www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua
Jose Ignazio Arana
1872

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Ignacio Loyolacoaren bicitza laburtua euskaraz eta gastelaniaz, José Ignacio Arana. Larunbe anaien moldiztegia, 1872

 

 

aurrekoa hurrengoa

11.en BURUA
Jerusalenera iritxitzen da

 

        Jerusalen aldeko Jafa deritzan Siriako kai ondo aitatura allegatuta, lau egunera Uri Santuba begitandu zuten.

        Nork esan gure ibillkari guziz jaieratsuaren atsegiñ eta negar-malko gozoak, ango almeneak eta torreak ikustean, ondorean berriz errenkada ederrean, oi zutenez, Erlijioso San Franziskokuak beraganatzean? Nork bere negar-malko erreten aiek, zeñakiñ Jaunaren pasio edo eramankizun eta piztuerako leku oroigarri aiek erregatuaz joan zan? Nork bere barrunbeko sinismen, esker-on eta amorezko biotz-beratasun eta eztitasun hura, zeñarekin an egondu zan denpora guztian bere anima su ta gar bezela egiten zitzaion, eta gañera Jainko gure jaun Itsaltsuak an eman ziozkan gozotasun, ikustaldi eta erregaloak?

        Ainbesteren artean bat aitatu dezagun.

        Jesu-Kristo gure Jauna bere gloriazko Igoeraren egunean zeruratu zan mendi Olibetetik beera bazijoan bigarren aldiz. Onetan komentuko morroi zegoan Armenitar andi ta izugarri bide-jarraileen kontua zedukan bat berekin etzetorrela oartzen da; badijoakio bere billan astalka, eta besotik eldurik, gaizki esaka, ostikoka, bultzaka ta makillka asitzen zaio; era berean ordea ikusi zuen Ignaziok bere begi-aurrean Jesu-Kristo gure Jauna eta uste gabeko agertze amorezko hura aiñ gozo ta atsegiñ egin zitzaion eze, ez kolperik sentitu, eta ainbeste irañen ardurarik ezertxo ere izan etzuen.

        Pozik noski geldituko zan antxe beti-betiko, edo beñepeiñ nun eta nola, Jaunak agintzen zuen bezala, lagundi edo Konpaniaren moldakizuna bukatzeko denpora iritxi arte. Baña sei asteren ondorean, San Franziskuko probinzial, artarako eskubidea zuenaren manuz edo aginduz irten bearra izan zuen, beste bide-jarraileakin batean, eta itxasoz berriz Veneciara biurtzeari ekiñ. Txipretik ara joateko garaian, bi ontzi orduantxe eskuratu zitzaizten. Bata, Veneciatarra, galanta, ondo kalafetatua, zeñean buru egiten zuenak, gizon biotz gogorrekoak bezela, ez beartsua, ez santua zalakoan, iñolaz beragan artu nai izan etzuen, esanaz gañera donarioz: «Santuba bazan, erropa uretara bota ta gañean ugarotzeko, eta ala itxasoa pasa zezala».

        Egundaño esan ez balu obe. Itxasoratu orduko, aurrenengo egun beraren eguzkia sartu baño leen, olatuak asarratzen abiatu ziran, eta bereala jaiki zan aize bolada-izugarri batekin ostera su ta salda egiñik, ontziari atzera eragin zioten, eta ugarte beraren aitzetan printzatu eta purrukatu zuten, bakarrik pasajeroak mirariz salbatzen ziradela.

        Beste onzi-jaunak artu zuen karidadez Ignazio gajoa berean; eta barku txiki zar hura moldakaitza bazan ere, igaro zan okerrik bage azkenean Veneciara 1524en urtearen asieran.

        Leorrera zanean, aurrenengo lanbidea izandu zuen, karta batean zearo eta garbi Leku-Santuetan ikusitako gauza guzien gañean Ines Pascuali kontu ematea; bere ongilleakganako beti izandu zuen esker-ontasunaren siñale agiria, biotzaldirik nobleenekoa, eta betiko bere oñordekoai bere Lagundian utzi ziena.

 

aurrekoa hurrengoa