www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI — KAPITULUA

 

Eliza egiazkoa delako ikhusbide ageriak

 

Bata da.— Saindua da.— Katoliko da.— Apostolikoa eta Erromanoa da.— Aita Dom Gueranger.— Haurtasun ederra du.— Aphezten da.— Meza erraiteko liburua, zaharrago eta baliosago.— Frantzia biltzen du elizako zeremonia zuzenbidekoetarat.— Batikaneko kontzilioari laguntza handiak emaiten ditu.

 

        Huna zoin diren Elizaren ikhusbideak.

 

        1.— Batasuna.— Bat da Eliza, eta nolaz? zertako?

        Lehenik Elizaren ume guziek, edozoin eskualde ala bazterretan, sineste bat bera dutelakotz, gero Sakramendu beretan parthalier direlakotz, eta azkenik Jesu-Kristoren gorphutz bat bakharra direlakotz, buruzagi ageri den baten eskupean, Aita-Sainduaren menean.

        Ezin izan daiteke Eliza bat beizik, egiazkorik aditzen da. Hola erran du Jesu-Kristok berak:

        Bertze ardiak ere baditut, saldo huntakoak ez direnak; eta hek ere erakharri behar ditut, eta ene mintzoa entzunen dute; eta izanen da arthalde bakhar bat eta artzain bakhar bat.

        Bainan zuk menturaz, irakurtzaile maitea, erranen derautazu: Nolaz bada derrakezu Elizaren ume guziak sinestez bat garela? Aphezen artean ere bada ezbaia frango!

        Ez dut erran guziek ikhuste bera dugula phondu guzietan. Badire asko Jainkoak ageriki irakatsi ez dituenak, eta zoinen gainean Eliza ez baita mintzatu. Horrelakoez baikhotxak bere idurira itzultzen du gogoa eta asentatzen bere ustea.

        Bainan ez da gutiago egia, ala Aphezek ala girixtino ardurakoek, nor-nahik, katoliko den ber, sineste bera dugula bazter guzietan; eta zertako? zeren guziek onesten eta atxikitzen baititugu Jainkoak Elizari irakatsi diotzan, eta Elizak haren ordainez irakasten deraizkun guziak.

        Alde hortara erran dut Elizaren ume guziek Eliza bat bakharra egiten dutela, ezen horrela sineste bat bera dute guziek.

 

        2.— Saindutasuna.— Egun batez adixkide batek erraiten zautan:

        Eliza deitzen dugu Saindua; eta bizkitartean gu behintzat, gu laikoak, ez gare guziak saindu, ez eta naski zuek, Jaun Aphezak ere. Zer diozu horren gainean?

        — Ez eiki! zorigaxtotan guretzat, ez gare, ez zuek ez gu, guziak saindu. Nolaz bada Eliza deitzen da saindua? Zeren Jesu-Kristo, haren asentatzailea, saindutasuna bera baita; zeren haren legeak eta manamenduak oro garbiak eta sainduak baitire; zeren Elizaz kanpoan ez baititeke izan saindutasunik; eta Elizan bethi izan baitire eta bethi izanen baitire egiazko sainduak; zeren azkenik girixtino garen guziak saindutzerat deithuak baikare. Hortakotz Eliza deitzen da Izkrituran: Jendaia saindu bat, hiri saindu bat.

        — Hanbat gaxto beraz guretzat ez bagare saindu; ez du horrek Elizaren saindutasuna galtzen.

 

        3.— Katoliko izaitea.— Adixkide berak galdegin zautan oraino:

        — Deithura bat bada Elizari emaiten ohi zaiona eta nik egundaino ongi aditu ahal ez dudana: Katolikoa; zer erran nahi da hori?

        — Alabainan, zuk ez jakin latin hizkuntza! eta oraino hitz hori ez da ere latina, greka da, eta erran nahi du orotarakoa.

        Eliza deitzen da beraz katolikoa, zeren eskualde eta jendaia guzietarat hedatzen baita. Hola erran zion bere Aitak Jesu-Kristori profetaren ahoz: Jendaiak oro primantzan emanen dorozkitzut, eta zure nausitasuna hedatuko dut lurraren azken bazterretaraino.

