan hemendik harat, segur, hala izanen nuk.»

        Eta, soldado zaharra kargatu zen haurraz; huntarik ohorezko gizon bat athera du, bera ere, giristino on bilhakatu, eta bere semea deitzen duena aiphatzen diotener erraiten diote: «Ez dakit nork dabiltzan letra horiek, bainan bethi xuxen badohazi zerurat.»

 

        Ikhuskari guziz ederresgarria gizonentzat eta aingeruentzat, ezen, dio Apostolu berak, munduari, gizoneri eta aingerueri ikhuskaritan emanak gare: Spectaculum facti sumus mundo, angelis et hominibus. Eta oraiko denbora auhendagarri hotan ere eginkari berdin ederrak ikhusi izan ditugu.

        Azken urthe hotako nahaskerien erdian, Pariseko hiria oro deboilatua zelarik, Arxaphezpiku bat, asko Jesuista, Dominikano eta Aphez khartsu, bozkariotan hil dire, jasanik zer-nahi gabetasun, zer-nahi laido, zer-nahi hiramendu.

        Hek ere beren hiltzaileri erraiten zioten irriz, atseginez, lehenago Jaundone Laurendik erraiten zuena: Borthizkeria guziak, ai ezti zaizkit, ezen sutan nago nahiz-eta bihurtu nere amodioa Jesusen amodioari, nere oinazeak Jesusen oinazeri, nere heriotzea Jesusen heriotzeari: Ut amorem amori, dolorem dolari, mortem morti rependam Christo meo.

        Jainkoari bethiko eskerrak, zeren Erlisionea iraungia bezala zen mende deithoragarri huntan, agertu dituen bere graziaren holako eginkariak eta irakatzi Erlisionearen indar espantagarria. Elizaren etsaiek berek harritzeko zuten moldean.

 

aurrekoa hurrengoa