www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I — KAPITULUA

 

Jesu-Kristok zer indarrak
eman diozkan Aita-Sainduari

 

Besta handi bat Erromako eliza-nausian.— Aphezpikuak nola diren zuzenbideko.— Aita-Sainduak baduela Elizaren eta Aphezpikuen gainean, Jesu-Kristok berak duen indarra eta botherea.— Jesu-Kristok erraiten dio Piarresi: Alha zaitzu ene arthaldeko bildotsak, bai-eta ardiak. Gizonek hautatzen Aita-Saindua, bainan Jainkoak berak indar eta botherez jaunzten.

 

        Hemezortzi ehun eta lauetanhogoi eta zortzian, urtharilaren lehenean, Aita-Saindu Leone hamahirurgarrenak ospatu izan du bere lehen Mezaren berrogoi eta hamargarren urtheburua.

        Goizeko bederatzi orenetan, Jaundone Petriren elizako aldare nausian erran zuen Leone handiak berrogoi eta hamargarren urtheburuko Meza hori.

        Eta ni ere han nintzen, eta ez dut uste lur huntan ikhus daiteken besta hura bezain eder eta xoragarri denik.

        Oi Jauna, eskerrak zuri, eman derautazulakotz Erromako besta paregabe hortan aurkhitzeko zoriona!

        Dabid erregea atseginez gainditurik zagon Israelgo besta-buruetan, eta kantatzen zuen: Armadetako Jauna, zein diren maitagarri zure bestak! Hekien ederraren ederrez ene arima lehiatzen eta iraungitzen da; eta nola etxexoriak eta ttorttoilak beren ohantzea gozatzen baitute, berdin nik ere zure aldareak osoki gozatzen ditut. Oi dohatsu beren egoitza zurekin dutenak, ezen egun bat bakharrik zure etxean, zure besta eder horien artean, miletan hobe da ezenez bertze asko egun bekhatoreen jauregietan.

        Deus guti ziren bala Jerusalemeko bestak, Erromako besta horien aldean. Jerusalemen itxura batzu ziren bakharrik eta urrundanikako agintzak; Erroman aldiz agintza hekien bethedura eta osotasuna. Eta zinez Jesu-Kristo bera nuen ikhusten Aita-Saindua baithan, eta nola ikhusten? Asma daiteken osperik handienean, bere gorthe guziaz inguraturik, hiruretanhogoi mila girixtinoen amodiozko oihuez bibaka goretsirik, begi guziak bozkariozko nigarretan zaudela eta ene bihotza atseginezko gaindidura gozo batez oro sutan zagoela!...

        Aita-Saindua horra nola ikhusi izan dutan Erromako eta mundu guziko elizarik ederrenean eta gizonak asma dezaken bestarik xoragarrienean.

        Ez nintzen han bakharra Eskual-Herritik. Asko baginen, aphez ala laiko, besta eder hartan. Eta nola, zeremoniak akhabatu-eta, denbora luzea eman baitzuen jende elemenia harek elizatik ezin atheratuz, eskualdun horietarik biga elgarrekin solasean jarririk gelditu ziren, oste handi hura iragan arte. Bat aphez jakintsun eta khartsu bat zen, eta bertzea gizon gazte laiko bat, girixtino ona, bainan Erlisioneko asko gauzetan argirik ez zuena.

        Hunek beraz erran zion jaun aphezari:

        Jauna, aspaldian badut burujope zerbait, eta huna zeren gainean. Badakit girixtino Erlisionea Jainkozkoa dela, Jainkoaganik ethorria, Jesu-Kristok berak lurrean asentatua eta finkatua.

        Bainan huna zer dutan nik guti ezagutzen. Goiz huntan berean, hemen, Jaundone Betiriren eliza miresgarri huntan, ikhusi ditugu Aphezpikuak ehunka, eta hekien erdian Aita-Saindua edergailuz oro jauntzirik, Jainko baten pare bertze guziez gorago altxaturik. Zertako bada desberdingua hoin handi hori? Funtsean ez othe dire guziak berdinak?

        Hortaz othoi egidazut zerbait argi eta xehetasun.

        APHEZAK.— Bai, atseginekin. Dezagun lehenik gogoan erreberri lehenago kateximan ikhasi duzuna. Huna zer dion: Eliza da Fededunen bilkhura, haren buruzagi den Aita Sainduaz eta Aphezpikuez gobernatua.

        Orhoit zinen hortaz?

        GIZON GAZTEAK.— Aphur bat, jauna. Bainan hitza edo axala jakinagatik, non da mamia, non da jakitatea? Ni bethi berdintxe itsu nago.

