www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I — KAPITULUA

 

Fedeaz bi hitz

 

Federik gabe ez dela salbatzerik.— Zer da Fedea?— Bi egia suerte.— Goraxago erranak berriz errepikatuak.— Zertan den gure sinestea bermatzen eta finkatzen.— Erlisioneko goitibehera guziak, agindu bezala gerthatu direla.— Jainkoaren lanak.

 

        Sekulako zorigaitzari ihes egitekotz eta zerurat heltzekotz, behar gare Jainkoaren gogorako izan eta haren nahiaren arabera bizi. Bada, dio Jaundone Paulok, ez gaitezke Jainkoaren gogarako izan, ez gaitezke haren nahiaren arabera bizi, ez badugu egiazko sinestea; beraz sineste hori gabe ez gaitezke salba. Hortik Jesu-Kristok berak erraiten zioten bere Apostolueri: Zoazte, ene Ebanjelioa irakas zazue jendetze guzieri; sinesten duena salbatuko da, eta sinesten ez duena izanen da damnatua: Qui crediderit salvus erit, qui vero non crediderit condemmabitur. (Marc. 16, 16.)

        Horra beraz non aditzen dugun, ez xoilki apostolu baten ahotik, bainan Jainko egia bera denaren ahotik, ez badugu fedea, galduren garela bethikotz. Egiazko sinestea hoin baitezpadazkoa denaz geroz, zuhurtziak nahi du ezagut dezagun ongi zer den, jakin dezagun hea badugun ala ez, eta ez baginu, egin detzagun laster haren biltzeko egin behar diren urratsak.

        Ikhus dezagun beraz zer den fedea eta zer bidez guganat heltzen diren fedesko gauzak.

        1° Zer da fedea?— Kateximak dion bezala, fedea da berthute bat zoinaz sinesten baititugu Eliza katolikoak irakasten derauzkigun egiak, zeren Jainkoak berak irakhatsi izan dituen Eliza gure ama saindu horri.

        Beraz norbaitek ez balitu sinetsi nahi Elizak irakasten derauzkigun egiak, harek ez luke federik. Ezik Jesu-Kristok erraiten derauku: Eliza sinetsi nahi ez duen bati beha zakozue pagano bati bezala.

        Bainan zoin dire Jainkoak Elizari irakatsi egiak? Badire bi suerte, batzu sinetsi behar direnak xoilki, bertzeak sinetsi eta obretan atxiki behar direnak.

        Lehenik beraz sinesteko direnak xoilki, eta hek dire Erlisioneko mixterioak eta Apostoluen sinestendutanean aiphatuak diren guziak. Hala nola Jainko bakhar bat hirur presunetan; Jainko-semearen gizon egitea, heriotzea, hiletarik phiztea; jujamendua, zeru eternala eta ifernu eternala. Egia eta mixterio horiek ez dire mintzo eginbidez edo obrez; behar dire bakharrik sinetsi. Hori da Erlisioneko zathi bat, teologoek dogma deitzen dutena, eta biltzen dituena sinetsi behar ditugun guziak.

        Badu Erlisioneak bertze zathi bat, morala deitzen dena; eta hunek irakasten ditu salbatzeko bethe behar ditugun egin bideak, erran nahi baita zer ongi egin behar dugun eta zer gaizkitarik begiratu behar garen. Eta horiek dire gauza batzu, sinetsi bezala, oraino eginkarietan eman behar direnak. Aurkhitzen dire bereziki Jainkoaren manamenduetan, hala nola Jainkoa behar dela adoratu eta maitatu, Jaunaren izen sandua ohoratu, juramentu debekaturik ez egin, igande egunak atxiki, burasoeri ongi heldu, bertzeri ez egin, hek guri egitea nahi ez dugunik, sekulan ez atxiki lohikeriazko gogoetarik edo gutiziarik, are gutiago erran elherik edo egin egitate tzarrik. Gure eginbidea oraino Elizari jarraikitzea Jesu-Kristo berari bezain ongi, bai eta gure bekhatuez penitentzia egitea.

