www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I — KAPITULUA

 

Erlisionea Jainkoari
baitezpada zor diogula

 

Erlisionea zer den. — Eginbiderik beharrena: Sinestea.— Sinestegabea, zor zayon bezala gaztigatua.— Obrak ere osoki beharrak.— Erlisionea Jainkoari baitezpada zor diogu.— Bi Garaztarren eginkari ederra.

 

        Zer da Erlisionea?— Hitz hori, Erlisionea, erdara latinetik hartua da eta erran nahi du: bata bertzeari estekatzea, elgarri lotzea, batasunean emaitea.

        Erlisionea da beraz esteka berezi bat, gizona bere Jainkoari lothurik deraukana.

        Eta bi moldetara gertha daiteke hori. Ezen lehenik Jainkoari esteka gaitezke sinetsi behar ditugun egien eta atxiki behar ditugun legeen bidez. Eta bestalde, Jainkoarekin batasunean eman gaitezke gu-baithako ohidura on eta ekharritasun goraitiar batez, Izaite Soberano hari zor zaizkon goresteak ekhartzen diozkagularik.

        Beraz, nola ere hartzen baituzu eta hala, Erlisionea daiteke: Edo sinetsi eta atxiki behar diren egia eta legeen bilkhura; edo bihotzeko jarritasun bat, ekhartzen gaituena ala Jainkoaren maitatzera, ala haren beldur izaitera, ala gogo onez eta nahikunde handiz besarkatzera harek irakatsi eta manatu gauza guziak.

        Erran behar dut oraino Erlisionean badirela bi eginkari suerte. Batzu dire Erlisioneak berak manatzen dituenak, hala-nola adorazionea, sakrifizioa, othoitza, hitz batez Jainkoaren goresteari hurbildanik behatzen direnak. Besteak aldiz ez dire manatuak, bainan halarik ere Erlisioneak Jainkoarí buruz ibilkatzen ditu, ez izanagatik berenaz Erlisionesko urratsetarik; aria hortaz zion Jaundone Paulok: Beraz, ala jan dezazuen, ala edan dezazuen, ala bertze zerbait egin dezazuen, oro Jainkoaren ospatzekotan egin zaitzue.

        Erlisioneko eginbide horietan beharrena, bertze eginbide guzien erroa eta zimendua, hau da: Fedea, sinestea, Jainkoak bere Elizaren bidez irakatsi egia guzien osoki atxikitzea.

        Hortakotz dio teologo handi batek: Sineste zuzenek egiten dute saindutasuna: Recta dogmata faciunt sanctitatem. (B. Alb. magn.) Halako moldez non, ez bazinu egiazko sineste garbi eta hazkarra, debaldetan bailitezke gainerateko zure entsegu eta eginkari hoberenak.

        Egia da bai sinestegabeak ere obra onak egin dezazkela, bainan ez daiteke salba, ez daiteke saindutasunerat hel. San Hormisdas Erromako Aita Sainduaren errana da hori: Prima salus est rectae fidei regulam custodire et a constitutis patrum nullatenùs deviare. San Damiano Elizako Dotorrak ere hola-hola dio. Eta berdin oraino bertze Dotor batek, San Bonabenturak.

        Jainko maiteari esker, bethi osorik eta hazkarrik dago Eskualdunen sinestea. Bainan gure sineste zahar horri etsai frango jazartzen ari zaizko; geroaz beldurtzeko dugu.

        Gaxtaginen ausartzia emendatzearekin, agian Eskualdunen zuhurtzia ere emendatuko da; eta beldurtzetik urrun, sineste katolikoaren etsayeri behar den kopetarekin ihardokiko diotegu. Bertzela ere ez da gaitz sinestegabeari buru egitea. Nihonek ikhusi gerthakari huntarik ikhusiko duzu.

        Huna beraz zer gerthatu den berriki gure eskualde hotan; bitxi bezain eder eta aiphagarri da.

