www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I — KAPITULUA

 

Erlisionea ezagutzekotz behar dugula
lehenik Jesu-Kristo ezagutu.—
Nola dezakegun Jesus hobekienik ezagut.

 

Nolako langilea halako lana.— Beha dezogun Jesu-Kristori eta jakinen dugu zer den Eliza.— Maitatuz dugula Jesus hobekienik ezagutzen.— Maiz eta luzaz behar zaio Jesusi behatu.— Neke gaberik, ez da heltzerik.

 

        1. Erlisionea ezagutzekotz behar dugula
lehenik Jesu-Kristo ezagutu.

        Jesu-Kristok ekharri du zerutik lurrerat egiazko Erlisionea, harek egin eta asentatu izan du Eliza katolikoa.

        Premia da beraz ahalik eta hobekienik ezagut dezagun Jesu-Kristo, nahi badugu gure Erlisionea ezagutu. Ezen, dio erran zaharrak, nolako langilea halako lana. Zonbatenaz baita langile bat ernea, jakina eta esku onekoa, hanbatenaz lan propiak eta ederrak atheratzen ditu.

        Hola-hola doha Elizaz eta Jesu-Kristoz. Jainko balin bada Jesu-Kristo, Jainko-lana egin du Eliza asentatzearekin. Eta nola Jesu-Kristo, Jainko bezala, izaite guzietarik lehena eta handiena baita, berdin Eliza ere, Jainko baten eskuetarik atheraia delakotz, lurreko bertze eginkari guziak baino handiago da.

        Berriz ere diot, Eliza ongi ezagutzekotz behar dugula lehenik Jesu-Kristo zer den ikhusi, eta zonbatenaz hobeki baitiogu Jesu-Kristori behatuko, hanbatenaz dugula Erlisionea ere osoki ezaguturen.

        San Thomas teologo handiak ez zuen nahi bertze libururik baizik ere Kurutzefika; eta erraiten ohi zuen, kurutzefika hari behatuz, Jesus bere Jainkoari behatuz, ikhasi zituela zazkien jakitate guziak.

        Guk ere beraz lehenik beha dezakogun Jesu-Kristori, eta gero hobeki ikhusiko dugu zer den Eliza.

        Goraxago erran dugu: Jakinez geroz nolakoa den langilea, errexkiago jakinen dugu nolakoa den haren lana.

        Eta zer diot? Eliza ez da bakharrik Jesus-Kristoren lana; Jesu-Kristo berbera da Eliza saindu hori; ezen, dio Apostoluak, Jesus da Eliza guziaren egiazko burua, eta Eliza haren gorphutza, halako moldez non biek, Jesusek eta Elizak, gauza bat bera egiten baitute.

        Eta nola gu baithan burua eta gorphutza elgarrekin izaite bakhar oso bat baitire, berdin, Jesu-Kristo buru bezala, eta Eliza gorphutz bezala, elgarrekin izaite bakhar oso bat dire: Hola dio Liburu-Sakratuen xehatzaile eta argitzaile guziz jakintsun batek, Aita Korneliok.

        Urrunago doha oraino izkribatzaile hori eta erraiten du Jesu-Kristo dela, ez xoilki Elizaren burua, baina oraino Elizaren gorphutza ere; zeren-eta fededunek ez baitute argirik, indarrik eta bizitzerik, baizik ere xoilki Jesu-Kristorenganik, eta haren graziaz.

        Zuzenez dio beraz Aphezpiku handi batek: Oi ene Jainkoaren Eliza, bai egiazki Jesus bera zare zu lur huntan, Jesus bethi gurekin mendez-mende lanean ari dena, oinaze frango jasaiten dituena, eta emeki-emeki zerurat helarazten gaituena.

        Hortik, irakurtzaile maitea, nahi baduzu Eliza, egiazko Erlisionea, ongi ezagutu, entsega zaite lehenik ongi etzagutzerat Jesu-Kristo. Jesu-Kristoren erranak eta eginkariak ikhusiz, mihatuz eta maiz hasmarruka gogoan ibiliz dugu hobekienik ezaguturen gure Erlisione saindua: In Christo praecipuè considerationis optutus fige, mores ejus observa, eloquia meditare. (C. Laur. Instin.)

 

        2. Nola dezakegun Jesus hobekienik ezagut.

        Bainan nola dugu Jesus errexkienik eta segurkienik ezagutuko? Maitatuz!

