www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua
Jose Ignazio Arana
1872

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Ignacio Loyolacoaren bicitza laburtua euskaraz eta gastelaniaz, José Ignacio Arana. Larunbe anaien moldiztegia, 1872

 

 

aurrekoa hurrengoa

2.en BURUA
Bere gaztetza

 

        Bat edo bestek esan dutena, eze, bere izeba edo aide urrekoren batekin Arevalon gaztetzako urteak igaro zituela, ezerezeko arrazoi-antza duena da; bada indar-gitxikoak dira A. Henaok eta beste nork edo nork artarako dakarzkiten probagaiak. Egiyena da, eskola-gauzak bukatu ondorean, Errege Fernando Fedeosodunaren gortean paje edo jarraile-gazte, bere gurasoak ipiñiazi zutela.

        Jauregietako lanikez eta erregaloakin nunbait, eta anbat ere soldadutzak gazteetan berez dakarkien libretasunarekin, eman zan zerbait txorakeri eta zabarkerietara; eta ainbesteraño eze, bere kondairatzaille egitsuen Ribadeneirak deitu zion soldadutzar zorakerizalea, nun eta esaera orretan geiegiren bat arquitzen ez dan; bada lekuko sinisgarrietatik agiri dana da, orduan bertan ere zaldun Kristauzkoen antzera zebillela; bada begirune ederra zeukan gauza sagraduenzako; arreta andia mingañarekin; biotz zekentasun eta gutiziaren aztarnarik ere etzuena, ikusi zan bezela Komunidadeak zeritzaten Gaztelako iskanbillaetan Erregeren tropak Najera arrapatzean, ezertxo-ere beretu nai gaberik; gañera bere onginaia etsai zituenakin ere laster adiskidetzeko; kementasun guztizkoa gauza zalletarako, bere urteaz gañeko prestutasuna; eta trebetasunik piñenetakoa, gizonai igarri ta borondateak irabazten.

        Bertute ta doai eder oiez gañera, soldatu-lanetatik libre, asti piskatxoren bat zeukanean, aritzen zan noiz edo noiz San Pedro Apostolu gloriatsuaren alabanzan erezi edo berso-aldi jaierazkoak moldatzen; aiñ zaletua zegoan bere azaña eta bertuteaz, baña batez-ere bere leialtasun eta portiztasunaz, zeñarekiñ Oliveteko penditzean, ainbeste jente gaixto armaturen bildurrik gabe nai izan zuen bere Maisu Jainkozkoa kemen andiaz ta ganibetaz-ere gorde ta eskudatu. Ez da ordea zer zalanzan ipiñi, bere Apostolu Santuarenganako jaierak, aitatu diran gauza oietan baño, sustrai mardul beragoak zituela Jaungoikoaren asmoan, zeñek ala agintzen zuen, denbora sasoikoan bera berez eta bere seme garaizaleaz, irten zedin Eleiza Santaren alde eta zabaltzerako, egonik au San Pedro eta bere oñordeko Erromako Aita Santuen fede, aitormen eta lenentasunean, arkaitz gogor batean bezela, sendo ezarrita.

        Alaz guztiaz ere, bide-ona utsegiñik bizi izandu zan ogeita sei urteetaraño. Zenbat zituenik ezta senti, galai irme liraiñ ta arroa ta arma-gauzetara, bere aurreko ta anaien eran, zaletua zebillela, Najerako Duke eta Naparroako erregeorde Don Antonio Manriqueren banderapean borondatezkoen edo siñalatuen artean dirudienez oraiñ esan oi dan bezela, izendatu zanean.

 

aurrekoa hurrengoa