www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V — KAPITULUA

 

Erlisionea hiltzeko orenean
dela guziz beharra

 

Sinestegabea, bizian lazo, hiltzean uzkur eta gogor.— Gorphutza eri, eriago bihotza.— Orduan sinesten, bainan etsitzen.— Eta aldiz zoin gozoa sinestedunaren heriotzea!

 

        Bainan orai ikhus detzagun, alde batetik sinestegabea eta bertze aldetik sinesteduna, biak azken orenean, herioarekin borroka. Han, han ageri da Erlisionearen indar guzizkoa eta zoin baitezpadakoa den gizonarentzat.

        Sinestegabeari bere azken hatsetan beha zakozu.

        Nor da hori? Berriki oraino heinbat hazkar zabilan kanpo horietan. Griña eta kalapita frango bazabiltzan bere hanpadura eta atseginen ondotik. Bainan gauza bat zagokan bazterrerat utzia: Bere Arima. Bazuen bertze egitekorik!

        Gazte zelarik, zoro, arraitsu eta oro balentria, ai adin hartan ez zagokan bere burua Erlisionearen meneko. Geroxago aldiz, bere bizi beharrarekin, bere lanekin, bere irabaz bideekin, ez zuen nihon sosegurik.

        Azkenekotz, deusik egin gabe Iainkoarentzat, bai eta menturaz hari jazarriz eta bazterretan kalte frango eginez, zahartu da. Lehen lazo edo bihurria zen bezenbat, orai uzkur, orai nagi, orai hotz eta gogor, ezin har dezake ohidura berririk, erran nahi baita girixtinorik.

        Othoi beraz beha zakozu eri den gorphutz horri, beha arphegi horren itxurari.

        Begi horiek, begi nahasi, begi zorrotz horiek zeri othe daude so, horrela landaturik? Eta esku horiek, erhi mako horiek, puska biltzen hasiak, loth estalkier, loth jendeen soinekoer? Eta ezpainak ikharan, diotela asaldaturik: «Ai! ai! iduk nezazue, herioak bainerama!»

        Zer, sinestegabea, orai zare ohartzen herioak zeramatzala? Dohakabea! ez duzu ez gorphutza gehienik eri. Bihotzeko barne hura duzu oro deboilatua, handik duzu min, handik zare khexu.

        Ganbaran dabilzkon jendeen begietan, hekien ahopezko elhetan ikhusi du bere heriotzearen mezua: «Orok ezagutzen dute beraz ni banohala, neureak egin du. Eta hik, ene kontzientzia, ai zer diok? Othoi ago ixilik! Ez ni hola erre, utz nezak geldirik!»

        Eta huna non betbetan eta metaka heldu zaizkon orhoitzapen lotsamendu eta griña batzu egundaino izan ez dituen bezalakoak: Orai zertan den, eta gero zer ikhusi behar duen!... Edozoin aldetarat landa detzan arimako begi zorrotz horiek, ez zaio nihondik agertzen etsigarri den gauzarik baizen.

        Huna orai non agertzen zaizkon bere bizian ibili dituen ahopaldi tzarrak Jainkoaren kontra, Elizaren kontra, Aita-Sainduaren kontra, aphezen kontra.

        Sinesterik beharrenak, Jesu-Kristok berak irakatsi derauzkunak, harek noiz-nahi eta nola-nahi irri farretan burlatu eta ostikatu izan ditu.

        Eta eginbidetan nola jokhatu da? Bethi jazarriz eta oldartuz Jainkoari, Elizari eta hekien mandatarieri. Hainbertze lazakeria, sorhaiotasun, ausartzia gaxto eta moldegaitzkeria tzar, ai hek guziak orai, hiltzeko oren lazgarri hortan, jauzi egiten diote gainera eta oro khordokaturik deraukate. Guziak han dagozko lothuak, itho nahi balute bezala.

        Denbora iraganen orhoitzapena, bat da; eta zer erran sartzerat dohan eternitateko ethorkizunaz? Zer erran, eremu arrotz, leihor gabe eta deus mugarik ez duen hartaz? Zer erran, erortzera dohan leize eta tulunbio beltz ikharagarri hartaz?

        Orai ez du ez lehen bezala erraiten: «Nork zakik hango berri?»

        Orai han duhan Jainkoaren jujamendua eta hari darraikon eternitatea. Ez luke ikhusi nahi, eta behar dio bortxaz behatu. Khexuz nihon ez dagoke; itzul alde batetara, itzul bertzera, ez du nihon ikhusten zorigaitzezko ethorkizunik baizen.

