www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II — KAPITULUA

 

Heren-Ordreko erregelaren gainean xehetasunak

 

Ordre hortan sartzeaz.— Abituaz.— Profesioneaz.— Othoitzez.— Barurez eta penitentziez.— Amoinaz.— Jarraikitasunaz.— Karguez, bisitaz eta erregelaz.- Porzionkulako barkhamen handiaz.

 

 

I.— ARTIKULUA.

 

San Frantsesen hirurgarren ordenako erregela:

Haurride berrien hartzeaz eta moldatzeaz.

Aita-Sainduaren hitzak

 

        1. Ez diteke nihor sar Hirurgarren Ordenan hamalau urtheak betheak izan gabe; ez eta bizitxe eta aztura onak ez dituen bat; unionearen adixkide, fede katolikoaren atxikitzaile leial, Eliza Erromanoari eta Sainduari osoki sumetitua dela ezagutua ez den bat.

        2. Emazte ezkonduak ez ditezke errezebi senarraren ixilik eta harren baimenarekin beizik: non kofesorak ez duen, kasa batzuetan, bertzela jujatzen.

        3. Hirurgarren Ordenako menbroek, garraiatuko dule usaiako eskapulario edo abitu ttikia eta korda; ez lukete berzela zuzenik Ordena hortako ontasunetan.

        4. Hirurgarren edo Terzieren Ordenan sarthuko direnek eginen dute urthe baten nobiziata, hori da frogantza; gero deitzen dituztenean, ohi den bezala, profesionerat, hitz emanen dute Jainkoaren manamenduak begiratuko dituztela, Elizari obedituko diotela, eta beren profesionearen, erran nahi Erregelaren kontra zerbeit hutsetan erortzen badire, errana izanen zaioten satisfazionea eginen dutela.

 

Xehatasunak:

I.— Heren-Ordrean sartzeaz.

 

        — Heren-Ordrea guzientzat denaz geroztik, nor-nahi hartan sar othe daiteke?

        Bai, nor-nahi sar daiteke Heren-Ordrean, baldin erregelak galdatu dohainak biltzen baditu.

        Dohain hek dire: 1° Bizimolde ona, fama gaxtorik gabekoa eta ohidura tzarrik ez duena.— 2°, Jite ona, eta ez gaitzikorra, borthitza, nahasia.— 3° Jarraikitasuna, Erlisioneak nahi dituen urrats premienetan bederen,— 4° Jauspena edo obedientzia Erromako Eliza eta alkhi sainduaren alderat.

        Elizaren eta Aita-Sainduaren alderako jauspen oso hori Heren-Ordreko seinale eta agergailu berezia da.

        —Heren-Ordrean sarthu nahi denak zer egin behar du?

        1° Herrakunderik balin badu, baketu behar da; eta balin badu zorrik, hek behar ditu pagatu, edo pagaturen dituelako segurtamenak eman.— 2° Heren-Ordreko buruzagi bati mintzatu Ordena hortan sartzeko duen xedeaz.

        — Zer egin behar da gero?

        Nola Heren-Ordrea egiazko Ordena bat baita, ez da hain errex hartan sartzea nola gainerateko bertze elgartasun edo konfraria ardurako batzuetan. Hala-nola komentu hertsienentzat, hemen ere bakhotxak denbora poxi batez irakatsi behar du gai den ala ez Ordena hortan irauteko. Eta hori da Nobizioa.

        Nobizioaren egiteko baliatzen da Abituaren hartzetik eta Profesionearen arteko denboraz. Urthe bat osorik iraun behar du. Eta arte hortan, batbederak Erregela ikhasten du eta ibilkatzen artharik handienarekin.

        Nobiziako denboran, Ordenako probetxu, grazia eta barkhamen guziez baliatzen ahal da.

 

II.— Heren-Ordreko abituaz.

 

        — Zer da abitu hori?

        Heren-Odreko abituak nahi ditu, 1° ilezko eskapulario bat, hauts kolore edo gaztena kolore; 2° ilezko edo kalamuzko khorda bat, skapularioa gerrian inguratzen eta biltzen duena.

