www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



San Ignazio Loiolakoaren bizitza laburtua
Jose Ignazio Arana
1872

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: San Ignacio Loyolacoaren bicitza laburtua euskaraz eta gastelaniaz, José Ignacio Arana. Larunbe anaien moldiztegia, 1872

 

 

aurrekoa hurrengoa

10.en BURUA
Lagunak leenengo ta urrena
santua bera Erromaratzen dira

 

        Iru bat illabete igaroak ziradela, pobretasunezko erakai edo tituloz ordentzeko baimenak ekartzeko ustean, Erromarako atera ziran bere lagunak, eta leenago Alemania ta Suizako alderdietan lan da neke ez gutxi ta anbat are geiagoak bidean bizarki eramanda, ederki-ederki uri santu artara iritxi ziraden; bitartean gure Iñigo Santua Venecian geratzen zala, Palestinara joateko zuzenbideak aurreratzen; bada errezeloa bazuen eta lege ta bidezkoa txit, kontra egingo zietela Carafa kardenalak eta Pedro Ortiz, Cesaren bialkiñ zeiñek Parixen ere leen berari gogor-egin izan zion, eta biyak ostera Aita Santu Paulo irugarrenarekiko guztiz asko zezakeenan ziraden.

        Alaz guziaz ere, Jainkoak ala naita, etzien Pedrok ezertxo ere kontrarik egiñ, ezpada emeki arturik, ber-berak Aita Santuarekiñ itzegitera sartuerazi zituben, zeiñek entero pozik aitu, eta aiegan danetan zekusan jakinduri, zelo santu ta modutasun egokiaz miresturik, eskatzera joan zitzaizkaten grazi ta mesede espirituzko guziak oparo ta ugari eman ziezten, eskupeturik ere gañera zerekin Veneciara ondotxo biurtu.

        Allegatu ta bereala Aita Santuaren baimenaen bidez segituan ordendu ziraden, eta santuak orobat apaiz-mallako ordena San Juan Bautista-egunean, aotango urte gere salbamenduaren milla bosteun eta ogeita amazazpi-garrenean, artu zuan.

        Kanpoan zebiltzan bitartean, inpernukoa beti Inazioren etsairik zitalena, etzan lo egon ausa; bada ertz eta eskiñ guzietatik zirikatu zituen zenbait persona, bere izen on ta onra beztu edo beñepeiñ illuntzeko amaika iskanbilla ta esamesa gezurti banatu ta egiztatutzera saiatu ziradenak. Bost onelako aita-semeai oraiñdañokoan deabru ta bereetatik etorri izan zaizte! Baña esankizun aien gañean gauzak argitu ta zearoturik, ez bakarrik salatuarenganako erabakiera barkaziozkoa, ezpada bere bizimodu eta erakutsikizuna oñ ederrean ta txit onragarri jartzen zuena, eman zuen on Jeronimo Veralli, Jabedi artan Aita Santuaren aldameneko bialkiña zanak.

        Egunetik egunera alabañan jabedi orren eta Soliman Turkoaren arteko guda bizia sututzen abiatu zanean, eta Adriatiko-itxaso kosta inguruai etsaiak bere ontzi-samaldaekin gogor egiten ziela; pensatu zuten bitarte hura pasatzeko, eta aurrenengo meza ematera obeto prestatzeko, batera ta bestera alkar berezitzea, gure santuari Vicenciara Fabro ta Lainezekin joatea zegokiyola; antxen irurak bakartegi edo komentu zar baten legorpean lasto-pillan lo egiten zuten, neke askorekin da txit urri ta eskas gauza guzietan zebiltzala; aiñ ordea otoitzeratuak eta Jainkoaganatuak, ta aiñ malko gozo ta zeruko erregalo ta mesedez beteak, eze hura bigarren Manresa santuari zeritzaion.

        Karrika ta plazaetara danak irteten ziraden Veneciatarren izkera erdi-jakiñean predikatzera, ta alako indar eta berotasunarekiñ eze, asieran millaka Italian oi diran aulki-berritxu edo saltarietakotzat artu bazituzten ere, polliki polliki urreratu ta aitzen jarririk, arrituta geroenean gelditzen ziran, ta zerbait emanik berentzat damu-onez beteak makur-makur isillik etxeratu ere bai.