        Bederen oraino urrikizko oihu bat egin balezo Jainkoari! Ordean ez daki nola egin!... Jakintsun izan da gaxtekeriako, bainan onerat itzultzeko biderik ez du behinere ezagutu nahi izan. Itsu errebelatu baten pare asaldaturik kalapitan ari da, ihesi egin nahi eternitateko leize hortarik eta ezin eskapa.

        Erlisioneak bakharrik laguntzen ahal luke, hainan ukho egina dio, eta etsimenduak behar du Jainkoaren eskuetarat aurthiki!...

        Askotan ikhusi izan dire, eta azkenik gure egunetan, Erlisionearen etsayik gogorrenak, ez gizon, hainan ifernuko hetarik batzu bezala akhabatzen beren ondikozko egunak: Quorum finis secundum opera ipsorum.

        Oi! ala bertzelakoa baita Erlisionea duenaren heriotzea! Egiazki hark emaiten derauku ikhusgarri bat, zeruak eta lurrak, gizonek eta aingeruek ederretsi behar dutena.

        Bere sinesteaz eta haren araberako amodioaz garhaitzen ditu izialdura eta lotsamendu guziak. Bere gaitzak eztiki hartzen ditu, ezen badaki, hekien bidez zerukotzat bilduko duela sari bat hanbatenaz nasaia.

        Heriotzeari ez dio beltzuri gaxtorik egiten. Bethiereko bizitze dohatzurat igaiteko urrats eta mail bati bezala behatzen dio. Jainkoa baithan eztiki phausatzen da, Aita bihotz-samur baten besoetan bezala.

        Edo begiratu izan du bethi bathaioko obengabetasuna, edo bederen urrikitu da bere bekhatuez eta egin du nigar. Eta orai bakean da, orai da harentzat egiazko garhaizia, egiazko bitoria: Garhaitzen du mundua eta ihesi egiten dio, garhaitzen du ifernua eta bethikotz ostikatzen du.

        Bainan haren garhaiziarik eta bitoriarik handiena izanen da zeruan. Ai hori ez du ez eternitateak izitzen, bainan bai gozokariz aintzinetik oro bethetzen. Ezen badaki zeru eder hartan, deus akhabantzarik eta urrentzerik gabe, gaindizka eta ezin erranezko nasaitasunean gozatuko dituela zorion suerte guziak.

        Orduan girixtino onak bozkariotan errepika dezake Liburu-Sainduekin eta neurthitzlariekin:

 

                Jauna, zeureganat altxa bedi nere othoitza,

                Nola hedoietan gora isentsuaren khea.

 

                Babilonia handiko uraren bazterrean,

                Unhaturik, ezin joanez, gelditu ginenean,

                Begietarik zitzaikun nigarra abiatu,

                Ziongo eliza ederraz ginenean orhoitu.

 

                Bana nork ere ereinen baitu nigarrarekin.

                Hark bere uzta bilduko du bozkariorekin.

                Ezen ethorri zitzaikun librantzaren berria,

                Betan, nola landa idorrei hegoetan uria.

 

                Oi Jainko handi eta ene begirailea,

                Zu zaitut lastiman ihes egiteko dorrea.

        Horra beraz, bizian ala heriotzean Erlisioneak du bakharrik zinez eta egiazki gizona laguntzen.

        Ikhus dezagun hortik, zoin gezurrez eta zuzenkontra hartzen duten sinestegabek, Erlisionearen etsaiek, gure adiskide eta ongi egileen izena. Gizona ezin athera dezakete bizitze huni datxeizkon gaitzetarik, eta azkenean hil-beharretik. Zer diot? Idekitzen diote beren ahalaz hek arhint eta gozo diotzoten gauza bakharra, Erlisionea.

        Nahi duzu jakin zer diren sinestegabe horiek? Horiek dire gizonaren izurriak eta zaharoak.

        Ahal guzian beraz egin ihes, urrunt osoki Erlisionaren etsaietarik; sekulan ez beha hekien solas galgarrieri.

        Bainan handizki eta bihotz guziz maita gure Eliza Katolikoa, orai eta bethi, gure azken hatseraino.

 

 

                «Zaitugunaz geroz gurea,

                »Frantses Jatsuko semea,

                »Zerurat gaitezken artean,

                »Lagunt gaitzatzu lurrean!»

 

aurrekoa hurrengoa