        —Abitu hori ekharri behar othe da bethi?

        Baitezpada ekharri behar da, ez galtzekotz Ordenako probetxuak. Beraz soinean atxiki behar dugu gau eta egun. Bizkitartean, ezinbertzez edo eritasunez, utz daiteke arte labur batentzat.

        —Zer izariko, zer heineko behar du izan abitu horrek?

        Khorda gainetik ingura daiteken luzetasuna behar du. Eta baldin ttipiago baten ekhartzeko baimena balitz, behar luke zehe eskas baten luzetasuna eta zabaltasuna.

        — Hein bereko soinekoa ekharri othe dute bethi Heren-Ordreko haurridek?

        Ez; hastapenean oinetaraino jausten zen, josturarik gabe gerrian eta khorda batez inguratua errainetan.

        —Egungo egunean ere haizu othe laiteke soineko oso horren ekhartzea?

        Bai, lau gerthakari hotan ekhar daiteke: — 1° Haurridegoako biltzarretan;— 2° profesionetan, hilehorstetan, hitz batez Haurrideak elgarrekin dabiltzan Elizako zeremonietan;— 3° buruzagien baimen berezi batekin; — 4° hil ondoan, ehortziak izaiteko.

 

III.— Profesioneaz.

 

        — Zer da Profesionea?

        Profesionea da Erlisionezko berthutearen eginkari bat; eta eginkari horren bidez fededuna Jainkoari emaiten da bere hautuz Heren-Ordrean, hitzemaiten duelarik Jainkoaren eta Elizaren manamendueri jarraikiko dela.

        Barkhamen osoa irabazten da Profesioneko egunean; bai-eta asko izkribatzailek erraiten dute eginkari horrek ezartzen gaituela Bathaioak bezala osoki garbiturik.

        — Profesione hori botu bat othe da?

        Ez da botua. Da xoilki hitzemaite berezi bat; eta hortakotz ez gaitu bekhatuaren penan hertsatzen. Halarik ere, saindutzeko bide hoberenetarik da, Elizaren begietan ondorio egiazkoak baditu, eginbide bereziak manatzen derauzkigu eta emaiten probetxu frango.

        —Zoin dire Profesioneak emaiten derauzkigun probetxuak?

        Profesionearen bidez, Heren-Ordreko haurrideak San Frantsesen ume egiten dire, hala-nola bi lehen Ordena handietako anaiak eta arrebak, Frantsiskanoak eta Klarizak.— 2° San Frantsesen Ordena guziko merezimenduetan phartedun jartzen dire;— 3° Erregelak manatu othoitzak erraitearekin, Eliza guziaren mandatari bezala dire.

        — Gaztigurik ba othe da Profesioneari hutsik egiten dutenentzat?

        Bai. Nork ere Jainkoaren eta Elizaren manamenduak eskandalarekin kolpa bailezazke; eta berdin Bisitorak eman penitentzia niholere egin nahi ez lukeena; horrelakoak khen daitezke haurridetasunetik, bai eta Ordenatik.

 

II.— ARTIKULUA

 

Heren-Ordreko othoitzak.—
Barurak, bertze penitentztak.—
Amoinak.—
Erregelaren ongi atxikitzeko bideak.

 

Bizitzeko maneraz.

 

        1. Terzierek beren beztitzeko maneran bazterrerat utziko dituzte urguluzko xedez mundutarrek egiten dituztenak, eta begiratuko bakotxak bere kondizionean, modestia sainduaren erregelak.

        2. Atzartasun handienarekin urrundu beharko dire bala edo dantzetarik, komedia lanjerosetarik eta bilkura libertinetarik.

        3. Jan-edanetan maithatuko dute arruntasuna eta geldituko dire izarian: debotki eta esker onezko sentimenduekin Jainkoa othoiztuko dute apairuen aintzinean eta ondoan.

