www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua
Jose Ignazio Arana
1872

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Ignacio Loyolacoaren bicitza laburtua euskaraz eta gastelaniaz, José Ignacio Arana. Larunbe anaien moldiztegia, 1872

 

 

aurrekoa hurrengoa

4.en BURUA
Parisen

 

        Bildu zuen Barcelonan zerbait bere bide luze ta irrixkuz betean obeto jarraitzeko, batez ere artan laguntzen ziola bere ongille Isabel Rosellek; eta asko ta askok garai artako España ta Francia arteko gerragatik, eta ziotenez soldadu franzesak Españatarrai ezbear ta txarkeri izugarriak egiten ziozkeelako, alegiñ naikoa egiten zioten irten etzediñ arren denbora puska batean; baña geldi erazo nai guzia alperrik izandu zan; eta Jainkoak lagundu ere zion eragozmen eta okerragorik ezertxo bage, urrengo urte ogeita zorziko Otsaillaren biyan Parixen arki zediñ, santuak berak Ines Pascual beste bere ongille andiari itzkribatu zion bezela.

        Bi gauza txit bearrak zituela bertatik igarri eta ezagutu zuen bere ikasikizunai bukaera ona emateko; animaenganako zeukan zeloari, geroz geiagoa ta obea izan zediñ, orduan egoak pixka bat moztea; eta arterañokoan baño obeto bere ikasigaiak aurrerako zuzentzea. Alcalan zegoala, bete betean lagun-urkoen salbazioko eginkizunetara emanaz gañera, lenbaitlen akaberako mugaraño iritxitzearren, era-berean jakinde asko eskuratu nai izan zituen, Sumulak, Izetakindi edo Fisika, eta Teoloji edo Jainkokindeari batean ekiñik; eta ala gutxi aurreratu zan, zerren dana batean artu nai dutenak esku-utsean gelditu oi diran, gaurko egunean bertan ikasola izendatuetan dabiltzen askori gertatzen zaien bezela.

        Lendabizi alabañan, latiñean eta jakin-maneetan Monte-agudoko erakastegian berritu eta irmetu zan. Santa Barbarakoan egokinde edo Filosofiako jakitekoak akabatu zituen; ikasolan urte ta erdi Teoloji edo Jainkokindea ikasi zuen, et-osteronzekoa atzenik Aita Santo Domingo-enekoakin. Arteetan maisu ta lizenziadu egiñik 1535 urtearen buruan bere ikasi-lan guztiari buruzpide ederra eman zion.

        Biraldu izan zioten bere ongille Barcelonakoak denboraldi pixka batean zerekin bear bezela bizitzeko añe diru; zeña guzia gordetzeko zeukan Españatar gazte batek beretzat artuta, Parixtik kanpora iges egiñ zion; arkiturik onela Iñigo gurea eskean berriro abiatzeko zorian eta Santiagoko gaixotegian, neke galantarekin ordea, ikasi-tokietatik urruti zegoalako, etxe-leorra billatu bearrean. Orregatik persona zintzo baten onesanari segiturik, juaten zan urteoro orduan Españarenak ziraden Flandesko uri jendetsu Brujas ta Anvereskora, aldi bakoitzean urrengo urte-aldirako bear adiña, leku aietan tratuban zebiltzan Españako merkatari askogandik biltzen zuela; eta onetarako ere beiñ batean Ingalaterran izandu zan; ala ere, atzeneko urtetan bera berez eske juan gabetanik, mesedegilleak zeguan tokira bear zuena bialdutzen zioten.

        Beiñ Brujasen bazkalondo batean itz-egiten ari zala, aitu zion Valenciatar Luis Vives izentsuak eta Inaziok aldegin zuen beziñ laister, esan zien arriturik besteai, aiñ espiritu andi ta altuko gizon batek ezin zezakeala gutxiagorik, ezpada Jainkoaren Elizaren alde Erlijio berriren bat sortuerazi ta moldatzea. Eta orobat klaru-asko aldeaurrez esan zion Anveresen Medina Campoko merkatari Pedro Cuadradori santuak berak, adierazorik eze, denbora pasarik, bere errian egiñeraziko zuela arena izan bear zuen Erlijioaren kolejio edo alkartegi bat, egiztatu zuen bezala berak andik urte askora bere ta emazte Francisca Mangaren ondasunakin. Ez dator ongi asmakinde edo profezi aiñ erabaki onekiñ A. Pedro Ribadeneirakoak aitatzen duena, dionean, erlijio oso zuzen etzebillen batean edo zuzentzeagatik edo an zer eraman asko eukitzearren sartzeko asmoetan ibilli zala; nun eta kondairatzalle onek ori Manresako zentzustea baño leenagoko asmo ta usteak adierazotzeko esan etzuen, edo baita ere anbat orrela obeto bere gogoak ezkutatzeko, santuak beraiz besteai alako itzerdiren batzuek zabaltzen laga ta utzi zien.

