www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV — KAPITULUA

 

Eliza katolikoa

 

Jesu-Kristok berak asentatu izan du.— Jesu-Kristok eman dio Eliza katolikoari egiaren irakasteko indarra.— Zer den eta nolakoa den Eliza katolikoa.— Gure sinestea Jainkoarenganik heldu zaukula Elizaren bidez.

 

        Ikhusi dugun bezala, Jainko da Jesu-Kristo; ezin ukhatuzko egia da; eta geroztik erran behar dugu, harek asentatu Eliza ere Jainkozkoa dela.

        Eta huna nola asentatu zuen Jesu-Kristok Eliza hori.

        Lur huntan zelarik, maiz errepikatzen zioten bere Dizipulueri, bai eta Judeako jende-osteri: Ni naiz gizonek sinetsi behar duten egia eta atxiki behar duten lege edo eginbidea.

        Berdin oraino: Ni, mundu huntarat ethorri argia naiz, eta niri sinestez eta egitez jarraikiren direnetarik ez da nihor sekulan aurkhituko ilhunbetan. Badire gezurrezko ilhunbeak, badire bekhatusko ilhunbeak, badire ifernuko ilhunbeak; eta ni, Aitaren eskuinetik lur huntarat jautsi naiz amoregatik-eta ilhunbe horietan zuetarik nihor ez dadien gal.

        Eta huna zer dion Jaundone Paulok, hitz horiek xehatzearekin: Noiz ere Aita Jainkoak ezdeusetarik atheratu baitzituen Zeru-lurrak, egin zuen iguzkia, eta iguzki harek haizatu zituen ilhunbe guziak, eta laster mundua burutik buru argi eder batez oro jauntzirik aurkhitu zen. Hola-hola egin du gu guzientzat. Aspaldiko mendeetan gizonak gezurrezko eta bekhatuzko ilhunbetan zauden ihortzirik. Bainan ethortzen da Inkarnazioneko oren handia; eta orduan Aita-Jainkoak gure ilhunben erdirat igortzen du egiazko iguzkia, Jesu-Kristo; eta iguzki guziz distirant horrek gizonen izpirituak eta bihotzak argitzen ditu, eta ilhunbeak oro dezeginak eta ezeztatuak dire.

        Hortakotz, Eguberriko gau ederrean, Eliza sainduak bozkalentzia handitan errepikatzen du: Oi Aita-Jainkoa, eskerrak zuri, zeren-eta zure Seme gizon-eginaren bidez gutarteraino distiarazi baituzu zure argia, sinetsi eta atxiki behar dugun egia.

        Eta zuri ere, oi Jesus, esker berak bihurtzen derauzkitzugu, ezen onetsi eta hartu izan duzu zure Aitak eman derauzun lan handi hori. Hogoi eta hamahirur urthez ez da zuk egin ez duzun entsegurik egiaren irakasteko, ala zure elhez, ala zure eginkariez. Eta guziz zure biziaren azken hirur urthetan irakasmenak eskubetheka hedatu izan ditutzu, hala-nola ereileak bere alhorrean bihia ahurtraka hedatzen baitu.

        Bainan, oi Jesus, zure lur huntako bizia laburra behar zen, gu guzien biziak laburrak diren bezala. Eta zer bilhakatuko dire zure irakasmenak, baldin zuhau gizonen artetik itzaltzen bazare? Ezen irakaslea urrunduz geroz, laster ahantziak dire haren erranak. Othe daiteke bada galtzerat utziko duzun, Profetek aspaldian agindu zuten emaitza hori, eta halako oinaze handiekin zeronek gutarterat ekharri duzun egia hori? Othoi, othoi, urrikal zaite mundu deithoragarri huntaz, ilhunbek eta tzarkeriek ithotzen ari dute; eta zuk orai bere gisa uzten baduzu, akhabo da sekulakotz, harenak egin du, galduko da osoki deboilamenduzko itsasorik ikharagarrienean!

        Ez gaiten lotsa, bainan bai bozkaria, ezen huna zer asmatzen duen Jesusek gizonentzat.