        Norbait maite dugunean, gure gogoa bethi harenganat itzultzen da, haren baithan landaturik dago. Hola-hola datza Jesusen ezagutzeaz; zinez eta khartzuki maite badugu, ai geroztik gure asmu guziak hari buruz alhatzen dire, hura dugu bilhatzen ala solasetan, ala irakurtzetan, ala gu baithako gogoetatze ixil eta suharretan.

        Eta nola hegastin guzietarik hazkarrena, arranoa, hegalak hedaturik indarka ari baita, bethi eta barnago iguzkirat hurbildu beharrez, berdin gu ere, khartsu garen ber, lehiatzen gare Jesusen dohainak alderen alde ikhusi nahiz: Qui vult habere notitiam Dei, amet, amet! (St. August.)

        Bainan Jesusen alderat uzkur, nagi eta lazo balin bagare, ai ez dukegu holako sukhar ederrik, bakhan gare Jesusez orhoitzen; orhoiturik ere, laster unatzen gare hari behatzeaz, begiak maiz bertze norapait baztertzen ditugu.

        Jauregi batean bada sehi frango; badire zaharrak, badire gazteak; eta zaharretan gehienek lan guti, neke guti dabilate. Eta hori, adin handia dutelako estakuruan, lehenago aski behartu direlakoan; bertzela ere soldatik ez ukhaiten eta kargutan aintzinatzeko ere biderik ez!... horrelako hainitz estakuruz nagi eta alfer daude.

        Bainan bada bertze sehi aralde bat, gazte eta hazkar dena. A! horiek goizean goizik lanari emanak dire, etxeko behar-ordu guzien ondotik bethi asmuka ikhusiren ditutzu, ernerik beha daude nausien gutizia eta nahikunde guzieri. Hekientzat dire Jauregiko jaun-andreen begitharte onak, emaitzak, sari eta soldat hoberenak.

        Hola-hola datza Jesusen ezagutzeko gutizia dutenez, batzu lazo, bertzeak khartsu.

        Eta hori heldu da, ez gorphutzeko adinetik bainan Jesusen alderat dukegun bihotzetik. Askotan gazteenak dire gehienik uzkur eta nagi, zaharrenak aldiz gehienik suhar eta erne.

        Beraz, irakurtzaile maitea, ez du deus mota izan zaiten zahar ala gazte, baldin zure bihotza Jesusen amodioan berorik badaukazu. Bihotza berorik duzun ber, egiazko gaztetasun eta primaderan zare eta zuk duzu Jainkoa hobekienik bere dohainetan ikhusiko, hobekienik ezagutuko, hobekienik gozatuko. Bihotzak burua ernatzen du, amodioak begia zorrozten, suak argia emendatzen; eta guziz Jainkozko gauzetan, bihotza, amodioa, sua, dire urrun joaiteko eta barna sartzeko hegalik hazkarren eta zalhuenak.

        Bainan bihotza nagi, uzkur eta lazo duzun ber, sehi zahar hekien heinerat eroria zare, hek bezala alfer, hek bezala phizu hek bezala herrebes, hek bezala ezindua Jainkozko gauzetan; Jesu-Kristori buruz zure bixta labur da, zure begiak lanhotsu, hedoitsu eta goibel.

        So egikosu ahotzari. Burdina moldatu nahi duenean, ez du behinere osoki hozterat uzten, bainan epheltzen hasi deneko suan berriz sartzen du. Eta zertako? Amoreagatik lehen bezain bero eta zalhu jar dadien berehala.

        Orobat gerthatzen zaio gizonari Jainkoaren ezagutzeko egin behar diren entseguetan: bethi ernerik eta suharrik dagoena, bere xederat errexki heltzen, bainan lazatzen eta hozten dena sekulan ezin hel.

        Hortakotz dio Erran-zaharrak: Esku hazkar eta erneak emanen du aberastauna, bainan esku nagi eta alferrak erromeskeria.

        Zure bihotzeko uzkurtasun lazo horrek iduri du bai deus handirik ez dela, eta menturaz espantitzen zare nik erraiteaz horrelako ondorio gaitzak dituzkela. Bainan iduriagatik eskas ttikia, lazakeria horrek bethi gibelatuko zaitu Jesusen ongi ezagutzetik, ezen, dio San Augustinek, itsasoari gora dohan untzia gal dezake ur xorta batek hala-nola kalernarik borthitzenak.

