www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionea
Jean Pierre Arbelbide
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Erlisionea: Euskal-Herriari dohazkon egiarik beharrenak. J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

 

II — KAPITULUA

 

Elgarrekilako gure bizitzeak
galdatzen duela Erlisionea

 

Nihori ez egin, hek guri egitea nahi ez dugunik, eta egin bertzeri hek guri egitea nahi ginituzken guziak.— Horren eskasean, hainitzek ez dutela itxurazko Erlisione bat beizik.— Erlisioneak nola manatzen duen jauspena buruzagien alderat.— Berdin buruzagieri amodioa menekoen eta erromesen alderat.— Eskualdun eta Girixtino.— Erlisione gabea, aberea.— Arrazoina eta legeak, Erlisionea gabe, gauza alferrak.— Zer denbora hitsean garen.

 

 

        Gizonz egina da, baltsan eta lagunekin bizitzeko, eta ez bere gisa, bertzetarik behex.

        Elgarrekin bizitzerat gakharzkete, bai gure baitarik dugun pendura eta jite sortzeko batek, bai asko gauzetan ikhusten dugun elgarren laguntzaren beharrak.

        Bainan elgarrekilako bizitze hortan deus onik izaitekotz edo arrimu on batean ibilkatzekotz, premia da bat-bederak bertzeren alderateko eginbideak betha detzan: buruzagiek lege on eta zuzenak ekhar detzaten, bai eta atxikaraz behar den zintasunarekin, agertu gabe batzuendako ikhustate sobraniorik eta bertzerendako aiherkunderik; premia da menekoek buruzagieri jauspena ekhar diozoten eta hekien nahiak arthoski begira detzaten; premia da gauza sakratu batzueri bezala beha dezagun batak bertzearen zuzeneri, eta ez dezagun elgarri den gutieneko bidegaberik egin; premia da, hitz batez, gure lagun guzien alderat atxik dezagun, adimendu xoilak berak paganoeri irakatsi deraien egin-molde hau: Nihori ez egin hek guri egitea nahi ez dugunik, eta egin bertzeri hek guri egitea nahi ginituzken guziak.

        Horra bada zertara behartzen gaituen Erlisioneak. Eta nola? Hari beizik emana ez zaion indar gozo eta guziz hazkarrarekin.

        Handizki nork bere buruaren itsutzea eta gauzak arras gaizki aditzea laiteke, uste izaitea Erlisionea datzala bakharrik Jainkoari berenaz dohazin eginbideen bethetzean; eta hori, lagunen, buruzagien, menekoen alderakoez konturik iduki gabe.

        Horrelako ustea lukeenaz dio Apostolu batek: Ez du harek Erlisioneko itxura hutsik baizen: Hujus vana est religio. (Jac. I, 26).

        Erlisioneak gizona Jainkoari iratxikitzen du, lehenbiziko eta guzien gaineko izaiteari bezala; eta Jainkoari ohore emaitea bilhatzen duen phondutik, gizona ezartzen du Jainkoaren manu eta nahi guzien bethetzeko xedetan, zeren bertzela ez bailiteke Jainkoaren egiazki ohoratzerik. Eta diot, behin xede hortan den gizona, ordu beretik ekharria dela, hala-nola Jainkoaren alderako eginbideen ongi bethetzerat, berdin lagunen alderakoen atxikitzerat ere.

        Ezen, lagunen alderako eginbideak Jainkoaganik heldu dire, beren lehenbiziko ithurburutik bezala. Jainkoaren nahi hertsiak dire, elgarrekin bizitzeko egin gaituenaz geroz.

        Hortik Jaundone Paulok lehenbiziko giristinoeri egiten zeraien Jainkozko irakasmena: Nor-nahi, buruzagien eskupean ethorkor egon bedi: Omnis anima protestatibus sublimioribus subdita sit. (ad Roman. 13, 1.)

        Eta hori ez xoilki gizonagatik eta gaztiguen beldurrez, bainan Jainkoagatik eta arimako eginbidez: Prosper conscientiam.— Ezen buruzagitasunik ez da Jainkoarenganik baizen; eta Jainko handi horren nahia da buruzagien manu guzieri agur eta jauspen ekhar dakioten.

