www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua
Jose Ignazio Arana
1872

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Ignacio Loyolacoaren bicitza laburtua euskaraz eta gastelaniaz, José Ignacio Arana. Larunbe anaien moldiztegia, 1872

 

 

aurrekoa hurrengoa

11.en BURUA
Erroman bigarren aldiz

 

        Milla bosteun da ogeita amazazpi urteen azken inguru artantxe gure Santuba bere bi lagunakin Erromara iritxi zan. A. Fabro Sapienzian Eskritura sagradua, eta A. Lainez berriz Jainkokinde Eskolastikoa, Aita Santuak ala naita, erakusten asi ziraden. Santuak orobat ekiñ zien bere beargaiai, batez ere gizonik andizkienetakoai ejerzizio edo jardunaldi espirituzkoak emateari, ta oen artean lenengoetakoa izan zedilla nunbait ere Jaunak nai izandu zuben Gaspar Contarini Kardenala, zeñaz baliatu zan andik laster, Aita Santuaren gogoa prestatu ta mugi zezan Lagundiko bitezardea edo bizilegea aztertu, begiratu ta ontzat-emateko; egiteko au alabañan Jainko-berarena gizonena baño geiago zan, nola izaten diran ere bere gureganako onginai neurrigabeaz bere Eliza lagundu, erakutsi, gorde, babesatu eta santutzeko bialdu oi dituen beste ordena erlijiozko guziak.

        Bigarrena, arestian aitatu genduen eran, Aita Santuaren eta Cesaren ingurukorik andienetakoa, onen bialkiñ Pedro Ortiz izandu zan, zeñ santu berarekin, sosegu ta prutu geiagorekin jarduntza santuak illebete osoan egiteko, Casino-Mendiko bakartegi ospatsura bildu zan.

        Sasoi-artan ere Erroman bereganatuazi zuen, mundu zoroaren itxaso zabalean uste lilluramenduzko olatu arro-puztuen artean zebillen unean bertan, gazte galai Francisco Estrada zeritzona, bere doai eder ugariakgatik lenengo lagun edozeiñen kidakoa; bada orixe izandu zan, urte-gutxi barru bare itzaldi, ta jarduntza santuak ematearekin, bi gauza oietan maixuenetakoa zala, Europaren parterik galantenean biotzak pekatuzko lo-zorrotik suspertu ta esnaatu, ta jendetza andiak bizitza on kristauzkora erakarri zituena.

        Milla bosteun eta ogeita emezortzigarren urteko garizuma denboran, berak atotsiturik, beste Aita-lagunak batu zitzaizkan; eta danak or-emen elizaetan predikatzera ta konpesioratzera banaturik, aiñ prutu ta uzta ugaria biltzen abiatu ziran, batez ere ordurañokoan an erdi-utzia zegoan oitura, Sakramentu santuen sarri-artzearekin, eze ziran baño geiago izan balira ere, etziran ezer-naikoa izango alako mugimentu, etorrera ta erri ujoldearentzako.

        Orroa-eman zuben inpernuak, eta egundañoko ekaitzik gogorrena santuaren kontra jaikierazo ere bai, baliaturik artarako Frai Agustin Piamontekoa zeritzan erlijioso batez, zeña predikatzalle ta iztun eztitsua zan guztiz, baña Luterotar marrajoa orobat. Alako batean Aitaetako batzuek aitu nai izan zioten; eta nolaere-bai ziran jainkokindelari argien ta adituenetakoak, zerren ondo ikasiak zeuden Santo Tomas aingeruzko irakaslearen erakutsikizunean, zeña dan leenengotik berealaxe herejetzarren tranpa ta arti-magañai igarritzeko menastarririk seguruena, aurrenenengo erausian ezagutu zuten arkume janzian ari zitzaien otsoa. Karidadez bakarrean konturatu zuten; baña orduan-da okerrago suta-salda irakiñik irrinz egin zuen. Aiek orduan Jainko-jaunari leial zitzaizkan mirabe ta serbitzariyak bezela, agitz pulpitu ta iztokietatik adierazo, ta uritarrak jakiñaren gañean jarri zituzten, zeñ eriotzazko larre galgarrietara erakutsi berri gaixtoaren ondoren pilloka zijoazen, eta zenbait puzunizko itz eta ots leun lano ederrakiñ beren belarriak gizon txar ark lilluratzen ziezten, ezertxo ere animaren bekatuzko zauriai ikutu gabe ordea, doakabez oraindik gaurko egunean bertan iztun berrizale zenbaitzuek oi duten eran.