        Gure sinesteak ez luke deusik balio, ez baginitu bigarren saileko gauza horiek, lehenbizikoak bezala sinesten; berdin oraino ez baginu sinesten Eliza sainduak manatu eginbideak, Jainhoaren manu batzu direla, eta debekatzen derauzkigun gaizkiak, Jainkoaz beraz debekatuak zaizkigula.

        Horra bi hitzez zer diren gure fedeak sinetsarazi behar derauzkigun egiak eta manuak.

        3° Orai galdeginen derautazu zer bidez eta nola guganat heldu izan diren Jainkoak eman egia eta manu horiek. Heldu izan zauzkigu zaharren erranez eta izkribuez. Hola dio Batikaneko azken Kontzilioak.

        Bertzela ere, nola dakigu gizonek munduan zer zabilaten duela anhitz mende?

        Berdin-berdina, zaharren izkribuez eta erranez.

        Mende bakhotxeko gizon jakintsunek izkribatu dituzte hekien denboran gerthatu ziren, edo lehenago gerthatu zirela zazkiten harat-hunat premiatsuenak. Izkribuz bezala, elhez eta omenez, berze hainitz gerthakari jakin dire eta bethikotz gelditu gizonen orhoitzapenean. Ala izkribuak ala erranak mende batetik berzera iragan dire eta guganat heldu, eta orobat joanen dire gure ondokoetarat, eta hek ere aintzina aiphatuko dituzte eta azken denboretarat helaraziko.

        Bide hortaz ezagutzen ditugu JESU-KRISTO eta haren aintzineko mendetan iragan diren hainbertze gauza. Esipton, Grezian, Erroman eta berze hainitz tokietan ziren hiri famatuak, erregeak eta gudulari handiak, hek egin dituzten gerlak, hek irabazi edo galdu bitoriak, badazkigu hain ongi nola gure denboretako gerthakari agerienak. Orobat ezagutzen ditugu, JESU-KRISTO agertuz geroztik izan diren goiti-beherak gizonen artean. Eta bethi bide beraz.

        Nola altxatu eta asentatu den Frantziako erresuma ederra, duela hamalau ehun bat urthe; geroztik zonbat errege izan dituen, zer ziren hekien izenak, zer ongiak eta gauza handiak egin dituzten, oro badazkigu, gure egunetan egin direnak bezain ontsa. Hemendik mila urtheren buruan guk bezain ongi jakinen dituzte gure ondokoek.

        Berdin oraino jakinen dute zer nahasmenduak jasan ditugun azken urthe hotan: Enperadore bat bere armadarekin desterrurat preso eremana, Parise etsaiez sethiatua eta hartua, gaxtaginak Frantzian nausitzen eta zer nahi desmasia ibiltzen.

        Horiek guziak mendetik menderat ibiliko dire, eta sekulan horietaz nihor ez da dudatuko, berek ikhusirik bezala sinetsiko dituzte.

        Bada guk bide beraz eta ageriagoaz badakigu Erlisionea nola ibili den mundu huntan, gizonez usu gaitzetsia, bainan Jainkoaz bethi lagundua.

        Lege zaharrean, urrunagodanik ez hasteko, Jainkoak ikhusiz jendetzeak idoleri eta tzarkeria guzieri emanak zirela, hautatu zuen eta bertzetarik berezi Israeleko populua, Moisez buruzagitzat emanik. Populu horri erreberritu ziozkan, gure lehen borrasoeri irakatsi zituen Erlisioneko eginbideak, agintzak eta mehatxuak.

        Moisez mendi baten gainerat igana zelarik, eta jendetze guzia mendi-beherean zagoela, ortzien eta ximixten erdian Jainkoak profeta handi horri eman ziozkan bere manuak, bai eta bertze asko lege.

        Eta badakigu Judeako populuak Moisen lege eta liburu horiek begiratzen zituela oraino JESU-KRISTO mundurat jin zenean.

        Moisen liburua, eta haren ondotik Judeako populuan izan diren profeten liburuak, eta populu horren beraren ixtorioa, horra Testament zaharra zer den.