        Egia da bai Jesus ez dela lur huntan biziko hogoi eta hamahirur urthetaraino beizik, bainan haren irakasmenak azken menderaino iraunen du. Berdin egia da Jesus ez dela agertu eta mintzatu Judeako eskualde hertsian beizik, bainan haren irakasmenak gaindituko ditu mendiak eta itsasoak, lurreko bazter eta jendaia guzietarat hedatuko da.

        Ezen huna zer dion Ebanjelioak. Jesusek gau bat osorik iragan zuen othoitzean; eta goizeko argia agertzearekin deithu zituen bere dizipuluak, eta hekietarik hautatu zituen hamabi eta bere Apostolutzat hartu.

        Go emazu gau oso baten othoitz luze horri. Dudarik ez da, othoitz luze hortan Jainko-Semeak biltzarre egiten du bere Aita-Jainkoarekin eta bere Izpiritu-Jainkoarekin; Trinitate guziak elgar aditzen du Eliza katolikoaren asentu-gaien hautatzeko, eta bethikotz irauteko moldean arrimatzeko.

        Beraz, gau oso baten othoitzetik landa, Jesusek hautatu zituen hamabi Apostoluak eta erran zioten: Ene Aitak ni lur huntarat igorri nauen bezala egiaren gizoneri irakasteko, berdin nik ere zuek igortzen zaituztet orai lurreko bazter guzietarat egia beraren irakasteko.

        Ni ez nerauzuete mintzatu herri ttiki hunen eremu hertsian beizik, gordeka, ixilik, beharrira bezala; bainan zuek goraki eta argi handian errepika zazue nik eman irakasmena.

        Bai, zoazte munduko eskualde guzietan gaindi eta predika zazue Ebanjelioa bizi diren guzieri.

        Ai! badakit igortzen zaitudeztala bildotsak otsoen artera bezala; zer-nahi jasan beharko duzue zuen eta ene etsaien aldetik; eta bai gorphutzean, bai-eta bihotzean, oinazerik borthitzenak eta griñarik saminenak pairatu beharko ditutzue. Halarik ere, ez lotsa; traba guziak garhaituko ditutzue, eta azkenean zuek geldituko zarete nausi; ezen ni bethi zuekin izanen naiz.

        Eta nola ni, ene Aitaren Seme bakharra bezala, bainaiz haren distiradura, haren argia, guziek sinetsi behar duten egia; berdin zuek ere, ene Apostolu eta ene mandatari bezala, izanen zarete, mendez mende eta lurreko bazter guzietan, Jainko beraren argiak, egia beraren distiradurak. Halako moldez non, zuek entzunen zaituztenek ni neroni entzunen baineraute; eta zuek arbuiatuko zaituztenek ni neroni arbuiaturen baineraute.

        Horra nola Jesu-Kristok asentatu duen Eliza eta eman dion egiaren irakasteko ahala eta indarra. Bai, dio Aita-Saindu Leone hamahirurgarrenak, Jesu-Kristok bere eskus asentatu izan du Eliza katolikoa, eta zertako? Nahiz-eta, bere Aitarenganik izan zuen eginbide premiazkoa, ezarri Eliza horren eskuetan bethikotz segurtaturik: Unigenitus Dei filius societatem in terris constituit, quae Ecclesia dicitur, cui excelsum divinumque munus in omnes saeculorum aetates continuandum transmisit quod ipse à Patre acceperat. (Leo XIII, Encycl. Inmortale Dei.)

        Bainan orai, irakurtzaile maitea, ordu da erran dezadan xehetasunekin zer den, nolakoa den, Jesu-Kristok asentatu duen Eliza hori.

        Zer da beraz Eliza katolikoa?

        Ikhusi dugun bezala, gure Eliza saindua ez da gizonek asmatu eta egin duten batzarre edo bilkhura bat. Ez. Gizonen lana balitz, aspaldian deseginik eroriko zen, aspaldian gaxtaginen jazartze borthitzek ezeztatuko zuten. Jainkoaren beraren lana da; Jainkoak du bere indar eta zuhurtzia neurri-gabearekin moldatu eta hain ederki finkatu. Eta hitzeman dioen bezala, Jainkoak du bethi zainduko, Jainkoak ditu bethi Elizaren zangopean etsayik borthitzenak ukhurtuko eta aphalduko.