        Beraz, nausieri jazartzen denak, Jainkoaren nahia hausten du eta bethiereko zorigaitza bere gainerat eror-arazten: ipsi sibi damnationem acquirunt.

        Hori da Apostolu handiaren irakaspena, Jesu-Kristo berak ere lehenago hitz hotaz irakatsi zuena: Bihurrozue Zesari Zesarena, eta Jainkoari Jainkoarena.

        Hola-hola buruzagieri ere Erlisioneak manatzen diote beren menekoen alderat eztitasuna, artha, amodioa; berdin aberatseri beharren eta erromesen alderat. Huna zer dion Izpiritu-Sainduak:

        Zure ogitik hautsozu gose denari; beharrak, eta norat bil ez dutenak sarraraz zaitzu zure etxean; norbait ikhusiko duzunean biluzik, estal zazu, eta ez arbuia zurekin haragi berekoa den laguna.

        Gose denaren gainera ixuriko duzunean zure bihotza, eta eskasetan denari nasaiki emanen diozunean, oi! zuretzat ilhunbeak ere argitarat itzuliko dire, eta gauak iduriko du eguerdi bethea; eta Jaunak emanen darotzu phausua bethi, eta bere dirdirez betheko du zure arima, eta zure hezurrak egun batez phiztuko ditu, eta izanen zare baratze urstatu bat iduri, ezin agortuzko ithurri aberats batez oro asea eta gizendua.

        Ezin ukhatuzko egia da beraz, ez daitekela Jainkoa ohora berak nahi duen moldean, non ez ditugun bethetzen elgarren alderako eginbideak. Eta baitezpadako egia da Erlisioneak, ongi aditua den ber, besarkatu behar dituela, Jainkoaren alderako eginbideak bezala, lagunen alderakoak ere.

        Emazu gizon bat, Errelisionea duena, Errelisioneko egiez hunkitua dena, hek begiratzen dituena bere bizi-moldean, eta erranen derauzut gizon hori dela alde guziz zuhur eta prestua, ximena, buruzagien alderat ethorkor, menekoentzat zuzen eta ezti, burhasoentzat on eta arthatsu, adiskideentzat zin eta iraunkor, etsaientzat jasankor eta maltso, beharrentzat emaile eta jeinutsu; hitz batez, Eskualdun eta Girixtino.

        Nola eta zertako horiek guziak? A! hola baita Jainkoaren nahia, eta Erlisione duena, Jainkoa zinez ohoratu nahi duen phundutik, horietarat guzietarat ekharria izanen baita.

        Oi! zoin dohatsu laiteken lurraren gaineko bizitzea, guziak Erlisioneko muin eta bihotz hortaz betheak bagine, eta hartaz bidatzen bagine!

        Nork ez luke egiteko ukhan nahi holako gizon batekin? Nork ez du goretsiko eta maitatuko? Gaxtaginek berek, bai eta Erlisioneaz ukhatu dutenek eta hartaz burlatzen direnek, hobeki baliatuko dute beren egitekoetan, gizon hori, ezenez Jainkoa eta Erlisionea bazterrerat utziak dituen bat.

        Bai hola da. Jainkoak gizonaren bihotzean hain barna ezarri ditu Erlisioneko erroak, non haren argieri begiak hesten dituztenek ere, lekhukotasun eman behar baitiote, bortxaz bederen. Erlisione horren indarrari eta edertasunari, horrelako girixtino onak ikhusiz geroz.

        Bainan Erlisionea khen bedi gizonen artetik, ai laster suntsituko dire gutarteko arrimu on, zuzentasun eta gozo guziak. Nolaz daiteke bertzela? Alabainan, Jainkorik ez dela bere buruari emaiten dion bat, edo Jainkoak ez duela axolarik ongiaz ala gaizkiaz, edo lurrean zernahi izanen bada ere bertze bizitzerik ez dela, edo prestuak ez duela ukhanen saririk ez-eta gaxtoak zigorradarik; bai, holako gizon bat zerk atxikiko du bere eginbidean?

        Ai! deusek, deusek! Abere basak bezain borthitz eta muthiri, holako gizona ez da bere jaidura tzarreri beizik jarraikiko. Harentzat ez da gehiago izanen legerik ez eginbiderik. Oro hautsiko eta ostikatuko ditu.