        Mauleko merkhatutik etxerat heldu ziren bi Etxeko-Jaun; bat arras gaztea, bertzea berrogoi eta harnar urthetako gizon erne biphil bat, eta biak Bithirindar eskualdun garbiak.

        Maulen hartu zuten burdinbidea. Ez ziren bakharrik; hekiekin heldu ziren bospasei emazte.

        Handik hirurgarren trikaldian jiten zayote gizon lodi phizu bat, sua bezain gorri eta heinbat arnotua. Sarthu deneko abiatzen da erasian, bainan nola? ahopaldi tzarrenak aurthikiz.

        Lehenik zer-nahi erraiten du Aita-Sainduaren kontra, Eliza Katolikoaren kontra, bai-eta Jainkoa beraren kontra.

        Eta nola Erlisioneari jazartzen zayona bertze putzu batetarat erortzen baita laster, gure gizon hori abiatzen da lohikeriazko elhe lizun ikharagarri batzuen erraiten.

        Ixilarazi nahi dute; ez da borthizten beizik. Zikhinkeria goitika eta ahotraka dario.

        Bainan han zen Bithirindar Etxeko-Jaun erne biphila. Arbutiko trikaldira jo duteneko, jausten da eta oihuz abiatzen; Hel! hel! Azienda beltz handi bat barnerat sarthu zauku? Athera zazue laster hemendik! Oro zikhintzen ari ditu!

        Jende multzo bat biltzen da; ikhusten dute gizon gorri lodia solas ikharagarrienak dabiltzala irri karkailaz.

        Berehala nor den ezagutzen dute, eta guziek baltsan: To! hori dea? Leheneko bera orai ere: xazko astoak aurthen ere orro!

        Kanporat khentzen dute, gibel aldetik ostiko zonbait emaiten, eta oihu kalapitan dagoela bere gisa uzten.

        Holaxet gaztigatu behar litezke horrelako guziak. Erran-zahar batek dio: Berho eta sasi zailari aihotz zorrotza. Jo beraz hazkarki holako solasetan ausart eta trebe direnak. Hekien ixilaraztea, izurritearen eta ustelduraren khentzea da.

        Garbitasun sainduari bihotzez atxikia den arima, demendren gogoeta lohiak harritzen du; are gehiago izutu behar gaitu Fedearen kontrako demendren gogoeta, elhe edo eginkariak. Orhoit bethi egia handi huntaz: Salbatu nahi denak behar du, oroz gainetik, osorik atxiki sineste katolikoa.

        Bainan ez dago sinestean bakharrik egiazko Erlisionea. Sinestearekin behar dire egintzak, obrak. Horrela dio San Bonabenturak: Fides debet esse solida in credendo vera fideliler, et magna in operando ardua viriliter. Eta berdin Hugo kardinaleak ere: Erlisionea bi gauzetan datza, sineste zuzenean eta bizitze onean: Christiana religio in duobus consistit: in sanctitate fidei et in bonis moribus.

        Nola beheraxago ausarki mintzatuko bainaiz egia hunen gainean, ez dut hemen gehiagokorik aiphatu nahi.

        Bakharrik diot orai, bi hitzez: Erlisione hori baitezpadako eginbidea dela Jainkoari buruz. Bai; eta hori manatzen deraukute: 1º ikhusten ditugun gauza edo kreaturek,— 2º gure jite eta jaidura onek,— 3º Jainkoari zor diogun ezagutzak,— 4º Jainkoaren osogune edo perfetasun soberanoak,— 5º Jainko horrek, gu egitearekin, izan duen xedeak.

 

        Gizonek bethi begien aintzinean ukhanen dituzte zerua, lurra, itsasoa, hetan diren hanbat gauza eder eta iragaten diren hanbat gerthakari handi. Eta horietan orotan kausituko dituzte, baldin beren adimenduaz den gutiena baliatu nahi badire, Jainkoaren handitasuna, haren botherea, haren zuhurtzia, haren ontasuna.