        Testament zahar hortan ikhusten dugu nola Salbatzaile bat hitzemana zen munduari; ikhusten dugu nola bethidanik Patriarkak eta Profetak hartaz mintzatu diren mendez mende. Patriarka eta Profeta hekien izenak ezagutzen ditugu, badakigu nor ziren eta nola bizi ziren. Izpiritu Sainduaz argiturik, agindu dute eta aitzinetik erran nola ethorriko zen Mesiaz, zoina baita JESU-KRISTO; zer moldez agertuko zen mundurat, zer lanak ibiliko zituen, zonbat beharko zuen pairatu, nola azkenean hil behar zen zernahi jasanik; eta hekien agintzak ez dire hortan baratu: oraino, ordutik erran dute nola mundu guzia Apostoluek konbertituko zuten, nola Eliza katolikoa lurreko lau bazterretarat hedatuko zen, nola Jainko egiazkoa jendetze guziek ezagutuko zuten.

 

        Bada horiek guziak gerthatu dire agindu denbora eta molde beretan. Testament zaharrean aintzinetik emanak diren xehetasunak, aurkhitzen dire osoki obraturik Ebanjelioan eta Elizaren bizian. Jainko Semea mundurat ethorri zen duela abantzu bi mila urthe; eta haren agertzea ez da izan xoilki ardurako gauza bat bezain segurra, bainan izan da hain ageria, hain espantagarria, non geroztik bazter guzietan urtheak eta mendeak haren sortzetik khondatzen baitire. Orai baikare hemezortzi ehun eta lauetanhogoi eta hamarrean, horrek erran nahi du baduela xuxen hoinbertze urthe mundurat jin zela Jesu-Kristo.

        Jesu-Kristok hogoi eta hamahirur urthe iragan ditu gutartean eta azken hirur urtheak Ebanjelioaren predikatzen. Jendeak osteka heldu zitzaizkon entzutera, mendietan gaindi, desertuetan gaindi, itsasoan gaindi, hitz batez norat-nahi. Erraiten zuen goraki Jainkoaren semea zela, zerutik jautsia munduaren argitzeko eta salbatzeko. Eta nola ez baitzituzten haren erranak berzela sinetsiko, egiten zituen Jainko batek beizik egin ez zezazken obrak, hala-nola eriak kolpez sendotzen, itsuak argitzen, legentsuak garbitzen, etsaiaz hartuak libratzen, itsaso bethean kalernak hitz batez baketzen, bai eta hilak phizten.

        Azkenean juduen lege-gizonek, bekhaizkeria eta hisia tzar batez, zeren jende guziak hari behatzen ziren eta ez hekieri, zeren hekien gaxtakeriak goraki agertzen eta larderiatzen zituen, kurutzefikatu zuten, edo hobeki erraiteko bere burua kurutzefikatzerat utzi zuen gure salbatzeko.

        Hiltzean berean, oro lehertua eta xehakatua zelarik, irakatsi zuen oraino bere Jainkotasuna, ezik iguzkia arras ilhundu zen eugerdi bethean; eta gero, eman zueneko azken hatsa, lurra ikharatu zen, harrokak arraildu ziren, hilak phiztu eta hobietarik atheratu ziren; haren hilzaileak berak harritu ziren eta bere baithan sarthu; gehienak Jerusalemerat urrikitan itzuli ziren joz beren bulharrak, erraiten zutelarik: Ai hori Jainkoaren semea zen egiazki; verè Filius Dei erat hic!

        Bainan bertze mirakuluez baino ere gehiago Jesu-Kristok bere Jainkotasuna agertu zuen bere phizte loriosaz. Ezik hil baino lehen erran zuen goraki phiztuko zela hobitik hirurgarren egunean. Eta hortakotz juduek ezarri zuten soldado andana bat haren hobiaren inguruan, beldurrez haren gorphutza ixilik ereman zezaten handik eta gero phiztu zela erran zezaten. Bainan hori bera aski izan zen hekien ahalkatzeko eta galtzeko. Ezen, soldadoak bere harmekin han zaudelarik Jesu-Kristo hobitik athera zen, lurra ikharatu zen, zaintzaleak harriturik erori ziren eta gero hirirat itzuli, zer gerthatu zen erraiterat.

        Berrogoi egunez egon zen Jesu-Kristo lurraren gainean; agertu zen asko jenderi eta guziz bere dizipulueri. Hok behinere baino hobeki argitu zituen eta fedean hazkartu. Eta azkenik altxatu zen zerurat.