        Etzuen Parixen egun bat ere pasa sekula mezarik enzun gabe, ezta iganderik ere konpesatu ta komulgatu bage, eta bi aldiz egunero animaren barrunbeak aztertutzen edo esamiñatzen zituen, izanik lanbide au danik estimagarriena beretzat; bada ispillu bat bezela degu konzienziya, eta sarritan bertan begiratzen danak errex kentzen ditu egotzitzen zaizkan nabarmen da palta mota guziak. Bañan bere ikasikizunetara kemen osoarekin eman zediñ, otoitz egite luzeak eta gorputzeko zeatutze ildurazkoak neurritu zituen ondo denboraldi artan; balio geiagoko obra egiten zuen ordea, uri-buru artan sartzen asi zidaren hereje Luterotarretako asko oartuazi eta fede-osoko egi ederretara erakarri ta biurtuazitzearekin, debozio edo jaierazko gauzetan bere lagun ikasleak sartzearekin, eta birtutezko bide ta Sakramentuen arrera sarritakora zuzendu ta gidatzearekiñ.

        Auxe asko izandu zan egokinde edo Filosofiya ikasten ziarduen Santa Barbarako alkartegian bere kontra ekaitz izugarri bat jaikitzeko, ta ainbestekoa, eze, zuzendari edo erretore Diego Govea portugesak agindu zuen eman zegiotela sala bat, zeña zan maixuen eskuz eta beste ikasilarien begi aurrean astinduera ta azotaldi gogor bat, ederrak emanik, ezarritzea; kastigu lotsagarri ta latza alegiya, zeñarekiñ an okerrak ta iskanbilla zaleak ezitu oi zituzten.

        Iritxi zan berri ori gure santuaren belarrietara; eta aurrenengo, berez oi dan bezela, gogor eta miñ egiñ zitzaion-txit aiñ kastigu latz eta lotsagarria eraman bearra; baña biotz andiarekiñ bere buruari eragiñik, joan zan aruntza, eta barruan zegoala eta kanpoko ateak ere itxita, ta dana prest eta asitzeko puntuan eta egitekoa eiñ bear zan eskola edo ikasitoki andira sartu bearrean, bat batean bestera pensatu zuen, eta bere ezerezari begiratzea baño espiritu bitoreagoarekiñ, nola zan izan ere Jaungoikuaren gloria ta animen onari zegokiona, badijoa erretoreagana, eta esaten dio; leenago ere jazarre, karzela, ta kateak eraman zituen ezkero, beste ezbear ta kontrako edozer Jaungoikoagatik eramateko prest arkitzen zala; bañan ordea, begira zitzala arren, arreta andiarekin lotsakizun artatik sortuko ziraden kalteak; igerri zezakeala ondo, ikusten zutenean aiñ desonratua, guziak beragandik alde egingo zutela, eta bertuteko bidetik joaten abiatu ziradenak berak ere urrutituko ziradela, eta gerokoan animetan egiñ nai zuen prutuba ere ala eragotziko zuela.

        Ainbesteraño Gobearen biotza arrazoi oien indarrak, eta iztunak berak mugitu ta gozatu al zuten eze, berbertatik oso beste bat egiñik, eskutik artzen du, salara berekiñ badijoa, eta zekustenak izu arriturik zeudela, oñetaraño auzpeztuta, negar malkua ugari dariola barkazioa eskatzen du, aiñ birtute probatukoa zan gizon bategan eragiñ nai izan zuen ez-bear ta okerragatik.

        Gertaera onen ondorengoa izandu zan len baño begiramentu obe ta geiagoz bere erakusbideai jarraitzea, eta Jainko oparoaren iritzi miragarriaren bidez Govea jaun bera gerozko denboretan Portugaleko errege ongille ta biotz-andiko On Juan irugarrenarekiko bitartekorik obeena izatea, San Franzisko Xabierrek eta Lagundiko beste aita askok Indietan fedea arrigarrizko moduz zabaldu ta barreatu zezaten, eta Japongo erresumetan ere ereiñ eta landatu.