        Beraz jendaia guzietarat hedatu behar da egiazko Eliza, eta orotan ukhanen ditu umeak. Ez da hargatik erran nahi izanen dela jendaia guzien erlisione nausia; aski da toki handisko guzietan ezagutua izan dadien eta orotan jarraileak izan detzan.

        Horrelakoa da Erromako Eliza; jendaia guzietan umeak baditu, batzuetan gehiago, bertzetan gutiago, bainan orotan bai bethi. Angletarren, Holandan eta bertze batzuetan higanoten heresia den arren nausi, bada hetan ere asko katoliko.

        Toki guzietarat bezala, denbora guzietarat hedatzen da egiazko Eliza. Hola erran zeraien Jesu-Kristok bere Apostolueri: Eta huna ni zuekin izanen naizela egun oroz, mendeen azkeneraino. Beraz, orai artean iraun duen bezala, orobat munduaren azken eguneraino iraunen du Elizak.

        Bi arrazoin horiengatik Eliza deitzen dute katolikoa. Eta horrela da bethetzen Aita-Eternalak bere Semeari hitzeman zion erregetasuna:

 

                Hi haiz ene Semea,

                Egundanotik hindudan

                Egin neure Kidea;

                Nik emanen darozkiat heure azpiko jendeak,

                Nik heure eskuko leihor zabalaren hegalak.

 

        4.— Apostoliko eta Erromano izaitea.— Zerengatik deitzen da Eliza apostolikoa?

        Apostolikoa erran nahi da Apostoluetarik dathorrena; eta hortik Eliza deitzen da Apostolikoa, Apostoluek asentatu dutelakotz eta zeren Apostoluek irakatsi egia berak sinesten eta irakasten baititu, bai-eta Apostoluen ondore zuzenbidekoek ibilkatzen edo gobernatzen dutelakoan.

        Erran dut: Apostoluen ondore zuzenbidekoek dutelakotz ibilkatzen; eta hek dire Aita-Saindua eta Aphezpikuak, ezen Izpiritu-Sainduak ezarri ditu bere Elizaren ibilkatzeko: Spiritus Sanctus posuit Episcopos regere Ecclesiam Dei.

        Elizan baitezpada izan behar dire beraz Aphezpikuak; ordea, ez da aski nola-nahizko Aphezpikuak izan ditezen; behar dire izan Apostoluen ondoreak, edo bederen Apostoluen ondoreen baithan hastapena duketenak, batzuetarik bertzetarat iraganez hekien ethorkia Apostoluetan kausi daiteken gisan.

        Horren eskasez bereziki gudukatzen zituen Tertulianok bere denborako heretikoak. Eta berriz San Augustinek ere zion: Eliza katolikoan neraukaten arrazoin handietarik bat da, hartan aurkhitzen baitire Aphezpikuak batzu bertzeren ondore direnak. Jaundone Petriganik hasirik, zoina Jesu-Kristok kargatu baitzuen bere ardien bazkatzeaz.

        Bada ikhusten duzu gu ere urrats berean garela. Aita-Sainduarekin deraukagu, eta horra Jaundone Petriren ondore zuzenbidekoa. Eta gure Jaun Aphezpikuak ere Aita-Sainduarenganik derauzka bere bothere eta ahal guziak. Hortik, ageri den gauza da gure Eliza apostolikoa dela, eta beraz aurkhitzen garela egiazko Elizan.

        — Bestalde Eliza deitzen da Erromanoa, eta huna zertako. Aita-Saindua Elizaren buruzagi ageria da, eta Elizan izaitekotz, harekin atxiki behar dugu; eta nola Aita-Saindua Erromako aphezpiku baita; horrengatik eta zeren den haren buruzagia Erroman, Eliza deitzen da Erromanoa.