        Eziñ sinistu zer gorroto ta arrotasun itxuan Ignazio ta beretakoen kontra ekin eta eraso zion, kontuan jarrierazorik bere aditzalle-talde ugari guzia, ta zeiñ da zeiñ ziraden, beatzarekin, esateko moduan, siñalaturik, aietatik izurri batetik bezela, iges egin zezaten: ta au ezer-gutxi zeizkiola, billatu zituen bere asmoetarako españatar gizatxar al-zituen batzuek, batez ere ordea Miguel Navarro zeritzan biotzgabeko bat, zeña zan Parisen bein batean santuak Franzisko Xabier beragana irabazi zuelako bakarrik, eskuban zeraman ganibeta batez santua josi ta pasatzeko ibilli zana, eta zeruko deadar-ots batek artatik bildurtu, ta lurrera egotzi ta ezarririk, atzeratu zuena. Onako Miguel oni eragin zion bada predikalari doakabe ark, salatu zezala Ignazio auzitegian, egiñ ere zuena, gezur galantarekin ziola ezik, ber-bera an zala, Alcalan, Parisen, da Venecian ere, hereje edo fedeausletzat emana ta erabakia, ta baztar guzietan igesi zebillen gaizkille artes bat bezela, tallu-idurian sutaratua ta errea izandu zala.

        Eta nolaere gizonen naiera ta borondateak aiñ aldakorrak ta irabiazaleak bai diraden, eta asko ta askoren doakabetasun tristea gaizki-esanak goxo-goxo aditzeko belarri biak beti prest eta ondo irikiak eukitzea, oiei egiari baño sinismen geiago emanik; guzia puntu batean trukatu zan; jendetza bakardadean, onginaia eziñ-ikusiyan, ta beiñ Ebanjelioaren serbitzalleai tatxa egotzi ezkero, bereala inpernukoaren aize-boladak, erne baño ere leen, ereinda zeukaten azia dana leortu ta galdu zuen.

        Tranze artan aiek, baña danak baño geiago oraindik Ignaziok, Jaungoikoaren errukimenduzko belarrietara biotz-biotzeko erregu biziakin ots eta deadar eman zuben ziñez eta menaz, baita ere Jaunak aitu zituen oparo ta samur txit aurki, beren izen onaren alde irtenik, eta beren ezpañetan erakutsikizun on egiazkoai berriro indar eta kemena ugari ezarririk; bada Aita aiek bizi ta Ebanjelioa zabaltzen ibilli ziraden uri ta errietatik alabanzaz bete ta liri-liri-gañezkako informe edo billakindeak zetozkien bitartean, egin zuen ere bere begirakizun mirakarriarekin aiñ sasoi egokiyan Erroman arkitzea Ignazioren auziyak erabaki izan zituzten Juezak berak; au da, Juan Figueroa Alkalo bikarioa, Santo Domingoren ordenako Maisu Prai Mateo Ori, Parisko fedezaia, eta Gaspar Doktiskoa Venecian Aita Santuarenganako Bialkiñaren enzunle edo aditzalle zegoana, zeñak guziak lekukotzat edo testigu aitatuak, ta eziñ iñor egokiagorik, era berean aitortu zuten eze, Ignazio bere auzitokietan salakizun eta gaitzusai guzitik librea erabakia ez-ezik, gizon prestu kuadretzat alabatua, ta leen baño ere bere bizimodu ta erakutsi-bide ederretan obeto probatua agertu izan zala.

        Eta une onetan egiya klaru asko ikusi, ta engañu gabe ta pake soseguan gelditzen ziran ezkero, beretakoen batzueri ta beste persona itzaltsu zenbaiti orobat, auzi-kontu artan atseden, da ez aurrera erabaki-osora segitzea on onena baziraizkien ere, Ignaziok gogor egiñ zuen, bukatu ta akabatu bearra zala, bere adiskide Pedro Contariniri orduan eskribatu zion eskuzkribu edo karta baten azaldu zituen onako arrazoi bidezko ta egoki oiekgatik, modu onetan esanik: «Nik ondo dakit ez dirala ez onenbestez mututuko guri gaizki-esaka jardungo diran mingañak; ez naiz zenzugabea, orrenbeste uste izateko aiña; baña ordea dotriña garbi ta erakutsi fede-osokoa dana utsegiñez zikindua balego bezela agertzen, ez degu iñolaz utzi bear, ez eta ere bizitza-modu errugabea errudun, edo kulpazkotzat eukitzen. Moldakaitz, zabar, ta ezjakintzat, ta are engaña-zaletzat oaindik, gu gaizki-oituren batzuek eukitzea, eramango degun gauza da. Gerok alabañan predikatzen diardugun dotriña edo erakasi-ona gezurrezkotzat, eta darabilkigun bizimodua kulpakor eta okertzat eukiya, gure isiltzearekin onetsitzea ta eramatea, guk eziñ dezakegun gauza da, zerren ez bata ta ez bestea gureak diran, ezpada Kristoren Eleizarenak».

