www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua
Jose Ignazio Arana
1872

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Ignacio Loyolacoaren bicitza laburtua euskaraz eta gastelaniaz, José Ignacio Arana. Larunbe anaien moldiztegia, 1872

 

 

aurrekoa hurrengoa

1go BURUA
Barcelonan

 

        Bazetorren Ignazio Jerusalendik Jainkoari anima asko irabazten oso murgiltzeko eresi biziarekin; ezaguturik ordean ikasikizun onik bage eraso zalla dala hura eta prutuba ere eskaxa, erabakita zetorren orobat bertatik ikastera jartzeko, latiñezko itzkuntzaren asieratik ekinda, orduban bertan ogeita amairu urteetan sartua bazan ere.

        Billatu zuen bada gramatika erakusten ziarduan maixu bat, umeen artean ume egiñ, bere leziyoa ikasita eraman, ta buruz besteakiñ batean emateari ezer-asko begiratu bagerik.

        Bañan ordea, berbo edo adititzen lenengo erabidera, iritxi zan beziñ laster antz-iduri atsegintsu gozo bat zerakarkion asmakizun ezkutu batekin etsaiak engañatu nai izan zuen, eta au zan, lilluratuta bezela denboraldi luzeetan egonerazitzea, esanaz: «amatzen det, amatzen dezu, amatzen du, amatzen degu, amatzen dezute, amatzen dute»; eta berriz ori bera, aurrera pasa gabe eta ezertxo geiago ikasi gabe.

        Orrela egun batzuetan arri ta zurtua egondu zan, alik eta atzenean noizbait ere, Luziferren tranpa azkarrak ezaguturik, bere maixuagana korrika joan zan arte, eta oni belaunbikaturik, ta alegiñez humiltasunik andienarekin erregutu zion eze, arren lezioa ondo ikasiya etzeramakion edozeiñ egunetan, ezeren begiramentu ta errukirik gabe narrugorritu ta azotez edo irizillez zeatu zezala mutill koskor guzien aurrean.

        Onenbesteraño al dezake gizon justuetan lagun-urkoaganako onginai protxugarriak, eta itz batean, Jainkoaren gloriarekiko zeloak. Etzan geiagorik bear izan, etsaiaren tranpa ta asmaaldi hura ordutik betiko desegiña utzitzeko.

        Abiatu zan geroxeago barreatutzen bere santutasunaren otsa, eta batez ere andizkietako andre batzuek begiramendu andia zioten, bere konseju ta esan-onai jarraiturik. Kontrara ordea beste gazte bizitza lasaiko batzuek, gizatxarkeri pixuenetakoak egiten ziozkaten, zerekin merezi-asko eta zer-eraman ez gutxi alegia ematen ziotela. Oetako batzuek joan oi ziran sarritan, Aingeruena zeritzan komentura, zeña uritik kanporonz zegoan orduan; eta an izketa alegrean mojaekin ordu osoak parrez eta algaraz itztokiyan igarotzen zituzten. Ignazio au jakitera allegatu zan, erlijiosai menaz itzekin ziyen; eta atzenik ainbesteraño egin zuen, eze, andik aurrera gazte aiei sarrera ukatzea iritxi zuen; eta ala okerbide hura bukatu zan. Aiek alabañan, suta-gar egiñik, batez-ere Erribera zeritzan beretako nausiena, mairutzat indartsu bati ondo pagatu zioten, zeñek Ignaziori alde artatik pasa zediñ itxodon zion, eta makillaekin aiñ gogor ta ainbesteraño elbarritu zuen eze, illa zalakoan, bere odolez lurra putzu egiñik, utzi zuen. Berrogeita geiago egunean, min oñaze gogorrenetakoak eramanik, zauri aietatik sendatzen oiratua egondu zan, Jainkoari argatik, mesederik berezienagatik bezela eskerrak emanik, gaizkillen alde erreguturik, eta ezagutzen bazituen ere, iñori zeñ da zeñ ziradenik aitatu bagetanik. Berriro oñen gañean abiatu orduko, iñortxogatik ajolarik gabe, berriz beren asmo onetan erlijiosak sendotu zituen. Arritu zan Erribera alako biotz-anditasunaz, eta era berean eziñ geiagoan karidade aiñ aundia estimaturik, bere errua ezagutu zuen, ta oso damuturik, santuari barkazio eskatu zion, zeñek itz gozatsuakin eman zion bertatik eta gustorik onenarekin, biotzez leendanik barkatua zeukanak bezela.

        Bazetorren beste batean eskolatik, eta alde batera asko korrika zijoazela ikusirik, jende-boladari segitu zion eta ikusi zuen eze, hura guzia, Lizano zeritzan batek une artan bertan bere etxean bere burua urkatu zuelako, zala. Patu artzaz oso errukiturik, biotzez eta menaz aregatik Jainkoari erregutzen jarri zan. Gauza miragarria! Bereganatzen da andik pixka-batera gizon hura, damu-siñaleak ematen ditu, konpesio edo pekatuen aitortzea eskatzen du, eta berriro iltzen da, askok deadarka ziotela mirariya! mirariya! Batzuek gerozkoan zalanzan jarri zuten egiyazko piztuera izandu zan edo ez; AA. Bolandotarrak ordea oi duten burutasun eta kontuarekin gertaerari begiraturik, baiezkotzat sinistatzera jarri ziraden. Duda eziñ leikean gauza da beinzat, neurri oituaz gañerako graziren batekin errukitu zala Jauna doakabe arzaz, eta ustez bere serbitzari Iñazioren erregu biziakgatik salbatu zuela.

        Ia urte bi Gramatika ikasten Barcelonan egondu zan, ostatuz beti bere ongille Isabel Cordonerskaean zegoanaren etxean arkitzen zala, beste persona askotxok egunero bear zuen jatekoa limosnaz geienean ematen bazioten ere. Bazuen Isabelek Juan zeritzan seme bat, zeñek bere zarzaroan etxekoai gure Santuaren gauza miragarriak kontatu oi ziezten, beste gertaera askoren artean ziolarik eze, humetan sarri ate-zirrikatik begiraturik orazio edo otoitzeko denboran, lurretik gorunz altxatua ikusten zuela, eta arpegitik argi-errañuak botatzen zituela. Esan ziozkan aldeaurrez bat-banaka bere bizitza luze guztiko gertakizun on eta kontrako dan danak; eta malko gozoak txirrian zeriozkala akabatu oi zuen berai esanaz: «Jainkoaren gizon ark bere oiñ eta ukitzearekin santutu zituen ladrillu ta orma aieri begiramendu ta jaierarik andienarekin muñ-eman bearrean arkitzen ziradela».

 

aurrekoa hurrengoa