        Eta hemen behar gare gauza bati ongi ohartu. Aita-Sainduarekin batasunean egoiteko ez da aski nork edo nork bere baitharik hala uste izaitea. Dakizun bezala, norbaiten phartaliertasunean izaitekotz, behar zarete biak, hura eta zu, batetara ethorri, ados jarri; bertzela ez laiteke elgarrekin atxikitzerik. Hala-nola adiskidetasunik ez bailiteke zure eta nere artean, nik zurekin atxiki nahiagatik ere, baldin zuk ez bazindu enekin iduki nahi.

        Hori bera zen gerthatu Jansenista heretikoeri. Aita-Sainduarekin atxiki nahi zuten, itxuraz bederen, eta estakuru hortan bazabilaten elhe, gutun eta gezurra frango. Aita-Sainduak ordean ez ditu behinere onetsi. Eta hartakotz, berek zer-nahi erranagatik, heretiko ziren eta heretiko gelditu dire.

        Ai gauden bethi Aita-Sainduarekin batasunik hertsienean. Eta hemen ez nauke aiphatu gabe eta goretsi gabe Benedikano osoki argitu bat, Dom Gueranger, Frantziako eliza guziak Erromako batasunerat bildu eta altxatu dituena. Eskualdunek maite dute elizan aurkhitzea, elizan kantatzea, elizako zeremonieri eta aldareko aphezaren ibilkatzeri hurbildanik jarraikitzea; eta bada, kantu horiek, zeremonia eta ibilkatze saindu horiek, zuzenbidekoak badire, erromanoak badire, Aita-Sainduaz onetsiak badire, diren bezala; nori esker? Dom Guerangeri esker!

 

Dom Gueranger

        Prosper-Luis-Pazkal Gueranger sorthu zen Sableko hirian, mila zortzi ehun eta bortzean, aphirilaren lauean.

        Haur horren ahideak komentu zahar batean zauden egoitzaz; komentu hortan sorthu zen. Bi urtheren buruan etxez aldaratu ziren, bainan orduan ere joan ziren leheneko komentu ohi batetarat. Eta nola Solesmeko komentu ohia auzoan baitzuten, haur ttipia komentu hortara bazohan kurri egun gehienez. Ordutik beraz ageri zen nolakoa behar zen haur horren ethorkizuna. Jainkoak ezarri zuen haurretik komentuen erdian, nahiz-eta geroxago komentu hek altxa zetzan, eta berriz ere Frantziako lurretarat sarraraz zetzan komentuar desherrituak.

        Hamahirur urthetan igorri zuten Angerreko eskoletara. Eskola hek on baino tzarrago ziren, bainan gure haurrak ez zuen deus damurik ez kalterik izan; eta hori aphez khartsu bati esker. Aphez hori zen kolegioko omoniera. Lehen begi kolpean ezagutu zuen Jainkoak beretzat hautatu zuela haur gazte hori: bertzeak baino usuago kofesarazten zuen; emaiten ziozkan liburu onak; ahal guzian laguntzen zuen bere elhe onez eta artha bereziez.

        Buru ona zuen Guerangek, aintzindu zituen laster bere lagunak eta guziez gorago altxatu zen. Nihor jarraikitzen ahal zitzaionik; nausiak berak espantiturik zauden.

        Joan zen gero Manzeko seminario handirat, eta han ere Gueranger bethi lehenbizikoetarik, ala jakitatez ala berthutez.

        Aphezguarat heldu gabe, ez zelarik oraino sudiakre beizik, aphezpikuak bereganat hartu zuen segretario bezala.

        Urrunago joan zen aphezpikua; ordu beretik kalonje izendatu zuen eta katedraleko kargudun zaharren heinerat altxatu.

        Hemezortzi ehun eta hogoi eta zazpian, urriaren zazpian, Turreko arxaphezpikuak aphez ordenatu zuen.

        Egun bereko arrastirian aphez gaztea joan zen Marmutieko komentu zaharraren ikhustera. Komentu hori aspaldian gainazpikatua zen eta oro desegina. Nigar egin zuen aphez berriak eta belhaunikaturik erran zuen othoitz hau: Oi Jauna, igorrazu laster gizon indartsu bat, komentu eroriak altxatuko dituena!