        Oneraño santu guziz begiratiyak.

        Azkenean bada, Erromako eraentzalle Benedicto Cursinok Aita Santu beraren manu edo aginduz 1538garren urteko Azaroaren emezortziya, itz guziz onragarriakin biziro, gaitzusai guzitik oso libre ta bagetzat Ignazio autortu ta eman zuben, eta bere etsai edo kontrestak orobat salgaixtotzat; eskuraturik orrenbestez eta presoturik oietatik al zitubenak; bada besteak itzetik-ortzera igesi banatu ziran. Geienak atzenean ere akabera txarra izan zuten, eta guziez gaiñ okerragoa iskanbilla dana sortu ta sutu egin zubenak; zergatik, mozorro-arpegia kenduta, zana bezela azaldurik, ez ala bearrean zeraman habitu-janziya utzi zuen, eta Ginebran fedea ta erlijioa ukaturik, geroenean bere gaizki-egiñakgatik surtan errea izatearekiñ arenak egin zuen.

        Geien geiena ordea zerekiñ berriro Ignazio ta bereetakoak Erromatarren borondateak irabazi eta beren bedeinkazio danak guziak berenganatu zituzten, karidadearekin izandu zan; bada, andik laster iritxi zan negurik gogor eta latzenetakoan sortu ta ill askotan iraun zuen gesetean, millaka gose ta billostu, gaixo ta eri bildu ta etxeetaratu zituzten, gau ta egun lagundu, gozatu, ta onegiñik, eta jaten emateko ere ez beren eziñ andiagoa zan pobretasunaz baliaturik, ezpada artarako batutzen zituzten andizkietakoen eta zezaketenen limosna eta emaitza andi ta ugariaz, batez ere guziei eragiten zieztenaz, zeñak izan ziran Carlos 5en alaba Margarita Austriakoa, ta onen senar Octavio Farnesio Parmako Dukeak oparo ta liberalkiro bialdu zituztenak, gelditurik biak ordutik Ignazio ta bere Lagunkida-ganako zaletuak txit.

        Diardugun kondairatxo-aldi onen bukaera ederra izango da emen aitatzea, nola santuak garai artan bere aurrenengo meza eman zuben; bada urtebete ta erdi igaroak itxodon zituban, lenengo aldiz aldarean Errege Jaun zeruetakoa bere eskuetara erakarritzeko zoriona euki eta gozatzeko, obeto prestatua arki zediñ; eta, gai onetan egokiena izango dana, ara zer karta edo ezkuzkribu baten atzenean berak anai-nagusien eta gañerako aideai iskribitu zien, mintzaturik onela:

        «Gure on guzi Jesukristo Jaunagan anai ditudan Loiola-etxeko jaun Martin Garcia ta Beltrani Erromatik 1539garren Otsaillaren bigarren egunian. Araoz batxillera, bere illoba eta Lagundiak izan zituen leenengo gizonik argienetakoa zan, emen gelditzen da. Baldiñ Jainko Gure Jaunak nik opa diodanetik zerbait parte ematen badit, bera bizitza onetan eta bestean aberastua izango da. Juan dan Eguberri egunean Ama-Birjiñaren eliza nagusieneko kapillan, nun Jesus Aurra ipiñia izandu zan ganbela edo tresabea dagoan, bere laguntza ta graziarekin leenengo meza eman nuben. Nai nuke biziro, eta Jaungoiko itzaltsu berarenganako amore ta begitarteagatik ere erregutzen dizuet, geron otoitzetan alkar oroitu gaiteala, beregan bakoitzak kontu egiñik, bukaeran eta atzenengo arnasetan dagoala, eta bere bizitzako kontu-oso ta larriya emateko zoriyan.

        »Ontasunez beartua,

»Iñigo

 

aurrekoa hurrengoa