        Eta hemen ez othoi erran, horrelakoa bere arrazoinak eta berenaz duken zuzentasun batek begiratuko duela.

        Nork ez daki gure arrazoina, bereziki bekhatuaz goibeldua denetik hunat, zoin laburra den bere ezagutzetan, zoin errexki hartzen dituen ilhunbeak argiarentzat? Nork ez daki gure jaidurek zoin laster makhurtzen duten bururik hoberena, eta gauza baten hirrits handia duenak zonbat estakuru asmatzen dituen sinesteko gutizia hura on dela eta zilegi? Nork ez daki, arrazoina garbiki mintzo denean ere, zoin herbail eta labur den?

        Huna zer irakurtu dutan berriki eskualdun egunkari edo kaseta batean.

        Mila zortzi ehun eta berrogoi eta zortzian mintzo ziren hanitz, eta asko buru makurrek sinhetsi zuten, bertze itxura gabeko gauza zonbait bezala, ontasun eta lur guziak izan behar zirela ororen artean bardin zathituak.

        Gizontto bat, zoinak ez baitzuen deus galtzekorik zathitze hortan, oihuz galdatzen zuen gauza hori. Arras untsa ezagatzen zuen bertze gizon batek kausitzen du Bordelen, eta erraiten dio: «Gizona, zer ari zare hemen? ez dakizu bada zer pasatzen den zure herrian? Lurren zathitzen ari dire eta ontasunen, eta bakotxari emaiten diote gutiziatzen duen zathia.»

        Gure gizonak entzun dia bai hori, horra non berehala partitzen den Bordeletik eta ahal bezain laster, izerdi uharretan, jiten den herriko Jaun Merarengana.

        «Jaun Mera, dio erraiten, biba Errepublika! Aspaldian egun hunen beha nindagon. Ontasunen zathitzen ari omen zaitezte. Plazer zinukea niri eman ene baratzearen eskuneko aldean den lurra?»

        Jaun Merak berehala ikusten du norekin duen afera. Serioski hartzen du errexistro bat eta alegia xerkatu eta bulta baten buruan erraiten dio: «Ene gizona, berantxe heldu zare, untsa pena dut; bainan lur hura emana dut bertze bati.»

        «E bien! hura ez badezaket izan, eman ezadazu beraz baratzearen ezkerreko pentze edo sorho handiaren erdia.»

        «Hauxe da bada! dio Jaun Merak, ez duzu xantzarik; pentze hura ere emana dut. Eta gehiago dena, pentze hura izan duenak izan du ere zure baratzea eta etxea!»

        «Zer! ene etxea eta baratzea ere harendako direla? Den bezalako frikuna, ez dut bada uste!»

        Eta hortan gure gizona atheratzen da furiarik handienean, badoha etxera, hartzen du harma, eta gau eta egun egiten du guardia bere ontasunaren beiratzeko nagusi berriaren astaparretarik.

        Bixtan da galdu zuela bolbora ela denbora. Nihor ez zen jin.

        Eta nik diot gizontto haren iduri frango balitekeela bazterretan Erlisionerik ez balitz.

 

        Eta gu baithako zuzentasunak? ai indar guti du gizona bere eginbidean atxikitzeko! Gertha dadiela zerbait hersturetan: edo adiskidetasunak, edo beharrak, edo gora nahiak, edo norbaiten kontrako sumindurak, edo bertze horrelako zerbait hirritsek bihurdikatuko dute zuzentasun hori, bere eginbidetik aldaraziko dute.

        Legeek atxikiren othe dute gizona bere eginbidean?

        Bainan legeek berek indar guti dute, baldin ez bada nausi goragoko bat ezagutzen, lege hekien begiratzea manatzen duena, eta ez bagaitu Erlisioneak ekhartzen lurreko nausi hekien nahiari jarraikitzerat.

        Hori gabe, bortxaz eta gogo gaxtoz ekharriko du gizonak lege hekien uztarri phizua. Ahal dakion guzian urrunduko da hetarik. Bai eta, zoriak emaiten badio eta ahala balin badu, altxatuko da goraki legeen eta lege egileen kontra.

        Horrengatik lege-egile zuhurrek bethidanik Erlisionea iduki izan dute gobernu on guziaren zimendutzat; eta aldiz haren eskasa gobernoaren zorigaitzik handienarentzat.