        Aphezguatik laster huna zer gerthatu zitzaion. Goiz batez mezaren erraitera zohan, bainan mezako libururik ez; sakristauak bazter guziak mihatzen ditu eta deusik ez hatzemaiten. Azkenean zer egiten du? Nola ordukotz aldarean baitzen apheza, zokho batetik atheratzen du Erromano-liburu zahar bat eta lasterka eremaiten aphezari. Meza erran-eta, hunek besazpian hartzen du liburu zaharra, bere etxerat eremaiten, burutik buru irakurtzen, eta berriz ere, ederrain ederrez, xehetasunekin eta jastaka ikhertzen.

        Denbora hetan oraino Diesesa bakhotxak bazuen bere ofizio eta meza berezia. Hamazazpigarren eta hemezortzigarren mendetan, Frantziako aphezpiku gehienek egin zituzten bere gisako eliza-liburuak, Aita-Sainduaren baimenik gabe. Eta hori makhur handia zen; deus moldez ez dezake nihork, ez aphez, ez aphezpiku, ez erregek, holako ausartziarik har. Elizako othoitzak, hala-nola sinhetsi behar ditugun egiak eta atxiki behar ditugun manamenduak, Erromako Aita-Sainduak bakharrik irakas eta mana dezazke, zeren-eta harek xoilki baititu hortakotz Izpiritu-Sainduaren argiak.

        Geroxago, zonbait urthe bakharren buruan, gure aphez gazteak khenduko ditu Frantziatik othoitz herrebes horiek; berriz ere onetsiaraziko ditu othoitz egiasko zuzenak, othoitz erromanoak.

        Ikhusi dugun bezala, jaun Gueranger aspaldian komenturateko gutizietan eta Benedikano egiteko ideietan zen. Bainan ez zakien nondik hel bere xedetarat. Azkenan Jainkoak berak ideki zion bidea, eta huna zer gerthakariz.

        Solesmeko komentu ohia saltzera jin zen. Sosgabe izanagatik, gure aphez gazteak erosi zuen, gero pagatzekotan. Hori zen hemezortzi ehun eta hogoi eta hamabian, abendoarekin.

        Handik bortz egun gabe, ilhabete bereko hemeretzian, Diesesako jaun Aphezpikuak eman ziozkan bere baimen eta benedizione guziak komentu horren arrapizteko.

        Gero, zazpi ilhabetez ibili zen lagunketa eta diruketa, ala Parisen, ala Nantesen, ala bertze asko hirietan. Sos guti eta lagun guti bildu zituen; bainan hargatik ez zen lotsatu.

        Solesmeko komentuan alderat sarthu zen, uztailaren hamekan, mila zortzi ehun eta hogoi eta hamahiruan; eta harekin bertze hirur aphez eta bi laiko.

        Egun handia izan zen egun hura. Aphezpikua bera jin nahiko zen, bainan gelditu zen eritasunez eta igorri zuen bere Bikario jeneraletarik bat. Aphez andana eder bat ere bildu zen, eta hainitz jende. Ospe handitan lagundu zituzten beraz sei Benedikanoak beren komenturat; eta zuzenez, ezen egun hortan arraphiztu zen Frantziako lurrean San Benuaten Ordena saindua.

        Buruilaren lehenean, mila zortzi ehun eta hogoi eta hamazazpian, Aita-Saindu Gregorio hamaseigarrenak onetsi zuen osoki Solesmeko komentua bere erregela guziekin; bai eta izendatu zuen komentu hori Frantziako kongregazione Benedikanoaren Ama eta buruzagi bezala. Orduarte, Dom Gueranger ez zen Priore beizik; bainan Aita-Sainduak egin zuen Abade eta kongregazione berriaren aintzindari.

        Handik laster Dom Guerangek argitaratu zuen liburu bat osoki baliosa, Elizako othoitzez eta zeremoniez mintzo zena. Goraxago erran dut nola Frantzian othoitz eta zeremonia horiek herrebestuak ziren.