        Bere karidade irazakiaren egiteko miragarri bat edo beste oraindik emen jarri nai ditut.

        Aitu zuen seguru Paristik ogeita amar legoara Erruanen Españarako asmoarekin arkitzen zala gaizki ta bakarrik gaixotoki batean bere dirubak arrapatu ziozkan onako gazte oker hura; eta orra nun puntutik abiatu zan, oñutsean ta erdi gosean zer jan-edanik bage aren billa joateko; eta neke pixu andienetako bat senti izan bazuen ere aurrenengo leguak igarotzean, leku aietako penditz baten gañera zanean, eziñ-esan-alako pozarekiñ biotza lertzeko zoriyan zabaldu zitzaion, eta ordutik arropa jasota ta korrika ta atsegiñez ojuka bazijoan gelditu bage; eta ala atzenik irugarren egunean iritxi ta laztandu zuen, konsolatu zuen ta arreta andiaz maitakiro kontu egiten egon zitzaion, eta aurrera segitzeko aiña sendatu zanean, Senatik barruna itxasoratutzen diran ontzietako bat eratu zion, eta ostera Españarako ere gomendio-karta edo gutunak eman ziozkan.

        Ona oraiñ beste gertakizuna: itzalduna bazan ere, bizitza txit zabar ta okerra zerabillkien erlijioso baten gelara goiz batean sartu zan, eta animako begiyak irikiazitzeko eta eroritzera zijoan bekatu-leizetik libratzeko eresi bizi-biziarekin, erregutu zion humilkiro konpesioan aitu zizaiola. Gogo txarrean bazan ere aitzera jarri zitzaion erlijiosoa, ta abiatu zitzaion penitentea bere lenagoko pekatubak bat banaka esaten alako sentimendu sollots eta negarrakin ordea, eze konpesoreak laister bere penitentagana ta beragana begiraturik, eta zeiñ bestelakoa ta okerragoa bizi zan ta zeiñ esker-gaixtoko ta biotz-gogorra zan ikusirik, azkenean ere konturatu zan ze bizimodu doakabea zeraman, ta bereak gero Ignaziori aitorturik, bere eskupean jarri zitzaion bear zuen zuzenbiderako bere laguntza eskatuaz. Zuzengarria izandu zan espirituzko jarduntza santuak egitea, zeñaen bidez eta graziaren ikututze ta lagunkizunarekiñ sartu zan noiz edo noiz salbazioko bideetan, eta andik aurrera aiñ bizimodu ederrean iraun zuen, nola leen kontrara bere ta beste animen galbide ta ondamenean.

        Atzenengo gertaera kontatu aurrean oroituazi bear det, beiñ alegiya gizonaren barrunbeak Jainkoaren ezaguerak ta amoreak irme ukitu ta berotu ezkero, errex edozeiñ neke ta naigabe eramatera jartzen dala.

        Saiatu ondorean bada santuak milla arte ta modu, ta danak alperrik, beste gazte galai bat loturik zeukaten aiskidetza gaixto baten lazoetatik libratzeko, jakinik, zeiñ lekutatik igaro oi zan gabero bere asmo zikiñ loietan likiztera, artara zijoan une batean negubaren biotzean, zeña beti Parixen gogorrenetakoa dan, sartu zan erdi izoztua zegoan putzu batean billotsik leporaño. An sartuta zegoala, gazte hura pasatzen sentiturik, boz altuan itzegin zion esanaz: oa, oa, doakabe ori, eta ere atsegiñ zikiñetan ase ari; ni bitartean iregatik emen egongo nauk otz-mindurik eta ire kontra altxatua zegokan Jainko asarratuaren besoari eutsitzen. Ots-oiekin ta alako itz-izuakiñ arri-egiñik gure gaztea, ta ari zitzaiona zeiñ zan ere ezaguturik, eta ez are gutxiago bere buruaz lotsatuta, aiñ karidade sutuaz miretsi ta uzkurturik, atzera biurtu zan, eta aldatua oso, beste bat zala ondorengo guzian, bere libratzalle ta ongilleaganako guziz esker-onekoa ta aiskide bikañ da mamikoa bizi izandu zan.

 

aurrekoa hurrengoa