www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua
Jose Ignazio Arana
1872

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Ignacio Loyolacoaren bicitza laburtua euskaraz eta gastelaniaz, José Ignacio Arana. Larunbe anaien moldiztegia, 1872

 

 

aurrekoa hurrengoa

6.en BURUA
Bere jaioterri Azpeitikoan

 

        Bada batez ere bere erritarren artean diraute oraiñdik bizi ta giro santu ospatsu ta argidotar onen oroimen gozo eta jaiera iraunkor biotzezkoak, ongi dirudi bai oraingoan zearoxeago emen, nolatan bere sarrera ta egonera izandu ziraden azaldutzea; askok alabañan jakiñ nai izango dute eta besteren batzuek ere pozik berriro bururatu, eta esan: emendixe barruna jetxi zan; onako iturri onetan ura edan zuen; emendik sartu zan; orrako etxe ortan bizitu zan; emen predikatu zuben; eta an edo aruntzago onlako edo alako mirari egin zuen, edo alako edo onelako egitekotan bere santutasunaren ukimen eder eta siñalea utzi zuen.

        Urdalleko miñ gogor eta oñazeakgatik erosi zioten Parixen bere lagunak muxaltxo bat, unetik unera beñepeiñ gañean joan zediñ Españara bitartean.

        Bere anaiak jakiñ zuanean bazetorrela, eta euskalerriratu zala, bialdu ziozkan bere-bereala Franciako muga-ondoraño bi gizon armadun bidean lagun zegioten; etzuten ordea ezagutu berarekiñ topo egiñ bazuten ere.

        Donostiatik aurrera anziñako zaldibide zar latza ekarri zuen, zeñ Asteasutik barruna dijoa, Ernio-mendi-atzeko epaitzetatik itxasoa ere agiri dala, eta Araunza ta Gainzako tontor bitartarteetatik jetxirik, Enparango zubi ta etxe purubetarraren alboan bukatzen da.

        Bi edo iru leguaz urruti, benta Iturriozkoan atsedetan santua gelditu zan. Sartu zan ere andik laixter Juan Egibarkoa; ta aiturik ostalari etxekoandreari nola iritxi zitzaion Euskeraz itzegiten zuen ezezagun bat, zegoan gelako ate zirrikatik begira zelatan jarri zan, eta morrolloko txulotik ezagutu beziñ aurki, Don Inazio da, esanaz, korrika Ezkurrua ta Etumeta-gañak arturik, aldapa bera abiatu zan, bere etxe ta erriyan berri alegre hura ematera.

        Bereala boza banatu ta barreatu zan eta arrera andi ederren bat ere apainduri ta zaldizko-ta-guzi egiteko axmoakiñ ibilli ziran; baña on iritziko etzitzaiolakoan edo berriz laxter joango zitzaien bildurrez, bestera pensatu zuten; eta ongi-etorria ematera aurrera On Baltasar Arabaesa apaiza bidaldurik, ots geiegirik gabe irten zitzaizkan aide, apaiz, eta erritar-samalda bat, batzuek Enparango etxe-atzeko bidean itxodotera, besteak urrutixeago orduan ermita zan Landetako basarretxe ondora, oraiñ Urrestilla ta Tolosarako bide-gurutze egiten dan tokira; bada nai ta nai-ez, batetik edo bestetik pasa bear zuen. Eta ala, bigarrenera iritxi zan, eskuiko bidea utzita, eta Elormenditxoko basarri ondotik beera eskerrera dijoan baso-bidea arturik.

        Jende bolada aren poz-agur ongi-etorri ta diosalen ondoren, erriratzean despita on gogortxo bat etorberriyaren da etxetarren artean sortu zan; oiek beren Loiola-etxera eramateko alegiñean, au berriz zuzen zuzen, irme egiñ zuen bezela Magdalenako gaxotegira joateko ziardutela, bada etzuten ezer balio izan ez erregu ez arrazoi ta beste edozeñ munduko begirakizunek, bere jaioterrian bizi zan bitarte guzian beste pobrerik beartsuenaen gisan ibillteko zerakarren asmo umilletik aienatzeko.

        Aiñ sentikizun andia artu bazuten ere, eta munduak dionez lotsa ta desonra ere bai, andizki alakoak ziradelako, bialdu zizkioten beiñepeiñ beretakoai zegozkien moduko oia ta eguneroko jakirik maneatuena; au ordea beti gaixotegiko pobreai ematen zien, eta oi artan egundaño etzauntza bat egiñ etzuen, goizero polliki banatu ta naastutzen bazuen ere, alik eta zer zerabillen mirabeak oartu ziran arte; eta besteai bezelako gaixotegiko bat ipiñi zioten, ta an gabean batzuetan lo egiten zuen, bada geienean lur gorriaren gañean zetzan. Egun bat bakarra dirudienez bere jauregi-etxe-Loiolakoan pasa izan zuen eta onetara ere belauniko erregu biziakin bere kuiñatak beartu erazi zuen; baña biaramon goizean goiz iñortxo ere suspertu bage zirrikatu zan igesi kanpora, kondarairatzalle bat edo bestek egun zenbaitzuek alkarrekin atsegiñ andian igaro zituztela, badio ere.

 

aurrekoa hurrengoa