        Jansenistek eta Galikanoek nahasi eta gainazpikatu zituzten, halako moldez non, bertze erresuma girixtinoek ez bezala, Frantziak baitzituen bere gisako othoitz eta zeremonia basa batzu.

        Dom Gueranger bere liburuan oldartu zen hazkarki herrebeskeria horier. Hortik arrangura frango bazterretan, baizik-eta nahasten zituela Frantziako elizak eta arima onak. Asko aphez, bai-eta zoinbait aphezpiku bihurtu zitzaizkon.

        Bainan emeki-emeki egiak egin zuen bere bidea. Hainitz urthe gabe, Diesesa gehienek utzi zuten beren sail makhurra, eta berriz itzuli ziren Erromako othoitz-molde xuxenerat. Orai bakhar bat ez da Erromari jarraikitzen ez denik.

        Laguntza handia egin zuen hor Dom Guerangek Eliza katolikoari. Pio bederatzigarrenak orduan zuen bere adixkidetzat hartu; asko eta asko fagore egin ziozkan; bai-eta haren haurretarik bat, Dom Pitra, egin zuen kardinale, hemezortzi ehun eta hiruetanhogoi eta hiruan.

        Hil gabe, Dom Guerangek egin zion Elizari bertze laguntza handi bat. Huna zer behar-ordutan.

        Hemezortzi ehun eta hiruetanhogoi eta bederatzian, Pio bederatzigarrenak bildu zuen Batikaneko konzilioa. Konzilio hortan gerthatu ziren thirabira frango; eta guziz konziliotik kanpo, gaseta tzarrek eta jende nahasi hainitzek asko traba ekharri zituzten eta kalte handiak egin. Huna zertaz ziren gehienik arrangura. Konzilioko Aitak, Izpiritu-Sainduaz argiturik, irakastera zohazin Erromako Aita-Sainduaren ezinenganua fedezko gauzetan. Hori zuten gaxtaginek beren sabeleko mina; eta sosegurik ez zuten, konzilioa poxolatu beharrez; baitezpada nahi zuten Izpiritu-Saindua ixilarazi.

        Dom Gueranegek orduan argitaratu zuen liburu bat hain hazkarra egia horren gainean, non guziek ikhusi baitzuten etsai horiek gezurrez eta gaxtakeriaz zabiltzala. Ordu beretik konzilioko Aitak osoki finkatu ziren sinheste zuzenean, eta goraki irakasi zuten: Erromako Aita-Saindua ez ditekela engana fedezko gauzetan.

        Jainkoak bere saria eman behar zion zerbitzari khartzu horri. Eta nola egiasko saririk ez baita zeruan beizik, hiltzeko orena ethorri zen gure Abade sainduarentzat.

        Hemezortzi ehun eta hiruetanhogoi eta hamalauean, Eguberriz, gauerdiko mezan, gloria in excelsis kantatzen zuelarik, trenpexartu zen. Ez zuen onik izan geroztik. Zonbait egunez jarraiki zen bai oraino komentuko urrats gehieneri, bainan nekez eta bere burua bortxatuz.

        Azkenean arras erori zen, eta huna nola. Egun batez katexima iraskasten zion haur erromes bati; eta hori usaian bezala, ezen gostu handia zuen kateximaren eta othoitzen haur ttikieri irakasten. Beraz katexima egiten ari zelarik, sukhar borthitz batek hartu zuen Aita Abadea.

        Hori zen maiatzaren hogoi eta zortzian, hemezortzi ehun eta hiruetanhogoi eta hamabortzean.

        Ohean sarthu-eta berehala agonian erori zen. Nahi izan zen abiaduratik kofesatu, eta bere anaieri kantarazi zioten Te Deum eta Benedic anima mea Domino.

        Bi egunen buruan phausatu zen, urtharilaren hogoi eta hamarrean, lagunbatarekin, arratsaldeko hirur orenetan.

 

 

                Igandez Eskual-herrian

                Eder laboraria

                Elizan kantaz lorian...

 

aurrekoa hurrengoa