        Eliza katolikoa da fededun guzien bilduma, Jesu-Kristo bere lehenbiziko burutzat ezagutzen duena; eta haren ordain edo Bikariotzat Erromako Aita-Saindua deraukana.

        Zertako erran othe dut Eliza katolikoa dela fededun guzien bilduma?

        Zeren-eta girixtino ez direnak, batheatugabeak eta Jesu-Kristoren sinestea ez dutenak, ez baitire Elizaren menbro edo zathi. Eliza gorphutz bat bezala da bere buruarekin eta menbroekin; burutik doha gorphutzeko zathi guzieri bizia eta indarra. Eta hala, Jesu-Kristoren sinestea ez duenak, harekilako batasunik ez du, ez da haren menbro, ez-eta Elizarena ere. Elizak Jesu-Kristo derauka bere burutzat; eta hortik, Elizaren menbro izaitekotz, Jesu-Kristo baithan behar da sinestea.

        Eta zertako erran dut Elizaren burua mundu huntan dela Erromako aphezpikua, Aita-Saindua?

        Zeren-eta Jesu-Kristok berak Jaundone Petri egin baitzuen Apostolu guzien buru, guzien Artzain-Nausi, ber-beraren ordain eta Bikario, Elizaren buruzagi oso; eta hura izan baita Erromako lehen Aphezpikua; eta hura hilez geroztik, Jaundone Petrik zuen aintzidaritasuna edo eskualdea gozatu baitute bethi, eta orai ere bai gozatzen Erromako Aphezpikuek, Jaundone Petriren ondoko zuzen bezala; eta munduko Aphezpiku guziek Erromako Aphezpikuari ezagutzen baitiote bethidanik deraukan eskualdea, Eliza guziaren lehenbiziko nausiari bezala; — hortakotz egiazko girixtinoen Eliza deitzen da Katoliko Erromanoa.

        Erran dutan bezala, Eliza hori da gizonari buruz egiaren irakaslea, eta haren irakasmenetan bermatzen da gure sinestea, osoki finkatzen, osoki jartzen.

        Zer da fedea? Ikhusi ez dugunaren sinestea. Eta zonbat gisetara daiteke fedea? Bietara: — bata da, gizonak erranaren sinestea, guhaurek ikhusi gabe; eta hori deitzen da fede humanoa. Gizonaren erranari dagoelakotz, hartan engana gaitezke, eta askoetan enganatzen gare. Eta ez da zeren hortaz espanti, ezen maiz erraleak berak enganaturik daude; edo uste makhurrean dire, edo gezurra diote.

        Beste fedea da Jainkoaren erranari edo hitzari emaiten dioguna. Deitzen da Jainkozko fedea, eta hori da girixtinoen fedea, gu-guzien sinestea. Gure fede hortako misterioak, egiak, ikhusi gabe sinesten ditugu, zeren gure Jainkoak berak agertuak eta irakatsiak diren gure Eliza Ama Sainduari, eta Eliza horrek berak guri.

        Gure sinestea ez da beraz, munduko jakinduriak bezala, gizonaren arrazoi labur eta enganagarriaren gainean jarria. Jainkoaren hitzaren gainean, Elizaren ezin-enganatuzko irakasmenaren gainean dago landaturik. Gauza segurragorik, gauza hazkarragorik gizonak nihon ere ezin aurkhi dezake.

        Oi zer atsegina! eta zer eskerrak bihurtu behar diozkogun Eliza Saindu gure irakasleari, gure bidari ezin errebela daitekenari! Ezen horrela, harek bakharrik irakasten derauzku, bestela ezin jakin dezazkegun gauzarik handienak eta beharrenak, hala-nola zoin den gure azken fina edo helburua, zoin den gure egiazko eta bethiereko zoriona eta zer egin behar dugun haren irabazteko.

 

 

                Jesusek Piarresi erran zion behin:

                Elizaren zimendua hi behar haut egin;

                Hartako diat nahi harriz izan hadin.

                Ez zirok deus irabaz etsaiak hirekin,

                Berak dik minhartuko hi jotzearekin!

 

aurrekoa hurrengoa