        Denbora artan Basanon Simon Errodrigezi aita baten diñako bi ontarte eder-andi, bi mirari aua betean esan leizkeanak, egin ziozkan. Bata gaxotasun larri batean arkitzen zala, bere billa joan eta laztantze utsarekin ia bat-batetango osasuna ematea. Bestea are atsegiñagoa oraindik, bere Jainkoaganako erregu bizi ta negaraldiakin hura leenengo bokazio edo atotsimendua ta apostolu bizitzarako asmoak oso utzi ta atzeratzeko zerabilkien tentakizun izugarritik libratu ta gordetzea; bada bakardadeko paketasun ta gozoarekin lilluratu ta engañatuba, bakartar-lagun egiteko gogoakin zebillen an urreko Antonio-zeritzan batekin; au alabañan errikoak bere bakardadean zeraman bizimodu gogor ta soñean zeukan janzi latzagatik beneratzen zuten anitz.

        Abiatu ere bazan Simon gizajoa artara-jarrita eleizatxoa zegoan eremu aldera, baña orra nun estrata erdian agertzen zaion ustekabean zentoi edo jigante izugarrizko bat ezpata eskuban aren kontra astindurik jarraitzen diyola; arri-egiñik billdur-gorrian atzeratzen da korrika, zalapartaka igas-eiñik, ta estura larrian Ignazioren besoetara iristean, besarkatzen du onek parre-anzian diyola: sinismen gitxiko gizona, zertan zalanzan zebilzan? Jainkoagandik zer pasa zitzaion guzia jakin zuanaren siñalea.

        Ikusirik argi ta garbi, iñolaz eziñ aurrera eramango zutela Jerusalenera joateko zeukaten preskañi edo botoa, batu zituen Venecian bere lagunak, eta alkarren artean erabaki zuten, preskañi egiñaren bigarren parteak zion eran, Ignazio bere Fabro eta Lainezekiñ danen izenean Aita Santuaren eskuetan jartzera Erromara joanik, beste gañerakoak Italia-goiko ikasolaetan sakabanatu zitezela; ea onela beren izketa, erakutxi-on, ejenplo eder eta bizimoduarekin beste gazte autatu onen batzuek ere beren asmo santu ta ibillera-modura atotsitu ta erakarte ote zituzten.

        Alkar utzi baño leen orregatik, an bertan guzientzat sortatxo batean bezela Lagundiko bizibidearen marra edo legerik garaiyenak batu ta zuzendu zituzten; oiek ziran, eskean-bilduarekin bizi eta gaixotegi edo hospitaletan ostatuz egotea; txandaka bata bestearen buru edo agintari asteoro bakoitza izatea; plazaetan edo aitzalleentzat egokiena zekusaten tokietan predikatzea; kristau-dotriña edo jakintza eta oitura prestubak umeai erakustea; beren lanbide ordañez bezela ezertxo ere ez eskatu ta ez artutzea; eta beste edozeiñ bide on ere, lagun-urkoen protxurako izanik, beren-berekitzat ta beren bizi-legearen erakotzat eukitzea.

        Eta gure santuaren Erroma-bideko gauzarik ospatsuen eta oroigarriena emen aitatu dezagun, gertatu zitzaion, bakarrik otoitz egitera Storta deritzan ostatutxo edo bentaren aldameneko elizatxo batean sartzea, (zeña arkitzen dan Erromatik bi leguara Florencia bidean), eta an euki zuben ikuskera zeruzko aiña omen andikoa, zeñean klaru-klaru animaren begiyakin ikusi zuen Aita-Jainkoa, zeñak bere Seme-Bakar gurutzea sorbaldan zeramanarekin itz-egiñik, maitakiro-guziz berari Ignazio ta onen lagunak gauza txit bereak bezela gomendatzen ziozkala, bere esku-altsu-pean ipiñten zituen; eta Jesus onak berak, bere serbitzariari arpegi alai gozatuaz itzulita begiraturik, esan ere zion: Ego vobis Romae propitius ero: ni zeron alde Erroman izango nazue; eskañi gozoa biziro, eta orduan bere ta beretakoentzat ainbeste atsegiñez bete ta ase zituena izandu bazan, Jainko itsaltsu berak agintzen zien dana guzia beraren gloriarako alaitasun berri bizi batez eramateko; gozo ta seguranza ez gutxiagokotzat izan zana, eta ondorengo denboretan ere Lagunkida guztiarentzako izan bear dubena.

        Geroenean Aita Tirso Gonzalez Lagundiko Buru-nagusi zala, oroimen argidotar ori betikotutzera saiatu zan, latiñez nabarri landu batean ermitatxoaren atalburuban otallutu-azirik, eta orobat an gertakizun bera adirazten zuen pinturazko iduri bat, ipiñierazirik.

 

aurrekoa hurrengoa