www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua
Jose Ignazio Arana
1872

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Ignacio Loyolacoaren bicitza laburtua euskaraz eta gastelaniaz, José Ignacio Arana. Larunbe anaien moldiztegia, 1872

 

 

aurrekoa hurrengoa

1.o BURUA
Bere etxea utzi eta
Monserrate-alderonz irteten du

 

        Arestian aitatu ditugun asmo eta pensakizun goitiyak bere barrunbe alaian zerabiltzkiela, doi-doi ta osta-osta, senda-berriya oraindik oñen gañean zebillela, jaioterri ta aideak betiko oso utzitzea erabaki zuen; eta Monserrateko bakartegi ospatsura aurrenengo erromerian joanik, gero Jerusalengo leku Santuetara pasatzea, an, bide-jarraileai serbitzen, gertatu ziraden tokietan bertan gure Erredenzioko ezkutamenak gomuntatzen, eta fedeko egiakin fede-gabeak argitu ta erakusten, bizi guztiya igarotzeko ustean. Garaiturik bada etxekoen eta batez ere bere anaia zarren Martin Garciaren kontraldiyak, beste anai batekiñ eta bi morroi lagun zituela Oñatirako bidea artu zuen, nun bere arreba-bat ezkonduba bizi zan; laxter igo zan ordea andik Ama Birjiña Arazazukoaren jaierazko Eliza ta komentura, zeña erriyaz gaiñ Aloña-mendijaren eguartealdera arkitzen dan, eta gau bat osoa an Ama Birjiña txit Santa beraren aldare-aurrean ernai igaro zuen, urte batzuez geroz Iñigo Santuak berak eskribatu zion bezela Erromatik San Franzisko Borjari (1554ko Abuztuaren 20an) onako itz oiekiñ: «Zerbait nere bizimodua zuzentzeaz Jaungoikoak mesedetu ninduanean, oroitzen naiz ondo protxu-egiñ ziola nere animari, gaba elizbarru galant artan ernai igarotzeak»: zeñak bere esaera aiñ umillarekin adierazten dute noski, mesede guzizkoren bat nunbait ere Ama Andre Birjiñak an egin ziola.

        Lagunak atzera bialdurik, joan zan andik bakar-bakarrik, bere aide egiten zan Naxerako Dukeari ere Navarreten agur egitera. Valenciako erresumatik barruna, Cataluña aldera zijoala, moru pakezkoak deitzen zitzaiezten-etako batekiñ topo egin zuen. Izketan asi ziran eta gai batetik bestera beren erausian Ama Birjiñaren Birjinatasunaren gañean tratatzera igaro ziran. Birjiña Birjiñ jaiotza Santu ordorean gelditu zala, ukatzen zuen oso mairuak; orduan alabaña Ignazio, asiberriaren jakiñezarekin, bai-ta ere ordea Kristau-zaldun mallazkoaren-gisan fedegabe hura birau argatik illko zuen edo ez, zalanzan egondu zan. Zer egiñ etzekiela, beregan pixka bat sartuta gelditurik, bidean aurreratzen utzi zion, eta pensatzen jarri zan bere artean; eta azkenean erabagi zuen eze, baldiñ bera zeraman muxal edo zalditxoak agiri ziran bi bideetatik mairua zijoana, eta au onena eta erosoena segitzen bazuen, arrapatu eta dagarekin pasatuko zuela; baña, Jainkoak ala naita, bide okerren eta zakarrenetik abereak artu zuen.

 

aurrekoa hurrengoa