 

                Jainkoak leihorrari dio: ekhar dezan bihia,

                Eta berehala egiten du haren nahia.

                Hark berak estaltzen dito zelhayak elhur xuriz,

                Hala nola ardi bildots maltsoak ile guriz.

                Hark berak oraino lanhoak altxarazten,

                Eta lurraren gainean hauts bezala hedatzen.

                Hark igortzen ditu horma kristal iduriak,

                Hark neguan haize eta horma ikharagarriak.

                Hego beroa du gero bere mugan bidaltzen,

                Eta elhur eta hormak uharretan igortzen.

 

        Horrela da Dabid erregea bere Psalmoetan mintzo Jainkoaren handitasunez eta gure alderat agertzen dituen emaitza eta ontasun ederrets garriez. Bai, bai, errepikatzen ahal diogu Jainkoari, Dabid beraren hitza: Ongi suerte guziak egiten diozkotzu gizonari.

        Eta horiek begietsi-eta, nor dagoke zeru-lurren egile eta nausi soberanoa ederretsi gabe? Nor dogoke hari bihurtu gabe ahal dagizkion agur, othoitz, ospe eta maitatze khartsuenak?

        Isaias proletak dio: Jainkoari bihotzez daudenek emendatzen ari dute bethi arimako indarra, eta arranoak iduri, hek bezala hegalak zabaldurik, zalhu eta hazkar altxatzen dire zeruetan gora.

        Jainkoak berak du holaxet gure arima arranoaren iduritan ezartzen. Eta guziek badakigu arranoa dela hegastinetan hazkarrena, zalhuena, gorenik airetan altxatzen dena, iguzkiari bekhoz-bekho eta durduzarik gabe so egiten diona, eta haren argiari barna sarthurik, iguzki hortan igerika bozkarioz dabilana.

        Berdin zayo gerthatzen gure arimari. Baldin ez bada bere nahitara makhurtzen, baldin ez baditu berak izpirituko eta bihotzeko hegalak hausten, ai orduan Jainkoarenganat altxatzen da, orduan bere baithako jite on eta goraitiarrek Erlisioneko sinesterik ederrenetan finkatzen dute.

        Erranen duzu menturaz Jainkoak ez duela gure ohoreen beharrik. Hala da; eta nork egundaino bertzerik eman dio gogoari?

        Bainan Jainkoa zuzentasuna bera da, eta baitezpada nahi du bakhotxak bere eginbidea arthoski bethe dezan. Eta ez othe da meneko baten, eta bereziki bere izaitea bera bertzerenganik deraukan baten eginbidea, bere nausiari eta egileari ohore eta jauspen ekhar dezon?

        Beraz zuzentasunak galdatzen du Jainkoa gorets dezagun eta gauza guzietan haren nahiari eroriak izan gaitezen.

        Norbaitenganik ongi handiak izan dituenaren eginbidea ez othe da bere ongi egileari eskerrak emaitea eta harenganik derauzkan ongien arabera maitatzea?

        Bai, zuzentasunak galdatzen du Jainkoari eskerrik handienak bihur diotzogun. Ezin erran bezenbat ongi egin derauku, eta bethi egiten ari zerauku; diotzogun ordainez eman gure bihotzetako ahal guziak.

 

        Eskual-Herrian nork ez daki Jainkoa dela gauza guzien gaineko izaite soberano bat? Mugarik ez du Jainkoak bere osogune edo perfekzionetan; izaririk gabe handia da, zuzena, ederra, ona; deusetan ez du demendren eskasik.

        Eta hortakotz, maitagune eta amodio guziak, goreste eta ohore guziak zor zaizko. Eta baldin, norbait ederrik, onik eta aberatsik ikhusten dugunean, hari agur eta ospe emaiterat ekharriak bagare, zonbatez hobeki ez ditugu agur eta ospe berak irakatsi behar Jainkoari, edertasun, ontasun eta osogune guzien ithurri nasaya den Jainkoari?