        4. Barur eginen dute Mariaren bekhaturik gabe Konzebizioneko besta bezperan, eta San Frantses Patriarkaren besta bezperan. Terzieren leheneko Erregela zaharrak ematen duena segituz, nahi badute, ortziralez barur eta asteazkenez mehe egin, hainitz dituzte laudagarri.

        5. Hilabethe bakotxean luzenaz beren bekhatuak kofesatuko dituzte; hilabethe guziez bederen mahain saindurat hurbilduko dire.

        6. Terzier, Ordena sakratuetako ofizioa egun guziez erraten dutenek, ez dute pondu hunen gainean bertze egitekorik; bainan edo Elizako ofizioa edo Ama Birjinaren ofizio ttikia erraten ez duten guziek erran beharko dituzte egun guziez hamabi Pater, Ave, Gloria, ez badire ezin erranezko gisan eri.

        7. Testamenta eta ordeinua egin dezaketen guziek egia behar dute denbora deno, luzatu gabe.

        8. Etsenplu ona eman dezotela Terzierek beren familian, debozionezko pratikak eta obra onak besarkatuz. Ez dute beren etxetan sartzerat utziko berthutea kolpa dezaken liburu eta gauzetarik, eta beren menekoak gibelatuko dituzte horrelako irakurtzetarik.

        9. Artharekin atxikiko dute elkharren arteko eta guziekilako unionea, karitatea, batasuna. Egin ahalaz baketuko dituzte aharra eta hasarregoa guziak.

        10. Zinik ez dezatela sekula egin, beharrez beizik. Ez dute elhe desonestik erranen, ez eta trufa konbeni ez direnik. Arratsean, kontzientzia etsaminatuko dute hea holako hutsetan erori othe diren, eta hobendun kausitzen badire urrikitan sarturik egin dezatela hobeki.

        11. Errexki ahal badute, entzunen dute egun guziez Meza saindua. Aitzindariak markatu hilabeteko biltzarretan aurkituko dire.

        12. Bakotxak bere ahalaren arabera emanez zerbeit diru, eginen da moltsa bat, Haurride errumesenen laguntzeko guziz eritasunetan, edo Elizako ohore eta beharrentzat.

        13. Minixtroak joanen dire Haurride erien bisitatzerat edo norbeit egorriko dute karitatezko obra hori betheko duena. Eria lanjerian denean emanen diozkate behar diren abertimendu eta kontseilluak, denbora deno har detzan azken sakramenduak.

        14. Herriko eta han gertatuko diren Terzier guziak kausituko dire Haurride hilaren ehorzteko ofizioan; hilaren arimaren sokorritzeko erranen dute Patriarka San Domingok irakutsi Arrosarioaren herena, bortz hamarreko. Apezek Mezan, eta bertze Terzierek ahalaz Komunione sainduan, othoitz eginen dute joan Haurridea sar dadin bake Eternalean.

 

 

Xehetasunak:

 

        — Erregela hori ez othe da kargatuxkoa?

        Ene arabera ez! Eta hori bakhotxak errexki ikhus dezake. Ezen, urtheko bi barur eta egun guzietako othoitz bakhar batzuez kanpo, Erregela horrek ez du deus manatzen, baizik ere xoilki bizitze girixtino arruntenak orori manatzen duena. Eta oraino, barur eta othoitz horiek ere bertze zerbaitetarat alda daitezke, baldin osagarriak edo bertze arrazoin egiazkoek hala nahi badute.

        Amoreagatik eta guziek agerian ikhus eta har dezaten Erregela hori, hirur zathietan emanen ditut xehetasunak: 1° Othoitzaren gainean; 2° Baruraren gainean; 3° Amoinaren gainean.

 

Othoitzaz.

        — Zer erran nagi du hemen hitz horrek?

        Lau gauza erran nahi ditu: 1° Ofizio saindua; 2° Meza egun guziez, ahal delarik, entzutea; 3° Aphairu aintzin eta ondoan othoitz egitea; 4° Ilhabetean behin kofesatzea eta komuniatzea.

        — Erregelak zer ofizio manatzen du?