        Huna zer dion pagano batek: Erlisioneari jazartzen denak, gure elgar-arteko bizitze guziaren zimenduak ditu errotik inharrosten: Omnis humanae societatis fundamentum convellit, qui Religionem convellit.

        Bertzela ere legeak ez dire heltze gaizki handienetarat beizik. Eta hek ere ez ditu gaztigatzen non ez diren ageriak eta lekhukoz irakatsiak.

        Horra beraz non zuzentasuna, leialtasuna, onesgunea, elgarren baithako fidantzia, hitz batez gizonek elgarrekin bizitzean kausi detzaketen on eta gozo guzia suntsitzen diren lurraren gainetik, Erlisionea bazterrerat utziz geroz.

        Oi Frantzia! oi mundua! oi mende guziak! sekulan ez ahal zaitzue ahantziko hemeretzigarren mende hunek irakatsi derautzuena! Argituak direlako zoro batzuek jazarri diote Elizari, irakasten dituen egieri, manatzen dituen eginbideri. Eta jende arruntak, haize guzietarat hain errexki itzultzen denak, sinetsi ditu nausi zoratu hek. Eta gero zer gerthatu da? Gerthatu behar zena, eta gerthatuko zela zuhurrek aitzinetik asmatzen eta gora erraiten zutena.

        Ez, egundaino asmularien errana ez da hain egia agertu.

        Duela hogoi bat urthe iraganik, Frantziak Aita-Sainduaren buluzterat utzi du Italia. Hori izan da gizonek Elizari, Erlisioneari, sekulan egin dioten kalte handienetarik bat. Eta geroztik Jainkoaren zigorradak badabiltza Europako eskualde gehienetan, eta guziz gure Frantzia maite auhendagarrian.

        Elizari egin dion kalte handi horrengatik, Frantziak jasan ditu, bertze asko gaztiguen artean, bi zafraldi guziz borthitzak. Lehenik, etsaiak bentzutu diozka bere harmada ederrak eta bi probintzia ebatsi. Eta bestalde, ber-berak Pariseko hiri nausian asaldura eta desmasia gaitzak ibili izan ditu. Erran daiteke heriotzea jabetu zela Pariseko hiriaz; eta zer heriotze? nor bere buruaren kontra, burasoak umeen eta umeak burasoen kontra, haurrideak haurrideen eta adiskideak adiskideen kontra harmatuak, eta Parise guzia egiazko hilerri handi bat egina!

        Irakaspen ederra, mundu guziari irakasteko Erlisionerik ez duen gizona, eta guziz haren kontra jazartzerat atrebitzen dena, dela elgarrekilako bizitzearen etsairik eta zigorrik izigarriena.

        — Eta xehetasunetan sartzeko:

        Irakaspen ederra zuentzat, sehi beharretan zaretenak, sentiarazi behar derautzuetena, guzien gainetik Erlisionea bilhatu behar duzuela sehitzat hartu nahi ditutzuenetan.

        Irakaspen ederra zuentzat bertzeren menean bizitzeko zaretenak, ahalaz ihes egin dezazuen Erlisione gabeko nausietarik.

        Irakaspen ederra zuentzat, burasoak, baitezpada ekharri behar zaituztena zuen umeak girixtinoki altxatzerat, nahi baduzue Jainkoaren bideri jarraik ditezen, zuentzat ere ager ditezen ume onak eta jendeen artean zuzen, prestu eta ongi ikhusiak.

        Irakaspen ederra zuentzat, jende gazteak, premia osoki handiagotan iduki behar duzuela Erlisionea, ezenez sortzea eta ontasuna, hartu gogo duzuen espos laguna baithan, nahi baduzue lurrean ikhusi egun gozorik.

        Hitz batez, sekulan ahantzi behar ez den irakaspena, Erlisioneaz axolarik ez duenaren gainean, nihor gutik sinets dezakeela.

        Eginbide guzietako premiatsuenaz, erran nahi da bere Jainkoari zor dion ohoreaz, ez badu axolarik, nolaz izan dezake gizonaren alderako eginbidez?

        Ai! ez beha holakoari. Baldin zerbait ohore-gutiziak, zerbait ontasun-gutiziak, zerbait atsegin-gutiziak, edo zerbait gaitzen beldurrak hala galdatzen badio, salduko du adiskiderik minena, ahiderik hurbilena.