 

        Hor¡ bera bilhatu ere du Jainkoak; eta zer diot? baitezpada hori behar zuen bilhatu noiz-ere munduarekin batean gizona egin baitzuen. Ezen ohart huni: Jainkoa da izaite bat mugarik gabe handia eta zuhurra; beraz, egin dituen gauza guzietan xede bat ukhan du bere handitasunari eta zuhurtziari zagokon bezalakoa, erran nahi baita izarigabea; eta ez daiteke izan Jainko bati dagokon bezalako xederik, xede izarigaberik, Jainkoa bera baizen.

        Hortakotz, Jainkoak egin dituen guziak beretzat egin ditu, bere ospearentzat, bere gorespenarentzat. Eta nola baita gauza eta izaite guzien lehenbiziko ethorburua, hala-hala behar da izan hekien azken helburua. Baitezpadako legea edo zuzena da hori. Hola dio gure adimendu xoilak berak, eta Izpiritu-Sainduak irakatsi ez balauku ere, ezagut ginezake Jainkoak egin dituen guziak beretzat egin dituela: Universa propter semetipsum operatus est Dominus. (Prov. 16, 4.)

        Beraz, gure izaitetik ezin berex daiteken eginbidea da Jainkoari ahal dakion ohore edo Erlisione guziaren bihurtzea.

        Erran dut gure gorphutza baliaraz behar dugula Jainkoaren goresteko. Eta hala da. Ezen, arima bezain ongi, gurphutza ere Jainkoarenganik dugu. Eta beraz kanporat agertzen ditugun Erlisionezko urratsak: zeinatze, belhaunikatze, elizarat biltze, eta bertze asko eginkari, gure gorphutzen egile eta jabe soberanoari eskeini behar ditugu. Aingeruek izpirituz bakharrik Jainkoa ohora dezaten, hori aditzen da, ezen berak izpiritu huts batzu dire, ez dute gorphutzik. Gizona ordean arimaz eta gorphutzez egina da; bata bezala bertzea ere Jainkoak emanik ditu; eta beraz bata eta bertzea Jainkoaren goresteko eta ospatzeko baliarazi behar ditu, eta nola barnez, kanpoz ere berdin ohore zor dio.

        Eta hemen erran behar dut, kanpoz Jainkoari zor diogun goreste hoberenetarik bat dela eginkunde ona, karitatea, beharreri emaiten den laguntza: Eleemosyna est Deo odor suavissimus et hostia gratissima. (Dionysius Carthus).

        San Frantses Asisekoak noiz-nahi errepikatzen zioten Italiako bere herritareri: Eman ausarki beharreri jatekoa, edatekoa, beztitzekoa, ezen beharreri egin laguntza, Jainkoari egina da eta ez diozute eskeintzen ahal ohore eta ospe baliosagorik: O homo, eleemosynam pauperi elargire, per quem illam tribuis Creatori.

        Eta lehenago San Augustinek erraiten zuen, beharreri egin emaitzak iduri duela, aphezak aldarean Jainkoari egiten dion emaitza, egiazko sakrifizioa, gure Jainkoari eskein dezakegun goresterik handiena; Sacrificium christiani est, eleemosyna in pauperem. (Homil. 29.)

        Nahi dut hemen, egia horren irakasmenetan agertu, gure Eskual-Herrian berriki gerthatu den eginkari eder bat.

        Bi gizon gazte, biak garaztarrak, bazoazin Doniane-Garazitik Urruñara, pilota partida baten ikhusteko ariaz.

        Horrek baduke ora¡ hogoibat urthe.

        Denbora hetan, Hazparnen gaindi zohan Garazitik Laphurdirateko karrusa. Bayonarat orduko bazituen bethi arratseko hamar orenak bederen.