        Beha zakozu, itsasoari gora dohan untzi eder eta hazkarrari. Denbora ona denean, uhinak laño eta ordoki direnean, ur handiak miraila bezain garbi hedatzen direnean, oi nola ernerik laster egiten duen untzi horrek! Hegalak hedaturik, hegastin bat iduri, haizea bezain zalhu dabila.

        Denbora gaxtoak berak ez du izitzen. Itsasoa samurtzen eta borthizten bada, haize-xirimolak tulunbioka marrumaz hasten badire, ortziaren azantza alde guzietarik zartaka karraskatzen bada; orduan ere untzi ederra bethi aintzina doha beldurrik gabe.

        Bai zinez itsasoko errege da.

        Bizkitartean horra non egun batez nekezago dohan; ez da lehen bezain zalhu; uzkurtua eta nagitua da. Zer gerthatu diteke? Ez gauza handirik, bainan aski eta sobra untzi hazkar horren galtzeko.

        Untzi handia urez ur hegaldaka zabilalarik, har ttiki bat petik ausikika ari zitzaion. Emeki-emeki har ttiki horrek zurari xilo bat egin dio, ura barnerat xortaka sarthu da, sartzearen bortxaz emendatu da eta goititu, eta azkenean untzi zalhua ez daiteke ibil nun ez dioten ur-meta ahalik eta laster kanporat aurthikitzen. Eta baldin sobra metatzerat uzten badiote, untzia laster itsasoari behera jautsiko da eta galduko.

        Hola-hola gerthatzen zaio gizon lazo uzkurrari. Gertha daiteke gizon hori dela berenaz erne, biphil eta jakintsun. Bainan ez da hori aski Jesusen ongi ezagutzeko. Bihotzak behar gaitu lan hortan, buruak bezenbat edo gehiago, lagundu, gutarik gorago amodioaz altxatu. Jesusen ezagutzarat ereman behar gaituen untzia, jakitatez baino gehiago amodioz egina da; eta baldin lazakeriaren harrak untzi hori zilhatzen badu, ez gare sekulan gure xederat helduko.

        Eta, dio bethi San Augustinek, zer mota du lan hortan gal gaitezen bekhatu handi baten itsumenduaz ala emeki-emeki gure lazakeria txarrez?

        Egin dezagun beraz, Jesu-Kristoren Imitazionearekin, othoitz eder hau:

        Oi Jesus, premia da bai eta premia handi, bihotzeko khar bizi batek desloth gaitzan gu baitharik eta bertze izaite guzietarik, zuganat osoki altxa gaitezen eta goratasun hortan berma ditezen gure begiak ikhustekotzat zure dohain eta maitagune izarigabeak. Khar hori gabe, su goraitiar hori gabe, nihork ez zaitu begiestatzen eta ikhusten ahal. Oportet omnem supertransire creaturam, et seipsum perfectè deserere, ac in excessu mentis stare, et videre te. (Lib. 3, c. 31.)

        Eta azkenik, hastean aiphatu hitzak errepikatzen ditut hemen berriz ere: Jesu-Kristok ekharri du zerutik lurrerat egiazko Erlisionea, harek egin eta asentatu izan du Eliza katolikoa. Premia da beraz ahalik eta hobekienik ezagut dezagun Jesu-Kristo, nahi badugu gure Erlisionea ezagutu, ezen, dio erran zaharrak, nolako langilea halako lana.

        Egia da ez gaitezkela hemen laburzki beizik mintza Jesu-Kristoz. Ondoko kapituluan bakharrik haren Jainkotasunaz zerbait aiphatuko dugu. Bainan bat-bederak, bere Erlisionea ezagutu nahi duen ber, behar dio Jesusi maiz eta luzaz behatu, izpirituz baino ere gehiago bihotzez eta amodioz.

        Diot maiz eta luzaz behar zaiola Jesusi behatu, ezen haren osogunea ez daiteke ikhus begi-kolpe batez. So egin behar zaio iraupenekin, arthoski, eta aldikal buruan ibili zer den, nolakoa den, zer xedez asentatu duen Eliza, nolako agintsak egin diozkan, bere ordain eta lekhukotza eman deraukula Erromako Aita-Saindua ber-bera ere mendez mende Elizaren erdian dagoela aldareko Sakramenduarei bidez... etc...

        Holaxet egiten dute arima on eta Jainkotiarrek. Guk ere egin dezagun berdin. Emeki-emeki behatuz, emeki emeki jastatuz, emeki-emeki gozatuz, bethi eta barnago sarthuren gare Jesusen baithan, bethi eta hobeki ezaguturen du gu harek asentatu duen Eliza.