        Aphezentzat aski da beren Brebiarioa, deus gainerakorik gabe. Bertzek erran behar dute Ama-Birjinaren ofizioa, edo egunean hamabi Gure Aita, Agur Maria, Gloria Patri, non ez dioten eritasunak debekatzen.

        —Hamabi Gure Aita, Agur Maria eta Gloria Patri horien orde, bertze zerbait othoitz baliaraz ahal othe daiteke, ez denean ofiziorik erraiten?

        Azkenean bai; eta bizkitartean ez da hortaratu behar, non ez den egiazko ezinbertzea, zeren-eta bertzeinez ez bailezake othoitz publiko bat egin.

        — Zer da beraz Elizaren othoitz publiko hori?

        Hori da othoitz berezi bat Elizak berak manatzen duena bere ume bakhar batzueri, Jainkoaren hobeki goresteko eta arimak ere hobeki laguntzeko.

        Bakhotxak berexki egiten duen othoitza baino hainitzez baliosago da.

        Ez du deus erran nahi, Othoitz publiko hori batbederak erranik ere bakharrik, ezen Elizak horrela manatua den ber, badu bethi bere indar berezia.

        — Erdaraz eta eskuaraz erraiten ahal othe da Ofizio publiko hori?

        Ez, eta huna zertako: Latina delakotz Elizaren mintzaia.

        — Kolpe batez erraiten ahal othe da ofizioa?

        Bai, ez badateke berzela egin. Bainan, Aita-Sainduaren arabera, hobe laiteke hamabi Gure Aita, Agur Maria, Gloria Patriak erraitea, ez aldi bakhar batez, bainan han-hemenka, egun guziko zathi berexak Jainkostatzeko moldean.

        Erraiten ahal dire laneko denboran, ibiltzean, Meza sainduan, eta belhauniko eman gabe.

        — Baitezpadako eginbidea othe da Mezaren egun guziez entzutea?

        Gure estatuko eginbideri hutsik ekharri gabe egiten ahal bada, bai; bertzela ez. Dohatsu egun orotako meza horri jarraikitzen direnak! Ez dezakete deus baliosagorik egin Jainkoarentzat eta beren arimarentzat.

        — Aita-Sainduak zertako ez ditu galdatzen Kofesio eta Komunione bat beizik ilhabete bakhotxean?

        Amoreagatik-eta nor-nahik izan dezan Heren-Ordrean sartzeko eta ongi irauteko errextasuna. Bainan eder laiteke Ordena hortako haurride guziak zortzitik jarraik ditezen bethi.

        — Zer othoitz egin behar da orthuruntzaren aintzinean eta ondoan?

        Leone hamahirurgarrenak ez du deus othoitz berezirik aiphatzen. Bestordus erraiten zuten Gure Aita bat aintzinean ala ondoan. Oraino ere berdin egin daiteke.

 

II.— Baruraz eta gainerateko penitentziez.

 

        — Nolakoak dire Heren-Ordreak nahi dituen penitentziak?

        Ez dire gaitzak: Urthean bi barur, bat Notagabezko Konzepzionearen bezperan, eta bertzea san Frantsesen bestako bezperan. Bertzerik ez da.

        Egia da Heren-Ordreko anaia-arrebek arras ongi eginen dutela baldin, lehengo Erregelaren arabera, barurtzen badire ortzirailetan eta mehea jaten badute astezkenetan; bainan ez zaiote hori manatua.

        San Frantsesek nahi izan du Heren-Ordena deithua izan dadien Penitentziaren Ordena, eta Erregelak egiten deraizkigun manuek goraki erakusten deraukute Heren-Ordenako haurridek izen hori artha handirekin behar dutela gogoan hartu eta begiratu.