        Bai hil aintzinean, bai hobitik phiztu ondoan, manatu zioten bere Apostolueri mundu guzirat heda zitzaten harek irakatsi egiak eta harek egin mirakuluak, eta jendetze guziak haren Ebanjeliorat konberti. Erran zioten: Ni zuekin izanen naiz egun oroz, mendetarik azkeneraino; nik argituren zaituztet bethi ene Izpirituaz eta sekulan ez zarete enganatuko zuen irakaspenetan; ez duzue zeren lotsa, ezen nik bentzutu dut mundua eta bethi lagunduko zaituztet. Erran zioten oraino: Nihaurek ditudan bothereak oro zueri emaiten derauzkizuet; eta ene izenean, ene orde, mintzaturen zarete gizoneri; zueri behatuz niri behatuko dire, eta zuek arbuiatuz nihoni neraute arbuiatuko. Nori ere bere bekhatuak barkhatuko baitituzue, hekieri bereri nik ere barkhatuko diotet, bainan barkhatu gabe utziko dituzuenak, nik ere barkhatu gabe utziko ditut.

        Zerurat altxatu aintzinean manatu zioten egon zitezela Jerusalemen elgarrekin zonbait egunez eta igorriko ziotela bere Izpiritua. Izpiritu saindu hori Mendekoste egunean jautsi zen hekien gainerat, eta ordu beretik osoki aldaratu ziren Apostoluak, berze gizon batzu egin ziren.

        Ez zutelarik behinere deus ikhasi, horra non egundaino izan diren argituenak baino jakinsunago diren; lehenago gerthatu gauzak, eta gero gerthatu behar direnak, oro badazkite; Liburu Sainduak xehatzen eta zabaltzen dituzte, aingeru batek egin lezazken bezain ongi eta errexki; mintzaia guziak trebeki mintzatzen dituzte, edozoin bazterretako jendek osoki entzuten eta hartzen dituzte hekien elheak.

        Orduarte, eta guziz Jesus kurutzefikatua izanez geroz, beldurrez ikharan zauden, agertzerat ere ez zaitezken mentura. Bainan izan dutea bai Izpiritu saindua, hekien beldur guziak ezeztatzen dire; jakitatez bezala, indarrez ere betheak dire; ez dire deusen lotsa, ez etsaien ez-eta heriotzearen, eta berehala agertzen dire Jerusalemeko karriketan, predikatzen dituzte goraki Jesu-Kristoren heriotzea eta hiletarik phiztea, Judueri bekhoz bekho erraiten diote beren Jainkoa kurutzefikatu dutela, bainan hek hilarazi zuten hura bera phiztu dela eta zerurat altxatu. Konbertitzerat eta penitentzia egiterat hersatzen dituzte.

        Jendeak harritzen dire hekien elhez eta hekien mintzatzeko moldeaz. Jaundone Petriren lehenbiziko predikuak hirur mila arima konbertitzen ditu; bigarrenak bortz mila.

        Apostoluak ordutik alde guzietarat hedatu ziren, Jesu-Kristoren ebanjelioa orotan ezagutaraziz. Hamabi gizonek behar zuten mundua gainazpikatu eta osoki erreberritu. Eta hori deus bothererik gabe, deus urhe zilharrik gabe, deus lurreko atseginik ez handitasunik hitzeman gabe.

        Huna zertsu zen mundua denbora hetan.

        Bazter guzietan ukhatua zen Jainko egiazkoa; ez zen gehiago jainko faltsurik baizen. Batbederak, nahi zuen gauza edo jendea, hautatzen zuen jainkotzat. Batzuek adoratzen zuten iguzkia, berzek ilhargia eta izarrak; zonbaitek gizon edo emazte famatuak; hainitzek abere, ihizi eta zernahi gauza bitxi eta zoro. Hitz batez, oro jainko ziren Jainko egiazkoa salbu.