        APHEZAK.— Dugun beraz egia hori xeha. Hasteko badakizu, Elizaz mintzo garenean ez garela mintzo harriz eta zurez eginak diren etxe hotaz, bainan bai egiazko Erlisionea deraukaten jendez, non-nahi izan ditezen, Frantzian, Angleterren, Italian ala bertzetan. Guziek, erresumaz berex eta tokiz urrun izanagatik, Eliza beraren ume dire, eta guziek Eliza bat bakharra egiten dute. Sineste bera duten ber, artzain zuzenbidezkoez gobernatuak diren ber, eta Erromako Aita-Sainduaren alderako jauspenean bizi diren ber, oro Eliza egiazkoaren haurrak dire.

        Erran nahi da beraz hirur gauza horietarik zerbait, bai-eta bat bakharra eskas dutenak, Elizatik kanpo direla. Fedearen kontrako zerbait atxikitzen eta irakasten dutenak, edo artzain zuzenkontrakoen azpian jartzen direnak, edo Aita-Sainduaren phartaliertasunean ez direnak, nahi ala ez Elizatik kanpo dire.

        GIZON GAZTEAK.— Ikusten dut. Bainan nor dire eta nolakoak izan behar dire artzain zuzenbidezko hek? Kateximan irakurtzen dugu hek direla gure jaun Aphezpikuak. Bainan aski othe da Aphezpiku izaitea?

        APHEZAK.— Aphezpiku zuzenbideko izaitekotz behar dire bi gauza, Aphezpikutasuneko ordena eta buruzagitasuna (juridiction). Populu baten edo Diosesa baten gobernanatzeko ez da ordena aski; ordenaz bestalde, behar da buruzagitasuna; eta hola diote Elizako irakasle guziek.

        Aphezpikutasuneko ordenaren, ez-eta apheztasunekoaren gainean deusik ez dezake Elizak. Eta hortakotz, apheza Elizatik khendua izanik ere, mezaren erraiterat atrebitzen bada, kontsekrazionea egiten du, saindu bat balitz bezala, sakrilejo ikharagarri batez obendun izanagatik. Orobat Aphezpiku batek, eskumikatua izanik ere, edo aphezik edo bertze Aphezpikurik ordenatzen badu, hek egiazki litezke aphez eta Aphezpiku.

        Bainan buruzagitasunaz ez doha berdin. Hura, Elizak nahi duenari emaiten du eta nahi duen izarian; hedatzen ahal du, hertsitzen ahal du, bai eta arras khen dezake.

        GIZON GAZTEAK.— Zer diozu hor, jauna? Nik askotan aditu izan dut, gure Erretorak ere hola zion lehenago kateximan, Aphezpikuek badutela indar eta kargu mundu guzikotzat, eta huna zertako: direlakotz Apostoluen ondore.

        APHEZAK.— Bai, gizon maitea, bai, holako erasia frango dabilate Aita-Sainduaren etsaiek. Hortaratuak garenaz geroztik, dugun erran zer den Erromako Aita-Saindua eta nolako indarrak dituen Eliza guziaren gainean, bai eta Aphezpikuen gainean.

        Lehenbizikorik nahi dut zure galdeari ihardetsi. Egia da, Apostoluek bazuten indar eta nausitasun mundu guzikotzat, zeren ahalik eta laster Ebanjelioa behar baitzen bazter guzietarat hedatu.

        Bainan Apostoluetarik hunat ez da Aphezpikurik batere izan, mundu guzikotz indar ukhan duenik.

        Apostoluek berek ere Aphezpikuak ordenatu zituzten, ez mundu guzikotz, bainan xoilki bakhotxa toki eta arthalde berezi batentzat. Jondoni Paulok hola egin zituen San Timote eta San Tito, bat Efesiako aphezpiku, bertzea Kretako aphezpiku.

        Bainan orai mintza gaitezen Erromako Aita-Sainduaz.

        Leone hamahirurgarrenak erraiten zioten berriki Ekozeko Aphezpikueri: Erromako Aita-Sainduek dute bakharrik indarra, zerutikako ahala, Aphezpiku berriak non-nahi ezartzeko, eta baldin hekien alkhiak erortzen badire, berriz ere hek berak altxatzeko eta xutik emaiteko. Eta orduan bakhotxari emaiten eta eratxikitzen diote behar den buruzagitasuna.

        Huna zer dion Teolego aiphatu, oraino bizi den batek:

        Aita-Sainduak badu Elizaren eta Aphezpikuen gainean, Jesu-Kristok duen indar guzia. Halako moldez non Jesu-Kristok eta Aita-Sainduak ez baitituzte bi bothere suerte, bainan bat xoilki, batean ala bertzean ber-bera dena. Eta hortik, Jesu-Kristorekin batean eta haren indar eta eskus, Aita-Sainduak ibilkatzen eta gobernatzen du Eliza.