        Penitentzia guti ezagutua da munduan, beren buruak girixtino darozkatenen beren artean ere. Errexki, ondikoz! ahanzten ohi da, penitentziaren legea munduaren hastapenetik emana izan zaiola gizon bekhatoreari; ez ditakela zerurat hel penitentziaren bidez baizen; hainitz oinazetan gaindi ibiliz behar garela sarthu Jaunaren erresuman. San Frantsesen egiazko haurrak lehiatu izan dire irakaspen salbagarri horien onesterat, eta gogotik jarraiki izan dire Jesus kurutzefikatuari, zoinaren bizi guzia izan baita martirio edo gelditzerik gabeko oinaze bat.

        — Ez othe da beraz bertze deus penitentziarik?

        Manaturik ez, bai ordean gisa diren zonbait. Ezen erregelak gomitatzen gaitu:

        1° Gure soineko jaunzturetan bethi modest agertzerat.

        2° Jan-edanetan izari girixtino batetik sekulan ez elkhitzerat.

        3° Libertimendu kaltekor batzuetarik osoki urruntzerat, hala-nola dantzatik, teatre eta komedietarik, bilkhura lizun guzietarik.

        Dantza: San Frantsesen Heren-Ordenako erregelan bigarren kapituluko bigarren phonduan, irakurtzen dugu: Heren-Ordreko haurridek atzartasunik handiena ekharriko dute urrun egoiteko dantza, komedia, othuruntza eta libertimendu hirriskutsu eta arimentzat kaltekor direnetarik.— Higuintza egiazko bat erakutsi behar dute munduarentzat eta munduko irakaspen izurritsuentzat, orhoituz bertze orduz Jesu-Kristo gure Jaunak bere jarraile edo dizipulueri erraiten ziozkaten hitz hautaz: zorigaitz munduari munduko eskandala edo gal-bidengatik... Erraiten zioten oraino: Mundua bozkariatuko da, eta zuek ilhun eta goibel izanen zarete, bainan zuen ilhuntasuna khanbiaturen da nehork khenduko ez dautzuen bozkario batetarat.

        Elizako Aiten arabera, deusere ez da hirriskutsuagorik dantza baino. Guziek, boz batez, arbuiatzen eta debekatzen dute libertimendu arimen galgarri hori.

        San Anbrosio, Elizako dotor eta argi handiak dio, dantza eta lohikeria elgarrekin dabiltzala. San Efremek aldiz dio, dantza jende gazten garbitasunaren hobia dela, zeruaren dolua, ifernuaren bozkarioa, debruaren balentria.

        San Anbrosiok dio oraino, ez dela dantzarat hurbiltzen jende ohorezkorik ez eta kontzientzia minbera duenik.

        Eta huna san Agustin handiaren hitzak: Hobe litake besta-igandetan lur-iraultzen aritzea ezenez eta dantzan:

        Gizon girixtino onek eta egungo eguneko dantza itsusien berri ongi dakitenek goraki diote, begi garbiz ezin ikhusiak direla. Ekharri ditudan san Agustinen hitz horiek girixtino guzieri behatzen zaizkotenak badire, zer khar berezia ez zuen erakutsiko saindu handi harek gogoan izan balitu xoiki san Frantsesen Heren-Ordenako haurrideak!!! Bertzalde, aski dugu Ebanjelio sainduaren zabaltzea, eta han ikhusiko dugu eta mende guziek ikhusiko dute Jaundone Joan-Batistaren burua dantza baten eta dantzari lohi baten saria izan dela. Beraz, san Frantsesen Heren-Ordenako haurrideak, urrun, urrun egon zaitezte libertimendu edo josteta galkhor hortarik bai-eta hori maite dutenetarik.

        Irakurtzeak: Aita Sainduak eman eta finkatu duen erregelaren arabera, san Frantsesen Heren-Ordenako anaia arrebek ez dute beren etxetan sartzerat utzi behar berthutea kolpa dezaketen liburu eta gazetetarik, eta beren menekoak gibelatu behar dituzte horrelako irakurtze kaltekorretarik.

