www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua
Jose Ignazio Arana
1872

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Ignacio Loyolacoaren bicitza laburtua euskaraz eta gastelaniaz, José Ignacio Arana. Larunbe anaien moldiztegia, 1872

 

 

aurrekoa hurrengoa

3.en BURUA
Salamancan

 

        Denbora aietan ainbeste ikasle zeuzkan Salamancako ikasitoki edo ikasola aiñ izendatuan ikusi zanean, leengo bizimodura jarri zan bereala, eta leen bezelako protxu ta frutubarekin; baña beragatik andik egun gitxi barru Alcalakoa añ edo are andiagoko esesi edo persekuzio bat sortu zitzaion.

        San Estebango komentuko A. dominiku bat bere konpesoretzat artu zuan; eta alako egun batean esan zion eze, bere lagun edo pralleak, oi zuten eran, berari espirituko gauzen gañean mintzatzen aditzeko eresi andiarekin zeudela, eta artara jartzen bazan (jarri ere zan bezela) ondo prestatuba joan zedilla, zerren milla galde ta erdi egingo ziozkaten. Eramaten dute bada aietako zenbaitzuek eta eien artean Bikario jauna aurrena, berekin aparte kapillatxo batera, eta onek, lenengo bere bizitza-modu eta apostoluen antzeko zeloa itzez-goiturik, galdetzen diyo zer ikasi-lanak zeduzkan egiñak ordurañokoan. Aitortu zituen Ignaziok tolesgabe zekizkien letra eskaxak, eta orduan dio Bikarioak: Nola bada predikatzera ausarditzen zera? Aita, eranzun zuen Ignaziok, guk egiten deguna ez da predikatzea, ezpada alkarrekiñ eguneroko izketan Jainko-gauzen gañean tolesgabe datorkigun eran jardutea. Eta zer dira diozkatzun Jainkozko gauza oiek? erlijioso ark berriro galdetu zion, eta Ignaziok eranzun: birtuteai jarraitu eta griña-gaixtoai gogor-egitearen gañeko gauzak; Gai ori, zion berriro, Jainkokindeko barrutuenetakoa da. Ori zuk ez dezula ikasi diozu: orduan Espiritu-Santuaren erakutsibidez dakizu eta orra auxe da jakiñ nai deguna; ia nolatan Megope-Santuak erakutsi ote dizun.

        Itxumustuko ateraldi ta arrazoi-modu berri ta mee ustekabeko arekin izutu-txamarra geratu zan Ignaziyo, eta bereala itz oek bakarrak eranzun ziozkan: asko da Aita; ez geiyago onetan neri itandu. Eta bikarioak berriz eraso bazion ere, itz oek ezpada beste atzerakorik etzion eman: ez uste nik geiago esango dedanik, agindu al dezakedanak artara beartze ez banau. Ori ere badegu? esan zion oraindik Domingotarrak, hereje edo fedeauslez betea daukagu munduba, eta, ez diguzu zuk azaldu nai erakusten zabiltzana?...

        Onetan ziardutela, ara nun dan bertan Barcelonan Jainkoarentzat irabazi zituben lau lagunetatik bat Calisto zeritzana. Altu, plaku, me, dar luze-luze bat zan gazte au eta ez aiñ moldaltsu ta planta ederrekoa ere; bordoia gañera eskuban, jupoi edo txamarra motx bat eta sonbraillu egal-zabal andi bat zekarzkien. Prailleak parrez eziñ egon ziran, eta galdetu zion bikarioak, ze janzi dira oek?... Eskusatu zitzaion Santua modurik al-zuen egokienean bere pobretasunarekiñ, baña erlijioso ark lengo bereari jarraiturik, esan zien: zaudete egon emen pixkatxo bat; laxter egiya esan-erazoko dizuegu. Biyak kapillan gelditu ziran, eta bertatik, kale aldeko ateak ondo itxita gela batera aldatu zituzten, nun ederki gordeak iru egunean egon ziran, bitarte artan arrotz aien espiritu ta bizimoduaren gañean batzuek alde eta besteak kontra komentuko prailleak zebiltzalarik.

        Gaztigaturik gero Apaiz-nagusi jaunaren probisoreari, aren aginduz karzelako lekurik txarrenera eraman zituzten, nun lotu zituzten ostera, beren oñ bakoitza kate batean sarturik. An zeudela joan zitzaiyezten errukiturik ikustera persona on asko, edo baita ere beren dotriña eder ta esan onak aditu ta artutzeko eresi bete-betean; ta oen arteko bat izandu zan On Francisco Mendozakoa, geroagoan Burgosko Arzobispo edo Apezpiku-nagusi eta Eliza Ama Santako Kardenal izan zana, zeñi, galdetua egun batean errukimentuz, ea preso ta kateatuba zegoala ikusirik, pena asko sentitzen zuen, eranzun zion: orren kaltetsua deizkio gizon bat onla egotea?... Ara, Jauna, nik berorri diodana da eze, ez dirala ainbeste zepo ta kate Salamanca guzian, zeñetan eta geiagotan ere Jesu-Kristo nere Jaunaren amorez katibatuta neroni ikustea biziro eta oparo naiko ez nukean.

        Auzi-beargai onetan bikarioa ta beste iru juez arkitu ziran, laurak personak itzaltsu eta eskudunak, zeñak ejerzizio edo jarduntza santuetako liburua arretaz ikusi ta ondo aztertu edo esaminatu zuten; eta agindu zioten beren aurrean gure Erlijio santako sinistagairik bearrenak, eta Jainakoaren legeko aurrenengo agintea itzez-azaldu zitzala; eta aiñ goiro ederki-ta-egoki egiñ zuen, ze itzerditxo baten ere zer esatekorik arkitu etzioten.

        Auzi-kontu au laburtu ta akaba zediñ laxterrago, etzuen noski gutxi lagundu gau batean karzelan gertatu zanak; bada preso zeuden guztiyak presondegitik gabaz igas egiñik eta ateak parez-pare irikirik zeudela, bakarrik santua ta bere lagun bi presoetakoak barruan gordelari batzuek bezela arkitu zituzten goizean; eta gertaera au izandu zan uri guztiya arriturik ta eder-iritzirik utzi zuena.

        Ala azkenik ere ogeita bi egun pasata erabakiera eman zuten, guzian garbi ta libre, Alcalan bezela, geldi zitezela, irteteko agindurik eta bakarrik aditzera emanik, etzitezela arren orduan beintzat, pekatu illgarri edo mortal eta benial edo ez-illkorra zertan berezitzen diran erakusten ibilli; bada ejerzizioen parte batean gai au pixka bat santuak ukitzen du, pensamentuzko pekatuen gañean itzegitean.

        Ezagutu zuen alabañan Ignaziok ainbeste kontrako ta eragozpen klaruren artean etzuela nai nunbait ere Jainkoak segi zezan geiago an Salamancan; eta erabakirik zegoala Parisko ikasola edo unibersidadera pasatzeko, zeña denbora aietan kristandade guziko-ikasi-lekurik ospatsuena zan jakinbide sagraduetan, alkar jarri zan bere lagunakin ara joanda otsegingo ziela, danak an beraganatzeko, zerekin bizi ta pasa guztientzat arkintzen zuen bezaiñ laxter; eta Barcelona alderonz abiatu zan, astotxo batean beretzako jaki eskaxen bat, eta bere ikasikizunetako paper-samaldatxo batzuek zeramazkiela.

 

aurrekoa hurrengoa