        Gure bi Garaztarrak Bayonan sartzen dire beraz ilhunarekin, hamarretako irian; eta karrusatik jautsi direneko, ostaturat kuxian abiatzen dire.

        Karrika bethean dabiltzalarik, horra non hamabortz urthetako neska bat hurbiltzen zayoten erranez:

        Othoi, Jaunak, karitate zerbait egidazue Jainkoaren izenean!

        Eta bi gizon gaztek berehala:

        Tenore huntan, haurra, nolaz zabiltza eske?

        Eta harek: Ai Jaunak, ez dakit!.... enetzat bethi gaua da eta gau beltza!... Aita ohean dut eri, eta ez diot deusik emaiten ahal, ezen deusik ez dut! Ai harek ez daut ez galdatzen, bainan badakit goseak hiltzen ari duela. Atzo argi bat karitatez izan ginuen, eta gelan phizturik atxiki dugu; bederen atsegin zerbait baginuen, harek niri beha, eta nik hari! Bainan erre da argia, ez da ilhunberik baizen gure etxean; eta orai, Aitak ikhusi gabe, hunat atheratu naiz zerbaiten eskatzera Jainkoaren izenean!...

        Eta hori erranik, nigarrari eman zen haur gaixoa.

        Bi gizon gaztek orduan elgar behatu zuten; nigarrez zauden hek ere! Eta erran zioten haurrari:

        Horra zonbait sos, zoazi lehenbisiko saltzailera, eros behar duzun argia, eta gero zure Aitarenganat eremanen gaitutzu.

        Argiak erosi-eta, haurrak bere etxera bidatzen ditu bi gizon gazteak. Eskaler txar bati gora igaiten dire, ganbaran sartzen, eta ikhusten dute eri bat, ohe buluzi baten gainean hedaturik.

        Bere alaba ikhusi dueneko, Aitak botz erdi-hil dardara batekin erraiten dio:

        Maria, non othe zinen?

        Eta orduan bi gizon gaztek:

        Gure bilha zabilan; eta zu, adiskidea, nola zare?

        Ai ni, guziek hemen ahantzia, dio eri dohakabeak.

        — Nondik duzu min?

        — Ezindua naiz eta goseak hiltzen ari! Bi gizon gazteak berehala jausten dire karrikara, ostatura dohasi, jendeak ernarazten dituzte eta eriari igortzen salda, arnoa eta ahal diren onkhailu guziak.

        Karitate eder horren ondotik egin zuten arratseko othoitza. Hekien loa, gau hartan, zeruko aingeruek zaindu zuten; eta biharamunean, atzarri zireneko, huna Jainkoak zer eman zioten gogora.

        Geihenak erran zion bere lagun gazteari:

        Utz detzagun hor pilota-partidak eta bestak. Huna zer egin behar dugun hik eta nik Jainko maitearen ohoretan. Libertitzeko xahutu behar ginituen diruak, atzoko gizon eriar¡ eman detzagun, eta Urruñako beztarat joaiteko orde, itzul gaitezen egun berean gure herrirat, Garazirat.

        Erran bezala egin zuten: Eriari beren sosak eman, eta ixil-ixila, biak etxerat itzuli.

        Eta ora¡ nola behar dut erran eriaren eta haren alaba gaixoaren bozkarioa? Oi! gelditu ziren bai hekien nigarrak. Bi gizon gaztek eman diruarekin bazuten ausarki eritasunaren ongi arthatzeko ahala. Eta handik zonbait egunen buruan, igande goiz batez, Maria eta haren Aita bazoazin biak elgarrekin Mezaren entzutera; eria sendotu eta hazkartu zen.

 

                Aita-Jainko Semearekin

                Higual dugu adoratzen,

                Izpiritu-Sainduarekin

                Hirurak berdin othoizten;

                Jainko bat hirur Presunetan

                Goraki dugu kantatzen,

                Menderen mende guzietan

                Duela erreginatzen.

 

aurrekoa hurrengoa