        Eta Aita-Sainduak badu goratasun handi hori, ez Aphezpikuek emanik edo onetsirik, bainan Jesu-Kristorekin bat-bera delakotz. Bai, Jesu-Kristorekin egiaren irakasle bera, buruzagi eta manatzaile bera. Eta hortik, Aphezpikuak baino gorago ezarraria da, Eliza guziaren lehenbiziko nagusi. Edo hobeki erraiteko, Aita-Saindua da Jesu-Kristo bera gure arterat agertzen dena, mende guzieri mintzatzeko eta gizalde guziak zerurat bidatzeko.

        Trenteko kontzilioak erraiten du: Erromako Aita-Sainduak derauka bakharrik bere eskuetan Eliza guziaren gobernatzeko indarra. Eta oraino: Bere nausitasunaren ahal osoz, eta nola ere baitio bere zerutikako zuhurtziak irakasten, hala-hala eta deus trabarik gabe, Erromako Aita-Sainduak trenkatzen ditu eta finkatzen Eliza guziari probetxos diren harat-hunatak. Eta azkenik nahi du Eskualde guzietako Aphezpikuek, bai-eta Patriarka eta Elizako bertze aintzindari handienek ere, agur eta jauspen osoa ekhar dezaten bethi Erromako Aita-Sainduari:

        Eta lehenago (1439) huna zer zion Florenziako kontzilioak: Irakasten dugu, bai-eta egia bezala bethikotz finkatzen, Erromako Aita-Sainduak deraukala, munduko eskualde guzien gainean, lehenbiziko eta oroz gaineko nausitasuna. Eta bestalde: Hura da zinez Elizako burua, girixtino guzien Aita eta irakaslea, eta hari bakharrik Jesu-Kristok eman dio indar osoa Eliza guziaren ibilkatzeko.

        Lehenago ere (1274) Lioneko kontzilioak zion: Aintzindaritasun guzietarik lehenbizikoa, norat-nahi hedatzen dena eta non-nahi gehienik indartsu dena, aurkhitzen da Erromako Aita-Sainduaren baithan; eta nausitasun hori Jesu-Kristok berak eman dio, noiz ere Jondoni Betiri bertze Apostoluen buruzagi ezarri baitzuen.

        Eta sei mende lehenago (680) Konstantinopleko kontzilioak: Jainko-Salbatzaileak Jondoni Betiriri hitzeman dio ez dela sekulan enganatuko bere irakasmenetan; eta hori, ez xoilki sinestearen gainan, bainan berdin Elizaren ongi ibilkatzeko hartu behar diren urratsetan; eta baldin aphezpiku bat edo bertze heldu balitz bide onetik zeihartzerat, Aita-Sainduak bilduko du eta xuxenduko.

        Eta lehenagodanik (440) erraiten zuen Leone, elizako Dotorak: Gizon guzien artetik Jondoni Betiri hautatu izan du Jesu-Kristok, jendetze guzien buruzagi izaiteko; eta gehiago dena, Apostoluak berak eta hekien ondotik ethorri eta ethorriko diren aphezpikuak, haren eskupean eman ditu; halako moldez non, izanagatik Aphez eta Aphezpiku hainitz, bizkitartean Erromako Aita-Saindua hek baino gorago baita eta ororen buruzagi.

        Denbora bertsu hetan, Arleko Aphezpiku guziz aiphatu batek erraiten zuen Jondoni Betiri baithan, Erromako Aita-Saindua baithan, aurkhitzen da Aphezpikutasunaren ithurburua.

        Eta berdin aintzinago (402) Aita-Saindu Innozent lehenak: Bai, Erromako Aita-Sainduarenganik elkhitzen da eta mende guzietarat heltzen Aphezpikutasuna eta kargu horri iratxikia zaion indarra.

        Gisa hortan, mendetik mendera, Jesu-Kristoraino igaiten gare, bethi adituz, ala Kontzilioen ala Dotoren ahotik, egia handi hau: Oroz gaineko buruzagitasuna Jainkoak Erromako Aita-Sainduari eman dio. Bainan hemen Jesu-Kristo bera entzun behar dugu. Nihor ez da geroztik hura bezain goraki eta garbiki mintzatu Aita-Sainduaz. Ezen harek du berak egin, asentatu eta bethikotz finkatu Aita-Sainduaren nausitasuna mundu guziaren gainean.

        Huna zer zioen Pio bederatzigarrenak, Batikaneko kontzilioaren laugarren biltzarrean, uztailaren 18an, 1870an: Bai, Jesu-Kristok berak asentatu izan du Aita-Sainduaren nausitasuna. Amoreagatik aphezpikuak bethi elgarrekilako batasunean egon ditezen eta ez ditezen behinere batzu bertzetarik behex; berdin oraino, amoreagatik aphezek ere elgarrekilako batasun hertsi batez fededun guziak atxik detzazten bildurik sineste eta jarraikitasun berean, Jesu-Kristok ezarri du Piarres bertze Apostoluak baino gorago; Aita-Saindua baithan eman du batasun horien ithurburua eta zimendua, nahiz-eta haren indar ezin hautsiaren gainean berma dadien tenplo bethierekoa, eta haren sineste ezin khordokatuaren gainean altxa dadien Elizaren goratasun zeruraino heldu behar dena.

