MARINELEN ANDREAK
Labankadaz jositako zeru kutsatua,
ezezagun baten harrizko aurpegia,
semaforoan gelditu ez den kotxe horia,
afari soberakin horditua,
ezkaratzeko apalategi zikinak
batzuetan gauza gutxi dira
benetan axola dutenak
akaso goizeko garaipen txikiren bat
akaso
hurrengo egunean
galarrena burlatu eta
bizirik jaiki garenean,
zaharrago eta tristeago
jakintsuago
baina jaiki egin garela
egiaztatzea.
Itxaroteaz gogaiturik dauden
marinel zaharren andreen antzera.