        Gure arimen etsai gaixtoak, bertze edozoin denboretan egin duen baino nazaikiago, bekhatuaren phozoina hedatzen du gure egunetan Jesus Jaunak bere odolaz erosi arimetarat, eta hori liburu eta gazeta tzarren bidez. Satan beltzak baditu osteka mandatariak errexki eta gogotik haren nahien bethetzerat ekharriak direnak. Eta ifernuko beren nausiaren izpiritu gaixtoaz sustatuak diren mandatari dohakabe hek badabiltza, gau-egun, hiriz hiri, herriz herri, etxez etxe, zokhoz zokho; eta orotan, Satanek berak egin lezaken baino hobeki, gutienaz sos baten phozoina saltzen dute, eta askotan dohainik edo urririk emaiten, eta nigar egingarri dena! hainitz aldiz girixtinoen edo beren buruak giristino dauzkatenen etxetan ere sartzen dire, hango jenden izpiratuak eta bihotzak phozointzeko gutizia debruzkoarekin.

        Zorigaitz, buruzagi eta aita-ama liburu edo gazeta tzar irakurleri! Zorigaitz, bere arimaren galtzea ez aski idurituz, lagunen arimak phozoindatzen dituenari liburu edo bertze zernahi izkiribu bekhatuaren izurriaz betheak direnen bidez!

        Batzu eta bertzeak orhoit ditezela, zonbat ere jende zeihar-arazten baitute Jainkoaren legearen bidetik eta bekhaturat erakhartzen, orhoit ditezela ongi hainbertze arimen khondu eman beharko dutela jaunaren jujamenduan; eta hekien faltaz ifernurat erori diren arima dohakabek, beren nigarrez eta heiagorez eternitate guzian mendeku galdeginen dutela Jainkoari hek galdu dituztenen kontra.

        Zuek bederen, san Frantsesen Heren-Ordenako haurrideak, begira zaitezte artha berezi batekin liburu edo gazeta tzarren irakurtzetik; behautzue holako bekhatuzko tresnarik atxik zuen egoitzetan! bertzenaz, goiz edo berant, Jainkoaren gaztiguak eror laitezke zuen gainerat.

        Zenbatak heriotzeko orenetan harritu direnak, orhoituz, ez xoilki egin dituzten bekhatuez, bainan bertzeri eginarazi dituztenez! Zenbatak dolamenekin erran dutenak: menturaz ene faltaz, nik gaizkirako bidea irakatsirik, galdu dire!

 

III.— Amoinaz.

 

        — Zer nahi du amoinari dohakon erregelak?

        Bi gisetara har daiteke hitz hori; erran nahi du, edo lagunari zor diogun estekamendua, edo hari berari egin dezakegun emaitza.

        Estekamenduaz den bezenbatean, Heren-Ordreko anaia-arrebek elgarren alderat atxiki behar dute bethi Jainkozko amodio berezi bat. Eta baldin bataren edo bertzearen artean zerbait makhur, gerthatzen balitz, guzien xuxentzerat eta eztitzerat entsegatuko dire. Herri batean bakezko ikhusgarri batzu bezala agertu behar dire. Lehenbiziko girixtinoez bezala, hetaz ere jendek erran dezaten amoreagatik: Oi beha zazue nola elgar maite duten!

        Bainan bada bertze amoina bat, eta hura da lagunari egin dezakegun laguntza.

        Heren-Ordreko anaia edo arreba zaren ber, gogoan ongi har zazu zuzen dela obra eta eginkari onetan ager zaitezen goraki, ausarki, khar berezi batekin. Zure ontasunetik ahal duzuna gogo onez emazu erromeseri, herriko elizari, eskola girixtinoeri, Aita-Sainduari.

        Aria eta xede beraz, egizu tenorez zure ordaina edo testamenta, beldurrez-eta, urrats horren eskasean, zure ondokoek asko auzi eta makhur ibil dezaten. Holakorik gerthatzen balitz zure lazakeriaz, bakearen orde phitzarazi zinuke gudua, eta laguntza egin behar orde zernahi xahutarazi.

        — Bainan Heren-Ordreko anaia-arrebek ez othe dute elgarri buruz karitate berezi eta handiago bat ibilkatu behar?