        Zaharrek diote: Lan lasterra, lan alferra.

        Beraz, irakurtze hunek argituko eta hunkituko zaituenean, bara zaite, liburua hets zazu, eta zure baithan bildurik egin zaitzu zonbait gogoeta, hasmarruka bezala egon zaite. Orduan dire argiak emendatuko zure adimenduan eta su-garrak phiztuko zure bihotzean. Orduan du gizonak ezagutzen zer den Erlisionea, zoin handia, zoin ona, eta nola garen bethi haren baithan sortzen, bizitzen, harat-huna ibiltzen.

 

                Gizona bere bidean

                Norat-nahi dohala,

                Arraina itsasopean

                Urez gaindi bezala

                Jaunaren Erlisionean

                Igerika dabila.

 

        Hortik, irakurtzaile maitea, gogo ona behar duzu, gogo iraunkorra eta indartsua, baldin nahi bazare Jesusen bidez Erlisionearen ezagutzera heldu. Ez da hori entsegurik gabeko lana, ustegabean eta nolanahika egiten dena. Ez! Eta nor ere lan hortan laster unatzen, lotsatzen eta gibelerat itzultzen baita, harek ez daki erran-zahar hunen berri: Neke gaberik ez da heltzerik.

        Bazinu ere munduko izpiriturik zorrotzena eta argituena, alferretan zinuke, ezen Jesusek asentatu Erlisionea bezain gora den helburua ez daiteke akhituz beizik osoki ikhus eta besarka.

        Aingeruak, Jakoben zurubian, ez zabiltzan hegaldaka, bainan oinez, mail batetarik bertzera aldizka iganez. Berdin zu ere, Jesusen eta harek asentatu Elizaren ezagutzerat helduko zare, ez lehenbiziko urratsean, bainan emeki-emeki eta behar den denbora hartuz.

        Goizean, oilaritzak edo argi-hasteak ez ditu kolpez hartzen zeruko eremu guziak, bainan aldizka, lehenik mendi bat, gero bertze bat, hel arauka ilhunbeak barheiatuz. Berdin datza gure adimenduaz. Ez dezake indarka beizik ikhuz, egun zerbait, bihar bertze zerbait. Eta hemen ere aipha dezakegu erran-zaharra: Ilhunbeak kalopan zaldiz, argiak herrestan oinez.

        Bainan zer mota du, beharrik ere aphur bat akhitu? Erlisionearen ezagutzean aintzinatuago eta hobeki da gure gogoa deskantsatuko. Ezen hala-nola hegastinek airean ibiltzeko baitituzte hegalak, berdin guk ere harenganat altxatzeko ditugu gure adimendua eta gure bihotza. Erran dezagun beraz Neurthitzlariarekin.

 

                Airetan ibiltzeko,

                Jaunaren dohainak,

                Ez preso egoteko,

                Ditut nik hegalak!

                Zerurat airatzeko,

                Lurrean alferrak,

                Zaizkit baliatuko

                Agian hegalak.

 

        Laborariak bezala eginen dugu. Asko lan eta izerdi ibili behar ditu laborariak ogiaren ereiteko. Bainan ereitearen ondotik heldu da uztaren biltzea; eta orduan bihi bakotxarendako laborariak izanen du ogi-buru nasaia, orduan erranen ahal du: Neke izerditan entsegatu nintzen, bainan azkenekotz bozkariatu naiz eta aberastu.

        Hola-hola gerthatzen zaio Erlisionearen ezagutzean entsegatu nahi denari. Hastean akhitzen, nekez ikhusten; iduri kasik ezin argituzko ilhunbetan itsuturik dabilala. Bainan ez duzu zeren lotsatu; hori duzu haziaren ereiteko lan dorphea. Uztaren biltzeko aroa ethorriko da geroxago. Eta noiz othe? Eginen dituzun entseguen arauka, ezen Erlisionearen ezagutzeko bidetan iguzkiak bere argia hedatzen du gure lanaren izarira; eta non ere baitire irakurtze atzarrienak eta gogoetatze erne eta bilduenak, han du arimako iguzkiak, Egiak, gehienik distiratzen: Divina inspectio eo differentior est ab aliis, quo interior: cum per ipsum dignatur invisere Deus animam quaerentem se, quae ad quaerendum toto se desiderio et amore devovit. (S. Bernard. Serm. 28, super Cant.)

 

aurrekoa hurrengoa