        Ez dugula beraz zeren fidatu Erlisioneaz eta haren eginbidez konturik ez deraukanaren gainean!

        Erlisioneaz axolarik ez duenak, ez dezake deus bertzerik, baizik ere bazterrak oro nahas eta fundi. Eta zertako? Zeren-eta azpiz gora itzulikatzen baititu gauza guziak. Halako moldez non, Jainkoa behar den tokian nahi baitu harek eman gizona bere urguluarekin; buruzagia behar den tokian menekoa bere bihurrikeriekin: aitaren orde haurra, nausiaren orde sehia!... Ez, ez othoi, ez detzagun itsuak har argien gidari! Huna zer dion Neurthitzlariak:

 

                Zorigaitz beraz segurki

                Jende edo populuari,

                Buruaren plazan buztana gidari

                Nihoiz hartzen duenari!

                Falta ez dakioke hari

                Trunbilka itzuliz-itzuli,

                Ondikoz-ondiko bethi,

                Goatea airoski beheiti,

                Duken artio azken lezea arras hunki:

                Itsua eman baitu argien gidari.

 

        Eta hau da guretzat auhendagarri, Erlisioneak orai arte ez baitzuen Eskual-Herrian demendren khordokarik jasan; — bainan ja ikhusten baitugu bihotzmin kharatsekin, Frantzia guzia khutsatu duen izurri galgarria Eskual-Herrirat ere hedatzen ari.

        Gure artean ere badire buru itzulikatuak, Elizari zor zaion jauspena ukhatzen baitute; asko egia premiatsu dudan ezartzen, bai-eta goraki gudukatzen baitituzte. Eta hori, egiazko girixtinoen eskandala handitan eta Eskualdun izenaren laidotan. Ezen, Eskualdunen ospe berezia da, behin fedeaz argituak izan direnetik hunat bethi hartan zin egon baitire.

        Bizkitartean ez da zeren dudatu, izurri gaxto hori hainitz eta hainitz emendatu dela azken urthe hotan. Zoazi Eskual-Herriko ostatuetara, merkhatuetara, bertze asko bilkhuretara, ikharatzeko elheak entzunen ditutzu. Frangotan ahopaldi hetarik iduri luke ez garela ez lur girixtinoan, bainan zerbait herri pagano galduetan.

        Halarik ere, Frantzian gerthatu nahaskerien ondotik eta ikhusiak ikhusi, Eskual-Herriak oraino ez du zeren lotsatu.

        Egia da Jainkoak zehatu duela gure erresuma maitea, Frantzia, eta hori gu guzien gaxtakerien gatik; bainan nola Jainkoari askotan lakhet baitzaio gaxtagineri ere ongi egitea arima prestuakgatik, entzun ditu Eskual-Herrian hanbat eliza-gizon khartsuen, hanbat komentuetako Jesusen espos garbien, eta munduan berean sainduki bizi diren hanbat Kristau onen othoitz eta errekerimendu minak; entzun ditu, Eskual-Herriak zeruari eman diotzan hanbat Saindu handiren, Santa Riktruda Garazikoaren, San Iñazio Loiolakoaren, San Frantses Zabierekoaren, eta bertze askoren othoitz beroak; guzien gainetik Jesus behatu zaio Eskualdunen Ama berezi-bereziari, Andredena Mariari; — horien guzien ariaz eta bere urrikalmendu neurri gabeaz, athera gaitu sobranioko kalterik gabe, bertze asko herri arras galdu dituen uholde gaitz hortarik.

        Dela beraz Jaunaren izena menderen mendetan benedikatua: Sit nomen Domini benedictum, ex hoc nunc et usque in saeculum. (Psalm. 112)

        Diot Jainkoak uholde hortarik athera gaituela sobranioko kalterlk gabe, bainan ez da gutiago egia, Frantziak eta Elizak jasan dituzten asaldu borthitzetarik zerbait ondorio jasaiten dugula guk ere. Hala-nola haize-xirimola baratu ondoan, aphur bat oraino itsasoa nahasirik ikhusten ohi baita. Eta sukharra iraungia izanagatik ere, zonbat denbora ez da behar askotan osasunerat heltzeko?

 

aurrekoa hurrengoa