        Bai. Eta elgarren arteko karitate min hori agertu behar da:— 1° bizian,— 2° eritasunean,— 3° hil ondoan.

        1° Bizian; eta hortakotz eske bat egiten da ilhabeteko bilkhuretan. Bakhotxak ahal duena emaiten du, amoreagatik-eta elgartasuneko anaia-arreba erromesak lagunduak izan ditezen, eta bestalde, elizako beren bilkhurentzat jasan behar dituzten gastueri buru egin dezaten.

        2° Eritasunean; elgartasuneko buruzagiak joan behar dire haurride erien ikhustera; eta baldin ez badaitezke berak erietan ibil, bertze norbait igorriko dute. Eritasunak alde gaxtorat emaiten badu, are hobeki jarraikiren zaizko eriari eta lagunduko dute heriotze on baten egiten.

        3° Hil ondoan; haurride guziak aurkhituko dire galdu duten anaia edo arrebaren ehorztean, eta haren arimarentzat erranen dituzte Arrosarioaren bortz hamarreko eta komunione bat eginen.

        Laburzki erraiteko, Erregela guzia bi hitzetan bil daiteke:— 1° Bizitze girixtino bat ereman; ekhar jaunztura garbia, bainan ez harro eta arhina; jan-edanetan atxik behar den izaria.— 2° Abitua soinean ekhar bethi bere khordarekin; 3° egun guziez: erran Ofizioa edo hamabi Gure Aita, Agur Maria eta Gloriak;— 4° ilhabete guziez: behin bederen kofesa eta komunia;— 5° Urthe guziez: bi barur egin, bat urriaren hirurean, bertzea Abendoaren zazpian.

 

IV.— Erregelaren hazkarki zaintzeko bideak.

 

        — Bide horiek zoin dire eta zonbat?

        Hirur dire:— 1° Egun guziez egin behar den konzientziako mihatze edo etsamina;— 2° Ilhabete bakhotxeko bilkhura;— 3° Urthean behin Aintzindari batek egiten duen bisita edo ikhusaldea.

        — Atxikiak othe gare ilhabeteko bilkuretan aurkhitzera?

        Bai, atxikiak gare, eta hori lau probetxu haukien ariaz:— 1° Entzuteko bilkhura hetan emaiten diren predikuak eta irakasmenak;— 2° Berotzeko eta hazkartzeko san Frantsesen haurrek bethi eta gehiago emendatu behar duten perfetasunezko beren lehia;— 3° Irabazteko bilkhura hekieri iratxikiak diren indulientzia edo barkhamenak;— 4° Erreberritzeko eta sustatzeko san Frantsesen haurrek elgarren artean atxiki behar duten Jainkozko haurridetasuna.

        — Zer daiteke Aintzindari batek urthean behin egiten duen bisita edo ikhusaldea?

        Gure Ordenak, irautekotz eta ongi handi baten egitekotz, osorik eta hazkarrik egon behar du. Eta arren, nahi badugu osorik eta hazkarrik egon dadien, ezin bertzea da norbaitek ikhus dezan, denboratik denborara, eian ongi ala gaizki dohazin Haurridetasun bakhotxeko harat-hunatak. Eta hori, Aintzindari batek egiten du urthe guziez. Erregela ez bada ongi atxikia eta makhur zerbait nausitu bada, oro xuxentzen ditu eta berriz ere osoki asentatzen.

 

 

III.— ARTIKULUA

 

Karguez, bisitaz eta erregelaz.—
Porzionkulako barkhamen handiaz.

 

Karguez, Bisitaz eta Erregelaz.

 

        1. Kargudunak hautatuko dire Terzieren bilkhuran; kargua atxikiko dute hirur urthez. Nihork ez du arrazoin funtsezkorik gabe errefusatu behar, ez eta bethe bere kargua nagiki.

        2. Erregela ongi begiratua othe den, errenkurarekin jakin behar du Bisitatzaileak, hortakotz Haurridegoak bisita detzala urthean behin ahalaz, eta behar bada maizago; bilkhura jeneral baterat deituko ditu Minixtroak eta Haurrideak, eta hauk aurkitu beharko dire bilkhura hartan. Bisitatzaileak ematen badio Terzier bati abertimendu edo manu edo punimendu salbagarri bat, hobenduna humilki sumetituko da, eta onhartuko du penitentzia.