        Jainkoa galduz geroztik zer bilhaka diteke gizona? Hortik leize guzietarat eroriak ziren paganoak, tzarkeriarik ikharagarrienetan osoki pulunpaturik zauden. Ez diteke erran zer itzuskeriak, zer moldegaizkeria hastialak, zer egitate lohi beltzak zabiltzaten; eta hori agerian, ausarki, deus ahalgerik gabe. Zertako zuketen ahalgea, guziak zoin-gehiago emanak zirenaz geroztik zikhinkeria eta usteldura horieri? Hainbertzetaraino hondatuak ziren ungarrian eta likhiskerian, non beren tzarkeriak jainkotzat baizerauzkaten. Ai egiazki abereak baino ere abretuak ziren, eta zinez, Eliza saindua ez balitz agertu, lurreko gizaldi guzia lohikerian ithorik galduko zen arras.

        Nork sinetsi, nork asmatu zuken hamabi gizon herbail lothuko zirela horrelako munduari? eta borroka gaitz hortan, hek zirela nausituko? Bai jainko faltsu hek aurthikiko dituzte, bekhatuzko leize ilhun hortarik atherako dute mundua. Herri ttipiak, hiri handiak, erresuma osoak, azpikoaz gainera itzulikatzen dituzte.

        Orduarteko sineste guzien eta gezurkeria guzien kontra mintzo dire; behar dituzte errotik khendu aspaldiko ohidura tzarrak, ohidura sobra maitatu hek; eta zertako maitatuak? ai-eta asetzen baitituzte gizonaren jaidura borthitzenak, lohikeria eta urgulua, atsegin suerte guzien gosea. Ez dire lotsatzen, jazartzen dire ala sineste gezurtieri ala ohidura gaxtoeri; eta azkenean sineste egiazkoa sartzen da arimetan, bihotzak deslotzen dire lohikeriatik; bizitze berri bat hartzen dute jende gehienek, eta emeki-emeki Jesu-Kristoren Eliza da nausi gelditzen.

        Bainan nola heldu ahal othe ziren apostoluak lan handi horren egiterat? Ez beren indarrez, ezik goraxago ikhusi dugu zoin erromesak, zoin jakingabeak, zoin lotsakorrak ziren; arrantzaile gaizo batzu eta deus berzerik ez.

        Lan handi hori Jainkoak egin du berak. Izpiritu Sainduak emaiten zuen apostoluen hitzari bihotzen argitzeko, hunkitzeko eta aldaratzeko indarra; berdin Izpiritu harek berak idekitzen eta berotzen zituen arimak hek mintzo ziren denboran.

        Bestalde, ala apostoluek ala hekien lagunek, mirakulurik handienez hazkartzen zituzten beren irakaspenak. Jesu-Kristok erran zioten: Nik bezain mirakulu handiak edo handiagoak eginen dituzue.

        Eta egiaz hek ere sendotzen zituzten eriak; itsuak argitzen, hilak phizten, zernahi gauza miresgarri egiten.

        Hortik ageri zen ez zirela bere baitharik mintzo. Jesusek bezala erraiten ahal zuten jenderi: ez baduzue gure elhea sinesten, sinets zaitzue bederen gure egintzak, ezen egintza horietarik ageri da gu baithan Jainkoa bera lanean ari dela.

        Handik hunat ere, mendez mende, Apostoluen ondoko Aita-Saindu, Aphezpiku eta Aphez Eliza-Buruzagiek, Jesu-Kristoren irakasmenak eta sakramenduak berdin errepikatu, hedatu eta lurreko hegal guzietarat helarazi dituzte.

        Honek oro eta bertze hainitz gauza badazkigu zaharren erranez eta izkriboez, Tradizioneaz eta Eskritura Sainduaz.

        Eta hor dagotza, Tradizionean eta Eskritura-Sainduan, guk sinetsi behar ditugun guziak, Jainkoak berak zerutik lurrerat ekharri dituen bezala. Eta ez derauku Eliza katolikoak deusik irakasten baizik ere Tradizionean eta Eskritura-Sainduan aurkhitzen diren egia Jainkozkoak. Halako moldez non Eliza katolikoak zerbait irakasten deraukun ber, osoki segur baikare egia hura Jainkoak berak irakatsia dela.

        Eta azkenik erran behar dut, ala Tradizioneak ala Eskritura-Sainduak, berekin dakharzketela gure Erlisionearen agergailuak eta ikhusbideak, hala-nola hainitz Mirakulu eta Profezia. Bainan horiek jadanik aiphatuak ditut.

 

aurrekoa hurrengoa