        Egun batez, hiletarik phiztu ondoan eta zerurat igan aintzintxean, Jesusek aphairu bat egin zuen bere Apostoluekin. Tiberiako itsas-hegian zen hori.

        Jan-eta, xutitu zen Jesus eta erran Simon Piarresi: Simon, Joanesen Semea, maite nauzu haukiek baino gehiago?

        Ihardesten du: Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala. Eta Jesusek erraiten dio: Alha zaitzu ene bildotsak.

        Eta berriz ere: Simon, Joanesen semea, maite nauzu beraz?— Eta harek: Oi Jauna, bai badakizu maite zaitudala!— Jesusek orduan: Alha zaitzu ene biltotsak.

        Berriz ere oraino: Simon, Joanesen semea, egia da beraz, zinez maite nauzu?— A! orduan Piarres oro asaldatzen da, eta Jesusen oinetarat nigarrez eta ahuspez erortzen delarik: Oi Jauna, zuk gauza guziak badazkitzu; badakizu beraz maite zaitudala osoki.— Eta Jesusek: Alha zaitzu ene ardiak ere.

        Horra nola Jesu-Kristok Jaundone Betiriri eta haren ondoko Aita-Saindu guzieri emaiten dioten Elizako aintzindaritasuna. Ez xoilki bildotsen gainean, erran nahi baita girixtino xeheen gainean, bainan ardien gainean ere; eta hola, Aphez eta Aphezpiku guziak, Aita-Sainduaren eskupean eta menean ezartzen ditu.

        Errepika dezakegu beraz goraki Teologo aiphatu batekin: Jainkoaren hitzari funtsez behatzen dioenak, agerian ikhusiko du Jesu-Kristok Aita-Sainduari eman diola, ez xoilki oroz gaineko kargua eta ohorea, bainan oraino nausitasun guzietarik lehena, halako moldez non Elizako bertze buruzagitasunak haren peko eta meneko baitire. Azkenekotz, Batikaneko kontzilioak fedezko artikulu bezala finkatu du egia hori.

        Hortik, Elizaren ume izaiteko, Aita-Sainduaren baithan ezagutu behar da nausitasuneko lehentasun hori; haren alderako jauspenean eta eskupean egon behar da. Marra hortarik ilkhitzen dena, Elizatik kantpo daite. San Jeromek erraiten zion Aita-Saindu bati: Zurekin biltzen ez duena, barraiatzen ari da; zure etxean Jaunaren bildotsa jaten ez duena, arrotz bat da, etsai bat da.

        GIZON GAZTEAK.— Oi Jauna, milesker; zure elhek urhe-zilharrak balio dituzte; ez dut sekulan Aita-Sainduaz hoin ederki mintzatzen aditu. Eta ikhusten dut, ederrak bezain egiak dire, Elizako aitek eta teologoek irakatsiak, Jesu-Kristok ere Ebanjelioan goraki eta ausarki errepikatuak. Horien ukhatzeko behar laiteke gaxto bezain itsu eta zoro izan.

        Xoilki hunek nau ni espantitzen, gizonek baitute egiten Aita-Saindua eta ez Jainkoak, eta bizkitartean holako ahal eta indar handi Jainkozkoak baititu!

        APHEZAK.— Ai ez duzu zeren traba ttiki hortaz khexa.

        Gizonek egiten dutela Aita-Saindua, bai egia diozu, baldin erran nahi baduzu bakharrik: Gizonek hautatzen dutela hau edo hura Aita-Saindutzat, Jaundone Betiriren ondoretzat. Hori da gizonek egiten duten guzia, hautatzea.

        Bainan hautatua den Aita-Sainduak ukhan dezan Eliza guziaren aintzindaritasuna, hori Jesu-Kristok berak egiten du.

        Hola ziren bi Eskualdunak Erromako eliza-nausian elgarrekin mintzatu. Eta elizatik elkhi baino lehen, belhaunikatu ziren Jaundone Betiriren hobi-aintzinean, othoitz egin zuten Leone hamahirurgarrenarentzat, Jainko onak eman dezon bere laguntza eta etsai guzien gainean garhaizia.

        Eta nik diot neurthitzlariarekin:

 

                Oi, zein handi, zein gora zaren zu!

                Zuri loriaturik beha gagozkitzu.

                Aita Saindu maitea, haur bihotzdun batzu,

                Eskaldunak, gu ere zureak gaitutzu;

                Zurerik baizen ez da Eskualduntzat haizu.

 

aurrekoa hurrengoa