www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua
Jose Ignazio Arana
1872

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Ignacio Loyolacoaren bicitza laburtua euskaraz eta gastelaniaz, José Ignacio Arana. Larunbe anaien moldiztegia, 1872

 

 

aurrekoa hurrengoa

13.en BURUA
Bigarren denboraldi onetako
bere bertuterik garaiyenak

 

        Geiago ta geiago azalten aitu gerade oraiñdañokoan gizon portitz ta bulartsu, ta gure Erlijio Santaren gudari ta lenendari onen argi-errañu santutasunezkoak; bere kemen eziñ-garaikorra, bere megope edo espiritu pobretasunik osoenetakoa, seme baten erako uste ta piatzea Jainkoaren letarta edo begirakizunean, Jesu-Kristo gure Salbatzalleaganako amore irazakia, eta onen pausoai orpoz orpo bere banderape sagraduan goieneko soldadutza-mallan aurrena sigitzeko eresi eragillea, bere soñeko ta librea beraz jantzirik; gero Santuak berak urte batzuen epean bereetakoai karta edo eskuzkribu sonatu batean esan izandu zien bezela.

        Eta bere bertute argien artean lendabiziko tokia zeñi eman bearko zaion adieraztea erraza ezbada ere, eta berriro animen onerako eta Jainkoaren ondraren alde egiñ zuena mintzatu gabe, batez ere portizki pekatuak galerazi ta kendurik, bada gai onetan, leen ikusi genduen eran, erakutsi eder miragarriak eman zizkigun, naikoa litzakealarik guzien artean Gaetan ugarotu zan arako gau ospatsu artako hura aitatzea; badirudi eze garai onetatik aurrera beregan gañezka bezela egiñik agiri dala otoitz edo orazioko doai txit berezi hura, eta Jaungoikoarekin adiskidetza ta kutuntasunik andienarekin tratatzea, gauza au alegiya azkeneraño txit bere ta berezkoa izan zuen; jakiña da alabañan jaiera ta obeditzea (bere bertuteetan orobat garaiena) diotela santuak bi ego urrezko diradela Zerura igotzeko.

        Bat bera aitortzen dute bere bizitzaren itzkribulariak, iru izendatuenak batez ere, Ribadeneira, Maffei ta Bartoli deritzotenak, esanaz eze, Jaunak bere argiarekin animako begiak zabaldu zizkionetik, otoitzerako arretarik berezi ta andiena iduki zuela, orazio ori gero berak gomuntatzerik goienekoraño jasotzen ziola; etzuela egundaño zerbait balio zuen egitekorik erabaki, otoitzean aurrena Jaungoikoarekiñ tratatu gabe, batez ere Lagundiko zuzenbideak konpontzen ziarduen bitartean; langai arreta andikoren batek eragozten ez bazion, ordutxo bat ere etzuela igarotzen, beraganatu bagerik, eta txit barrunbeko birtute aldi biguñakin biotza Jauna-ganatu bagetanik; edozer gauza naiz loretxo edo arrik txikiena ikusteak ere oñ da bide ematen ziola goitutzeko, eta on guzien Ona danaren pensakizun amore ta alabantzaldietan ugoldetu ta asetzeko; Erlijiozko egite danik labur da txikienetan ere, ainbeste barrunbetzen zala, ze Jainko itsaltsua bera aurrean ikusten zuela zirudien, eta arpegia su-gar da txingar bizi bat egiña jartzen zitzaion; otsik eta danbatekorik andienak ere, berak biderik eman ezpazuen utsegitez edo faltaz, etzutela otoitzetik bulzatzen eta alderazitzen; erregutzen zuela beti Aita Santu eta Elizako Apaiz-nagusi, errege, lenendari eta Kristau-agiñtariakgatik, bada aien eskuetan Elizaren gubernua eta doatsutasuna dagoala, txit ederki zekien; ainbesteko atsegintasun zeruzkoak eta negar-malko-iturri gozoak, ordendu ta bereala izan zituela, eze begiyak galtzeko zoriyan egondu zala; sinistatzera allegatu zala ezikan etzala izango iñor gizonik lurraren gañean beragan bezela bi gauza oek alkartzen zituenik, bere aldetik ainbeste oker Jainkoa-ganako, ta onen eskutik berriz berak aiñ orduoroko mesede ugariak artzea; bere Jabearekin iduki zuen tratu kutun eta adiskidetza gozoa iritxi zala gauza guzietan Jaungoikoaren borondatea baizik ez idukitzera; eta azkenik, jainkoarekin alkar ikustearren, gorputzeko presondegi onetatik irteteko zeukan eresia aiñ irazakia zala, ze eriotzean pensatzearekin bakarrik, eziñ esan alako atsegiñez ase ta betea geratu oi zan, bere begi-ertzetatik beera orduero txirrian zeriozkan malko-tanto labañak eziñ geldiazirik.

        Ordea arestian ikusi degun otoitzezko espiritu aiñ miragarriz apaiñdua egon arren, ildura edo mortifikatzeari geiago begiratzen ta kaso egiten zion, hura onen alkartasun leiala bage legezkotzat etzedukalako, bada biyak anaiatasun egokian bat-egiñak ibilli bear dute espirituzko bizikizunean. Bañan gorputzeko miñduratzeak balio gutxian ez bazeduzkan ere, askoz geiago maite zuen damukizun edo biotzezko ildura, zeña, txit jakiña dan bezela, sentidu ta aragizko griña okerrak ta gurari biurriyak azpiratzen eta neurriz erabilten dagoan, eta bakoitzak bere buruaganako amorea garaitzen, eta agintari edo gidari ditugunai gere iritzi ta naitasuna menderatzen. Orregatik noski sarritan bereetakoai esan oi zien: vince te ipsum; mendera zazu zere burua; bada beragan ondo ikasia zeukan zeñ egi protxugarrienetakoa dan Tomas Kempis Beneragarriaren esankizun hura, eze bakoitzak bere buruari gogor egiten dionez neurritzen dala gizonaren aurreratzea. Eta, nor Kristauk ez daki izan-ere Jaunak Ebanjelioan diona? Zeruetako erresuma indarka artzen da, eta indarzaleak bera arrapatzen dute; argi ta zearo adierazo naiaz, izan bear geradela, salbatu gaitezen, kementsuak, ausarditsuak, eta Jaungoikoaren morrontza edo serbitzuan eta gere griñaen bridatze ta menderatzean iraunkorrak.

 

aurrekoa hurrengoa