        3. Bisitatzaileak hautatuko dire Franziskanoen Lehen-Ordenan edo Fraiden Hirurgarren Ordenan, Guardianoeri galdeginez nor izendatu behar den. Fraide ez denik ez diteke izan Bisitatzaile.

        4. Obeditu nahi ez duen eta etsenplu gaxtoa ematen duen Terziera abertitua izanen da hirur aldiz; ez bada sumetitzen, Ordenatik ezarriko dute kanpo.

        5. Jakin behar da Erregela hunen kontrako hutsak ez direla bekhatu, non ez doazin Jainkoaren edo Elizaren manamenduen kontra.

        6. Arrazoin handi eta egiazko batez gibelatua balin bada Terzier bat Erregela huntako zerbeit pondutarik, dispentsatua izanen da pondu hetarik, eta, zuhurtziarekin bertze zerbeitetarat ganbiatuko diote. Franziskanoen Lehen eta Hirurgarren Ordenako aintzindari ordinarioek, bai eta aiphatu ditugun Bisitatzailek badituzte dispentsa horien emateko behar diren podore guziak.

 

        Porzionkulako barkhamen handiaren irabazteko bethe behar dire sei kondizione:

        1° Kofesioa. Zortzitik, bai eta hamabortzetik Kofesatzeko ohidura dutenentzat, arte hartako kofesioa aski da.

        2° Komunionea. Edozoin eliza edo kaperetan egin daiteke, barkhameneko egunean berean edo berdin bezperatik.

        3° Bisita. Baitezpada, barkhamen handia eratxikia zaion eliza behar da bisitatu. Bisita labur bat aski da;— bisita hortan othoitz egin behar da Aita-Sainduaren xedetara;— ez da hortako othoitz berezirik, bakhotxak nahi duena erran dezake, hala-nola bortz Gure Aita eta bortz Agur Maria;— Bisita bezenbat barkhamen oso irabazten ahal dire;— bat guhaurentzat irabaz eta, bertze guziak eman behar ditugu Purgatorieko arimeri;— bisita horiek nonbrean eta laburzki egiteko, elizatik zonbait urratsez elkhi-eta, sartzen da berriz eta othoitzak erraiten.

        4° Eliza. Frantzizkanoen eliza da bisitatu behar dena.

        Pio zazpigarrenak ekharri du irabaziko ahal dela barkhamen handi hori, 1793reko nahasmendutik lehenago Frantzizkanoek zituzten Frantziako elizetan. Eta hori, hirur Ordretarik batena ala bertzearena izan zadien eliza. Bestalde, ez daiteke fagore hortaz balia Porzionkulako egunetik ondoko igandean beizik, besta hori ez denean igandearekin erortzen.

        Ez balitz Frantzizkanoen elizarik ez-eta hekiena izan denik, Heren-Ordreko haurridek berdin edozoin elizetan irabaziko ahal dute barkhamen handia, Agorrilaren bian.

        5° Egun eta denbora berezia. Porzionkulako barkhamena irabazten da agorrilaren bian, bezperatik bi orenetan has-eta, besta eguneko iguzki-sartzearen tenora arte, Frantzizkanoak diren herrietan, bai-eta Terzierak diren tokietako elizetan; irabazten da oraino agorrilaren lehenetik ondoko igandean, non ere aurkhitzen baita Frantzizkanoek lehen berea zuten eliza bat.

        6° Nork irabaz dezaken.— Nornahik irabaz dezake, bai-eta Terzier ez denak, Frantzizkanoak diren tokian, eta oraino hekien lehenagoko eliza bat denean. Eta aldiz, bi gauza horietarik bat ala bertzea eskas den ber, Terzierrek xoilki edozoin elizetan irabaz dezakete.

 

aurrekoa hurrengoa